Aitari otoitz

Bere dizipuluetarik batek Jesusi erran zion : “Jauna,
erakuts-aguzu otoitz egiten…” Jesusek erran zioten :
“Otoitz egitean errazue : Aita…”
Ebanjelioa San Luken arabera 11, 2

Eskerrak zuri

Aita, maite gaituzula erakutsi daukuzu 1 Jn 4, 9
zure Semea mundurat igorriz,
hartaz bizi gaitezen :
Eskerrak zuri !
Aita, gutarik bakotxa maite duzu, 1 Jn 3, 1
zure seme egiterainokoan :
Eskerrak zuri !
Aita, gure bihotzetara Ga 4, 6
zure Semearen Izpiritua igorri duzu,
oihu egiten dauzuna : “Aita !”
Eskerrak zuri !
Aita, ilunpeen boteretik libratu gaituzu Kol 1, 13
eta zure Seme maitearen erresumarat aldaratu :
Eskerrak zuri !
Aita, sainduen ondoretasunean, Kol 1, 12
argian parte hartzeko gai egin gaituzu :
Eskerrak zuri !

Aita, maite gaituzu ; 2 Ts 2, 16
betiereko kontsolamendu
bai eta esperantza ederra
graziaz eman daukuzu :
Eskerrak zuri !
Aita, hori guzia zuhur Mt 11, 25
eta jakintsuneri gorde duzu
eta ttipieri agertu :
Eskerrak zuri !
Aita, urrikalmenduen Aita, 2 Kor 1, 3
eta kontsolamendu ororen Jainkoa,
nahigabe guzietan kontsolatzen gaituzu :
Eskerrak zuri !
Aita, zure Semea igorri duzu, Jn 6, 40
hura ikusten duenak eta hartan sinesten
betiereko bizia ukan dezan :
Eskerrak zuri !
Aita, egiazko zerutikako ogia Jn 6, 32
emaiten daukuzu :
Eskerrak zuri !
Aita gure behar guzien berri badakizu : Mt 6, 32
Eskerrak zuri !
Aita, zure ganik dauzkagu dohain guziak : Jk 1, 17
Eskerrak zuri !

 

Jaunak egin guziek,
benedika Jauna

“Kreazionea xifriturik igurika dago jainko semeak
noiz agertuko diren.”
  Jondoni Paulok Erromatarreri gutuna 8, 19
Mendian, itsasoan, edo berdin etxean, hego, elurte,
edo gau izarratu batez Jainkoa gorets dezakegu egin
duen eta egiten ari den izadi miragarriaz.
Jaunak egin guziek, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Jaunaren aingeruek, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Zeruek, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Zeru gaineko ur guziek, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Jaunaren indar guziek, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Eguzki eta ilargi, benedika jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Zeruko izarrek, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Euri eta ihintzek, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Haize guziek, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Su eta gar, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Hotz eta bero, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Ihintz eta izotz, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko
Karroin eta lantzurda, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Horma eta elur, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Gau eta egun, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Argi eta ilun, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Ximixta eta hedoi, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Lurrak benedika beza Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Mendi eta mendixka, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Lurreko landare guziek, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Iturriek, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Itsaso eta ibaiek, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Arrain handi eta urean bizi diren guziek,
benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Abere eta basabere guziek, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Gizonen semeek, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Israel (Eliza), benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Jaunaren apezek, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Jaunaren zerbitzariek, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Gizon zuzenen izpiritu eta arimek, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Saindu eta bihotz apalek, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Daniel 3, 57 – 86

Onartzen dut

Aita, ikusten ez dutalarik ere,
konprenitzen ez dutalarik ere,
senditzen ez dutalarik ere,
sinesten dut gertatzen zaitan guziak
azkar dezakeela zure alderateko ene amodioa.
Emadazu, otoi, zure dohaina
bihotz lañoz onartzea.

Pobreen anaidian har gaitzazu

Aita, bihotz erne, apal eta eztia emadazu,
igortzen dauzkiguzun pobre guzieri
ongi etorri egiteko.
Bihotz urrikalkorra emaguzu
heien maitatzeko eta zerbitzatzeko,
samurgo guzien ezeztatzeko,
gure anaia sofrituen eta kraskatuen baitan
Jesus bera bizitzen ikusteko.
Aita, zure pobreen eskuaz benedika gaitzazu,
zure pobreen soaz irri egiguzu.
Aita, zure pobreen anaidi dohatsuan
egun batez har gaitzazu.

Ez zaitela gure kontra jar

Aita, ez zaitela jar
gure bekatuekin gure kontra,
baizik gurekin gure bekatuen kontra,
zuri pentsatzean
ez gaiten beti gure bekatuez orroit,
baizik zure barkamenduaz,
ez eta bidetik nola baztertu giren,
baizik nola salbatu gaituzun.
Kierkegaard

Idek nezazu

Jauna, egizu neure burua onar dezadan
zuk onartzen nauzun bezala,
neure burua maita dezadan
zuk maite nauzun bezala.
Neure burua ona baino hobea egiteko nahikaritik
libra nezazu,
zuk eman nahi dautazun saindutasunari idek nezazu.
Niganik urrunt zazu Judasen bihotzeko harra,
bere baitan sartu baitzen handik ez ateratzeko,
egin zuen bekatuaz izitua eta esperantzagabetua.
Emadazu Petriren urrikia;
harek, samurtasunez eta urrikalmenduz beteriko
zure so ixila kurutzatu zuen.
Eta nigar egin behar badut, ez dadila izan nihaurtaz,
baizik zure maitasunari egin laidoez.
Jauna, esperantzagabeak jaten dautan bihotza
ezagutzen duzu.
Neure buruaren okazta
beti besteen gainera botatzen dut !
Zure samurtasunak norbait egin nezala neure begietan !
Hain nuke nahi zabaldu ene presondegiaren atea,
gakoa neure eskutan ukanki-ta !
Emadazu neure baitarik ateratzeko kuraia.
Erradazu fedea duenak edozer egin dezakela.
Erradazu senda naitekela
zure soaren eta hitzaren argitan.
San Agustin
(4°-5° m.)

Zuri emaiten nitzaizu

Zuri emaiten nitzaizu,
nahi duzuna egizu nitaz.
Edozer egin dezazun nitaz
eskerrak emaiten dauzkizut;
denetara prest naiz,
dena onartzen dut.
Nitan eta zure kreatura guzietan
zure nahia egiten den ber
ez dut beste gutiziarik, ene Jainkoa.
Ene bizia zure eskuetan ezartzen dut.
Emaiten dauzut, ene Jainkoa,
bihotzeko amodio guziarekin,
maite zaitudalakotz,
ene amodioaren beharra delakotz
neure buruaren emaitea,
neure burua zure eskuetan uztea
neurririk gabe,
fidantzia osoz,
Aita baitzaitut.
                                    Charles de Foucauld
Maitatzea ez da maitatzen dela senditzean,
baizik maitatzeko nahikarian.
Oroz gainetik maitatu nahi delarik
oroz gainetik maitatzen da.
                                 Charles de Foucauld

Goresmen kanta

(Aurreskuaren airean kanta daiteke)
Goresmen kanta
Aita, gure izate osoaren Ama,
garen guziaren eskaintzera gatozkizu.
Zeru eta lur, mendi eta oihan
zure ganik nasaiki ditugu biziaren dohain.
Goizeko iduzkiaren irri alaia miretsirik,
haize, euri eta argi, denak oparo zuk emanik,
zorionaren iturri baitzira zu,
eskerrak,
goresmenak,
benedikatzen zaitugu.
Guzien nigar, lan, oihu, poz, atseginak zure esku.
“Egin bake”, “elgar lagun”, maitasuna da zure manu.
Gutarik bakoitza zinez maite duzu.
Eskerrak,
goresmenak,
benedikatzen zaitugu.
Graxi Solorzano
Jauna, gure sustatzailea,
egizu maita dezagun zuk manatua
eta igurika zuk hitzemana,
mundu aldakor huntan
gure bihotzek sendo iraun dezaten
behartsuen eta zure zerbitzuan.

Enbaldiaren salmoa

Jainkoari galdegin diot indarra, arrakasta ukaiteko;
eta indargabe egin nau, obeditzen ikasteko.
Osagarria galdegin diot, gauza handien egiteko;
eta enbaldi egin nau, gauza bobeak egiteko.
Aberastasuna galdegin diot, zoriontsu izaiteko;
eta pobre egin nau, zuhur izaiteko.
Boterea galdegin diot, jendeen estimua irabazteko;
eta ahul egin nau, Jainkoaren beharra senditzeko.
Lagun bat galdegin diot, bakarrik ez bizitzeko;
eta bihotza eman daut, haurride guziak maitatzeko.
Gauza guziak galdegin diozkat, biziaz gozatzeko;
eta bizia ukan dut, gauza guzietaz gozatzeko.
Galdegin nuenetik deus ez dut ukan;
bainan espero nuen guzia eman zait.
Nihaurek ez nahian bezala,
egin ez ditudan otoitzak entzunak izan dira.
Beste guziak baino gehiago,
ontasunez bete-betea naiz.

Behar-ordu guzientzat

(bakarrik edo taldean)
Jainko urrikalkor eta bihozbera,
zure otoizteko garbi zazu gure bihotza,
libra gaitzazu gure bekatuetarik,
entzun gure otoitza.
Jauna, gizaki guzien Aita,
otoizten zaitugu lurreko gure haurride guzientzat,
eta lehenik otoitz egiten ez dutenentzat.
Erakutsaguzu zure dirdira
denak argi gaitzan barne-barneraino.
Jauna, otoizten zaitugu gure haurride behartsuentzat,
dirurik edo eskolarik ez dutenentzat,
samurtasunik ez dutenentzat.
Idek gure begiak heien beharreri,
heien etsimendu eta hasarreari.
Erakutsaguzu heiekin partekatzen.
Oroit zaite, Jauna, langabeetaz,
lana bilatzen duten gazteetaz,
oroit zaite mehatxatuak direnetaz
edo ihardokitzen ahal ez dutenetaz.
Erakar gaitzazu heien laguntzera,
gure gizartean beren lekua aurki dezaten.

Otoizten zaitugu, Jauna, erientzat,
beti sofritzen ari direnentzat,
sendatzeko esperantza galdua dutenentzat,
heriotzea hurbil dutenentzat.
Susta, bihotz-altxa, kontsolazkitzu,
emozute pazientzia eta bakea.
Oroit zaite, Jauna, gerletako hiletaz,
han eta hemen pizten diren gataska armatuetaz.
Apal zazu nazioneen urgulua,
salba lehertuak, altxa eroriak,
emaguzu bakea.
Oroit zaite, Jauna, beren familiatik urrun direnetaz,
presuner, bahi, iheslari, atzerriratu,
pertsegitu eta torturatuetaz :
denak beren etxean sar ditela.
Jauna, ezinezkoaren nagusia, otoizten zaitugu
beste girixtinoekin batasuna egin dezagun,
eta bakea erlisione guziekin.
Urrikal zaite gure berexkuntzetaz
eta elgarretara gaitzazu zeure amodioan.
Otoizten zaitugu, Jauna, gure Elizarentzat,
militanteentzat eta otoizlarientzat,
fraide, misionest eta serorentzat,
apez eta apezpikuentzat, aita sainduarentzat.
Zeure Elizari emozu bizi eta garbi izaitea,
pobre eta zerbitzari;
begira gaitzazu fideltasunean. Amen.

 

Ixilik zaudenean

Aita, ez gaitzazula sekula utz ahanztera
mintzo zirela, ixilik zaudenean ere.
Emaguzu fidantzia hori,
zure beha gaudenean,
amodioz ixiltzen zirela
eta amodioz mintzatzen.
Ixilik egon edo mintza zaiten,
beti Aita bera zira,
aita bihotz bera duzu,
gida gaitzazun mintzatuz
ala hez gaitzazun ixilduz.
Kierkegaard