Archives de catégorie : H. otoitzak

Hegoaldeko otoitz eta poema batzu

Otoitz

1
NORBERA EZAGUTU ETA ERREALITATEAZ JABETU.

Oilar batek uste zuen bere kirikiaren indar eta edertasunaz goizero eguzkia aterarazten zuela. Egun batean ez bazuen kirikirik egiten, eguzkia ez zen irtengo.
Gauzak oilarrak uste baino oso desberdinago ziren. Egun batean, nekatuta zegoenez, loak hartu eta ohartu zen bazirela eguzki izpiak. Beraz bere kikiriak ez zuen egunsentia ekartzen.
Bizia eman egiten zaigu… eskertu apaltasunez jaso duzuna.

OTOITZA
Nola ordaindu Jainko Aita nire alde egiten duzun guztia?
Sarri ez naiz ohartzen oparitzen didazunaz.
Eskerrak biziagatik… ez dezadala sekulan ahaztu nor naizen eta noraino heltzen naizen.

2
KRISTAUEN BATASUNERAKO:
SINESMENA ITXAROPENA DA.

Etsipena, bizitzan, norberegan besteengan,
Jainkoagan sustraitik konfiantzarik ez izatea da.
Etsipena konfiantzarik gabe bizitzeko erabateko jarrera bat da.

KONPROMISOAK (Engaiamenduak):
Eskerrak ematen dizkizugu, Jauna, gure konfiantza Zugan, bizitzagan eta gure senide gizakiengan mantentzen duzulako.
Indartu ezazu, Jauna, gure konfiantza, bizi gaitezen Zuganako itxaropenean sendoturik.
Zure aurrean gogoratzen ditugu, Jauna, Europa zahar eta nekatu honetan bizi diren Elizak: ez ditzagula gure kristau-sustraiak galdu.

3

NOIZ AMAITZEN DA GAUA?

Errabino zahar batek ikasleei galdetu zien nola ezagutu daitekeen gaua amaitu eta egunaren hasiera unea.

-Agian zakurra eta ardia erraz bereizi ditzakegun unean?

-Ez, erantzun errabinoak.

-Palmondoa eta pikondoa bereizi daitezkeenean?

-Ez, erantzun errabinoak.

-Orduan, noiz? galdetu zuten ikasleek.

-Errabinoak erantzun: Zu bezalako baten aurpegia begiratu eta senide dela ohartzen zarenean. Ordura arte oraindik gaua duzu bihotz barnean.

“Txoriak hegan eta arrainak uretan hezala ibiltzen ikasi dugu, baina ez ditugu senide bezala bizitzeko abileziak ikasi”.

OTOITZA
Jauna, ez iezadazu utzi bizitzaren harrizko eremuan finkatzen, senide ditudan behartsuak ahazten, izenik ere ez dutenak alboratzen.

Hemendik hartuak

————————————————-

Poema

BAKEA

Bakea zer den, zer ez den,
hortantxe dago gakoa:
Bakea zer den, zer ez den.
Bakea on bat da, beti
arduratsu zaintzekoa.

Bakea beti da on bat
erreparoz lantzekoa,
bakea beti da on bat
lortu orduko prestatzen
jarraitu beharrekoa.

Bakea ez da geldia,
bakea ez da geldoa,
bakea ez da nagia.
Bakea malkarrak leunduz,
sakanak zelaituz doa.

Aldian aldiko lana
eskatzen digu bakeak,
aldian aldiko lana.
Bakeak problemak ditu:
eztabaida ta txokeak.

Bidea lez da bakea:
ibiliz egitekoa,
zeregin etengabea.
Geure martxak markatzen du
bakearen erritmoa.

Bakea, den eta ez den
on bat da martxan doana.
Bakea martxak du zertzen:
trabak bideratu ahala
sortzen da eta gauzatzen.

Bakearen gorabeheran
hurkoa da arazoa,
gutxitan hurragokoa;
baina norberagan dago,
sarri askotan, gakoa.

Bakea garestia da,
izena dauka merkea;
bakea garestia da.
Txit zaila ta kontuzkoa:
justizia da bakea.

Bitoriano Gandiaga, Arantzazuko poeta frantziskotarra.
Hemen Peio Ospitalen itzulpena frantsesera:  BAKEA Gandiaga

 

Kreaturen kantika (San Frantses Asiskoa)

« Laudato si », Laudatua zu, hola hasten da Frantses Aita Sainduak ekologiaren alde idatzi duen gutun handia.

San Frantses Asiskoaren italierazko « Kreaturen kantika » famatuan oinarritzen da. Hona olerki horren itzulpen bat. 

 

Jaungoiko ahaltsu ona

Zuri laudorio, aintza, ospe (e)ta esker on oro.

Zuri bakarrik doazkizu

eta zure izenaren errateko gai den jenderik ez da.

Laudatua zu, Jauna, zure kreatura guzietan,

bereziki eguzki anaia jauna baitan,

haren egunez argitzen gaituzu,

eta ederra da, ospe handiz distiranta,

o Goikoa, zure miraila.

 

Laudatua zu, Jauna, arreba ilargiaz eta izarrez,

ortzean egin dituzu argi, prezios eta eder.

Laudatua zu, Jauna, haize anaiaz

et(a) aireaz, hodeiaz eta zohardiaz et(a) aro guziez,

haiez bizirik gauzkatzu kreatura guziak.

Laudatua zu, Jauna, arreba ur

balios, apal, prezios eta garbiaz.

Laudatua zu, Jauna, su anaiaz,

Gauan eguzkia bezala da

Eder, alai, ezin hoztu, pizkorra.

Laudatua zu, Jauna, arreba gure ama lurraz,

harek gaitu hazten eta indartzen

edozein fruitu emanez, lore margotsu eta belarrekin.

 

Laudatua zu, Jauna, zure maitez barkatzen dutenengan,

gaitz eta nahigabeak pairatuz.

zoriontsu bakean jasanen dituztenak,

korona zureganik ukanen dute, o Goikoa.

Laudorio zuri, Jauna, arreba herio gorputzekoaz,

hartarik ihesik ez du bizi denak.

 

 

 

 

 

Zorigaitz bekatu hilgarrian hilen denari,

zoriontsu zure nahi sainduan aurkituko dituenak,

ez baitira berriz hilen.

Jauna lauda eta benedika eta esker ezazue,

eta zerbitza zinez apalik.

J-L. Davant

Jainkoa eta ni: Xalbador eta Xabier Lete.

Amodioa bakarrik

Ikus : Otoitzak/Semearen bitartez otoitz

Jainkoa eta ni.

Xalbador

Partitura

Xabier Lete

 

Norberak kantatzeko (2 tonu beherago)

 

Fede haundiko burrasotarik sortu bainintzan mundura,
Jainko legean hezi ninduten jitean adimendura ;
hain zen beroa denbor’hartako eliz gizonen kar hura,
ziotelarik gaizki eginak zaramala ifernura,
muinetaraino sartu zitzautan Jaungoikoaren beldurra…

Entzuleeri behar diotet hau erran haste hastetik:
errexenerat nintzan lerrakor gauza guzien gainetik;
ahulezia ene nagusi izan da egundainotik;
ukan aholku guzien eta Jainko beldurraren gatik,
ez nau ez deusek nehoiz beiratu bekatoros izaitetik.

Legeak zuen erakaspena hausten nuen guzietan,
okaztagarri aurkitzen nintzan Jainkoaren begietan,
nitaz betikotz etsi zuela iduritzen baitzitzautan ;
desgustaturik damuz betea egon izan naiz bortzetan,
ez sorturikan Jainkoaz deusik ez dakiten tokietan.

Orduko apez suhar zintzoek halako arak zituzten,
etzen maitasun gozo haundirik heien ahotik ixurtzen ;
heiek Jaunari eman itxurak ari ninduen itsutzen,
zeruko edertasunak berak hotz hotza ninduen uzten,
gaztiguaren labe gorria baizik ez nuen ikusten.

Orai ez dakit, Jauna, Zu edo ni aldatu ote naizen,
etzira egun ene gogoan lengo itxuraz agertzen ;
gertatzen denaz, o Nagusia, kartsuki zaitut eskertzen,
gure arteko hoztasun hartaz hasia nintzan aspertzen,
Jainko maitea, ordu zen noizbait lagunak egin gintezen.

Zure laguna eginez geroz enetzat ez da nekerik,
zure behako samurrak eman nau fidantziaz beterik ;
deusen galderik ez dautzut bada egiten ene baitarik,
ez gaztigua urrun dezazun, ez eta sari eskerik ;
gaurkotz ez dauzut deusik eskatzen, amodioaz besterik.

Nehoiz bakerik goza gabeko ene gogo bihurria,
bihotzak edan duen ur onak hil du zure egarria,
ur on guzien Jabeak berak emanikan negurria ;
horra egi bat amodioak gure bixtan ezarria :
Haren oinetan sortzen zaukula bakearen iturria.

Xalbador (Odolaren mintzoa)

Xalbador: Otoitzez

Ikus: Otoitzak / Behar ordu berezietan.

Partitura

Norberak kantatzeko

 

Jaun Zerukoa, otoitzez gaude konfidentzia betean :
amodioa pitzaraz zazu gure sort-herri maitean,
zure lekuko agertuz beti, bizi gaitezen bakean,
batek bertzea errespetatuz, batasun sendo batean.

Eta ogia sortaraz zazu gosea dagon lekuan,
gure gidari daudenak aldiz lagundu beren karguan,
izan dezaten bihotz bat eta argi bizi bat buruan,
egia eta zuzentasuna heda ditezen munduan.

Egizu, otoi, libertatea nehork ez dezan kondena,
eta ez ahantz hobenik gabe estekan eman dutena,
zuhauren edo herria gatik pairatzen ari duena,
mundu guzian errespetatu dezan gizonak gizona.

Bada hoinbertze sofrikario eta hoinbertze behartsu,
zure eskua izan dadila denen alderat indartsu ;
mundu huntako behar-orduen berri ongi baitakizu,
komeni bada, solegi diten, Jainkoa, zerbait egizu !
(Xalbador: Odolaren mintzoa)

Jaunaren hitza

Goizeko eta arratseko otoitzean sar daitezkeen irakurgai
zenbait :

Jesus nor den

Ni naiz munduaren argia ;
jarraikitzen zaitana ez dabil ilunpetan,
bainan ukanen du biziaren argia.

Ebanjelioa Jondoni Joaniren arabera 8, 12

Ni naiz Bidea, Egia eta Bizia ;
nehor ez doa Aitaren ganat ene bidez baizik. 14, 6

Betiko bizia fedean

Semea baitan sinesten duenak, badu betiko bizia.
Semea baitan sinetsi nahi ez duenak,
ez du ikusiko bizia,
bainan Jainkoaren haserrea gainean dauka. 3, 36

Ikusi nauzulakotz duzu sinesten, Tomas ;
dohatsu ikusi gabe sinesten dutenak ! 20, 29

Ez ontasun biltzen ar

Ez zazula aberastasunik metaka bil lurrean, hemen bipiek eta harrek jaten baitituzte, eta ohoinek, etxeak zilatu-eta, ebasten. Aberastasunak bil zeruan, han ez baitituzte ez bipiek ez harrek jaten, ez eta ere ohoinek ebasten. Zeren nun baita zure ontasuna, han ere zure bihotza.

Ebanjelioa Jondoni Matiuren arabera 6, 19-21

Jesusi nola jarraik

Jesusek bere dizipulueri erran zioten : “Norbaitek ene ondotik etorri nahi badu, uko egin bezo bere buruari, har beza bere kurutzea eta jarraik bekit .Alabainan bere burua salbatu nahi duenak galduko du ; eta ni gatik bere burua galtzen duenak aurkituko du. Zer balia dakioke gizonari, mundu guzia irabazirik ere, bere burua hondatzen badu ?” 16, 24 – 26

Aldeko lagunaren maitatzea

Legearen betea

Besteek zueri egitea nahi zinuketen guzia, egizue zihaurek besteeri : hortan da Liburu Sainduekirakatsi guzia. 7, 12

Ez nehori zordun izan, elgar maitatzeaz baizik, laguna maite duenak Legea betea baitu. Zeren manamendu hauk : ezkontza ez kolpa, ez hil, ez
ebats, ez gutizia, eta beste edozoin manamendu, hitz huntan biltzen dira : Zure laguna zeure burua bezala maitatuko duzu. Maitasunak ez dio lagunari gaizkirik egiten ; beraz Legearen betea maitasuna da.

Jondoni Paulok Erromatarreri 13, 8-10

Gizonen eta aingeruen hizkuntzetan mintzaturik
ere maitasunik ez badut,
brontze dulundaria edo zinbal burrunbaria naiz.
Profeta dohaina,
mixterio guzien ezagutza, jakitate guzia
bai eta mendiak aldaratzerainoko
fede guzia ukanik ere
maitasunik ez badut,
deusik ez naiz.
Ene ontasun guziak jatera partekaturik ere,
neure gorputza surat emanik ere
maitasunik ez badut,
hori deusetako ez dut.

Maitasuna jasankorra da, bihozbera da maitasuna,
ez da bekaizti, ez ahobero, ez urguluntzi ;
onesta ez denik ez du egiten, ez berea bilatzen ;
ez da sumintzen, ez du gaizki hartzen ;
zuzengabekeriak ez du bozkariatzen,
baizik egian dauka bere bozkarioa ;
oro estaltzen ditu, oro sinesten,
oro igurikatzen, oro irauten.

Maitasuna ez da sekulan itzaltzen.
Profeziak ? Ezeztatuko dira.
Hizkuntzak ? ixilduko.
Jakitatea ? ezeztatuko.
Hein batekoa baita gure jakitatea,
hein batekoa gure profezia.
Osoa etorriko denean
hein batekoa ezeztatuko da.
Haurra nintzenean,
haur eleak nituen, haur asmoak, haur arrazoinak.
Gizondu naizenean, haurkeriak ezeztatu ditut.
Orai mirail batean ikusten dugu,
ilun nabar batean ;
orduan aldiz, ezagutua naizen bezala
ezagutuko dut.
Orai fedea, esperantza eta maitasuna,
hiru horiek diraute ;
bainan handiena maitasuna.

Jondoni Paulok I Korintoarreri 13

Zertarik jujatuak izanen giren

Etorriko denean gizonaren Semea bere ospean, eta
aingeru guziak harekin, orduan jarriko da bere
ospezko alkian. Gizalde guziak bilduko dira haren
aitzinerat ; eta batzu bertzetarik berexiko ditu, artzainak
ardiak ahuntzetarik berexten dituen bezala :
ardiak emanen ditu bere eskuinean, ahuntzak aldiz,
ezkerrean. Orduan erregeak erranen diote bere
eskuinekoeri : “Zatozte nere Aitaren benedikatuak,
eta har zazue munduaren sortzetik zuentzat apailatua
dagon erreinua. Ezen, gose izan naiz, eta eman
dautazue jatera ; egarri eta edatera eman ; arrotz eta
etxerat hartu nauzue ; biluzia eta beztitu ; eri, eta
ikusten izan zaizkitet ; preso, eta jin zirezte nigana.”
Orduan ihardetsiko diote justuek, erranez : “Jauna,
noiz ote ikusi zaitugu gose eta jatera eman ? Egarri,
eta edatera eman ? Noiz ikusi arrotz, eta etxerat
hartu ? Biluzia eta beztitu ? Noiz ikusi zaitugu eri
edo preso, eta jin ikustera ?” Eta erregeak ihardetsiko
diote : “Egiaz derautzuet : ene haurrideak diren
xumeen horietarik bati egin duzuen aldi guziz, eni
dautazue egin.”
(Ebanjelioa Jondoni Matiuren arabera 25, 31-46)

Etsaiak maita

Jesusek erran zuen : “Maita zuen etsaiak, egin
otoitz zuen gaizki-egile eta gaizki-erraileentzat,
zeruetan dagon zuen Aitaren seme izaiteko. Harek
bere eguzkia jeiki arazten du on ala gaixtoen gainerat,
eta bere euria jauts arazten zuzenen ala
makurren gainerat. Maite zaituztetenak maite
balinbadituzue, zer sari zor zaizue… Paganoek
ere ez ote dute bertze honbertze egiten ?”
(Ebanjelioa Jondoni Matiuren arabera 5, 43-47)

Jainkoa ttipieri agertzen

Izpiritu Saindua baitan pozez bete zen Jesus, eta
hunela mintzatu : “Gora zu, Aita, zeru-lurren
Jauna,gauza hauk jakintsuneri eta zentzuduneri
gorderik, haur ttipieri agertu diozkatzutelakotz.
Bai, Aita, hola nahi izan duzu. Nere eskuetan ezarri
ditu Aitak gauza guziak ; eta nehork ez daki nor den
Semea, Aitak baizik ; nehork ez daki nor den Aita,
Semeak baizik, eta Semeak agertu nahi dionak.”
(Ebanjelioa San Luken arabera 10, 21-22)

Jainkoa aita urrikalkorra da

Jesusek erran zuen : “Gizon batek bazituen bi
seme. Gazteenak erran zion aitari : “Aita, emadazu
ene etxe-partea.” Eta aitak partimenak egin ziozkaten
bere ontasunetik. Handik egun laburrik barne,
oro bildurik, seme gazteenak jo zuen urrungo herri
batetarat, eta han bere ontasun guzia xahutu, galdukerian
biziz. Oro jan zitueneko, gosete handi bat
sortu zen eskualde hartan, eta bera beharra senditzen
hasi. Joan zen eta jarri hango gizon baten
mutil : eta harek igorri zuen bere lurretarat, urdezain.
Nahiko zukeen barnea bete urdeek jaten zituzten
leketarik ; bainan nehork ez zion emaiten.
Orduan bere baitan sarturik, erran zuen : “Zonbat
sehi aitaren etxean, ogia nasai dutenak, eta ni
hemen goseak hil hurrana. Xutituko naiz, aitaren
ganat joanen, eta erranen diot : Aita, bekatu egin
dut zeruaren eta zure kontra. Ez dut gehiago zure
seme izenik merezi : har nezazu sehi kondu.”
Xutiturik, beraz, joan zen aitaren ganat. Urrun
zelarik oraino aitak ikusi zuen, eta bihotza erdiratua,
lasterka joan zitzaion bidera ; jauzi egin zion
leporat eta musuka hasi. Semeak erran zion : “Aita,
bekatu egin dut zeruaren eta zure kontra. Ez dut
gehiago zure seme izenik merezi…” Aitak, orduan,
erran zioten bere sehieri : “Laster ekar-azue soinekorik
ederrena eta jauntz-ozue. Emozue eraztun
bat erian, eta oinetakoak zangoetan. Ekar-azue
aratxe gizena eta hil, dezagun jan eta besta egin.
Ene seme hau hila baitzen eta huna nun berriz bizi
den ; galdua zen eta huna aurkitua.”
Eta hasi zuten besta. Seme zaharrena, aldiz, landan
zen. Gibeleratekoan, etxerat hurbildu zelarik, aditu
zituen soinu eta dantzak. Sehietarik bat deitu zuen,
eta galdatu zer ziren horiek. Harek erran zion :
“Zure anaia da gibelerat etorria. Eta zuen aitak hil
du aratxe gizena, osagarritan itzuli zaiolakotz.”
Hura berriz hasarreak hartu zuen, eta ez zuen sartu
nahi. Aita atera zitzaion eta otoizka hasi. Bainan
semeak ihardetsi zion aitari : “Huna hoinbertze
urte zure zerbitzuko naizela, egundaino zuk manatuetarik
bat huts egin gabe, eta behin ere ez dautazu
pittika bat eman nere adixkideekin besta baten
egiteko ! Bainan zure seme hori, bere ontasun
guziak neska tzarrekin jan ondoan, etorri delarik,
aratxe gizena hil diozu !” Aitak ihardetsi zion :
“Seme, zu beti enekin zira, eta nereak oro zureak
dira. Bainan behar zen besta egin eta bozkariatu,
zure anaia hila baitzen, eta berriz bizi baita ; galdua,
eta huna nun den aurkitua.”
(Ebanjelioa San Luken arabera 15, 11-32)

Kristok urririk salbatu

Urrikalmenduz aberatsa da Jainkoa : maitatu gaituen
amodio handiaren gatik, gure hobenez hilak
ginaudelarik, berriz biziarazi gaitu Kristorekin :
bai graziaz zirezte salbatuak. Harekin piztu gaitu,
harekin zeruan jarrarazi, Jesu Kristoren baitan.
Jesu kristoren baitan guretzat on izanez, nahi zuen
geroko mendeari agertu bere graziaren aberastasun
nasaia. Bai, graziaz zirezte salbatuak, fedearen
bidez. Eta hori ez da zuen ganik heldu, Jainkoaren
dohaina da. Ez da zuen obretarik heldu ; ez da
zeren espanturik egin.
(Jondoni Paulok Efesoarreri 2, 4 – 9)

Bozkaria zaitezte

Bozkaria zaitezte beti, Jaunarenak izaiteaz !
Berriz diozuet, bozkaria zaitezte ! Ikus dezala
jende guziak neurria atxikitzen duzuela. Hurbil
da Jauna ! Ez griña deusetaz, baizik gorabehera
guzietan, ager Jainkoari zuen eskariak, otoitzez
eta galdez eta eskerrak emanez. Eta guk asma
dezakeguna baino gehiago den Jainkoaren
bakeak zainduko ditu zuen gogo-bihotzak Jesu
Kristoren bidez.
(Jondoni Paulok Filipoarreri 4, 4 – 7)

Behar ordu berezietan

Elizarentzat

Jainko Jauna,
Eliza osoa saindu egiten duzu
herrialde guzien artean :
ixur, otoi, mundu zabalean
zure Izpirituaren dohainak,
zure bihotz onak Ebanjelioaren hastapenean
egin zuena
orai ere eman eta zabal dezan
fededunen bihotzen bidez.

Fedea zabal dadin

Jainko Jauna,
zure Semea igorri duzu mundurat egiazko argi :
ixur, otoi, hitzeman duzun Izpiritua,
gizonen bihotzetan egiaren hazia erein-eta
fedearen aitormena sortaraz dezan.
Hola bataioaren bidez bizi berrirat sorturik,
denek ardietsiko dute zure herri
bakarrean sartzea.
(Aldareko Liburutik)

Eukaldunentzat
Jende guzientzat

Xalbador: Otoitzez

Jaun Zerukoa, otoitzez gaude konfidentzia betean :
amodioa pitzaraz-azu gure sort-herri maitean,
zure lekuko agertuz beti, bizi gaitezen bakean,
batek bertzea errespetatuz, batasun sendo batean.

Eta ogia sortaraz-azu gosea dagon lekuan,
gure gidari daudenak aldiz lagundu beren karguan,
izan dezaten bihotz bat eta argi bizi bat buruan,
egia eta zuzentasuna heda ditezen munduan.

Egizu, otoi, libertatea nehork ez dezan kondena,
eta ez ahantz hobenik gabe estekan eman dutena,
zuhauren edo herria gatik pairatzen ari duena,
mundu guzian errespetatu dezan gizonak gizona.

Bada hoinbertze sofrikario eta hoinbertze behartsu,
zure eskua izan dadila denen alderat indartsu ;
mundu huntako behar-orduen berri ongi baitakizu,
komeni bada, solegi diten, Jainkoa, zerbait egizu !
(Xalbador: Otoitzez)

Familiarentzat

Jainko Jauna, familiak zu baitan du
bere oinarri sendoa :
egizu gure familia izan dadin
zure Semeari eman zinionaren idurikoa.
Emaguzu elgarrekin maitasunean bizitzea,
gure lurreko pidaian Izpirituak sustaturik,
egun batez denak zure argiaren beterat
hel gaitezen.

Haurrentzat

Jauna, zuk eman dauzkiguzun haurrak
zure haur ere egin dituzu bataioaz :
emozute, otoi, gorputzeko eta arimako osagarria,
beren bihotz guziaz maita zaitzaten
eta beren indar guziez zure nahia egin dezaten.

Edozoin behar-ordutan

Jainko guziahaldun eta urrikalkorra,
bihotz onez ikus
ezinbestean gauden zure haurrak :
arin zazu gure nekea, azkar gure fedea,
zure aita-bihotz onean
beti fidantzia osoa izan dezagun.

Lanaren galdegiteko

Jauna, lanaren bidez jendea jendeagotzen duzu,
eta jendeen bidez ari zira
zuhaurek egin gauza miresgarrien edertzen :
egizu, otoi, denek izan dezaten behar duten lana,
hari esker ohoreki biziz
batzu besteen zerbitzari jar daitezen.

Eguneko lan eta ekintzen eskaintzeko

Jauna, gauza guzien hastapena eta azkena,
zure Izpirituak aitzint eta lagunt ditzala
gaurko ene urratsak,
zurekin hasi lan eta ekintzak
zurekin burura ditzadan.
(Aldareko Liburutik)

Zapalduentzat

Jauna, zure seme-alaba guziak maite dituzu :
begi onez ikus ihes egin dutenak,
desterratuak, langile arrotzak,
presunerrak, torturatuak,
bazterrerat utzi eta zapaldu guziak ;
bihozberri nezazu
ene haurride horiek onets eta lagunt ditzadan
merezi duten eta nahi duzun bezala.

Erientzat

Argia apaldua da, zaude gurekin, Jauna.
Lorik egiten ez duena beila zazu :
Zu zira argia.
Sofritzen duena bakean finka zazu :
Zu zira bakea.
Ezin jasana duena goxa eta azkar zazu :
Zu zira goxoa eta indarra.
Bakarrik dagona maiteki susta zazu :
Zu zira Maitasuna.
Lo dagona begira zazu :
Zu zira Esperantza.
Zaude gurekin, Jauna :
Zu zira Bizia.

Eriak beretzat

Jesus Jauna, nekez otoitz egiten dut :
gaitzak eta nahigabeek lehertzen naute.
Bainan zuk ere kurutzean sofritu duzu.
Zaude enekin.
Zure gain har-azu ene ezina.
Zure Izpirituak ekar dezadala argi eta indar.
Badut fidantzia zurekin sofriturik
zurekin ere biziko naizela bozkarioan betikotz.
Zu, ene Salbatzailea, ene bizia, ene guzia,
Jesus Jauna.

Hilentzat

Orroit zaite, Jauna, gure etxeko hilez
eta mundu huntarik zurekin adiskide
joan diren guziez :
harzkitzu bihotz onez zure zeruan.
Sinesten dut zure aintzaren zorion betea
nik ere izanen dutala betikotz heiekin batean,
gure begietarik nigar guziak
xukatuko dituzunean.
Orduan zu, Jauna, ziren bezala ikusiko zaitugu,
eta zure iduriko izanen gira,
zure goresle, betiko.
(Aldareko Liburutik)

Jan aitzin

Benedikatua zu, Jauna :
bizidun guzieri jatekoa emaiten diozute ;
zabal zazu gure bihotza zure goresteko,
zabal gure eskua zuk emanetik
beharduneri emaiteko. Amen.

Jan ondoan

Eskerrak zuri, Jauna,
elgarretara bildu gaituen apairu hunengatik ;
eta jendea ez baita bakarrik ogiz bizi,
emaguzu zure alderako gose eta egarria. Amen.

Dei laburrak

Noiz-nahi eta nun-nahi erran daitezke, bihotza
Jainkoari altxatuz. Lehen hauk Jesusi oihu eginak
izan ziren, gure bideetan zabilalarik.

Jauna, salba nezazu ! Mt 14, 30

Jauna, Daviden semea,
urrikal zaite nitaz ! Mt 15, 22

Jauna, lagunt nezazu ! Mt 15, 25

Jauna, nahi baduzu, sendatzen ahal nauzu ! Lk 5, 12

Jauna, erakuts-aguzu otoitz egiten ! Lk 11, 1

Jauna, emenda zazu fedea gure baitan ! Lk 17, 5

Sinesten dut, Jauna,
ene fede eskasa lagunt zazu ! Mk 9, 24

Jauna, sinesten dut
zu zirela Kristo, Jainkoaren Semea ! Jn 11, 27

Ene Jauna eta ene Jainkoa ! Jn 20, 28

Jauna, badakizu maite zaitudala ! Jn 21, 15

Jainko ene Jainkoa,
goizetik zure ondotik nabila ! 62. Salmoa

Ene Jauna zira ;
ez dut onik zu gabe. 15. Sal

Zure eskuetan uzten dut ene izpiritua ;
zuk libratuko nauzu, Jauna. 30. Sal

Jauna, ikusten nauzu,
ez egon ixilik ;
ene Jainkoa, ez urrunt ene ganik ! 34. Sal

Ene harroka eta ene harresia zu zira ! 30. Sal

Ene Jaun eta Jainko,
eskerrak zuri betiko ! 29. Sal

Zure begitartearen bila nabil, Jauna,
ez otoi eni gorde zure begitartea ! 26. Sal

Orkatzak udan iturrirako zer lehia !
Zu gana, Jauna, nik ere dudan egarria ! 41. Sal

Zu, Jauna, zu bakarrik ! 86. Sal

Zutaz besterik nor dut zeruan ?
Zutaz beste gutiziarik ez dut lurrean ! 72. sal

Andredena Mariarekin otoitz

“Denak bihotz bat, jarraikiak ziren otoitzari, emazte

zenbaitekin, hala nola Maria Jesusen amarekin.”

Apostoluen Eginak 1, 14

 

Zure gerizaren aterbera goazi,

Jainkoaren ama saindua,

gure behar-orduetan

ez arbuia gure otoitzak,

bainan erorbide guzietarik

begira gaitzazu beti,

Birjina ospetsu eta benedikatua.

Sub tuum praesidium

 

Agur, Maria, ama guziz eztia,

gure bizia, gozo eta argia.

Entzun oihuka lurtiar dohakabeak,

entzun hasgoraka,

auhenez ta minez,

nigar toki huntakoak.

Ea, otoi, gure beiralea,

zure begi hain urrikariz beteak

beude guri beha.

Eta Jesus, zoragarri zure Seme hura

guri lur huntarik lekora erakuts.

Oi ama ona, oi ama eztia,

Oi Maria, ama goxoa.

Salve Regina

 

Mariari loreak

Maria saindua, otoitz egizu guretzat.

Jainkoaren ama saindua, otoitz egizu guretzat.

Kristoren ama,

Jainko graziaren ama,

Ama beti birjina,

Ama maitagarria,

Kontseilu oneko ama,

Salbatzailearen ama,

Gure bozkarioaren sorgia,

Izpirituaren egoitza,

Zeruko atea,

Goizeko izarra,

Erien osagarria,

Bekatorosen iheslekua,

Atsegabetuen altxatzailea,

Girixtinoen laguntza,

Bakearen erregina.

 

Jainko Jauna, zure zerbitzarieri emozute, otoi,

arimako eta gorputzeko osagarria :

Birjina Maria dohatsuari esker,

hemengo hersturak garaiturik,

betiko zoriona goza dezaten

Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

Izpiritu saindua baitan otoitz

“Izpiritua gure ahuleziaren laguntzera datorkigu, ez

baitakigu zer eska behar bezala. Bainan Izpiritua bera

gure alde mintzo da ezin erranezko auhenetan.”

           Jondoni Paulok Erromatarreri gutuna 8, 26

 

Kontsolatzailea deitzen zira

Zato, Izpiritu Saindua,

jauts zureen barnera :

bete zeruko graziaz

zuhauk moldatu bihotzak.

 

Kontsolatzailea deitzen zira,

Jaungoikoaren emaitza,

iturri, su, maitasun,

arimen oliodura.

 

Gure gogoan pitz argi,

bihotzetan amodio,

gure gorputzen ezinak

azkar betiko indarraz.

 

Gu ganik urrunt etsaia,

laster emazu bakea,

joan gaiten zu aitzindari,

nausituz gaitz guzieri.

 

Aintza Jainko aitari,

piztu den semeari,

bai eta Izpiritu Sainduari

menderen mendetan. Amen.

Veni, Sancte Spiritus

 

Behartsuen esperantza

Izpiritu Saindua,

sofritzen dutenen kontsolatzailea, zato !

Zaurien sendatzailea, zato !

Ahulen indarra, zato !

Erortzera doatzinen zurkaitza, zato !

Apalen begiralea, zato !

Urgulutsuen garailea, zato !

Umezurtzen aita, zato !

Behartsuen esperantza, zato !

Itsas gizonen izarra, zato !

Hondatuen portua, zato !

Bizidun guzien egiazko aintza, zato !

Izpiritu oroz gainetik saindua, zato !

Jean de Fécamp

 

Zu ganik den Izpirituak argi bitza, Jauna,

gure gogo-bihotzak ;

eta zure Semeak hitzeman bezala,

argiaren beterat ereman gaitzala.

Aldareko Liburutik

 

Izpiritu kreatzailea

Uren gainean zinabiltzan hastapenetako Izpiritua, zato !

Adamen baitarat ufatu Izpiritu bizi-emailea, zato !

Abraham, Isaak eta Jakob gidatzen zinituen Izpiritua, zato !

Profeten ahoz mintzo zinen Izpiritua, zato !

Kontseilu eta indar emaiten duzun Izpiritua, zato !

Jainkoaren errespetua emaiten duzun Izpiritua, zato !

Zuzentasuna eta maitasuna emaiten dituzun Izpiritua, zato !

Urrikalmendu eta egia ziren Izpiritua, zato !

Hodeiak bezala Maria estali zinuen Izpiritua, zato !

Bataioan Jesusen gainean finkatu zinen Izpiritua, zato !

Jesus basamorturat ereman zinuen Izpiritua, zato !

Zutaz Jesusek debruak haizatzen zituen Izpiritua, zato !

Pasionean Jesus lagundu zinuen Izpiritua, zato !

Jesus hirugarren egunean piztu zinuen Izpiritua, zato !

Mariaren eta Apostoluen gainera jautsi zinen Izpiritua, zato !

Gure hatsa eta bizia ziren Izpiritua, zato !

Jainkoa “Aita” deitzea emaiten daukuzun Izpiritua, zato !

Jesus “Jauna” dela aitortzea emaiten daukuzun Izpiritua, zato !

Gure ahuleziaren laguntzera heldu ziren Izpiritua, zato !

Gure gorputz hilkorreri bizia emanen diozuten Izpiritua, zato !

Aitarekin eta Semearekin Jainko ziren Izpiritua, zato !

 

Beharrik ez dut ideiarik…

Jauna, beharrik ez dut ideiarik…

beharrik ez dakit zer erran !

Zu entzuten egonen naiz, azkenean !

Ene pobretasunaren ixilean

mintza zaite, Jauna.

Ene izpiritu hutsa izan dadila zure egoitza.

 

Beharrik ez dut ideiarik,

zureak hobeki entzuteko, Jauna.

Beharrik ez dakit deuseren erraiten !

Ixiltasunean, geldi-geldia,

zuri so egonen naiz, Jauna.

 

Norenganat joan ?

Jauna, norenganat joan gintezke ?

Zuk dituzu

betiereko bizia emaiten duten hitzak.

Jondoni Joaniren Ebanjelioa 6, 68

Semearen bitartez otoitz

“Ene Jainkoari eskerrak emaiten diozkat Jesu kristoren
bitartez.”
Jondoni Paulok Erromatarreri gutuna 1, 8

Gizonen adiskide

Jesus gizonen adiskidea, aintza zuri !
Jesus urrikalkorra, aintza zuri !
Jesus jasankorra, aintza zuri !
Jesus barkakorra, aintza zuri !
Jesus Birjina ganik sortua, aintza zuri !
Jesus estekatua, aintza zuri !
Jesus azotatua, aintza zuri !
Jesus eskarniatua, aintza zuri !
Jesus kurutzeratua, aintza zuri !
Jesus hobiratua, aintza zuri !
Jesus piztua, aintza zuri !
Jesus zerurat igana, aintza zuri !
Jesus Aitaren eskuinaldean jarria, aintza zuri !
Zure kurutzea gutietsi dutenen jujatzerat
etorriko zirenean,
har nezazu, otoi, zure eskuaren aterbean,
beti gorets zaitzadan,
oi bekatoreen eroslea !
S. Efrem

Amodioa bakarrik

Jainkoa eta ni.

Xalbador

Partitura

Noberak kantatzeko (2 tonu beherago)

 

Fede haundiko burrasoen ganik sortu bainintzan mundura,
Jainko legean hezi ninduten jitean adimendura ;
hain zen beroa denbor’hartako eliz gizonen kar hura,
ziotelarik gaizki eginak zeramala ifernura,
muinetaraino sartu zitzaitan Jaungoikoaren beldurra…

Legeak zuen erakaspena hausten nuen guzietan,
okaztagarri aurkitzen nintzan Jainkoaren begietan,
nitaz betikotz etsi zuela iduritzen baitzitzautan ;
desgustaturik damuz betea egon izan naiz bortzetan,
ez sorturikan Jainkoaz deus ez dakiten tokietan.

Orduko apez suhar zintzoek halako arak zituzten,
etzen maitasun gozo haundirik heien ahotik ixurtzen ;
heiek Jaunari eman itxurak ari ninduen itsutzen,
zeruko edertasunak berak hotz hotza ninduen uzten,
gaztiguaren labe gorria baizik ez nuen ikusten.

Orai ez dakit, Jauna, Zu edo ni aldatu ote naizen,
etzira egun ene gogoan lengo itxuraz agertzen ;
gertatzen denaz, o Nagusia, kartsuki zaitut eskertzen,
gure arteko hoztasun hartaz hasia nintzan aspertzen,
Jainko maitea, ordu zen noizbait lagunak egin gintezen.

Zure laguna eginez geroz enetzat ez da nekerik,
zure behako samurrak eman nau fidantziaz beterik ;
deusen galderik ez dautzut bada egiten ene baitarik,
ez gaztigua urrun dezazun, ez eta sari eskerik ;
gaurkotz ez dauzut deusik eskatzen, amodioaz besterik.

Nehoiz bakerik goza gabeko ene gogo bihurria,
bihotzak edan duen ur onak hil du zure egarria,
ur on guzien Jabeak berak emanikan negurria ;
horra egi bat amodioak gure bixtan ezarria :
Haren oinetan sortzen zaukula bakearen iturria.

Xalbador pertsularia

 

“Jesusen otoitza”

Amodioaren mail gorenerat heltzeko, geldigabe
otoitz egin behar da, Jesusek gomendatu bezala. Eta
hola otoitz egiteko “Jesusen otoitza” baliosenetarik
da, noiz-nahi, nun-nahi erran daitekeena, hatsartzen
den bezala, eta berdin hatsaren urratsean.

Jesus Jauna, Jainkoaren Semea,
urrikal zaite nitaz.

Gosetuko naizenean

Jauna, gosetuko naizenean
emadazu norbait jatera eman diezotan.
Egarrituko naizenean
emadazu norbait edatera eman diezotan.
Hoztuko naizenean
emadazu norbait bero dezatan.
Eroriko naizenean
emadazu norbait altxa dezatan.
Bihotz-goxotasunez behartuko naizenean
emadazu norbait
neure bihotz-goxotasuna eskain diezotan.

Ama Teresa

Bihozdun egin nezazu

Jesus Jauna, erakuts ezadazu bihozdun izaiten,
hartze duzun bezala zerbitzatzen,
karkulan ari gabe gogotik emaiten,
min-har beldur gabe azkar gudukatzen,
pausurik bilatu gabe beti lan egiten
eta zure nahia betetzen dutala jakiteaz
beste saririk igurikatu gabe
neure buruaren emaiten.

Loiolako Iñigo saindua

Saindu nezazu

Kristoren arima, saindu nezazu.
Kristoren gorputza, salba nezazu.
Kristoren odola, bero nezazu.
Kristoren sahetseko ura, garbi nezazu.
Kristoren pasionea, azkar nezazu.
Oi ene Jesus ona, entzun nezazu.
Zure zaurietan, gorde nezazu.
Zure ganik urruntzera, utz ez nezazu.
Etsai gaixtotik, begira nezazu,
zure sainduekin batean gorets zaitzadan
menderen mendetan.

Loiolako Iñigo saindua

Halere sinesten dut

Jauna,

biharamuneko ogia beti eman dautazu,

eta pobrea izanik ere, gaur sinesten dut.

 

Biharamuneko indarra beti eman dautazu,

eta ahula izanik ere, gaur sinesten dut.

 

Biharamuneko bakea beti eman dautazu,

eta kezkatua izanik ere, gaur sinesten dut.

 

Biharamuneko bidea beti erakutsi dautazu,

eta gordea bada ere, gaur sinesten dut.

 

Ateka gaixtoetan beti begiratu nauzu,

eta ateka gaixtoan izanik ere, gaur sinesten dut.

 

Ilunpean beti argitu nauzu,

eta ilunpean izanik ere, gaur sinesten dut.

 

Behar-orduan beti mintzatu zitzaizkit,

eta nahiz ixilik zauden, gaur sinesten dut.

 

Beti lagun leiala izan zira,

eta saltzen zaituztenen gatik, gaur sinesten dut.

 

Hitza egundaino ez duzu jan,

eta dudatzen dutenen gatik, gaur sinesten dut.