Archives de catégorie : Helduak

2024an ere baikor?

Jendeak baitezpadakoa du itxaropenean eta elkartasunean oinarritzea bere ibilmoldea. Dena pikutara doalako sentimenduak ez garamatza inora. Entzunez gerla solasak eta ikusiz populazioen sufrikarioak “Nora doa gaurko mundu nahasi hau” galdetzen dio bere buruari baten batek. Batzu harritzen ere dira “Gerla, Jesusen Herrian ere!” iduri eta orai arte, urtez urte, palestinarrek jasana ez dela konta.

Gerla kontu, atxikiko dugu itxaropena, ez baita maluruski berria munduaren historian eta lehenago ere egin baitira sarraski ezin erranak. Normaltzat hartzen zirenak garai batean. Orai bederen salatzen dira, kondenatzen eta batzuetan gaztigatzen. Hobetze bat nonbait.

Aldiz kezka berriak sortzen zaizkio gaurko gizarteari, bertzeak bertze: AA edo Adimen Artifiziala. Nola menean atxik gure burumuinen ahalak gaindituko dituen indar hori, anitz gauza faltsu sor bai litzake, egia eta egiazkoa bezain sinesgarriak. Nola bereiz?Nola kontrola ondorioak?

Bertze kezka larri bat: klima aldaketa edo gizakiaren eraginez hondatua izan den Izadiaren asaldatzea. Zer egin? Bakotxak bere neurrian ikas dezala zer den egokia eta araberako urratsak eman ditzala. Amets handiegia liteke ote AA hori baliatzea aterabideen aurkitzeko?

Bere mundu huntako historia luzean jendeak badu gauza eder frango eginik. Tzarrik ere. Horietarik batzu gogo onez, ez jakinean. Hala nola mundua konkistatzen hasi ziren garaian, ustez zibilizazioa ekartzen ziotela “salbai” gaizoei. 1493an Alexandro VI orduko Aita sainduak, “inter Ceatera” bula zabaldu zuen, mundua bitan zatitzen zuena, mendebaldea portugesentzat, sortaldea espainolentzat! Bost axola hango biztanleez! Jules II Aita sainduak berretsi zuen tratu bera 1506an. Geroztik Aita Sainduen pentsamoldeak ere hobetu dira! Atxik beraz itxaropena eta ez gal umorea Etxekopar Mixelen gisan. Huna zer erranarazten dion delako Aita Sainduari “Ketariatik mundura” nano pastoral berezi bezain zoragarrian:

Gaztela eta Portugaleko erregeen ikustera et caetera et caetera…

Bai eta Tordesillasko mahats odolez gozatzera etc etc etc

Haizu naizenaz gainen Jainkoaren izenean mintzatzera etc etc etc

Zabaltzera noakizue ene « Bula Inter Caetera » etc etc etc

Lehen egiten zituzten hutsak ustekabean, orai ere egiten dituzkegu. Bihotz onez jokaturik ere. Hala ere, eraman ditzagun gure heineko borrokak, izan lurraren edo egoitzen prezioeri buruz, etorkin, pobre eta zapalduen laguntza sailean, euskararen garatze xedeetan eta abar…

Azken gai hori beti pil-pilean dago, hala nola Seaskaren arazoak herriko etxe zonbeitekin. Aterabideak lortuko dira goiz edo berant, anartean militanteak higatzen ari mobilizazio eta ekintzetan.

Batzuetan besta egiteko parada badago ere eta indarberritzeko baliagarri izaten da. Hona Mixel Etxekopar artista arraroaren bertsu baikorrak, Senpereko Kattalin Elizalde kolegio berrian iragan den besta egunekoak, Etxahun Iruriren “Ai zer plazera” doinuan.

Sortu ta egin, sorgin ta lotu,

ez hamahiru, hameka.

Mugarik ez da kolegio hortan

borrokan ere bai besta!

Sor-gintza hortan Xiberotarrak

laketzeko lanik ez da.

Zorte ona zen denetan sendi

zuen soak ikus eta.

Xalbador, Manex, Piarres, Estitxu

denak jarri ziren alde,

Arbasoa ere konbokatuz

berpizturik Etxepare!

Haurride berriaren sortzean

hasi ziren airez aire,

Honki jina zu sortuz egina

Kattalina Euskaralde!

Xiberotarrek ekarri zuten

beren hazia honaino.

Gure Etxahun Barkoxe 1 eta

Juan Sebastian Elkano 2.

Pastoral koblaz anitzez hobe

itsasoz galtzea baino,

Mundu bira bat poetisatuz

gure hitzen muineraino.

Lurretik bizia datorrela

bizidun oro senide.

Urak ere bai bere dohaina

aintziratik labur bide,

Auzo legean auzo lanean,

mila ta hameka kide,

Han ginen eta berriz izanen

haraino pozik gaki ge!

….

1 Goizeko emanaldian.

2 Arratsaldekoan.

Mandio

NAHASMENDUAK

Nola liteke 15 urte peko haurrak karrikan izaitea, gauaz, saltegien erakusleihoak hausten, barneko gauz guziak ebasten, autoak erretzen ? Nola liteke, adin hortan, liburutegieri su ematera, eskola suntsitzera, haurzaindegia xehatzera joaitea ? Nola liteke, hoin gazterik, auto bat jaurtiki auzapezaren eta bere familiaren etxearen kontra, su emateko intentzioarekin, ikusiz gainerat ama familiakoa hor daudela bere bi haurrekin ?

Gertakari horien irudiak, behin eta berriz erakutsiak izan direnak, beldurra sortarazi dute. Bai eta erantzun erradikalak, akusasio ezberdinak, erreakzio bortitzak.

Nork manipulatzen ditu haur horiek ? Nork du interesa jenden beldurra sortaraztea? Haur horiek ez dira preso sartuak izanen, ez dira atxilotuak izanen, eta nahasmenduak heien bizkar ezarriz, hariak tiratzen dituztenak ez dira agertzen. Hauek ongi dakite noren eta zeren gainean bermatu, manipulatzeko eta poderea hartzeko.

« Kultur segurgabetasun aldi bakoitxean erlijio edo politika forma erradikalen gorakada ikusten da”, dio Boris Cyrulnik idazleak.1 Huna haren ikusmoldea. Ingurumena kanore gabekoa bihurtzen denean, baloreak zentzu guzietan irakiten dutenean, jendea nahasia daude. Orduan ez dago argi bere mundua, denak nahas mahas dira : lanean ari edo denak utzi, sexu bat hautatu edo bertzea, famili bat eraiki edo lagun batetik bertzera pasatu, ongia eta gaizkia… Baloreen hierarkiaren lainoak, lambroak, ohidura txarrak sortzen ditu.

Holako testuinguru kulturalean, argia ekarri eta bidea erakusten duen pentsalariak, segurtasun emaile agertzen da. Nola sortarazi segurtasun beharra? Beldurraren hazia ereinez eta hedatuz. Asurantza beharrak eta ikusmen argi baten eskeak, integrismoaren gaurko indarra esplikatzen dute, izan dadin politikan edo erlijionean. Buraso demokratikoek, beren haurren askatasuna errespetatuz, hauek hautoak libre egitea erabakitzen dute, eta horrek duda-mudak sortzen ditu. Alta, lainoan dago argiaren egarria eta gosea. Lainoan den gazteak segur eta argi den pertsona bilatuko du. Ahaideen harridurarako, erregimen autoritario batera edo erlijio fundamentalista batera hurbilduko da. Hersturaren garapenak eta hedatu den zalantzak, jarrera zorrotzak eta gogorrak bultzatzen dituzte.

Gaizkile gazteek armadan sartu nahi dute, batailoi autoritarioetan ahalaz. Heien delinkuentzia gelditzen da obeditzen dutenean, (edo hedatzen gaizkilen eskuetan). Aukeratzeko, hautoak egiteko arazorik ez dutenean, larritasunik gabe gelditzen dira. Legion Etrangère delakoan, manu gogorrenak, koherentziagabenak, ergelenak ere, onartzen dituzte, kritika bat gabe. Manipulazioa bidean da.

Nun da leihoa? Nun da aterabide bat ? Ana Frank, nazienganik ihes egiteko bere bizitza laburra (15 urte) gorderik pasatu duen neska gazte gazteak, egunkari bat idatzi du. Huna lerro batzu : « Xoragarria da nere ideiak, nere ideala ez baztertzea, nahiz eta segur nintzan ezin izango ditudala bururaino ereman. Hala ere atxikitzen ditut, jendeak bihotz ona duela uste baitut. Ezin dut ene esperantza oinarritu herran, gorrotoan, miserian, heriotzean. Ikusten dut mundua aitzina doala, mailaz maila, basamortu baterat; gero eta hurbilago dago, denek suntsituko gaituen trumoia. Milioika pertsonen sufrimenduak sentitzen ditut eta, hala ere, zeruari begiratzen badiot, uste dut dena konponduko dela, krudelkeria hau bukatuko dela eta bakea itzuliko dela. Anartean ene ideiak eta ene ideala atxikiko ditut zeren, nork daki, izan liteke horiek gauzatzeko gai izango naizen ordua etorriko dela ».

Maite Iratzoki

1 Psychothérapie de Dieu. Odile Jacob

MEDJUGORJE

Izena bera ez da errexki erraiten. Ainitzek ez dute ezagutzen eta sekulan entzun ; batzuk izan dute horren berri eta arras konbentzituak dira, edo alderantziz osoki kontra agertzen dira. Zer pasatu da herrixka hortan ?

1981urtean, Yugoslavia deitzen zen erresuma hori, Komunistak ziren boterean, Tito diktatorea zendu zen urte bat aitzin, eta sei gaztek, heietarik 12 urteko mutiko bat, eta 15-16 urteko lau neska eta bertze mutil bat, Andere bat haur bat besotan, mendian ikusi dutela, diote. Beldurrakin ihes egiten dute eta beren etxetan gerizatzen dira, batzuek deusik erran gabe. Biharamunean, horietarik lau bezperan anderea ikusi zuten lekura erakarrita sentitzen dira, eta bertze bi heldu dira heiekin. Ivanka, Miryana, Marija, Ivan, Jakov eta Vicka deitzen dira. Anderea berriz ikusten dute, harekin mintzatzen dira, eta Andre dena Maria dela erraiten diote. Ordutik aitzina, egunero agertu zitzaiote, eta heietik hirueri agertzen da oraino. Heien galderi erantzun emaiten du, irakasten ditu eta mezuak emaiten ditu munduan zabaltzeko.

Orduko haur eta gazteak emazte eta gizon dira orain. Ezkonduak dira, haurrak badituzte, eta beren bizia Medjugorjeko auzoan egin dute, edo Italian eta batek, Ivan, Ipar Ameriketan.

Hastapenean, herri hortako jendek ez dituzte sinetsi. Bainan, asteek aitzina egin ahala haurrak gerizatuko dituzte agintari komunisten jazarpenetik. Hauek fedearen adierazpen publiko guzien kontrakoak ziren, eta bereziki Maria Birjinaren agerpenen kontrakoak. Mostar hiriko medikuek haurrak aztertu zituzten agerraldien lehen egunetan, eta osasun betean deklaratu zituzten. Sekulako herrialdetatik etorritako zientzialariak etorri dira haur horiek zergatik bizi zuten topaketa bera memento berean, leku ezberdinetan izanik ere, ulertzera. Gaur egun ez da esplikazione zientifikorik.

Zoin dira ondorioak 42 urteren buruan ? Gaur egun zer ikusten da ? sei egun han pasatzeko aukera ukan dut. Orduko herrixka ttikia, hiri bat bilakatu da, ehunka saltegi, hotel eta ostatu eraikiak izan dira. Gure taldean, bagintuen bi lagun han ibiliak duela 38 eta 35 urte, beraz hastapenean. Bizitzailen etxe batean lo egin zuten, hauek kanpoan, eta jateko zerbait eman zioten. Herrixka ttiki ttikia orduan, bainan gertakari ezin haundiagoa !

Harrigarria hau da : irailaren bururatzean, baziren 6000 jende inguru, elizaren gibelean egin duten zelaigune zabal batean, eliza sobera ttikia izana gatik, ixiltasunean, kartsutasun handienean. Eta hori egunero. Ez da segurtasun zerbitzurik, ez ixiltasun agindurik. Denak goxoan egiten dira, errespetuan. Hor ziren jendeak heldu ziren Kroaziatik, Hungariatik, Bosnia-Herzegovinatik, Frantziatik, Italiatik, Espainiatik, Inglaterratik, Ipar eta Hego Ameriketatik, Belgikatik, Asiako erresuma batzuetatik, eta abar. Ibiltzen da Andre dena Maria agertu zen mendian, Gurutze bidea egiten den mendian, dena harria dena, bide eta bidaxka gabeko mendian, bainan denetan kartsutasuna, otoitza, ixiltasuna, arrosarioa eta elkarren laguntza. Astean behin edo bitan barur egiten da, ur eta ogiakin (ogi ezin hobea!). Beilariek bekatuen barkatzeko sakramendua edo kofesioa errezebi dezakete, eta jendeak hor dira, lerro luzeetan, konfesatzen duten apezen hizkuntzaren taularen aitzinean, beren hizkuntzaren arabera, beren txandaren zain. Hor ere ixilik, trankilki, otoitzean.

Gazteri eta haurreri emaiten zaioten laguntza garrantzitsua da. Gerlak egin dituen umexurtxak etxe batean errezebituak izan dira, eta orain familia xahutuen haurrak dira errezibituak. Drogatzen diren gazteek bertze etxe batzuetan artatuak dira, lanaren eta otoitzaren bidez berreraikiak. Bi lekukotasun entzun ditugu, Jean Marc eta Frederic, bi italiano gazte. Lekukotasun arras hunkigarriak.

Medjugorjeko Ama Birjina, Bakearen Erregina deitzen da. Zinez hala da. Hango bizitzaileak denetan bezalakoak dira, adibidez taxi gidariak edo saltegi batzuetako langileak ez dira beti gisakoak, aldiz bake giroa sentitzen da denetan.

Ez dakit agerraldiak egunerokoak diren ala ez, ea agerraldirik baden ala ez, mezuak zinez zerutiarrak diren ala ez, bainan ohartu naiz galdera horiek bigarren mailakoak direla. Otoitzaren fruituak ikusten dira han, umiltasunaren bidez, espantorik gabe, bakotxaren ixiltasunean.

Ukrainiako gerlako armen furiaren parean, Israel eta Palestinako lurralden ikara eta larritasunaren parean, Iran eta Afganistako gizonen mespretxuaren parean, altxatzen da Bakearen Erregina. Maria du Izena.

Maite Iratzoki

Kimuak sortzen

Edozoin aldetan, edozoin gaietan, berri txarrak ari dira zabaltzen. Izan dadila klima, erlisionea, politika, ekonomia, laño beltz batek estaltzen du. Astekari hunen sail batek, Jainkoa, Bizia, Jendea deitua, begirada doi bat ezberdina ematera edo gauzak fede perspektiba batetik begiratzera gomitatzen gaitu. Errealitate latz huntan, kimuak edo muskilak ikustea dagokigu.

Eta botoi eder bat ikusi dut duela guti. Eliza katolikoaren klerikalismoa aita sainduak eta girixtino askok salatzen dute, Elizaren funtzionamenduaren leku osoa hartzen du, eta jendeak menpean ezartzea, gizon batzuen erabakien egile bihurtzeko arriskuarekin.

Klerikalismo ilun hortan, muskil bat agertu da. Mixel Oronos gogoan, Belokeko kaperan elkarretaratze bat egin da. Igande arratsalde bat zen. Jendeak etorri dira lagunekin edo familian edo bakarrik eta Baigorriarak autobusez. Denek kapera bete dute. Harrera egin da euskaraz eta frantsesez, ebanjelioa irakurria izan da eta komentatua, lekukotasunak eman dira, emazte eta gizonen partetik, lagun eta adixkide, katoliko eta protestanta, euskaraz eta frantsesez, otoitz egin da, Baigorriko koralak, xuri urdinez beztitua, kantu eder batzu eskaini dituela.

Liturgia baten osagai guziak baziren, mamitsua izan da, forma ideki batean. Ez da dena esku bakar batean kondentsatua izan, persona bakar batean. Antolatu dutenek, dei egin dute bai musikarieri, bai lekukotasunak emaiteko prest ziren laguneri, bai gogoeta aurkezteko gai zireneri. Hor ziren laiko eta apez, emazte eta gizon, bakotxak bere harria eramanez izpirituzko eta maitasunezko elkartze horren eraikuntzara. Zeremonia xinple eta egiazkoa izan da, kartsua, bihotz altxagarria, nun denak ongi sentitzen ziren.

Nun da kimua? Luzaz uste izan da girixtinoen elkarretaratzea meza edo apez bat buru duen elizkizuna bertzerik ez zela. Uste izan da laikoek ez direla gai girixtino bilkura bat antolatzeko eta oroz gainetik buru izaiteko. Hor da kimua, ongi ikusi da hor, laiko eta apez, eskuz esku lan egiteko prest direla eta gai direla. Apezek badute beren berezitasun beharrezkoa ; laikoek badute beren berezitasun beharrezkoa; bataioak girixtino egoera berean jartzen gaitu, erantzukizun berean, ez bat bertzea baino gorago edo apalago.

Kimu hori ikusten da ere molde berri batean zelebratzen diren mezetan. Deitzen dira “bere denbora hartzen duen meza”. Talde batek antolatzen du, apezak bere toki espezifikoa hartuz, eta gainetakoa banatuz, izan dadila ebanjelioaren irakurtzea, predikuaren egitea, gogoeten partekatzea.

Bertze kimu bat ere ikusten da han edo hemen, bakan oraino. Apezpiku edo apez bat baino gehiago direlarik, bat dago zeremoniaren buru, eta bertzeak jenden artean kokatzen dira, fededunen artean, laikoekin. Klerikalismotik ateratzeko ate ttiki bat.

Botoiak ikustekoak dira ere formakuntzan. Apezek, eta batzuetan serora eta frailek, erlisioneari lotuak diren arloan irakasteko eskumena onartua zuten eta denen buru ezarri ziren. Gaur egun, Biblia Ikasketen Unibertsitateko titulua duten emazte eta gizonak onartuak dira erakasteko. Gure eskualdean badira taldeak bibliako testuak horrela ikasten dituztenak, bai euskaraz, bai frantsesez, emazte edo gizon baten laguntzarekin.

Kimuak osto, adar, fruitu bilakatzen dira beren sasoinean. Fruitu onak eskuragarri ditugu jadanik Lapurdiko irratia entzuten dugunean edo Fedeola.eus kontsultatzen dugunean.

Mixel Oronosen otoitz batek muskilen fruituak aurkezten ditu,:

Goiko Jauna, emaguzu bihotz berri bat. Goiko Jauna emaguzu Izpiritu berri bat. Izpirituaren fruitua : bozkarioa, bakea, pazientzia, maitasuna. Izpirituaren fruitua : ongi nahia, leialtasuna, bihotz ona, eztitasuna, bere buruaren jabe izaitea. Bizi berri bat emaiten badauku Izpirituak joka dezagun Izpirituaten arabera.

Maite Iratzoki

Girixtinoen batasuna

Audioa ezin aurki Lapurdi Irratian

Girixtinoen batasuna

2,2 miliar girixtino dira munduan, mundu zabaleko jendetzearen herena. Eta urtero desafio bat bezala egina zauku : aste batez, urtarrilaren 18tik 25erat girixtinoen batasunaren alde otoitz egitea. Alabaina, nola pentsatu batasuna mundu osoko errealitate batean, mundua konektatua izanik ere!

Girixtinoen munduan, ezberdintasunak ikusten dira bilatu gabe. Sinesdun eta ez pratikatzaile erraiten dutenetik sineskor zorrotz agertzen direneraino, zenbat adierazpen fedearen izenean! Eta hola izan da haste hastetik. Jesusen lehen segitzaile edo jarraikitzen zitzaionek kexatu ziren heien taldean ez ziren gizon batzu, erakasten ari zirela salatuz.

Haste hastetik ere Jesusek berak eraiki Eliza kudeatzeko gizon bat hautatu zuen, Piarres izenekoa, bainan Paulokin eztabadak sortu ziren. Hunek ez zuen Jesus ezagutu zuzenean, harekin bide eginez, eta nahi zuen dizipuluekin mintzatu. Zer ziren eta nola pasatu ziren Jesusen egunak Palestinako bideetan nahi zuen ikasi, baita ere Jesusen pasionea, hiltzea, berpiztea. Nahi zuen ere jakin zer ziren usaiak, nolako liturgia behar zen ibili, nor bataiatu eta nor ez, zer jan eta zer ez jan. Eta huntan izan ziren eztabada haundienak : zer baldintza ezarri girixtino bihurtu nahi zuten paganoeri, bereziki janarian. Hor izan zen lehen kontzilioa, Jerusalemen, gizon horien artean.

Geroztik, girixtinoek zabaldu dira munduan, ebanjelioaren mezua partekatuz eta hedatuz, liturgiaren bidez jendeak elkarretaratuz. Harrigarri eta hunkigarri da meza batean parte hartzea munduko edozoin herrialde edo erresumetan. Japonian, Xinan, Afrikako erresumetan, Indian, Viet-Namen, Ameriketako herrialdetan, ipar eta hego aldetan, Europako erresumetan, Errusian… denetan mezan parte har ditake bertako jendeekin bat eginez. Hizkuntza ezberdina eta jestu berdinak. Kantuen hitzak ez ezagunak, bainan musika ezaguna, beraz pantaila digitalaren laguntzarekin, kanta ditake. Batasuna hunkitzen da kasik konkretuki.

Kulturen, ohiduren eta tradizioen, pentsamoldeen ezberdintasunek oztopo izan daitezke eta aberastasun izan daitezk ere. Oztopoak argitasunaren bila ezartzen du eta aberastasuna sortaraz dezake. Aberastasunak izpiritua airostatzen du oztopoa garaitzeko.

Mendeetan zehar girixtinoek zatitu dira, ortodoxo, katoliko, protestante eta hauetan zernahi aldaxka sortu dira. Denbora luzaz arriskugarri konsideratua izan da bereixte hori, eta katolikoek debekatuta zuten beste erlijioetara joaitea, doi doia ikusteko ere. Alta Kristoren erlijio horiek hurbilketa aberasgarriak badituzte Jainkoarenganako fedea argitzeko.

Biltzen duen liturgiak bereixten du ere. Bizi modu batek erakartzen du baita ihes egiteko gogoa emaiten. Ebanjelioako erakaspenak beharrezkoak dira eta guti edo nekez aplikatuak. Kontrasteak, ezberdintasunak, aurkakotasunak, paradoxak dira batasuna bilatzeko lurtegia. Horiek oro ez ditu ukatzen, urruntzen edo kentzen.

Batasunak errespetatzen ditu, ukatu gabe, ezabatu gabe, bateratu gabe. Jainkoak egiten du batasuna ez eta gure lilurak edo gure ameskeriak. Batasunaren asteak aukera emaiten dauku batasun nahia eta asmoa barnatzeko.

Maite Iratzoki

JAINKOA DUGU Z 45

 

Jainkoa dugu bai ihes leku, bai indarra,

Oren beltzetan esku emaile zoin azkarra.

Guk beldurrik ez mugi baladi, mugi lurra.

Eta mendiak itsasperaino tanpez lerra.

Guk beldurrik ez, jauz baladi jauz itsasoa,

Mendiak urra, bai eta kraska lur osoa.

Gurekin dugu zeruetako Jaun Goikoa:

Menderen mende beti gure zain du besoa.

Ur-handi batek bere ibaiez pizten dio

Jaun Zerukoa den hiriari bozkario.

Hartan da Jauna: deusik ezin du lurrerat jo;

Argi zirrintan Jainkoa lagun dagokio.

Arrotz herriek zer zalaparta, zer orroa

Jainkoak oihu eta mundua urtuz doa.

Gurekin dugu zeruetako Jaun Goikoa:

Menderen mende beti gure zain du besoa.

Zatozte, beha Jaunak zer lana, zer ahala:

Gaitzeko gauzak munduan egin dituela.

Bazterrez bazter mundu guzitik joan du gerla,

Hautsiz ezpata eta kraskatuz arranbela.

Geldi hor, aitor Jainko naizela ni Jainkoa,

Jenderi eta lur guziari goragoa.

Gurekin dugu zeruetako Jaun Goikoa:

Menderen mende beti gure zain du besoa.

 

Hitzak: Iratzeder (1963).
Doinua: Juan Urteaga (1966) Algera meza

https://www.yumpu.com/fr/document/read/17591627/eliz_omenaldi-liburua

Nola demontre?

Ezin ulertua egin zait azken aste hauetako eztabaida, media horietan. Batzuen sarraski itsuen gaitzestearekin ezin kondena bertzeenak! Legezko kondena baten arriskatzeraino!

Ulertu duzu, irakurle, zertaz ari naizen. Palestinaz bai. Eta ere
Israelez. Zer diferentziak euskal media eta frantses media horien
artean. Harrigarria! Batzuen iritziz iduri du batere funtsezko
arrazoirik gabe (salbu beren terrorista funtzioa betetzeko eta
beren juduenganako herra asetzeko) egin zutela beren aberekeria, beren sarraski okaztagarria Hamasekoek. Bertze batzuk diote, arrazoiekin bistan da, aspaldi honetan jasaten dituzten zapalkuntza, desjabetze, erailtze, zauritze, preso hartze eta gaizki tratatzeek dituztela sortzen asaldatzeak eta hazten herra.

Alta, urriaren 7a aitzin zabalduak ziren amerikarren estatistika hauek: 2008a eta 2020aren artean, hil dira 250 israeldar, 5 600 palestinar. Garai berean 115.000 palestinar zaurituak izan dira. 2023ko maiatzean baziren 4.900 preso. Azken 3 urte hauetan 12.000 gazte, adin tikiko, arrastatuak izan ziren.

Israeldarrak ari dira Hamasekoek egin duten itsuskeriaren
bideoa zabaltzen. Hori ikusi eta Aymeric Caron diputatuak erran du beharko litekeela erakutsi ere, Israelek haur emazte eta hobengabeei pairarazten duen sufrikarioa, gaur egun. Gaizo diputatua! Entzun ditu bereak, iduriz eta bonben sarraskiak jasangarriagoak, zibilizatuagoak direla…

Goragoko zenbaki horiek ere erakustera ematen dute badela
aspalditik bideo gogor ezini kusi baten egiteko mamia edo gaia. Bertze alderdikoena haatik.

Nola demontre posible da holako leizea sentimendu eta
ikuspegien artean? Borondate oneko jendeenganik ere?

Duela zonbeit egun ikusidut Arte katean “Les pouvoirs du cerveau – Déchiffrer la conscience.”
Sinesgarriak diren esperientzia batzu erakusten dituzte. Arras interesgarriak. Beharbada goragoko galdeari erantzuteko
hastapen bat badugu hor. Komentarioen parte bat itzuli dut:
…Uste dugu erabakiak hartzen ahal ditugula gure burumuinetatik aparte, baina ezetz diote gaurko ikerketa zientifikoek. Filosofoen “libre arbitre” hura ilusio bat da.

    Libertate sentimendua burumuinen eraikuntza bat da. Honek dauzkan zirkuituetan idatziak bezala dira gure balore sistemak; horiek erabiliz ditugu hartzen erabakiak. Gure balore sistemak fabrikatuak izan
dira, parte geneen eraginez, eta parte, izan dugun hezkuntzari esker. Horietan finkatuz ditugu deliberoak hartzen. Ustez libreki. Hori ulertzeko har dezagun hormamendi baten irudia: gure kontzientzia agerian den zati tikiko bazkan alhatzen da, honek erroak barna dituela ohartu gabe, ageri ez den zati handi horretan, inkontzientean.

Ez dukegu inkontziente bera guk, Israeleko eskuin muturrekoek eta beren sustengatzaileek, azkarrenaren masakrea “gerla legitimoa” deitzen duten horiek.

Horrek erran nahi ote dugeneek eta hezkuntzak moldatutik kanpo ez dela irizpide eta balore berririk sortuko gure baitan? Ez. Uf!

Burumuina tresna biologikoa da ahal berezi bat daukana: hauxe, bere aktibitateak bere burua ber-moldatzen dio. Informazioa gehiago ibili buruan eta barnago grabatzen da nerbio konexioetan. Bide inkontziente horietako lurbeltza ontzen duela eta ondorioz hartan osustraitzen zaizkigun gogoetak.

Ez etsi beraz * erranaren bortxaz berenganatuko dute menturaz enpatia pixka bat batzuk eta bertzeek. Edo bederen aterabide iraunkor eta zuzena ekarriko duen adimena.

Gainera meditazioa ere berbidetik doa; eragin handirekin iduriz. Aspaldiko meditatzaile den Mathieu Ricardek dio “Nere baitan pasatzen denaz gehiago kontzientzia hartu eta handiago nere libertatea.”

 Mandio

* Txomin Heguyk zabaldu du ikuspegi ona, humanitatez betea
eta ongi dokumentatua.
* blast-info.fr emankizunean Charles Enderlin, gai hortaz aditua, ederki eta gizonki mintzo da ahoan bilorik gabe

Santso haundia ta gero Bastiungo Mayi

Antso Handia ta gero Bastiungo Mayi.

Gan den astean lurralde zabal baten Erregeari, Antso Handiari emana izan zaio hitza kronika huntan. Aldi huntan aipatuko dugu errespetu handia merezi duen etxeko andere umil bat. Bastidirigoineko Mayi Valencia, sortzez Alzuaga. Ehun urtetan gan zaigu mundu huntako bere aldia eginik, ehorzketa suhar batzuek laguntzen zutela.

“Maiama” deitzen genuen beti mugimenduan zagon emazte bipil hori, etengabeko irriño batek aurpegia argitzen zion andere hori. Famili guziari harrera ona egiteko beti prest. Haurren haur batzuen hazten ere parte hartu izan zuen gogo onez. Baratzea eta etxea ezin hobeki apaintzen zituen. Elizako besta handi guzietako supazter gaineko kobre guziak dirdiran ezartzen… Langileeri krakada ona eskaintzen, finezi pollit batekin gainera; gogoan dut heia berriak egiten ari ginelarik, ni gazte, indarrean lanean aritzeko bai eta ere etxeko pate eta gasnari ohore egiteko. Ez bainakien gelditzen, pollikixko erraten zidan “Orai dute pixkat?” Ulertzen nuen krakada fini zela eta parpenak gure beha zaudela.

Berdin hitz xuxen eta xinpleak baliatu ditu Maiamaren errainak ehorzketetan gogoz erran hitzño pollitean:

Argiaren lehen zirrinta zureganik heldu baita sinesten dut naizela hiletarik piztuko eta beti zurekin biziko… Igandetan elizan zoin gostuz gabiltzan…

Hitz horiek zonbat aldiz ez dituzu errepikatu eliza huntan. Bai maitatu dituzu igandeak eta errespetatu pausa egunak. Artetik erraiteko eskerrak zueri Maite eta Totte, Nadine eta Jean-Paul “Igandetako xofurrak” deitzen zintuztenak; eskerrak ere karrika huntako komertsanteri orai erretretan zareztenak. Hemen biltzen zituen asteko berriak eta gero familian partekatzen.

Erakutsia zintuzten bide bat, segitu duzu. Guk sahets bide batzu hartu ditugu, bakotxak berea, bainan helburu bera dugu.

Ixtanpat doi doia

Duela mende bat sortzen zen Amotzeko gain horietan, Uhaideko Bordan Mayi ttiki bat, lau haurridetako lehena. Laster ikasiko ditu biziko gauzak, irakurtzen, eskribatzen eta… kontatzen; bai eta ere lan egiten, famili handiak laguntzen.

Ezpeletan zonbeit urtez: Beronik adixkidearekin Arkot patizerian, hango fama handiko ttarttaletak saltzen. Ahal zuen aldi guziez bisita bat elizako argi ttiki horren ganat (tabernakulukoa) denbora ainitz ez, sekulan, beti ixtanpat doi doia.

Han ezagutu zuen Roger Etxegarai, gero Kardinale bilakatuko zena. Han zuen ere harremana abiatu Senpereko Bastidatik ferietara etortzen Jamattitt Valenciarekin. Hau bere senarra bilakatuko zen bai eta ere bere hiru haurren aita. Ulertu dugunaz norbeitek egin ahalak egin zituen okaxioneak sortzeko, alegia suertez, elgar hobeki ezagut zezaten Mayik eta Jamattittek.

Senperera itzultzea: berritz ere patizeri batean, Maji eta Andrerekin. Memento ttiki bat bazuen aldi guziz, bisitaño bat argi horreri, bihotzean zuena kontatzeko edo batzuetan isiltasunean biltzeko, ixtanpat doi doia.

Gaur trankil naiz baitakik argi ttiki hori oroituko dela bisita egiten zion presuna hortaz, sekulan ainitz denbora, ixtanpat doi doia.”

Mandio

Heriotza legeztatu?

Herrialde batean, gizartean bizi ahal izateko egiten da legea. Legeak askatasun kolektiboa erregulatuko du bakotxaren askatasuna errespetatzen entseatuz. Debekatua zer den finkatuko du, eta debekuen haustearen zigorrak, xeheki ezarriko. Halaber, baimendutakoa edo egin daitekeena ezarriko du eta baimendutakoaren baldintzak zehaztuko ditu.

Legeak orientazio bat ematen du baita dagoena edo gauzatzen ari dena forma juridikoan ezartzen. Gizartean sortzen diren galdeek, bizitzako gai guzietako ikerketek, antolamendu juridikoa behar dute memento batean. Boterea beren onerako har dezaketen pertsonen influentzia, moztu behar da, denen onerako bidean ezarriz.

Hau da, legearen eginkizun ezinbestekoa eta hain zaila dena: ororen edo denen ongia eta norberaren ongia elkarrekin lotzea. Lege zibilak ez du manatzen zer egin behar den edo zer ez. Mugak ezartzen ditu debekatua zer den erranez eta aitzinetik zehaztu baldintzekin zer den haizu dena.

Horrela bizitzaren bururatzearen auzia legearen ateraino etorri da. Zer da egungo arazoa? Modu arras sinplifikatu eta labur batez erraiteko, pertsona batzuk beren bizia bukatu nahi dute eta horretarako, laguntza medikoa galdetzen dute. Baina pertsona bati hiltzen laguntzea hilketa gisa tratatzen da, hilketa guziak debekatzen duen legearen arabera. Galdegina da, beraz, legeak ez dezala kriminal gisa pertsona bat akusatu, legezko baldintza arras berezi batzuekin norbait hiltzera laguntzeagatik.

Nola lagun daiteke pertsona bat hiltzera? Galderaren eta beraz, erantzunaren gakoak bi hitzetan aurkitzen dira: lagundu eta heriotza. Lagundu hitzak harreman bat sortzen du. Bi gauza, bi entitate, bi pertsonaren artean dagon erlazioa da harremana. Pertsona batekin harremanean izaiteak, ez garela bakarrik erran nahi du eta kasik gizakiaren definizioan sartzen da. Emazte edo gizon bat ez daiteke bakarrik bizi. Ez da bere baitarik ez eta bakarrik kontzebitua eta ezin du harremanik gabe bizi. Laguna eta laguntza bere izaitearen errealitatea da. Hori da gizatasunaren berezitasuna.

Laguntzako harremanak bi pertsonen arteko zubia sortzen den komunikazio mota bat da, elkartasun afektibo sentimendu bat sortzen duena. Laguntza ekarleak harreman mota bat eskaini behar du, ustekeria eta antsietate guziak kenduta. Horrek pertsona lagundua libre sentitzea ahalbidetuko du. Ez du batak gaina hartuko bertzeari.

Harremanak biziari egiten du bide eta hori heriotzeraino. Kontua da beraz, nola lagundu hiltzera doan pertsona? Nola atxiki elkarren artean eraikia izan den zubia? Sortu duen hurbiltasunak konfiantza sorrarazi du. Bi hitz hauek dira laguntzaren bi buruko gakoa: hurbiltasuna eta konfiantza. Heriotza ez da bizitzatik kanpo den zerbait, bainan biziaren bukaera. Beraz harremanak bururaino irauten du, bizitzaren azken muturreraino irauten du eta ez da lehenago gelditzen. Norbait hiltzen laguntzea, bizitzaren azken punturaino bizitzen laguntzea da, haren hurbilean izaitea, harekin konfiantzazko harremanean izaitea.

Familietan, hainbeste pertsona laguntzea, fideltasunean eta isiltasunean, baita profesionalen zainketa eztigarriak, errealitate estimagarriak dira. Zabaldu, hedatu eta lagundu beharreko errealitateak.

Maite Iratzoki

Aurkibidea

Hezkuntza elkargoaren nigarrak

Gertakari ezin ilunagoa. Gertatu ez beharra gertatu da. Leku gerizatu baten barnean, ikastetxe baten barnean, ikasle batek bere erakaslea hil du, hor bertan, ikasgelan, bertze ikasleen begien aitzinean.

Ikastetxe bat mundu berezi bat da, haurrak eta gazteak altxatzea da haren eginkizuna. Helburu bera duten buraso eta irakasleak eskuz esku lan egitera deituak dira. Horrela, ikastetxea haur bakoitzaren, baita haur guzien hauskortasuna gerizatzeko lekua da. Bainan zer egin holako drama bat gertatzen denean ?

Donibane Lohizuneko San Tomas kolegio eta lizeoan den denak elkarretaratu dira, langile, erakasle ikasle eta laguntzaile. Elkarrekin mintzatu dira, luzaz, ikasle bakotxa bere gelan bi erakaslekin. Mintzatu, hitzak erran emozioak ateratzeko, sentitzen den guzia identifikatzeko eta bertzekin partekatzeko. Bere sufrikarioa eta ulertezintasuna partekatzeak, bere bihotzmin pertsonala bizitzen lagundu ditu. Taldearen indarrak goxatu ditu.

Entzule profesionalak, psikologoak, traumatismoak zaintzen dituztenak hor daude, presente. Heien trebetasuna ezinbertzeko laguntza da, haur eta gazteentzat, langile eta erakasleentzat. Nahi duen mementoan, behar duen mementoan, bakotxa errezebitua da profesional horiekin mintzatzeko, bere baitan zer pasatzen den erraiteko eta ulertzeko. Entzuna izaitea duintasunaren lehen urratsa da, lehen ikustatea.

Elkarrekin bildu dira erakasleak, beren erakasleen gelan. Ezinpentsa den errealitate hori nola hartu ? Ukatzearen ondotik, nola errezebi holako zartagailua? Arrazoi indibidualak hartu ezin duena eta nahi ez duena, taldeak har dezake, bat bertzearen laguntzarekin, bat bertzearen lekukotasunarekin. Bakotxaren indar pixarra denen indar bilakatu dute eta bere artaldea lagundu du zuzendariak, zeinu damutuak emanez, egoera latz huntan hain hunkitua den afektibitatea berreskuratua, errespetatua, ohoratua izan dadin. Pertsona bakotxa eta talde osoa bere izaite berezian onartua izan da. Baitezpadako indarraren iturria hor dago.

Ikasle eta langile, erakasle eta zuzendari, den denak kaperan otoitz egin dute. Zer da otoitza? Zer da otoitz egitea? Jainkoarekin eta bere buruarekin harremana da, Jainkoaren eta gure arteko harremana da, gure eta Jainkoaren arteko harremana. Konfiantxazko lokarria da, Jainkoaren aldetik gure alde eta gure aldetik Haren alde.

Den denak ere bildu dira isiltasunean. 1300 pertsona isiltasunean, kirol tokian, ez minutu batean bainan bat baino gehiagotan. Batasun osoan. Batasuna erredola gisa, segurtasun gisa, lurrera ezin bota den geriza bakar gisa.

Elkarrekin nigar egin dute. Maitasunaren lekuko diren nigarrak. Hil denaren alde diren nigarrak. Errespetuzko nigarrak. Tristuraz, penaz, ulertezinaz, injustiziaz, ezintasunaz mintzo diren nigarrak. Oihu isilen nigarrak. Jainkoaren nigarrak.

Erakasleek eta langileek, zuzendariarekin eta ikasetxeko kontseilariekin, beren lan baliosa segitzen dute. Galde hau denen helburu : Nola eman, hazi eta finka biziaren gustua? Nola erakatsi indarkeriaren menperatzea? Nola egin biziaren hautua? “Hauta zazue bizia, bizi zaitezten, bai zihaurek, bai zuen ondokoak”, dio Deutoronomista liburuak. Gertakariaren errealitatearen eta sare sozialek eta prentsak erraiten dutenaren arteko ezberdintasunaz, ikasleak ohartu dira. Erakasleak hor daude egia dena bilatzen laguntzeko, izpiritu kritikoa ukaiten laguntzeko, bere neurriko distantzia hartzen laguntzeko.

Bakotxak bere bidea eginen du, bakartasunean, bainan jakinez San Tomaseko hezkuntza elkargo osoaren sustengua, bere daukala, gertakari ilun horri elkarrekin bizi izanagatik.

Bizia izan dadila hautatua!

Maite Iratzoki

Aurkibidea