Semearen bitartez otoitz

“Ene Jainkoari eskerrak emaiten diozkat Jesu kristoren
bitartez.”
Jondoni Paulok Erromatarreri gutuna 1, 8

Gizonen adiskide

Jesus gizonen adiskidea, aintza zuri !
Jesus urrikalkorra, aintza zuri !
Jesus jasankorra, aintza zuri !
Jesus barkakorra, aintza zuri !
Jesus Birjina ganik sortua, aintza zuri !
Jesus estekatua, aintza zuri !
Jesus azotatua, aintza zuri !
Jesus eskarniatua, aintza zuri !
Jesus kurutzeratua, aintza zuri !
Jesus hobiratua, aintza zuri !
Jesus piztua, aintza zuri !
Jesus zerurat igana, aintza zuri !
Jesus Aitaren eskuinaldean jarria, aintza zuri !
Zure kurutzea gutietsi dutenen jujatzerat
etorriko zirenean,
har nezazu, otoi, zure eskuaren aterbean,
beti gorets zaitzadan,
oi bekatoreen eroslea !
S. Efrem

Amodioa bakarrik

Jainkoa eta ni.

Xalbador

Partitura

Noberak kantatzeko (2 tonu beherago)

 

Fede haundiko burrasoen ganik sortu bainintzan mundura,
Jainko legean hezi ninduten jitean adimendura ;
hain zen beroa denbor’hartako eliz gizonen kar hura,
ziotelarik gaizki eginak zeramala ifernura,
muinetaraino sartu zitzaitan Jaungoikoaren beldurra…

Legeak zuen erakaspena hausten nuen guzietan,
okaztagarri aurkitzen nintzan Jainkoaren begietan,
nitaz betikotz etsi zuela iduritzen baitzitzautan ;
desgustaturik damuz betea egon izan naiz bortzetan,
ez sorturikan Jainkoaz deus ez dakiten tokietan.

Orduko apez suhar zintzoek halako arak zituzten,
etzen maitasun gozo haundirik heien ahotik ixurtzen ;
heiek Jaunari eman itxurak ari ninduen itsutzen,
zeruko edertasunak berak hotz hotza ninduen uzten,
gaztiguaren labe gorria baizik ez nuen ikusten.

Orai ez dakit, Jauna, Zu edo ni aldatu ote naizen,
etzira egun ene gogoan lengo itxuraz agertzen ;
gertatzen denaz, o Nagusia, kartsuki zaitut eskertzen,
gure arteko hoztasun hartaz hasia nintzan aspertzen,
Jainko maitea, ordu zen noizbait lagunak egin gintezen.

Zure laguna eginez geroz enetzat ez da nekerik,
zure behako samurrak eman nau fidantziaz beterik ;
deusen galderik ez dautzut bada egiten ene baitarik,
ez gaztigua urrun dezazun, ez eta sari eskerik ;
gaurkotz ez dauzut deusik eskatzen, amodioaz besterik.

Nehoiz bakerik goza gabeko ene gogo bihurria,
bihotzak edan duen ur onak hil du zure egarria,
ur on guzien Jabeak berak emanikan negurria ;
horra egi bat amodioak gure bixtan ezarria :
Haren oinetan sortzen zaukula bakearen iturria.

Xalbador pertsularia

 

“Jesusen otoitza”

Amodioaren mail gorenerat heltzeko, geldigabe
otoitz egin behar da, Jesusek gomendatu bezala. Eta
hola otoitz egiteko “Jesusen otoitza” baliosenetarik
da, noiz-nahi, nun-nahi erran daitekeena, hatsartzen
den bezala, eta berdin hatsaren urratsean.

Jesus Jauna, Jainkoaren Semea,
urrikal zaite nitaz.

Gosetuko naizenean

Jauna, gosetuko naizenean
emadazu norbait jatera eman diezotan.
Egarrituko naizenean
emadazu norbait edatera eman diezotan.
Hoztuko naizenean
emadazu norbait bero dezatan.
Eroriko naizenean
emadazu norbait altxa dezatan.
Bihotz-goxotasunez behartuko naizenean
emadazu norbait
neure bihotz-goxotasuna eskain diezotan.

Ama Teresa

Bihozdun egin nezazu

Jesus Jauna, erakuts ezadazu bihozdun izaiten,
hartze duzun bezala zerbitzatzen,
karkulan ari gabe gogotik emaiten,
min-har beldur gabe azkar gudukatzen,
pausurik bilatu gabe beti lan egiten
eta zure nahia betetzen dutala jakiteaz
beste saririk igurikatu gabe
neure buruaren emaiten.

Loiolako Iñigo saindua

Saindu nezazu

Kristoren arima, saindu nezazu.
Kristoren gorputza, salba nezazu.
Kristoren odola, bero nezazu.
Kristoren sahetseko ura, garbi nezazu.
Kristoren pasionea, azkar nezazu.
Oi ene Jesus ona, entzun nezazu.
Zure zaurietan, gorde nezazu.
Zure ganik urruntzera, utz ez nezazu.
Etsai gaixtotik, begira nezazu,
zure sainduekin batean gorets zaitzadan
menderen mendetan.

Loiolako Iñigo saindua

Halere sinesten dut

Jauna,

biharamuneko ogia beti eman dautazu,

eta pobrea izanik ere, gaur sinesten dut.

 

Biharamuneko indarra beti eman dautazu,

eta ahula izanik ere, gaur sinesten dut.

 

Biharamuneko bakea beti eman dautazu,

eta kezkatua izanik ere, gaur sinesten dut.

 

Biharamuneko bidea beti erakutsi dautazu,

eta gordea bada ere, gaur sinesten dut.

 

Ateka gaixtoetan beti begiratu nauzu,

eta ateka gaixtoan izanik ere, gaur sinesten dut.

 

Ilunpean beti argitu nauzu,

eta ilunpean izanik ere, gaur sinesten dut.

 

Behar-orduan beti mintzatu zitzaizkit,

eta nahiz ixilik zauden, gaur sinesten dut.

 

Beti lagun leiala izan zira,

eta saltzen zaituztenen gatik, gaur sinesten dut.

 

Hitza egundaino ez duzu jan,

eta dudatzen dutenen gatik, gaur sinesten dut.