Jainkoa eta ni: Xalbador eta Xabier Lete.

Amodioa bakarrik

Ikus : Otoitzak/Semearen bitartez otoitz

Jainkoa eta ni.

Xalbador

Partitura

Xabier Lete

 

Norberak kantatzeko (2 tonu beherago)

 

Fede haundiko burrasotarik sortu bainintzan mundura,
Jainko legean hezi ninduten jitean adimendura ;
hain zen beroa denbor’hartako eliz gizonen kar hura,
ziotelarik gaizki eginak zaramala ifernura,
muinetaraino sartu zitzautan Jaungoikoaren beldurra…

Entzuleeri behar diotet hau erran haste hastetik:
errexenerat nintzan lerrakor gauza guzien gainetik;
ahulezia ene nagusi izan da egundainotik;
ukan aholku guzien eta Jainko beldurraren gatik,
ez nau ez deusek nehoiz beiratu bekatoros izaitetik.

Legeak zuen erakaspena hausten nuen guzietan,
okaztagarri aurkitzen nintzan Jainkoaren begietan,
nitaz betikotz etsi zuela iduritzen baitzitzautan ;
desgustaturik damuz betea egon izan naiz bortzetan,
ez sorturikan Jainkoaz deusik ez dakiten tokietan.

Orduko apez suhar zintzoek halako arak zituzten,
etzen maitasun gozo haundirik heien ahotik ixurtzen ;
heiek Jaunari eman itxurak ari ninduen itsutzen,
zeruko edertasunak berak hotz hotza ninduen uzten,
gaztiguaren labe gorria baizik ez nuen ikusten.

Orai ez dakit, Jauna, Zu edo ni aldatu ote naizen,
etzira egun ene gogoan lengo itxuraz agertzen ;
gertatzen denaz, o Nagusia, kartsuki zaitut eskertzen,
gure arteko hoztasun hartaz hasia nintzan aspertzen,
Jainko maitea, ordu zen noizbait lagunak egin gintezen.

Zure laguna eginez geroz enetzat ez da nekerik,
zure behako samurrak eman nau fidantziaz beterik ;
deusen galderik ez dautzut bada egiten ene baitarik,
ez gaztigua urrun dezazun, ez eta sari eskerik ;
gaurkotz ez dauzut deusik eskatzen, amodioaz besterik.

Nehoiz bakerik goza gabeko ene gogo bihurria,
bihotzak edan duen ur onak hil du zure egarria,
ur on guzien Jabeak berak emanikan negurria ;
horra egi bat amodioak gure bixtan ezarria :
Haren oinetan sortzen zaukula bakearen iturria.

Xalbador (Odolaren mintzoa)