Jendeak baitezpadakoa du itxaropenean eta elkartasunean oinarritzea bere ibilmoldea. Dena pikutara doalako sentimenduak ez garamatza inora. Entzunez gerla solasak eta ikusiz populazioen sufrikarioak “Nora doa gaurko mundu nahasi hau” galdetzen dio bere buruari baten batek. Batzu harritzen ere dira “Gerla, Jesusen Herrian ere!” iduri eta orai arte, urtez urte, palestinarrek jasana ez dela konta.
Gerla kontu, atxikiko dugu itxaropena, ez baita maluruski berria munduaren historian eta lehenago ere egin baitira sarraski ezin erranak. Normaltzat hartzen zirenak garai batean. Orai bederen salatzen dira, kondenatzen eta batzuetan gaztigatzen. Hobetze bat nonbait.
Aldiz kezka berriak sortzen zaizkio gaurko gizarteari, bertzeak bertze: AA edo Adimen Artifiziala. Nola menean atxik gure burumuinen ahalak gaindituko dituen indar hori, anitz gauza faltsu sor bai litzake, egia eta egiazkoa bezain sinesgarriak. Nola bereiz?Nola kontrola ondorioak?
Bertze kezka larri bat: klima aldaketa edo gizakiaren eraginez hondatua izan den Izadiaren asaldatzea. Zer egin? Bakotxak bere neurrian ikas dezala zer den egokia eta araberako urratsak eman ditzala. Amets handiegia liteke ote AA hori baliatzea aterabideen aurkitzeko?
Bere mundu huntako historia luzean jendeak badu gauza eder frango eginik. Tzarrik ere. Horietarik batzu gogo onez, ez jakinean. Hala nola mundua konkistatzen hasi ziren garaian, ustez zibilizazioa ekartzen ziotela “salbai” gaizoei. 1493an Alexandro VI orduko Aita sainduak, “inter Ceatera” bula zabaldu zuen, mundua bitan zatitzen zuena, mendebaldea portugesentzat, sortaldea espainolentzat! Bost axola hango biztanleez! Jules II Aita sainduak berretsi zuen tratu bera 1506an. Geroztik Aita Sainduen pentsamoldeak ere hobetu dira! Atxik beraz itxaropena eta ez gal umorea Etxekopar Mixelen gisan. Huna zer erranarazten dion delako Aita Sainduari “Ketariatik mundura” nano pastoral berezi bezain zoragarrian:
Gaztela eta Portugaleko erregeen ikustera et caetera et caetera…
Bai eta Tordesillasko mahats odolez gozatzera etc etc etc
Haizu naizenaz gainen Jainkoaren izenean mintzatzera etc etc etc
Zabaltzera noakizue ene « Bula Inter Caetera » etc etc etc
Lehen egiten zituzten hutsak ustekabean, orai ere egiten dituzkegu. Bihotz onez jokaturik ere. Hala ere, eraman ditzagun gure heineko borrokak, izan lurraren edo egoitzen prezioeri buruz, etorkin, pobre eta zapalduen laguntza sailean, euskararen garatze xedeetan eta abar…
Azken gai hori beti pil-pilean dago, hala nola Seaskaren arazoak herriko etxe zonbeitekin. Aterabideak lortuko dira goiz edo berant, anartean militanteak higatzen ari mobilizazio eta ekintzetan.
Batzuetan besta egiteko parada badago ere eta indarberritzeko baliagarri izaten da. Hona Mixel Etxekopar artista arraroarenbertsu baikorrak, Senpereko Kattalin Elizalde kolegio berrian iragan den besta egunekoak, Etxahun Iruriren “Ai zer plazera” doinuan.
Nola liteke 15 urte peko haurrak karrikan izaitea, gauaz, saltegien erakusleihoak hausten, barneko gauz guziak ebasten, autoak erretzen ? Nola liteke, adin hortan, liburutegieri su ematera, eskola suntsitzera, haurzaindegia xehatzera joaitea ? Nola liteke, hoin gazterik, auto bat jaurtiki auzapezaren eta bere familiaren etxearen kontra, su emateko intentzioarekin, ikusiz gainerat ama familiakoa hor daudela bere bi haurrekin ?
Gertakari horien irudiak, behin eta berriz erakutsiak izan direnak, beldurra sortarazi dute. Bai eta erantzun erradikalak, akusasio ezberdinak, erreakzio bortitzak.
Nork manipulatzen ditu haur horiek ? Nork du interesa jenden beldurra sortaraztea? Haur horiek ez dira preso sartuak izanen, ez dira atxilotuak izanen, eta nahasmenduak heien bizkar ezarriz, hariak tiratzen dituztenak ez dira agertzen. Hauek ongi dakite noren eta zeren gainean bermatu, manipulatzeko eta poderea hartzeko.
« Kultur segurgabetasun aldi bakoitxean erlijio edo politika forma erradikalen gorakada ikusten da”, dio Boris Cyrulnik idazleak.1 Huna haren ikusmoldea. Ingurumena kanore gabekoa bihurtzen denean, baloreak zentzu guzietan irakiten dutenean, jendea nahasia daude. Orduan ez dago argi bere mundua, denak nahas mahas dira : lanean ari edo denak utzi, sexu bat hautatu edo bertzea, famili bat eraiki edo lagun batetik bertzera pasatu, ongia eta gaizkia… Baloreen hierarkiaren lainoak, lambroak, ohidura txarrak sortzen ditu.
Holako testuinguru kulturalean, argia ekarri eta bidea erakusten duen pentsalariak, segurtasun emaile agertzen da. Nola sortarazi segurtasun beharra? Beldurraren hazia ereinez eta hedatuz. Asurantza beharrak eta ikusmen argi baten eskeak, integrismoaren gaurko indarra esplikatzen dute, izan dadin politikan edo erlijionean. Buraso demokratikoek, beren haurren askatasuna errespetatuz, hauek hautoak libre egitea erabakitzen dute, eta horrek duda-mudak sortzen ditu. Alta, lainoan dago argiaren egarria eta gosea. Lainoan den gazteak segur eta argi den pertsona bilatuko du. Ahaideen harridurarako, erregimen autoritario batera edo erlijio fundamentalista batera hurbilduko da. Hersturaren garapenak eta hedatu den zalantzak, jarrera zorrotzak eta gogorrak bultzatzen dituzte.
Gaizkile gazteek armadan sartu nahi dute, batailoi autoritarioetan ahalaz. Heien delinkuentzia gelditzen da obeditzen dutenean, (edo hedatzen gaizkilen eskuetan). Aukeratzeko, hautoak egiteko arazorik ez dutenean, larritasunik gabe gelditzen dira. Legion Etrangère delakoan, manu gogorrenak, koherentziagabenak, ergelenak ere, onartzen dituzte, kritika bat gabe. Manipulazioa bidean da.
Nun da leihoa? Nun da aterabide bat ? Ana Frank, nazienganik ihes egiteko bere bizitza laburra (15 urte) gorderik pasatu duen neska gazte gazteak, egunkari bat idatzi du. Huna lerro batzu : « Xoragarria da nere ideiak, nere ideala ez baztertzea, nahiz eta segur nintzan ezin izango ditudala bururaino ereman. Hala ere atxikitzen ditut, jendeak bihotz ona duela uste baitut. Ezin dut ene esperantza oinarritu herran, gorrotoan, miserian, heriotzean. Ikusten dut mundua aitzina doala, mailaz maila, basamortu baterat; gero eta hurbilago dago, denek suntsituko gaituen trumoia. Milioika pertsonen sufrimenduak sentitzen ditut eta, hala ere, zeruari begiratzen badiot, uste dut dena konponduko dela, krudelkeria hau bukatuko dela eta bakea itzuliko dela. Anartean ene ideiak eta ene ideala atxikiko ditut zeren, nork daki, izan liteke horiek gauzatzeko gai izango naizen ordua etorriko dela ».
Izena bera ez da errexki erraiten. Ainitzek ez dute ezagutzen eta sekulan entzun ; batzuk izan dute horren berri eta arras konbentzituak dira, edo alderantziz osoki kontra agertzen dira. Zer pasatu da herrixka hortan ?
1981urtean, Yugoslavia deitzen zen erresuma hori, Komunistak ziren boterean, Tito diktatorea zendu zen urte bat aitzin, eta sei gaztek, heietarik 12 urteko mutiko bat, eta 15-16 urteko lau neska eta bertze mutil bat, Andere bat haur bat besotan, mendian ikusi dutela, diote. Beldurrakin ihes egiten dute eta beren etxetan gerizatzen dira, batzuek deusik erran gabe. Biharamunean, horietarik lau bezperan anderea ikusi zuten lekura erakarrita sentitzen dira, eta bertze bi heldu dira heiekin. Ivanka, Miryana, Marija, Ivan, Jakov eta Vicka deitzen dira. Anderea berriz ikusten dute, harekin mintzatzen dira, eta Andre dena Maria dela erraiten diote. Ordutik aitzina, egunero agertu zitzaiote, eta heietik hirueri agertzen da oraino. Heien galderi erantzun emaiten du, irakasten ditu eta mezuak emaiten ditu munduan zabaltzeko.
Orduko haur eta gazteak emazte eta gizon dira orain. Ezkonduak dira, haurrak badituzte, eta beren bizia Medjugorjeko auzoan egin dute, edo Italian eta batek, Ivan, Ipar Ameriketan.
Hastapenean, herri hortako jendek ez dituzte sinetsi. Bainan, asteek aitzina egin ahala haurrak gerizatuko dituzte agintari komunisten jazarpenetik. Hauek fedearen adierazpen publiko guzien kontrakoak ziren, eta bereziki Maria Birjinaren agerpenen kontrakoak. Mostar hiriko medikuek haurrak aztertu zituzten agerraldien lehen egunetan, eta osasun betean deklaratu zituzten. Sekulako herrialdetatik etorritako zientzialariak etorri dira haur horiek zergatik bizi zuten topaketa bera memento berean, leku ezberdinetan izanik ere, ulertzera. Gaur egun ez da esplikazione zientifikorik.
Zoin dira ondorioak 42 urteren buruan ? Gaur egun zer ikusten da ? sei egun han pasatzeko aukera ukan dut. Orduko herrixka ttikia, hiri bat bilakatu da, ehunka saltegi, hotel eta ostatu eraikiak izan dira. Gure taldean, bagintuen bi lagun han ibiliak duela 38 eta 35 urte, beraz hastapenean. Bizitzailen etxe batean lo egin zuten, hauek kanpoan, eta jateko zerbait eman zioten. Herrixka ttiki ttikia orduan, bainan gertakari ezin haundiagoa !
Harrigarria hau da : irailaren bururatzean, baziren 6000 jende inguru, elizaren gibelean egin duten zelaigune zabal batean, eliza sobera ttikia izana gatik, ixiltasunean, kartsutasun handienean. Eta hori egunero. Ez da segurtasun zerbitzurik, ez ixiltasun agindurik. Denak goxoan egiten dira, errespetuan. Hor ziren jendeak heldu ziren Kroaziatik, Hungariatik, Bosnia-Herzegovinatik, Frantziatik, Italiatik, Espainiatik, Inglaterratik, Ipar eta Hego Ameriketatik, Belgikatik, Asiako erresuma batzuetatik, eta abar. Ibiltzen da Andre dena Maria agertu zen mendian, Gurutze bidea egiten den mendian, dena harria dena, bide eta bidaxka gabeko mendian, bainan denetan kartsutasuna, otoitza, ixiltasuna, arrosarioa eta elkarren laguntza. Astean behin edo bitan barur egiten da, ur eta ogiakin (ogi ezin hobea!). Beilariek bekatuen barkatzeko sakramendua edo kofesioa errezebi dezakete, eta jendeak hor dira, lerro luzeetan, konfesatzen duten apezen hizkuntzaren taularen aitzinean, beren hizkuntzaren arabera, beren txandaren zain. Hor ere ixilik, trankilki, otoitzean.
Gazteri eta haurreri emaiten zaioten laguntza garrantzitsua da. Gerlak egin dituen umexurtxak etxe batean errezebituak izan dira, eta orain familia xahutuen haurrak dira errezibituak. Drogatzen diren gazteek bertze etxe batzuetan artatuak dira, lanaren eta otoitzaren bidez berreraikiak. Bi lekukotasun entzun ditugu, Jean Marc eta Frederic, bi italiano gazte. Lekukotasun arras hunkigarriak.
Medjugorjeko Ama Birjina, Bakearen Erregina deitzen da. Zinez hala da. Hango bizitzaileak denetan bezalakoak dira, adibidez taxi gidariak edo saltegi batzuetako langileak ez dira beti gisakoak, aldiz bake giroa sentitzen da denetan.
Ez dakit agerraldiak egunerokoak diren ala ez, ea agerraldirik baden ala ez, mezuak zinez zerutiarrak diren ala ez, bainan ohartu naiz galdera horiek bigarren mailakoak direla. Otoitzaren fruituak ikusten dira han, umiltasunaren bidez, espantorik gabe, bakotxaren ixiltasunean.
Ukrainiako gerlako armen furiaren parean, Israel eta Palestinako lurralden ikara eta larritasunaren parean, Iran eta Afganistako gizonen mespretxuaren parean, altxatzen da Bakearen Erregina. Maria du Izena.
Edozoin aldetan, edozoin gaietan, berri txarrak ari dira zabaltzen. Izan dadila klima, erlisionea, politika, ekonomia, laño beltz batek estaltzen du. Astekari hunen sail batek, Jainkoa, Bizia, Jendea deitua, begirada doi bat ezberdina ematera edo gauzak fede perspektiba batetik begiratzera gomitatzen gaitu. Errealitate latz huntan, kimuak edo muskilak ikustea dagokigu.
Eta botoi eder bat ikusi dut duela guti. Eliza katolikoaren klerikalismoa aita sainduak eta girixtino askok salatzen dute, Elizaren funtzionamenduaren leku osoa hartzen du, eta jendeak menpean ezartzea, gizon batzuen erabakien egile bihurtzeko arriskuarekin.
Klerikalismo ilun hortan, muskil bat agertu da. Mixel Oronos gogoan, Belokeko kaperan elkarretaratze bat egin da. Igande arratsalde bat zen. Jendeak etorri dira lagunekin edo familian edo bakarrik eta Baigorriarak autobusez. Denek kapera bete dute. Harrera egin da euskaraz eta frantsesez, ebanjelioa irakurria izan da eta komentatua, lekukotasunak eman dira, emazte eta gizonen partetik, lagun eta adixkide, katoliko eta protestanta, euskaraz eta frantsesez, otoitz egin da, Baigorriko koralak, xuri urdinez beztitua, kantu eder batzu eskaini dituela.
Liturgia baten osagai guziak baziren, mamitsua izan da, forma ideki batean. Ez da dena esku bakar batean kondentsatua izan, persona bakar batean. Antolatu dutenek, dei egin dute bai musikarieri, bai lekukotasunak emaiteko prest ziren laguneri, bai gogoeta aurkezteko gai zireneri. Hor ziren laiko eta apez, emazte eta gizon, bakotxak bere harria eramanez izpirituzko eta maitasunezko elkartze horren eraikuntzara. Zeremonia xinple eta egiazkoa izan da, kartsua, bihotz altxagarria, nun denak ongi sentitzen ziren.
Nun da kimua? Luzaz uste izan da girixtinoen elkarretaratzea meza edo apez bat buru duen elizkizuna bertzerik ez zela. Uste izan da laikoek ez direla gai girixtino bilkura bat antolatzeko eta oroz gainetik buru izaiteko. Hor da kimua, ongi ikusi da hor, laiko eta apez, eskuz esku lan egiteko prest direla eta gai direla. Apezek badute beren berezitasun beharrezkoa ; laikoek badute beren berezitasun beharrezkoa; bataioak girixtino egoera berean jartzen gaitu, erantzukizun berean, ez bat bertzea baino gorago edo apalago.
Kimu hori ikusten da ere molde berri batean zelebratzen diren mezetan. Deitzen dira “bere denbora hartzen duen meza”. Talde batek antolatzen du, apezak bere toki espezifikoa hartuz, eta gainetakoa banatuz, izan dadila ebanjelioaren irakurtzea, predikuaren egitea, gogoeten partekatzea.
Bertze kimu bat ere ikusten da han edo hemen, bakan oraino. Apezpiku edo apez bat baino gehiago direlarik, bat dago zeremoniaren buru, eta bertzeak jenden artean kokatzen dira, fededunen artean, laikoekin. Klerikalismotik ateratzeko ate ttiki bat.
Botoiak ikustekoak dira ere formakuntzan. Apezek, eta batzuetan serora eta frailek, erlisioneari lotuak diren arloan irakasteko eskumena onartua zuten eta denen buru ezarri ziren. Gaur egun, Biblia Ikasketen Unibertsitateko titulua duten emazte eta gizonak onartuak dira erakasteko. Gure eskualdean badira taldeak bibliako testuak horrela ikasten dituztenak, bai euskaraz, bai frantsesez, emazte edo gizon baten laguntzarekin.
Kimuak osto, adar, fruitu bilakatzen dira beren sasoinean. Fruitu onak eskuragarri ditugu jadanik Lapurdiko irratia entzuten dugunean edo Fedeola.eus kontsultatzen dugunean.
Mixel Oronosen otoitz batek muskilen fruituak aurkezten ditu,:
Goiko Jauna, emaguzu bihotz berri bat. Goiko Jauna emaguzu Izpiritu berri bat. Izpirituaren fruitua : bozkarioa, bakea, pazientzia, maitasuna. Izpirituaren fruitua : ongi nahia, leialtasuna, bihotz ona, eztitasuna, bere buruaren jabe izaitea. Bizi berri bat emaiten badauku Izpirituak joka dezagun Izpirituaten arabera.
2,2 miliar girixtino dira munduan, mundu zabaleko jendetzearen herena. Eta urtero desafio bat bezala egina zauku : aste batez, urtarrilaren 18tik 25erat girixtinoen batasunaren alde otoitz egitea. Alabaina, nola pentsatu batasuna mundu osoko errealitate batean, mundua konektatua izanik ere!
Girixtinoen munduan, ezberdintasunak ikusten dira bilatu gabe. Sinesdun eta ez pratikatzaile erraiten dutenetik sineskor zorrotz agertzen direneraino, zenbat adierazpen fedearen izenean! Eta hola izan da haste hastetik. Jesusen lehen segitzaile edo jarraikitzen zitzaionek kexatu ziren heien taldean ez ziren gizon batzu, erakasten ari zirela salatuz.
Haste hastetik ere Jesusek berak eraiki Eliza kudeatzeko gizon bat hautatu zuen, Piarres izenekoa, bainan Paulokin eztabadak sortu ziren. Hunek ez zuen Jesus ezagutu zuzenean, harekin bide eginez, eta nahi zuen dizipuluekin mintzatu. Zer ziren eta nola pasatu ziren Jesusen egunak Palestinako bideetan nahi zuen ikasi, baita ere Jesusen pasionea, hiltzea, berpiztea. Nahi zuen ere jakin zer ziren usaiak, nolako liturgia behar zen ibili, nor bataiatu eta nor ez, zer jan eta zer ez jan. Eta huntan izan ziren eztabada haundienak : zer baldintza ezarri girixtino bihurtu nahi zuten paganoeri, bereziki janarian. Hor izan zen lehen kontzilioa, Jerusalemen, gizon horien artean.
Geroztik, girixtinoek zabaldu dira munduan, ebanjelioaren mezua partekatuz eta hedatuz, liturgiaren bidez jendeak elkarretaratuz. Harrigarri eta hunkigarri da meza batean parte hartzea munduko edozoin herrialde edo erresumetan. Japonian, Xinan, Afrikako erresumetan, Indian, Viet-Namen, Ameriketako herrialdetan, ipar eta hego aldetan, Europako erresumetan, Errusian… denetan mezan parte har ditake bertako jendeekin bat eginez. Hizkuntza ezberdina eta jestu berdinak. Kantuen hitzak ez ezagunak, bainan musika ezaguna, beraz pantaila digitalaren laguntzarekin, kanta ditake. Batasuna hunkitzen da kasik konkretuki.
Kulturen, ohiduren eta tradizioen, pentsamoldeen ezberdintasunek oztopo izan daitezke eta aberastasun izan daitezk ere. Oztopoak argitasunaren bila ezartzen du eta aberastasuna sortaraz dezake. Aberastasunak izpiritua airostatzen du oztopoa garaitzeko.
Mendeetan zehar girixtinoek zatitu dira, ortodoxo, katoliko, protestante eta hauetan zernahi aldaxka sortu dira. Denbora luzaz arriskugarri konsideratua izan da bereixte hori, eta katolikoek debekatuta zuten beste erlijioetara joaitea, doi doia ikusteko ere. Alta Kristoren erlijio horiek hurbilketa aberasgarriak badituzte Jainkoarenganako fedea argitzeko.
Biltzen duen liturgiak bereixten du ere. Bizi modu batek erakartzen du baita ihes egiteko gogoa emaiten. Ebanjelioako erakaspenak beharrezkoak dira eta guti edo nekez aplikatuak. Kontrasteak, ezberdintasunak, aurkakotasunak, paradoxak dira batasuna bilatzeko lurtegia. Horiek oro ez ditu ukatzen, urruntzen edo kentzen.
Batasunak errespetatzen ditu, ukatu gabe, ezabatu gabe, bateratu gabe. Jainkoak egiten du batasuna ez eta gure lilurak edo gure ameskeriak. Batasunaren asteak aukera emaiten dauku batasun nahia eta asmoa barnatzeko.
Ezin ulertua egin zait azken aste hauetako eztabaida, media horietan. Batzuen sarraski itsuen gaitzestearekin ezin kondena bertzeenak! Legezko kondena baten arriskatzeraino!
Ulertu duzu, irakurle, zertaz ari naizen. Palestinaz bai. Eta ere
Israelez. Zer diferentziak euskal media eta frantses media horien
artean. Harrigarria! Batzuen iritziz iduri du batere funtsezko
arrazoirik gabe (salbu beren terrorista funtzioa betetzeko eta
beren juduenganako herra asetzeko) egin zutela beren aberekeria, beren sarraski okaztagarria Hamasekoek. Bertze batzuk diote, arrazoiekin bistan da, aspaldi honetan jasaten dituzten zapalkuntza, desjabetze, erailtze, zauritze, preso hartze eta gaizki tratatzeek dituztela sortzen asaldatzeak eta hazten herra.
Alta, urriaren 7a aitzin zabalduak ziren amerikarren estatistika hauek: 2008a eta 2020aren artean, hil dira 250 israeldar, 5 600 palestinar. Garai berean 115.000 palestinar zaurituak izan dira. 2023ko maiatzean baziren 4.900 preso. Azken 3 urte hauetan 12.000 gazte, adin tikiko, arrastatuak izan ziren.
Israeldarrak ari dira Hamasekoek egin duten itsuskeriaren
bideoa zabaltzen. Hori ikusi eta Aymeric Caron diputatuak erran du beharko litekeela erakutsi ere, Israelek haur emazte eta hobengabeei pairarazten duen sufrikarioa, gaur egun. Gaizo diputatua! Entzun ditu bereak, iduriz eta bonben sarraskiak jasangarriagoak, zibilizatuagoak direla…
Goragoko zenbaki horiek ere erakustera ematen dute badela
aspalditik bideo gogor ezini kusi baten egiteko mamia edo gaia. Bertze alderdikoena haatik.
Nola demontre posible da holako leizea sentimendu eta ikuspegien artean? Borondate oneko jendeenganik ere?
Duela zonbeit egun ikusidut Arte katean “Les pouvoirs du cerveau – Déchiffrer la conscience.”
Sinesgarriak diren esperientzia batzu erakusten dituzte. Arras interesgarriak. Beharbada goragoko galdeari erantzuteko
hastapen bat badugu hor. Komentarioen parte bat itzuli dut: …Uste dugu erabakiak hartzen ahal ditugula gure burumuinetatik aparte, baina ezetz diote gaurko ikerketa zientifikoek. Filosofoen “libre arbitre” hura ilusio bat da.
Libertate sentimendua burumuinen eraikuntza bat da. Honek dauzkan zirkuituetan idatziak bezala dira gure balore sistemak; horiek erabiliz ditugu hartzen erabakiak. Gure balore sistemak fabrikatuak izan dira, parte geneen eraginez, eta parte, izan dugun hezkuntzari esker. Horietan finkatuz ditugu deliberoak hartzen. Ustez libreki. Hori ulertzeko har dezagun hormamendi baten irudia: gure kontzientzia agerian den zati tikiko bazkan alhatzen da, honek erroak barna dituela ohartu gabe, ageri ez den zati handi horretan, inkontzientean.
Ez dukegu inkontziente bera guk, Israeleko eskuin muturrekoek eta beren sustengatzaileek, azkarrenaren masakrea “gerla legitimoa” deitzen duten horiek.
Horrek erran nahi ote dugeneek eta hezkuntzak moldatutik kanpo ez dela irizpide eta balore berririk sortuko gure baitan? Ez. Uf!
Burumuina tresna biologikoa da ahal berezi bat daukana: hauxe, bere aktibitateak bere burua ber-moldatzen dio. Informazioa gehiago ibili buruan eta barnago grabatzen da nerbio konexioetan. Bide inkontziente horietako lurbeltza ontzen duela eta ondorioz hartan osustraitzen zaizkigun gogoetak.
Ez etsi beraz * erranaren bortxaz berenganatuko dute menturaz enpatia pixka bat batzuk eta bertzeek. Edo bederen aterabide iraunkor eta zuzena ekarriko duen adimena.
Gainera meditazioa ere berbidetik doa; eragin handirekin iduriz. Aspaldiko meditatzaile den Mathieu Ricardek dio “Nere baitan pasatzen denaz gehiago kontzientzia hartu eta handiago nere libertatea.”
Mandio
* Txomin Heguyk zabaldu du ikuspegi ona, humanitatez betea eta ongi dokumentatua. * blast-info.fr emankizunean Charles Enderlin, gai hortaz aditua, ederki eta gizonki mintzo da ahoan bilorik gabe
Gan den astean lurralde zabal baten Erregeari, Antso Handiari emana izan zaio hitza kronika huntan. Aldi huntan aipatuko dugu errespetu handia merezi duen etxeko andere umil bat. Bastidirigoineko Mayi Valencia, sortzez Alzuaga. Ehun urtetan gan zaigu mundu huntako bere aldia eginik, ehorzketa suhar batzuek laguntzen zutela.
“Maiama” deitzen genuen beti mugimenduan zagon emazte bipil hori, etengabeko irriño batek aurpegia argitzen zion andere hori. Famili guziari harrera ona egiteko beti prest. Haurren haur batzuen hazten ere parte hartu izan zuen gogo onez. Baratzea eta etxea ezin hobeki apaintzen zituen. Elizako besta handi guzietako supazter gaineko kobre guziak dirdiran ezartzen… Langileeri krakada ona eskaintzen, finezi pollit batekin gainera; gogoan dut heia berriak egiten ari ginelarik, ni gazte, indarrean lanean aritzeko bai eta ere etxeko pate eta gasnari ohore egiteko. Ez bainakien gelditzen, pollikixko erraten zidan “Orai dute pixkat?” Ulertzen nuen krakada fini zela eta parpenak gure beha zaudela.
Berdin hitz xuxen eta xinpleak baliatu ditu Maiamaren errainak ehorzketetan gogoz erran hitzño pollitean:
“Argiaren lehen zirrinta zureganik heldu baita sinesten dut naizela hiletarik piztuko eta beti zurekin biziko… Igandetan elizan zoin gostuz gabiltzan…
Hitz horiek zonbat aldiz ez dituzu errepikatu eliza huntan. Bai maitatu dituzu igandeak eta errespetatu pausa egunak. Artetik erraiteko eskerrak zueri Maite eta Totte, Nadine eta Jean-Paul “Igandetako xofurrak” deitzen zintuztenak; eskerrak ere karrika huntako komertsanteri orai erretretan zareztenak. Hemen biltzen zituen asteko berriak eta gero familian partekatzen.
Erakutsia zintuzten bide bat, segitu duzu. Guk sahets bide batzu hartu ditugu, bakotxak berea, bainan helburu bera dugu.
Ixtanpat doi doia
Duela mende bat sortzen zen Amotzeko gain horietan, Uhaideko Bordan Mayi ttiki bat, lau haurridetako lehena. Laster ikasiko ditu biziko gauzak, irakurtzen, eskribatzen eta… kontatzen; bai eta ere lan egiten, famili handiak laguntzen.
Ezpeletan zonbeit urtez: Beronik adixkidearekin Arkot patizerian, hango fama handiko ttarttaletak saltzen. Ahal zuen aldi guziez bisita bat elizako argi ttiki horren ganat (tabernakulukoa) denbora ainitz ez, sekulan, beti ixtanpat doi doia.
Han ezagutu zuen Roger Etxegarai, gero Kardinale bilakatuko zena. Han zuen ere harremana abiatu Senpereko Bastidatik ferietara etortzen Jamattitt Valenciarekin. Hau bere senarra bilakatuko zen bai eta ere bere hiru haurren aita. Ulertu dugunaz norbeitek egin ahalak egin zituen okaxioneak sortzeko, alegia suertez, elgar hobeki ezagut zezaten Mayik eta Jamattittek.
Senperera itzultzea: berritz ere patizeri batean, Maji eta Andrerekin. Memento ttiki bat bazuen aldi guziz, bisitaño bat argi horreri, bihotzean zuena kontatzeko edo batzuetan isiltasunean biltzeko, ixtanpat doi doia.
Gaur trankil naiz baitakik argi ttiki hori oroituko dela bisita egiten zion presuna hortaz, sekulan ainitz denbora, ixtanpat doi doia.”
Eliza batzuetan, igandetako orrian irakurtu dira ondoko hitz hauek. Nork idatziak ote? Marc Ailletek?
“Joan den azilean, Aranzadi arkeologo taldeak esku bat lurpetik atera du Nafarroan, brontzezko orrian moztua, « sorioneku » eskual hitzaz hasten den idazkiarekin. Mende bat Jesu-Kristo sortu aitzinekoa, etxeko atean zintzilikatzen zen esku-itxura, zorte ona deitzeko eta txarra baztertzeko. Eskuaraz, frantses eta espainol mintzaira baino aitzinagokoa, harro izatekoa badugu ! Duela 2000 urte mintzo zen hizkuntza bizirik atxik dezagun, Jainkoak emana, eta burasoek eskaini ondarea…
Berrikitan jakin dugu gehixeago: idazlea ez da apezpiku. Susmo hori zenuen ez, irakurle? FuntseanDiozesako Webgunean (https://diocese64.org) ibiltzen diren guziek aise asmatu dukete lehen lerroetan egin dudan galdearen erantzuna. Webgunea berritu dute eta euskaraz zen apurra desagertu da. Hortaz ohartu naiz fedeolan ezarri nituen lotura batzu etzirela gehiago martxan ikustearekin; hain xuxen diocese64.org horretako bortz atal: Euskaltzaindiak omendu ditu liturgiako itzultzaileak, Liturgia euskaraz, Igandetako eta bestetako irakurgaiak, Sainduak, Artikuluak euskaraz.
Apez batekin hori aipatzean erran zidan erretor bat asaldu zela eta e-mail bipil bat zabaldu zuela, Drapé Jaunari zuzendua. Iduriz ez du eragin handirik izan* (sic), mementoan bederen. Igandetako testuen eskasa aipatzen du gehien bat apez horrek: segur hori bederen esku menean behar genukeela. Frantsesez nahi dituenak ez du arazorik; igandetakoak bai eta ere egun guzietakoak aurkitzen ahal ditu klik batez: https://eglise.catholique.fr/textes-du-jour/
Duela zonbeit urte Fedea eta kultura taldearekin erran genion Apezpikuari euskararen presentzia eskasa zela dioces64 hortan eta prest ginela euskarazko atal baten lantzeko eta egituratzeko. Etzuen segidarik eman eta sortu genuen http://fedeola.eus/ hauzo lan gisan lana eta gastuak partekatuz. Zonbeit urteren buruan fedeola gorpuztua da.
Zoaz ikustera, irakurle, eta goza euskaldunen kulturak eta fedeak sortu altxorrak. Nehonek gehien preziatzen dudana da Herria elizan, hor biltzen ditugu, jendeak elkartasunean eta kartsutasunean kantatu otoitzen hitz eta audioak, bakotxak heieri juntatzen ahal duela bere boza, etxe xokotik edo mendi kaskotik, smartfono bati esker. Ondoko zerrendan ikusten da bizi partekatu horien zati bat. Azken lekukotasunak?
Hortaz aparte badaude bertze altxor frango hala nola 100 bat salmo beren audio, hitz eta ilustrazioekin. Haurrentzat kantu, bideo eta diaporamak…
Diosesa “ofizialera” berritz etortzeko erranen dugu beharrik hor dugula https://www.lapurdi.net/ Gauza ederrak badaude han edo hemen, ez dira aurki erresak nun ez dakizun xuxen zer miatzen duzun: Rechercher leihatilan ezarri hitza eta berehala hor da sagu-klikpean. Adibidez Orriako beilan eman mezen grabaketak, Frantxua Garaten ehorzketakoa, ahoan bilorik gabeko lekukotasunak, nola Onintza Enbeitarena, Jon Sarasuarena; bertze grabaketa balios ainitz: Louis Edouard Cestac dohatsuaren bizia Camino apezak, San Ignazioren bizia Mikel Erramouspek, Delphine Lubet anderearen gogoetak, José Antonio Pagola apezaren gogoetak, Jainkoa Bizia Jendea kronikako audioak, Iratzeder « Biziaren gudaldia », Frantses Dardan dohatsuaren bizia, Mixel Labéguerie kantatuz…
Bertzalde badakigu zenbat lan egiten duten eta zer gauza ederrak biltzen dituzten Kanta Jaunari inguruko boluntario adituek: Eliz kantu organoa lagun, “Otoitz eta kantu”; hainbat partitura eta grabaketa koruen mezetarako, … Azken audio hauek ere webgune atal bat mereziko lukete ba, denen gozagarri bai litezke. Diocese64 berritua ez omen (?) da bukatua. Anartean gu petzero.
Garenak garela onarraraztea gero ta zailago! Ez etsi, partida ez da galdua!
————————————————————————————-
Mahometen keinua?
Ostatu bat. Lagun arte bat. Solasa, egun hauetakoa? Futbola? Ez, gure kasuan behintzat. Egia filosofo bat bagenuela gure artean, preseski hemen berean aipatu hura, pixka bat kitzikatu bai gintuen, gu, zutabe huntan idazten dugunak. Parada ederra aipatzeko, bekoz beko, bere liburuan zabaldu zuen iritzia: “Ba eta segur aski bizi leuna eramaten genuela holako gauzak idazteko, senti zela beti, gai minberatsuenetan ere, bukaerarako aitzinetik prestatu pomada goxoa”. Ez dugu nahi bezainbat sakontzen ahal izan gaia: filosofo horiek badakite, axaleko erantzun bat egin eta, solaskidea beren joko eremura ekartzen, ikuspegi orokorraren amuari esker. Huna haatik bi erranaldi, irakurle, gogoeta iturri izanen litzaizkizukeenak; bat bere hurbileko batena “Hain memento pozgarria bizi dut nun nahiko nukeen sinestun izan, hola bederen Jainkoa eskertuko nuke”. Hunen erakaspena argi egiten zait, bainan uzten zaitut irakurle zure baitako gogoeta zuhonek eramaten. Bertze erranaldi bat, hau berea haatik: “Biziko memento laz batek nindian bota Konpostelako bidera! Geroztik han gaindi nabilek”. Gehituko nuke bizi-fede zerbaitek bultzaturik. Berak dionaz ez da fededuna. Bertze lagunek ere eman dute beren iritzia. Iduriz ez dute bat egiten erlijio katolikoak fede-biziari ezartzen diozkan muga hertsiekin (bizi-fede ≠fede-bizi). Entzun da: “ Nik badiat sineste bai, ni baino handiagoko zerbeit badela segur” edo “Ez dik Jainkoak sortu gizona baina bai gizonak Jainkoa”. Eta abar… Nere partetik holakotan maiz ateratzen dut mendizale batzuekin bizi izan genuen bitxikeri bat, kasualitatez batzuentzat.
Aneto mendia igan bezperan, afaldu eta, izarreri begira etzanik, galde funtsezkoetan barna ibili ginen: Kosmosaren muga ezina, gure ezdeustasuna… Kreatzaile bat horren gibelean? Hil ondoan biziak segitzen? Nik baietz. Lagun batek ezetz, gure gorputza arrek janen zutela eta horra. Hain segur nintzen nere iritziaz, nun lagun horri erran nion erne egoteko, keinu edo gertakari berezi batek bertzela pentsa-arazten ahalko zuela.
Biharamunean, erran bezala goizik jeiki eta, Aneto kaskora igan ginen, gazteen gisan unadura handirik gabe; lagun bat haatik etzen eroso ibili Mahometen zubi famatuan, ezin egin aitzina, ezin gibelera, bi aldeetako amildegiari begira. Elez sosegatu genuen doi bat eta, kaskoraino etorri zen; erran behar da etzuela ainitz preziatu hango bista, jaustea gogoan zuela.
Dena den, gibelerakoan pasatu zen gertaera berezi hau: hormagunea bukatu zelarik kranpoiak kendu genituen, bakotxak bere gostuko tokian. Memento batean ohartu nintzen begi-lagun beltzak ez nituela nerekin. Pentsatu nuen kranpoiak kentzean utzi nituela bide bazterrean; toki haren inguruan zen oraino eztabaidako lagun hura. Oihu egin nion “Beha zak ian nere begi-lagunak ikusten ditukan hor nunbeit.” Nik hori erran ordu konkortu zen eta begi lagun batzu bildu: “Adar bat eskas ditek!”“Orduan nereak dituk. Milesker”.
Beherago gelditu ginen atseden pixka baten hartzeko. Zakutik atera nuen krakada eta harekin batean… begi-lagunak! Ustez galduak, zakuaren zolan ziren! Alta, lagunak, nik erran ordu, berdinak atxeman zituen bidexka bazterrean! Erran nion: “Ikusten duk higandik haratagoko zerbait ari zaik kitzikan!” Ez dut uste bereganatu zuen suerte edo keinu arraro hori. Aritu zen ba eta, ez zutela biek adar bera galdua, batek ezkerrekoa bertzeak eskuinekoa.
Neretzat aldiz on egiten duten keinu horietarik izan zen, gainera hobekiago ikusteko bali diren tresnen ingurukoa, eta, Mahometen zubia bi aldiz iraganik gertatzen zena. Ez pentsa musulman bilakatu nintzela, soilik erranen nuke bertze erlijioek ere merezi dutela jakitateak ematen duen errespetua.
1842an heldu zen lehen aldikotz taldetxo bat Aneto gailurreraino. Horietarik batek, De Franquevillek idatzi zuen « Voyage à la Maladetta » liburua. Azken pasaia txar hori aipatzean dio: « Ce pont de Mahomet est pourtant la seule voie qui s’offre à nous pour arriver au but » . Koraneko “Sirat” zubiari erreferentzi egiten zuen. Sirat hori zintzilikatua da infernuaren gainean, haren parabisu aldeko puntan Mahomet dago, musulmanak laguntzen dituela zubi horren zeharkatzen, Allah otoiztuz: Jauna emozute salbamendua!
Zubi hori ilunpean dago, batian dena xixta, bertzean zirrista. Obra onez bete baldin baduzu zure bizia, zubia argituko da eta ximixtaren xixtuan iraganen duzu. Gaixtakerian bizi izan bazare, bidea luze eginen zaizu eta zauri ainitz jasan beharko duzu, berdin eroriko zare.
Gure erlijioan ere badira holako ikusmolde ilunak. Badugu Infernua, Purgatorioa, gainera lur huntan berean litezkeenak; entzun berria dut harriturik, sufritzen ari den eri bat aipatzean “Purgatzen ari da”. Eta bertze hau ere “Gizon gaixtoa izana da, orai pagatzen du”.
Engoitik susmatua dukezu, irakurle, Mandiok baikorrean finkatzen duela denak lotzen gaituen indar berezi hori, gutarik haraindiko indar kreatzaile hori.
Asaldatze bat bizi izan dugu zuzenean zutabe huntan Tradituak titulu pean. Jendeak preziatu du. Funtseko gomendio huntan ikusi du aterabidea idazleak: “Ebanjeliotik abia!” Lelo hori oinarrizkoa da. Jatorrizkoa eta betikoa. Baina! Baina!
Badakigu erranaldi horren pankartaren gibelean biltzen ahal litezkeela apezpiku eskuin muturrekoak eta ezkertiarrak, katoliko moralizatzaile hutsak eta zapalduen aldeko ekintzaileak, maite ditugun apezak eta integristak, Alexandre VI Aita Saindua eta Frantxua Lehena…
Iduri du Ebanjelioa bera ez dela aski argi! Egia ez da lehen irakurketan ulertzen diren testu horietarik. Adibide bat: Jesusek pikondo agorra madarikatu zuenekoa (Mt 21,18-19) “Jesus gose zen. Hostotan zen pikondo bat urrunetik ikusirik, hartan zerbait aurkituko ote zuen joan zen; bainan haratu eta hostorik baizik ez zuen aurkitu, ez baitzen piko-sasoina. Orduan, pikondoari erran zion: «Ez dezala gehiago nehork hire fruiturik jan!» Dizipuluek entzun zuten” berena gogoan segur aski!
Bertze hau oraino harrigarriago, Joani 12′ 24, Duvoisinen Bibliatik: «Ogi bihia lurrerat erori ondoan hiltzen ez bada, bera dago bakharrik; baldin ordean hil izan bada, fruitu hainitz dakhartzi. Zer pentsatu ote zuen Duvoisinek solas makur horiek itzultzean? Ezjakintasunari eman ote zion kulpa? Bere Laborantza liburuan dio: “Guk erainagatik bihia, ez laiteke haz bihi hura gure nahiaren indarrez. Jainkoak ez badu nahi sor dadien, ustelduko da. Gaur egungo eskolako haur batekbezainbat bazekien ba bihia mirakulu bat dela, amaren sabeleko umeki baten gisan bizia bere baitan dakarrela, haren abiarazteko hazkurriarekin batean.
Agian ez da ustelduko!
Horra bi adierazpen, irakurle, zuk ere bitxiak aurkitzen dituzkezunak. Jakina, beti kausituko duzu zure inguruan apez bat edo, Bibliari buruz ikasketa luzeak eginak dituenak, arrazoinamendu zerbait zutik ezarriko dizuna. Ez dugu denborarik hortan galduko. Nere partetik bi bizi bide premiazko aurkitzen ditut Ebanjelioan: elgarrekilako enpatia, egiazkoa amodioaren bidean, eta heriotzatik harat biziak segitzen duelako esperantzaren indarra.
Bi puntu horietan bermatzen den jende frango bada mundu huntan. Izan katoliko ala ez. Lekukotasun eta idazki eder ere badaude han eta hemen. Idazki edo kantu; hala nola Txoria txori (Hegoak), bere hitz xinpleekin egiazko amodioaren adibide eredugarri bat ematen duena…
Irakurtzen ari naiz “Les petits frères de Jésus et de Charles de Foucauld. Obéissance et liberté” liburua. Kronika huntan aipatu izan dugun Austin Sein urruñarraren argazkia du azalean, bere lagundiaren bizia barnean, bertzeak bertze. Hastapenean kontatua da C. de Foucaulden bizia. Ze umiltasuna! Gehiegizkoa? Bere buruari erraten zion: Pentsa ezazu martir hil behar duzula, deus-gabetua, lurrean etzanik, biluzia, odolez eta zauriz estalia, itxuragabetua, bortizki eta mingarriki eraila, gaur berean izan dadin desiratzen duzula. Harritua gelditu naiz. Iduri du bereganatua zuela Joaniren adierazpen makurra: ba eta, bihiak usteldu behar du fruitu emateko…
René Voillaume, Charlesen dizipulua, Jesusen anai ttikien sortzailea, ez doa hain urrun.“Au coeur des masses” liburuan aitzina ematen ditu misio umila, lekukotasun isila, jendeen artean murgiltzea, ez ezagun egitea, otoitzean sustraitzea; gogoan izanez, pobreen bizia partekatzea nagusi dela gain aldetik egiten den misioari (Elitea konbertituz) bai eta behereko aldetik egiten denari (Obra eta erakustaldi publikoak pilatuz).
Aljeriar Musulmanen lekukotasunak hunkitu zuen Charles, bere aberats mundu arina balio gabetu baitzion. Hastapenetik nahi izan zuen Jesusen eta jendeenganako amodioa ezagutarazi ez misionest moduan, baina lekukotasun umil batean, pobrezi partekatu batean.
Bide hortarik doaz Jesusen anai ttikiak; aipatu liburu hortan ikusten da zer obra ederra egin duten India hegoaldean Xanti eta bere kideek. Harekin aritu zen Austin Sein. Sufrikario lazgarrien erdian hil baitzen Xanti, Austinek dio: “Bere sufrikarioa Jesusenari juntatua zuen”. Agian ez zuen muinetaratua Charlesen azken desio iluna, eta harekin batean haziak fruitu emateko usteldu behar duelako uste okerra.
Austinek “Anand” izena hartu zuen Alampundin bizitzea erabaki zuelarik. Erran nahi du “Bozkario”. Bihotza pozik aritua da Tamul behartsuen alde lan eta lan, proselitismo eta espanturik gabe. Begiak bere izenaren idurikoak ditu Anandek. Eraman biziaren ispilu edo hozitzen ari den ernamuinaren distira.