Archives de catégorie : Helduak

JAINKOA DUGU Z 45

Internetetik Alegera meza.

Jainkoa dugu bai ihes leku, bai indarra,
Oren beltzetan esku emaile zoin azkarra.
Guk beldurrik ez mugi baladi, mugi lurra.
Eta mendiak itsasperaino tanpez lerra.
Guk beldurrik ez, jauz baladi jauz itsasoa,
Mendiak urra, bai eta kraska lur osoa.

Gurekin dugu zeruetako Jaun Goikoa:
Menderen mende beti gure zain du besoa.

Ur-handi batek bere ibaiez pizten dio
Jaun Zerukoa den hiriari bozkario.
Hartan da Jauna: deusik ezin du lurrerat jo;
Argi zirrintan Jainkoa lagun dagokio.
Arrotz herriek zer zalaparta, zer orroa
Jainkoak oihu eta mundua urtuz doa.

Gurekin dugu zeruetako Jaun Goikoa:
Menderen mende beti gure zain du besoa.

Zatozte, beha Jaunak zer lana, zer ahala:
Gaitzeko gauzak munduan egin dituela.
Bazterrez bazter mundu guzitik joan du gerla,
Hautsiz ezpata eta kraskatuz arranbela.
Geldi hor, aitor Jainko naizela ni Jainkoa,
Jenderi eta lur guziari goragoa.

Gurekin dugu zeruetako Jaun Goikoa:
Menderen mende beti gure zain du besoa.

Hitzak: Iratzeder  Doinua: Juan Urteaga (1966)

Igandetan elizan K 07

Igandetan elizan zoin gostuz gabiltzan !
Eliza da Eliza Jaunaren egoitza.
Eliza da Eliza herriko bihotza …
Igandetan elizan zoin gostuz gabiltzan !
1 –
Jainkoaren etxea zare zu, eliza !
Hor dago gure maitez Jesusen Gorputza.
Hor guretzat otoizka herriko apeza
Aldarean emanez egun oroz Meza.
Igandetan elizan zoin gostuz gabiltzan !
Eliza da Eliza Jaunaren egoitza.
Eliza da Eliza herriko bihotza …
Igandetan elizan zoin gostuz gabiltzan !
2 –
Eliza-sartzean den bataio-harria…
Ttipi-ttipian naute horrat ekarria.
Hor zait ariman sartu zeruko grazia,
Egin dezadan beti Jaunaren Nahia.
Igandetan elizan zoin gostuz gabiltzan !
Eliza da Eliza Jaunaren egoitza.
Eliza da Eliza herriko bihotza …
Igandetan elizan zoin gostuz gabiltzan !
3 –
Geroztik, frango aldiz egin dut bekatu,
Eliza-xokoan naiz urrikitan sartu :
Jainkoaren ordainak oro entzun ditu,
Eta, bihotza arin, naiz berritz altxatu.
Igandetan elizan zoin gostuz gabiltzan !
Eliza da Eliza Jaunaren egoitza.
Eliza da Eliza herriko bihotza …
Igandetan elizan zoin gostuz gabiltzan !
4 –
Elizan ikasi dut Jaunaren Egia,
Kantuez hor sumatu zeruko loria.
Hor dut ere maiz hartu Jesus-hazkurria,
Denen bateratzeko lurrerat jautsia.
Igandetan elizan zoin gostuz gabiltzan !
Eliza da Eliza Jaunaren egoitza.
Eliza da Eliza herriko bihotza …
Igandetan elizan zoin gostuz gabiltzan !
5 –
Fededunen etxea zare zu, eliza :
Hor osoki bat baita guzien bihotza.
Hor igandez-igande gostuz bagabiltza,
Nolaz ez nozbeit goza Zeruko Eliza ?
Igandetan elizan zoin gostuz gabiltzan !
Eliza da Eliza Jaunaren egoitza.
Eliza da Eliza herriko bihotza …
Igandetan elizan zoin gostuz gabiltzan !
6 –
Mundu guzi guziko jende salbatuak
Bilduko direnean, zer esker-kantuak !
Oi Zeruko Eliza ! Oi murru sainduak !
Mendez-mende, arimez Jaunak moldatuak !
Igandetan elizan zoin gostuz gabiltzan !
Eliza da Eliza Jaunaren egoitza.
Eliza da Eliza herriko bihotza …
Igandetan elizan zoin gostuz gabiltzan !

Mandio

Aurkibidea

Nola demontre?

Santxo haundia ta gero Bastiungo Mayi

Ebanjeliotik? Bai! Nork nola.

Mahometen keinua?

___________________________________________________________________________

Iparralde hau Baionako diozesan ote da?

Eliza batzuetan, igandetako orrian irakurtu dira ondoko hitz hauek. Nork idatziak ote? Marc Ailletek?

Joan den azilean, Aranzadi arkeologo taldeak esku bat lurpetik atera du Nafarroan, brontzezko orrian moztua, « sorioneku » eskual hitzaz hasten den idazkiarekin. Mende bat Jesu-Kristo sortu aitzinekoa, etxeko atean zintzilikatzen zen esku-itxura, zorte ona deitzeko eta txarra baztertzeko. Eskuaraz, frantses eta espainol mintzaira baino aitzinagokoa, harro izatekoa badugu ! Duela 2000 urte mintzo zen hizkuntza bizirik atxik dezagun, Jainkoak emana, eta burasoek eskaini ondarea…

Berrikitan jakin dugu gehixeago: idazlea ez da apezpiku. Susmo hori zenuen ez, irakurle? Funtsean Diozesako Webgunean (https://diocese64.org) ibiltzen diren guziek aise asmatu dukete lehen lerroetan egin dudan galdearen erantzuna. Webgunea berritu dute eta euskaraz zen apurra desagertu da. Hortaz ohartu naiz fedeolan ezarri nituen lotura batzu etzirela gehiago martxan ikustearekin; hain xuxen diocese64.org horretako bortz atal: Euskaltzaindiak omendu ditu liturgiako itzultzaileak, Liturgia euskaraz, Igandetako eta bestetako irakurgaiak, Sainduak, Artikuluak euskaraz.

Apez batekin hori aipatzean erran zidan erretor bat asaldu zela eta e-mail bipil bat zabaldu zuela, Drapé Jaunari zuzendua. Iduriz ez du eragin handirik izan* (sic), mementoan bederen. Igandetako testuen eskasa aipatzen du gehien bat apez horrek: segur hori bederen esku menean behar genukeela. Frantsesez nahi dituenak ez du arazorik; igandetakoak bai eta ere egun guzietakoak aurkitzen ahal ditu klik batez: https://eglise.catholique.fr/textes-du-jour/

Duela zonbeit urte Fedea eta kultura taldearekin erran genion Apezpikuari euskararen presentzia eskasa zela dioces64 hortan eta prest ginela euskarazko atal baten lantzeko eta egituratzeko. Etzuen segidarik eman eta sortu genuen http://fedeola.eus/ hauzo lan gisan lana eta gastuak partekatuz. Zonbeit urteren buruan fedeola gorpuztua da.

Zoaz ikustera, irakurle, eta goza euskaldunen kulturak eta fedeak sortu altxorrak. Nehonek gehien preziatzen dudana da Herria elizan, hor biltzen ditugu, jendeak elkartasunean eta kartsutasunean kantatu otoitzen hitz eta audioak, bakotxak heieri juntatzen ahal duela bere boza, etxe xokotik edo mendi kaskotik, smartfono bati esker. Ondoko zerrendan ikusten da bizi partekatu horien zati bat. Azken lekukotasunak?

Hortaz aparte badaude bertze altxor frango hala nola 100 bat salmo beren audio, hitz eta ilustrazioekin. Haurrentzat kantu, bideo eta diaporamak…

Diosesa “ofizialera” berritz etortzeko erranen dugu beharrik hor dugula https://www.lapurdi.net/ Gauza ederrak badaude han edo hemen, ez dira aurki erresak nun ez dakizun xuxen zer miatzen duzun: Rechercher leihatilan ezarri hitza eta berehala hor da sagu-klikpean. Adibidez Orriako beilan eman mezen grabaketak, Frantxua Garaten ehorzketakoa, ahoan bilorik gabeko lekukotasunak, nola Onintza Enbeitarena, Jon Sarasuarena; bertze grabaketa balios ainitz: Louis Edouard Cestac dohatsuaren bizia Camino apezak, San Ignazioren bizia Mikel Erramouspek, Delphine Lubet anderearen gogoetak, José Antonio Pagola apezaren gogoetak, Jainkoa Bizia Jendea kronikako audioak, Iratzeder « Biziaren gudaldia », Frantses Dardan dohatsuaren bizia, Mixel Labéguerie kantatuz…

Bertzalde badakigu zenbat lan egiten duten eta zer gauza ederrak biltzen dituzten Kanta Jaunari inguruko boluntario adituek: Eliz kantu organoa lagun, “Otoitz eta kantu”; hainbat partitura eta grabaketa koruen mezetarako, … Azken audio hauek ere webgune atal bat mereziko lukete ba, denen gozagarri bai litezke. Diocese64 berritua ez omen (?) da bukatua. Anartean gu petzero.

Garenak garela onarraraztea gero ta zailago! Ez etsi, partida ez da galdua!

————————————————————————————-

Mahometen keinua?

Ostatu bat. Lagun arte bat. Solasa, egun hauetakoa? Futbola? Ez, gure kasuan behintzat. Egia filosofo bat bagenuela gure artean, preseski hemen berean aipatu hura, pixka bat kitzikatu bai gintuen, gu, zutabe huntan idazten dugunak. Parada ederra aipatzeko, bekoz beko, bere liburuan zabaldu zuen iritzia: “Ba eta segur aski bizi leuna eramaten genuela holako gauzak idazteko, senti zela beti, gai minberatsuenetan ere, bukaerarako aitzinetik prestatu pomada goxoa”. Ez dugu nahi bezainbat sakontzen ahal izan gaia: filosofo horiek badakite, axaleko erantzun bat egin eta, solaskidea beren joko eremura ekartzen, ikuspegi orokorraren amuari esker. Huna haatik bi erranaldi, irakurle, gogoeta iturri izanen litzaizkizukeenak; bat bere hurbileko batena “Hain memento pozgarria bizi dut nun nahiko nukeen sinestun izan, hola bederen Jainkoa eskertuko nuke”. Hunen erakaspena argi egiten zait, bainan uzten zaitut irakurle zure baitako gogoeta zuhonek eramaten. Bertze erranaldi bat, hau berea haatik: “Biziko memento laz batek nindian bota Konpostelako bidera! Geroztik han gaindi nabilek”. Gehituko nuke bizi-fede zerbaitek bultzaturik. Berak dionaz ez da fededuna. Bertze lagunek ere eman dute beren iritzia. Iduriz ez dute bat egiten erlijio katolikoak fede-biziari ezartzen diozkan muga hertsiekin (bizi-fede fede-bizi). Entzun da: “ Nik badiat sineste bai, ni baino handiagoko zerbeit badela segur” edo “Ez dik Jainkoak sortu gizona baina bai gizonak Jainkoa”. Eta abar… Nere partetik holakotan maiz ateratzen dut mendizale batzuekin bizi izan genuen bitxikeri bat, kasualitatez batzuentzat.

Aneto mendia igan bezperan, afaldu eta, izarreri begira etzanik, galde funtsezkoetan barna ibili ginen: Kosmosaren muga ezina, gure ezdeustasuna… Kreatzaile bat horren gibelean? Hil ondoan biziak segitzen? Nik baietz. Lagun batek ezetz, gure gorputza arrek janen zutela eta horra. Hain segur nintzen nere iritziaz, nun lagun horri erran nion erne egoteko, keinu edo gertakari berezi batek bertzela pentsa-arazten ahalko zuela.

Biharamunean, erran bezala goizik jeiki eta, Aneto kaskora igan ginen, gazteen gisan unadura handirik gabe; lagun bat haatik etzen eroso ibili Mahometen zubi famatuan, ezin egin aitzina, ezin gibelera, bi aldeetako amildegiari begira. Elez sosegatu genuen doi bat eta, kaskoraino etorri zen; erran behar da etzuela ainitz preziatu hango bista, jaustea gogoan zuela.

Dena den, gibelerakoan pasatu zen gertaera berezi hau: hormagunea bukatu zelarik kranpoiak kendu genituen, bakotxak bere gostuko tokian. Memento batean ohartu nintzen begi-lagun beltzak ez nituela nerekin. Pentsatu nuen kranpoiak kentzean utzi nituela bide bazterrean; toki haren inguruan zen oraino eztabaidako lagun hura. Oihu egin nion “Beha zak ian nere begi-lagunak ikusten ditukan hor nunbeit.” Nik hori erran ordu konkortu zen eta begi lagun batzu bildu: “Adar bat eskas ditek!” “Orduan nereak dituk. Milesker”.

Beherago gelditu ginen atseden pixka baten hartzeko. Zakutik atera nuen krakada eta harekin batean… begi-lagunak! Ustez galduak, zakuaren zolan ziren! Alta, lagunak, nik erran ordu, berdinak atxeman zituen bidexka bazterrean! Erran nion: “Ikusten duk higandik haratagoko zerbait ari zaik kitzikan!” Ez dut uste bereganatu zuen suerte edo keinu arraro hori. Aritu zen ba eta, ez zutela biek adar bera galdua, batek ezkerrekoa bertzeak eskuinekoa.

Neretzat aldiz on egiten duten keinu horietarik izan zen, gainera hobekiago ikusteko bali diren tresnen ingurukoa, eta, Mahometen zubia bi aldiz iraganik gertatzen zena. Ez pentsa musulman bilakatu nintzela, soilik erranen nuke bertze erlijioek ere merezi dutela jakitateak ematen duen errespetua.

1842an heldu zen lehen aldikotz taldetxo bat Aneto gailurreraino. Horietarik batek, De Franquevillek idatzi zuen « Voyage à la Maladetta » liburua. Azken pasaia txar hori aipatzean dio: « Ce pont de Mahomet est pourtant la seule voie qui s’offre à nous pour arriver au but » . Koraneko “Sirat” zubiari erreferentzi egiten zuen. Sirat hori zintzilikatua da infernuaren gainean, haren parabisu aldeko puntan Mahomet dago, musulmanak laguntzen dituela zubi horren zeharkatzen, Allah otoiztuz: Jauna emozute salbamendua!

Zubi hori ilunpean dago, batian dena xixta, bertzean zirrista. Obra onez bete baldin baduzu zure bizia, zubia argituko da eta ximixtaren xixtuan iraganen duzu. Gaixtakerian bizi izan bazare, bidea luze eginen zaizu eta zauri ainitz jasan beharko duzu, berdin eroriko zare.

Gure erlijioan ere badira holako ikusmolde ilunak. Badugu Infernua, Purgatorioa, gainera lur huntan berean litezkeenak; entzun berria dut harriturik, sufritzen ari den eri bat aipatzean “Purgatzen ari da”. Eta bertze hau ere “Gizon gaixtoa izana da, orai pagatzen du”.

Engoitik susmatua dukezu, irakurle, Mandiok baikorrean finkatzen duela denak lotzen gaituen indar berezi hori, gutarik haraindiko indar kreatzaile hori.

Aurkibidea

__________________________________________________________________________

Ebanjeliotik? Bai! Nork nola.

Asaldatze bat bizi izan dugu zuzenean zutabe huntan Tradituak titulu pean. Jendeak preziatu du. Funtseko gomendio huntan ikusi du aterabidea idazleak: “Ebanjeliotik abia!” Lelo hori oinarrizkoa da. Jatorrizkoa eta betikoa. Baina! Baina!

Badakigu erranaldi horren pankartaren gibelean biltzen ahal litezkeela apezpiku eskuin muturrekoak eta ezkertiarrak, katoliko moralizatzaile hutsak eta zapalduen aldeko ekintzaileak, maite ditugun apezak eta integristak, Alexandre VI Aita Saindua eta Frantxua Lehena…

Iduri du Ebanjelioa bera ez dela aski argi! Egia ez da lehen irakurketan ulertzen diren testu horietarik. Adibide bat: Jesusek pikondo agorra madarikatu zuenekoa (Mt 21,18-19) “Jesus gose zen. Hostotan zen pikondo bat urrunetik ikusirik, hartan zerbait aurkituko ote zuen joan zen; bainan haratu eta hostorik baizik ez zuen aurkitu, ez baitzen piko-sasoina.  Orduan, pikondoari erran zion: «Ez dezala gehiago nehork hire fruiturik jan!» Dizipuluek entzun zuten” berena gogoan segur aski!

Bertze hau oraino harrigarriago, Joani 12′ 24, Duvoisinen Bibliatik: «Ogi bihia lurrerat erori ondoan hiltzen ez bada, bera dago bakharrik; baldin ordean hil izan bada, fruitu hainitz dakhartzi. Zer pentsatu ote zuen Duvoisinek solas makur horiek itzultzean? Ezjakintasunari eman ote zion kulpa? Bere Laborantza liburuan dio: “Guk erainagatik bihia, ez laiteke haz bihi hura gure nahiaren indarrez. Jainkoak ez badu nahi sor dadien, ustelduko da. Gaur egungo eskolako haur batek bezainbat bazekien ba bihia mirakulu bat dela, amaren sabeleko umeki baten gisan bizia bere baitan dakarrela, haren abiarazteko hazkurriarekin batean.

Agian ez da ustelduko!

Horra bi adierazpen, irakurle, zuk ere bitxiak aurkitzen dituzkezunak. Jakina, beti kausituko duzu zure inguruan apez bat edo, Bibliari buruz ikasketa luzeak eginak dituenak, arrazoinamendu zerbait zutik ezarriko dizuna. Ez dugu denborarik hortan galduko. Nere partetik bi bizi bide premiazko aurkitzen ditut Ebanjelioan: elgarrekilako enpatia, egiazkoa amodioaren bidean, eta heriotzatik harat biziak segitzen duelako esperantzaren indarra.

Bi puntu horietan bermatzen den jende frango bada mundu huntan. Izan katoliko ala ez. Lekukotasun eta idazki eder ere badaude han eta hemen. Idazki edo kantu; hala nola Txoria txori (Hegoak), bere hitz xinpleekin egiazko amodioaren adibide eredugarri bat ematen duena…

Irakurtzen ari naiz “Les petits frères de Jésus et de Charles de Foucauld. Obéissance et liberté” liburua. Kronika huntan aipatu izan dugun Austin Sein urruñarraren argazkia du azalean, bere lagundiaren bizia barnean, bertzeak bertze. Hastapenean kontatua da C. de Foucaulden bizia. Ze umiltasuna! Gehiegizkoa? Bere buruari erraten zion: Pentsa ezazu martir hil behar duzula, deus-gabetua, lurrean etzanik, biluzia, odolez eta zauriz estalia, itxuragabetua, bortizki eta mingarriki eraila, gaur berean izan dadin desiratzen duzula. Harritua gelditu naiz. Iduri du bereganatua zuela Joaniren adierazpen makurra: ba eta, bihiak usteldu behar du fruitu emateko…

René Voillaume, Charlesen dizipulua, Jesusen anai ttikien sortzailea, ez doa hain urrun.“Au coeur des masses” liburuan aitzina ematen ditu misio umila, lekukotasun isila, jendeen artean murgiltzea, ez ezagun egitea, otoitzean sustraitzea; gogoan izanez, pobreen bizia partekatzea nagusi dela gain aldetik egiten den misioari (Elitea konbertituz) bai eta behereko aldetik egiten denari (Obra eta erakustaldi publikoak pilatuz).

Aljeriar Musulmanen lekukotasunak hunkitu zuen Charles, bere aberats mundu arina balio gabetu baitzion. Hastapenetik nahi izan zuen Jesusen eta jendeenganako amodioa ezagutarazi ez misionest moduan, baina lekukotasun umil batean, pobrezi partekatu batean.

Bide hortarik doaz Jesusen anai ttikiak; aipatu liburu hortan ikusten da zer obra ederra egin duten India hegoaldean Xanti eta bere kideek. Harekin aritu zen Austin Sein. Sufrikario lazgarrien erdian hil baitzen Xanti, Austinek dio: “Bere sufrikarioa Jesusenari juntatua zuen”. Agian ez zuen muinetaratua Charlesen azken desio iluna, eta harekin batean haziak fruitu emateko usteldu behar duelako uste okerra.

Austinek “Anand” izena hartu zuen Alampundin bizitzea erabaki zuelarik. Erran nahi du “Bozkario”. Bihotza pozik aritua da Tamul behartsuen alde lan eta lan, proselitismo eta espanturik gabe. Begiak bere izenaren idurikoak ditu Anandek. Eraman biziaren ispilu edo hozitzen ari den ernamuinaren distira.

Aurkibidea

Aita guziz ona B25 HE

Ainhoak R Idiarten omenez

Aita guziz ona Zu jaunen Jauna,
Zabalik daukazu zeru gain-gaina.
Guretzat ezarri duzu mahaina :
Zoin den hunkigarri zure dohaina !
1 –
Ogiaren itxuran Jesus dut hartuko
Harek bainau betiko bizian sartuko.
Aita guziz ona Zu jaunen Jauna,
Zabalik daukazu zeru gain-gaina.
Guretzat ezarri duzu mahaina :
Zoin den hunkigarri zure dohaina !

2 –
Lurrak ondu mahatsak arnoa dario …
Odol sainduak dio emaiten balio …
Aita guziz ona Zu jaunen Jauna,
Zabalik daukazu zeru gain-gaina.
Guretzat ezarri duzu mahaina :
Zoin den hunkigarri zure dohaina !

Hitz et’aire : Roger Idiart.

Aintza zuri Jauna A 67 HE

Aintza zuri Jauna,
Zeru lurretan zaudena ! (bis)
1 –
Agur gorespen zuri Jaun Goiko Aitari
Zerukoak iduri, gu hemen kantari.
Aintza zuri Jauna,
Zeru lurretan zaudena ! (bis)
2 –
Gorespen zuri ere, Jainkoaren Seme,
Ahaltsu bezain xume, Jaun eta langile.
Aintza zuri Jauna,
Zeru lurretan zaudena ! (bis)
3 –
Izpiritu Saindua, guziz amultsua,
Bero zazu mundua, heda zure sua.
Aintza zuri Jauna,
Zeru lurretan zaudena ! (bis)

A 67 Hitz et’aire : Roger Idiart.

Aintza zeruan Jaunari HE

Aintza zeruan Jaunari (ter)
eta bakea (2) lurrean gizoneri (bis)

Eta bakea lurrean haren gogoko gizoneri.
Hain handi eta eder zaitugulakotz,
gora zu ! benedikatua zu !
Gorespen zuri, ahuspez agur, eskerrak zuri.
Jainko Jauna, zeruko errege,
Jaungoiko Aita, guziahalduna.
Aintza zeruan Jaunari (ter)
eta bakea
(2) lurrean gizoneri (bis)

Jauna, Seme bakar, Jesu kristo ;
Jainko Jauna, Jainkoaren bildots, Aitaren Seme.
Zuk kentzen duzu munduko bekatua : urrikal Jauna.
Zuk kentzen duzu munduko bekatua : entzun gure deia.
Aitaren eskuin aldean jarririk zaude zu : urrikal Jauna.
Aintza zeruan Jaunari (ter)
eta bakea
(2) lurrean gizoneri (bis)

Zuk bakarrik saindua ; zu bakarrik Jauna.

Zu bakarrik goi-goikoa, Jesu Kristo.
Izpiritu Sainduarekin, Jainko Aitaren argitan. Amen!
Aintza zeruan Jaunari (ter)
eta bakea
(2) lurrean gizoneri (bis)

R Idiarten omenez Ainhoak.

 

MARIA

Nadau

Argiaren zirrintan, azken orenean,
Maria gaurko Ama, Maria betikoa,
Mendi gorenekoa, Maria bidekoa,
Itsas zabalekoa, guziz begiralea.
Agur, agur! Oi! Maria, poz eta nigarretan,
Izan guretzat, Maria, maitasun den irria.

Maria hain eztia, graziaren ama,
Bihotz altxagarria, atsegabetuena,
Zerukoen izarra, samurtasun distira,
Behartsuen Maria, osoki emana.
Agur, agur! Oi! Maria, poz eta nigarretan,
Izan guretzat, Maria, maitasun den irria.

Zu kontsolatzailea, sendagile ona,
Jendeen laguntzailea, bakearen Maria,
Baia erran duena, biziaren Maria,
Amodiozko argia, Eguberrikoa!
Agur, agur! Oi! Maria, poz eta nigarretan
Izan guretzat, Maria, maitasun den irria.

Graxi Solorzanok itzulia