Santso haundia ta gero Bastiungo Mayi

Antso Handia ta gero Bastiungo Mayi.

Gan den astean lurralde zabal baten Erregeari, Antso Handiari emana izan zaio hitza kronika huntan. Aldi huntan aipatuko dugu errespetu handia merezi duen etxeko andere umil bat. Bastidirigoineko Mayi Valencia, sortzez Alzuaga. Ehun urtetan gan zaigu mundu huntako bere aldia eginik, ehorzketa suhar batzuek laguntzen zutela.

“Maiama” deitzen genuen beti mugimenduan zagon emazte bipil hori, etengabeko irriño batek aurpegia argitzen zion andere hori. Famili guziari harrera ona egiteko beti prest. Haurren haur batzuen hazten ere parte hartu izan zuen gogo onez. Baratzea eta etxea ezin hobeki apaintzen zituen. Elizako besta handi guzietako supazter gaineko kobre guziak dirdiran ezartzen… Langileeri krakada ona eskaintzen, finezi pollit batekin gainera; gogoan dut heia berriak egiten ari ginelarik, ni gazte, indarrean lanean aritzeko bai eta ere etxeko pate eta gasnari ohore egiteko. Ez bainakien gelditzen, pollikixko erraten zidan “Orai dute pixkat?” Ulertzen nuen krakada fini zela eta parpenak gure beha zaudela.

Berdin hitz xuxen eta xinpleak baliatu ditu Maiamaren errainak ehorzketetan gogoz erran hitzño pollitean:

Argiaren lehen zirrinta zureganik heldu baita sinesten dut naizela hiletarik piztuko eta beti zurekin biziko… Igandetan elizan zoin gostuz gabiltzan…

Hitz horiek zonbat aldiz ez dituzu errepikatu eliza huntan. Bai maitatu dituzu igandeak eta errespetatu pausa egunak. Artetik erraiteko eskerrak zueri Maite eta Totte, Nadine eta Jean-Paul “Igandetako xofurrak” deitzen zintuztenak; eskerrak ere karrika huntako komertsanteri orai erretretan zareztenak. Hemen biltzen zituen asteko berriak eta gero familian partekatzen.

Erakutsia zintuzten bide bat, segitu duzu. Guk sahets bide batzu hartu ditugu, bakotxak berea, bainan helburu bera dugu.

Ixtanpat doi doia

Duela mende bat sortzen zen Amotzeko gain horietan, Uhaideko Bordan Mayi ttiki bat, lau haurridetako lehena. Laster ikasiko ditu biziko gauzak, irakurtzen, eskribatzen eta… kontatzen; bai eta ere lan egiten, famili handiak laguntzen.

Ezpeletan zonbeit urtez: Beronik adixkidearekin Arkot patizerian, hango fama handiko ttarttaletak saltzen. Ahal zuen aldi guziez bisita bat elizako argi ttiki horren ganat (tabernakulukoa) denbora ainitz ez, sekulan, beti ixtanpat doi doia.

Han ezagutu zuen Roger Etxegarai, gero Kardinale bilakatuko zena. Han zuen ere harremana abiatu Senpereko Bastidatik ferietara etortzen Jamattitt Valenciarekin. Hau bere senarra bilakatuko zen bai eta ere bere hiru haurren aita. Ulertu dugunaz norbeitek egin ahalak egin zituen okaxioneak sortzeko, alegia suertez, elgar hobeki ezagut zezaten Mayik eta Jamattittek.

Senperera itzultzea: berritz ere patizeri batean, Maji eta Andrerekin. Memento ttiki bat bazuen aldi guziz, bisitaño bat argi horreri, bihotzean zuena kontatzeko edo batzuetan isiltasunean biltzeko, ixtanpat doi doia.

Gaur trankil naiz baitakik argi ttiki hori oroituko dela bisita egiten zion presuna hortaz, sekulan ainitz denbora, ixtanpat doi doia.”

Mandio