Eguberri Lk 2,1-20

Egun heietan, mundu guziko jendeen kondaketa egiteko manua eman zuen Augusto enperadoreak.

Beraz, kondaketarat joan ziren denak, nor bere herrirat.

Josep ere, Daviden familiakoa eta ondokoetarik baitzen,
Galileako Nazaret herritik Judeako Betleem deitu Daviden herrirat igan zen,


bere emazte Mariarekin, kondaketarat. Maria haur-beharretan zen.

Han zirelarik, haur-ukaiteko egunak bete zitzaizkion, eta bere lehen-semea ukan zuen;

troxatu eta otalako batean ezarri zuen, tokirik ez baitzen heientzat ostatuan.

Inguru hartan artzainak baziren, kanpoan bizi, gauak gauari beren artaldearen zain.

Jaunaren aingeru bat agertu zitzaioten eta Jaunaren aintzak argiz inguratu zituen; eta heiek beldurrez ikaratu ziren.

Aingeruak erran zioten: «Ez beldur izan! Berri on bat mezutzen dauzuet, herri osoa bozkariatuko duena:

Salbatzaile bat, Mesias Jauna, sortu zaizue, gaur, Daviden herrian.

Eta huna emana zaizuen seinalea: sortu-berri bat aurkituko duzue troxatua, otalako batean etzanik»

Bat-batean, zeruko aingeru-talde handi bat izan zen aingeruarekin, Jainkoa goraipatzen zutela:

«Aintza zeru gorenetan Jainkoari, eta bakea lurrean hain maite dituen jendeeri!»

Aingeruak zeru alde joan zirenean, artzainek elkarren artean egin zuten:
«Goazen Betleemerat, Jaunak adiarazi daukun gertakariaren ikustera».

Joan ziren laster eta han aurkitu zituzten Maria, Josep eta sortu-berria otalakoan etzanik.

Ikusi zutenean, haur hartaz erran zitzaiotena kondatu zuten.

Artzainek errana entzun zuten guziak harritu ziren. Mariak, berriz, gertakari horiek oro gogoan atxikitzen zituen eta bere bihotzean hausnartzen.