LAUDATO SI (Laburpena)

ENTZIKLIKA GUTUNA LAUDATO SI’ [GORETSIA ZU]

Entziklikaren laburpena (telekargatu)

  1 «Laudato si’, mi’ Signore» – «Laudatua Zu, ene Jauna», kantatzen zuen Asisko Frantziskok. Kantika eder horretan, hauxe gogorarazten zigun: guztiona den etxe hau arreba baten antzekoa da, zeinekin konpartitzen dugun gure existentzia; bestetik, bere besoetan hartzen gaituen ama apain baten antzekoa: «Laudatua Zu, ene Jauna, gure arreba ama-lurrarengatik, horrek sostengatzen baikaitu, gobernatzen, eta lore koloretsudun hainbat fruitu eta belar ematen» [1].

  2 Arreba horrek garrasi egiten du eragiten diogun kaltearengatik: Jainkoak eskaini dizkigun ondasunen erabilpen ez-arduratsua eta abusuak direla bide sortzen diren kalteak. Bere jabe et+a nagusi bakarrak bagina bezala hazi gara, eta uste genuen bagenuela eskubidea ama-lurrarekin nahi genuen guztia egiteko. Gizakiaren bihotzean, bekatuak zauriturik, dagoen biolentzia nabarmen ageri da lur-zoru, ur, aire eta izaki bizidunengan nabari diren gaixotasun-sintometan ere. Horregatik, pobrerik abandonatu eta gaizki tratatuenen artean aurkitzen da gure lur zanpatua eta hondatua, eta ezin isildurik dihardu «negar-zotinka, erditze-minetan» (Erm 8,22). Ahaztu egiten zaigu geu ere lurra garela (cf. Gn 2,7). Gure gorputza bera planeta honetako elementuez osatua dago: horko airea da hats ematen diguna eta horko urak biziarazi eta indarberritzen gaitu.

  3 Duela berrogeita hamar urte baino gehiago, mundua gerra nuklearraren haritik zintzilika zegoela, Joan XXIII.a Aita Santu deunak entziklika bat eskribitu zuen, eta, han zioenaren arabera, ez zen konforme gerra gaitzeste hutsarekin, bake-proposamen bat aurreratu zuen baizik. Bere Pacem in terris mezua “mundu katoliko” osoari zuzendu zion, baina ondotik hau erantsita: “eta borondate oneko gizon eta emakume guztiei”. Orain, ingurumenaren hondamendi global hau ikusirik, planeta honetan bizi den pertsona ororengana iritsi nahi dut. Evangelii gaudium aholku-gutunean, Elizako kideei eskribitu nien, oraindik burutzeke dagoen misio-erreformaren prozesua bultza dezaten. Entziklika horretan, nire helburua da guztion etxeari buruzko elkarrizketan denekin hastea.

  4 Pacem in terris baino zortzi urte geroago, 1971ean, Paulo VI.a Aita Santu dohatsuak ekologiaren problematikari buruz hitz egin zuen; krisi moduan aurkeztu zuen, eta zioen gizakiaren jarduera kontrol gabearen “ondorio dramatikoa” zela: “Inolako begirunerik gabe natura esplotatzen ari garelako; natura suntsitzeko zorian dabil gizakia eta, aldi berean, degradazio horren biktima izango da gizakia bera” [2]. FAOri ere mintzatu zitzaion, eta ohartarazi ere bai “zibilizazio industrialaren leherketaren ondoriozko hondamendi ekologikoaz”,  eta “gizadiaren portaera-aldaketa erradikalaren premia eta urgentzia” azpimarratu zituen. Zeren “aurrerapen zientifiko handienak, balentria tekniko harrigarrienak, hazkunde ekonomiko miragarrienak, baldin eta ez badoaz parean benetako aurrerabide sozial eta moralarekin, gizakiaren kontrako bihurtzen dira[3].

  5 San Joan Paulo II.a gero eta interes handiagoz arduratu zen gai horretaz. Bere lehen entziklikan, esan zuen badirudiela “gizakiak ez diola aurkitzen bere inguru naturalari beste esanahirik, segituan erabiltzeko edo kontsumorako balio izatea baizik” [4]. Behin eta berriz egin zuen dei konbertsio ekologiko globalerako [5]. Baina, aldi berean, adierazi zuen ahalegin gutxi egiten dela “benetako giza ekologiarako baldintza moralak zaintzen” [6]. Oso larritzat jo zuen gizatasun-giroa desegitea, zeren Jainkoak ez zuen soilik ipini mundua gizakiaren eskuetan; gizakiaren bizia bera ere dohain handia da, hainbat degradazio-formatatik babestu beharrekoa. Mundua zaindu eta hobetzeko pretentsio orok aldaketa sakonak eskatzen ditu “bizi-estiloan, produkzio- eta kontsumo-ereduan, eta gizarteak gidatzeko indarrean dauden botere-egituretan” [7]. Benetako giza garapenak izaera morala du, eta pertsonaganako errespetu osoa eskatzen du; baina, era berean, arduratu beharra dago mundu naturalaz ere eta “kontuan izan izaki bakoitzaren ezaugarriak, eta sistema ordenatu batean nahitaezkoa den elkarrekiko konexioa” [8]. Hortaz, errealitatea transformatzeko gizakiak daukan gaitasuna garatu behar da, ezbairik gabe, Jainkoaren aldetik gauzek daukaten dohaintza-jatorria aintzat harturik [9].

  6 Nire aurreko Aita Santuak, Benedikto XVI.ak, gonbita hau berritu zuen: “munduko ekonomiaren disfuntzio estrukturalen kausak deuseztatu eta hazkunde-ereduak zuzendu, bai baitirudi ingumenarekiko errespetua bermatzeko ez direla gai” [10]. Bestalde, gogorarazi zuen mundua ez dagoela analizatzerik aspektu bakar bat isolatu eta aparte harturik, zeren “naturaren liburua bakarra eta zatiezina da”, eta dena sartzen da: ingurumena, bizia, sexualitatea, familia, erlazio sozialak, eta abar. Ondorioz, “gizon-emakumeen elkarbizitza modelatzen duen kulturarekin hertsiki lotua dago natuaren degradazioa” [11]. Benedikto XVI.a Aita Santuak proposatu zigun aitor genezala inguru naturala zauriz betea dagoela, eta gure portaera arduragabeak eragindako zauriak direla. Giro sozialak ere baditu bere zauriak. Den-denak, azken finean, gaitz bera dute oinarri, hots, ez dagoela gure bizia gidatuko duen zinezko egiarik uste izatea; ondorioz, giza askatasunak ez du mugarik. Ahaztu egiten zaigu “gizakia ez dela berak bakarrik beretzat sortu duen askatasuna soilik. Gizakiak ez du sortu bere burua. Espiritua eta borondatea da, baina baita natura ere” [12]. Aita baten kezkaz gonbidatu gintuen honen kontzientzia hartzera: kreazioa kalteturik suertatzen da, “geu baldin bagara azkeneko edo goi instantziak, beste guztia gure propietatea baino ez bada, eta kontsumoa geuretzat bakarrik baldin bada. Geure gainetik beste instantziarik aitortzen ez badugu, dena geu garela ikusten badugu, orduan hasten da kreazioaren hondamen eta xahutzea”. [13].

 

Kezka beragatik elkartuta

  7 Aita Santuen ekarpen horiek, noski, arazo hauetan Elizaren pentsamendua aberastu duten zientzialari, filosofo, teologo eta erakunde askoren ekarpenak jasotzen dituzte. Baina ez dugu ahaztu behar Eliza Katolikotik kanpora ere, beste Eliza eta Kristau Komunitate batzuek —beste erlijio batzuek bezalaxe— kezka handia erakutsi eta gogoeta baliosak egin dituztela, guztiok arduratzen gaituen gai horiei buruz. Adibide nabarmen bakar bat aipatzearren, Bartolome Patriarka Ekumeniko adiskidearen ekarpena aipatu nahi dut, labur-labur bederen, zeinekin konpartitzen dugun eliz batasun osoaren esperantza. 

  8 Bartolome Patriarkak, bereziki, planeta honi bakoitzak egin dizkion kalteez  damutzeko premia aipatu du, zeren “kalte ekologiko txikiak bederen guztiok eragiten ditugunez”, behartuak gaude, kreazioaren desitxuratze eta suntsitzeari dagokionez,  “gure eragina —txikia ala handia— aitortzera” [14]. Puntu horren gainean, beti modu sendo eta estimulagarrian espresatu da, eta kreazioaren kontrako bekatuez damutzera gonbidatu izan gaitu: “gizakiak Jainkoaren kreazioko dibertsitate biologikoa suntsitzea; gizakiak lurraren integritatea degradatzea eta klima-aldaketa areagotzea, lur honetako baso naturalak soildurik eta zona urtsuak deseginik; gizakiak ura, lur-zorua eta airea kutsatzea. Horiek denak bekatuak dira” [15]. Izan ere, “naturaren kontrako krimena geure buruaren kontrako krimena da, eta Jainkoaren aurkako bekatua” [16].

  9 Bartolomek, aldi berean, ingurunearen gaineko problemen sustrai espiritual eta etikoei buruz ohartarazi nahi izan gintuen; problema horiek ez digute eskatzen konponbide teknikoak aurkitzeko soilik, gizakiaren aldaketa ere bai; zeren, bestela, sintomei aurre egiten baino ez gara ari. Kontsumotik sakrifiziora pasatzeko proposatu zigun, dena irentsi beharretik eskuzabaltasunera, alferrik galtzetik konpartitzera, “ematen ikastea, eta ez bakarrik uko egitea, esan nahi duen aszesian oinarriturik. Maite izateko modu bat da, pixkana-pixkana nik nahi dudanetik Jainkoaren munduak behar duenera igarotzea. Beldurretik, dena irensteko irrikatik,  dependentziatik liberatzea da” [17]. Kristauok, gainera, behartuak gaude mundua komunio-sakramentu moduan, Jainkoarekin eta lagun hurkoarekin, eskala globalean, konpartitzeko forma gisa onartzera. Gure konbikzio apal hauxe da oinarria: jainkotiarra eta gizatiarra, detailerik xeheenean ere, Jainkoaren kreazioko josturarik gabeko jantzietan baturik daudela, gure planetako azken hauts ale txikieneraino[18].

 

Asisko San Frantzisko

  10 Ez dut garatu nahi entziklika hau asko motiba gaitzakeen eredu bikain batera jo gabe. Haren izena hartu nuen gidatzat eta inspirazio moduan, Erromako Gotzain hautatzeko momentuan. Uste dut Frantzisko dela eredurik onena, besteen gainetik, ahul dagoena eta ekologia integrala zaintzeari dagokionez; alaitasun eta zinezkotasunez bizi izan zuen hori. Ekologiaren inguruan lan egin eta ekologia ikertzen duten guztien zaindari santua da, kristau ez diren askoren artean ere oso maitatua. Arreta berezia erakutsi zuen Jainkoaren kreazioari buruz eta pobre eta abandonatuekiko. Alaitasunaren bidez, bere burua eskuzabaltasunez eskainirik eta bihotz unibertsalez maitatzen zuen, eta bera ere horrela zen maitatua. Mistikoa zen, erromesa zen, xalotasunean bizi izan zen, eta paregabeko harmonia liluragarrian Jainkorekin, besteekin, naturarekin eta bere buruarekin. Harengan garbi ikusten da noraino diren banaezinak naturarekiko ardura, pobreenganako justizia, gizartearekiko konpromisoa eta barneko bakea.

  11 Haren testigantzak besterik ere erakusten digu: ekologia integralarentzat nahitaezkoa den matematika- edo biologia-hizkera gainditu eta giza esentziarekin konektatuko gaituzten kategoriatara irekitzea. Pertsona batekin maitemintzen garenean gertatzen den eran, eguzkiari, ilargiari edo animaliarik txikienari begiratzen zion bakoitzean, kantatzea zen haren erreakzioa, laudorio horretan gainerako izaki guztiak sarturik. Kreatu ororekin jartzen zen komunikazioan, eta loreei ere predikatu egiten zien, “jauna gorestera gonbidatzen zituen, arrazoimenaren jabe balira bezala” [19]. Haren erreakzioa, balorazio intelektuala baino askoz ere gehiago zen, edo kalkulu ekonomiko bat baino gehiago; zeren, harentzat, kariñoz uztarturiko arreba zen edozein kreatura. Horregatik, behartua sentitzen zen existitzen zen guztia zaintzera. Frantziskoren dizipulu San Buenabenturak esaten zuen, “samurtasun handienaz beterik eta gauza guztien jatorri komuna kontuan hartuta, kreatura guztiak, mespretxagarrienak baziruditen ere, arreba izen eztiaz izendatzen zituela” [20]. Konbikzio hori ez daiteke mespretxa erromantizismo irrazionala balitz bezala, baditu-eta ondorioak gure portaera determinatzen duten aukerabideetan. Natura eta inguruneari hurbiltzen bagatzaizkio txundidura eta miragarritasunera ireki gabe, anaitasun- eta edertasun-hizkera ez badarabilgu munduarekiko erlazioan, gure jokabideak ez dira zuzenak izango, baizik eta menderatzaile, kontsumitzaile edo baliabideen esplotatzaile soilarenak, segituko interesei mugak ipintzeko ezgaitasun erabatekoa erakutsiko dugularik. Aldiz, ba den guztiarekin hertsiki lotuak sentitzen bagara, modu espontaneoan jalgiko dira sobrietatea eta ardura. San Frantziskoren pobrezia eta austeritatea ez ziren kanpoko aszetismo hutsa, zerbait erradikalagoa baizik: errealitatea mendeko zerbait eta erabilpen-objektu soil bihurtzeari uko egitea.

  12 Bestalde, san Frantziskok, Liburu Santuekiko fideltasun osoan, hau proposatzen digu: natura ikus dezagun liburu bikain baten modura, non Jainkoa mintzatzen zaigun eta bere edertasun eta onberatasuna islatzen digun: “Kreaturen handitasun eta edertasunaren bidez, analogiaz, ezagutzen da haien egilea” (Jkd 13,5), eta “kreazioaren hasieratik, haren ahal eternoa eta jainkotasuna ikuskor bilakatzen dira adimenarentzat, bere egintzei esker”. (Erm 1,20). Horregatik, eskatzen zuen komentuan egon zedila, beti, ortu-zati bat landatu gabe, basa-belarrak haz zitezen, ikusi eta miresten zituztenek pentsamendua Jainkoagana, hainbeste edertasunen egileagana, jaso ahal izan zezaten [21]. Konpondu beharreko problema bat baino zerbait gehiago da mundua, misterio atsegin bat da, alaitasun-laudorioz kontenplatzen duguna.

Nire deia 

  13 Guztion etxea babesteko erronka urgenteak bere baitan darama giza familia osoa batzeko kezka, garapen jasangarri eta integralaren bila, elkartzeko ardura, bai baitakigu gauzak alda daitezkeena. Kreatzaileak ez gaitu abandonatzen, bere maitasun-proiektuan inoiz ez du atzera jo, ez da damutzen gu egin izanaz. Gizadiak oraindik badu ahala guztion etxea eraikitzen kolaboratzeko. Nahi nituzke: errekonozitu, animatu eta eskertu, giza jardueraren sektorerik bariatuenetan, konpartitzen dugun etxea babesteko, lanean diharduten guztiak. Esker-on berezia merezi dute, munduko pobreenen bizian ingurunearen degradazioak dituen ondorio dramatikoei irtenbidea emateko borrokan gogor ari direnek.

Aldaketa eskatzen ari zaizkigu gazteak. Arrazoiz galdetzen dute nola demontre ote den posible etorkizun hobea eraikitzea, ingurumenaren krisian eta baztertuen edo abandonatuen sufrimenduan pentsatu gabe.

  14 Elkarrizketa berri baterako gonbita urgentea luzatzen dut, planetaren etorkizuna nola eraikitzen ari garen azter dezagun. Denok batuko gaituen elkarrizketa behar dugu, zeren ingurunearen mehatxua, eta giza erroak, denoi interesatzen zaizkigu eta denoi erasaten digute. Munduko mugimendu ekologikoak egina du aski bide luzea eta aberatsa, eta giza elkarte hiritar ugari sortu du, kontzientziazio-lanean erruz lagundu dutenak. Tamalez,  inguru giroaren krisiari irtenbide konkretuak aurkitzeko ahalegin asko, sarritan, frustratu egiten dira, ez bakarrik boteretsuek errefusatzen dituztelako, baita beste guztien interes faltagatik ere. Konponbideak oztopatzen dituzten jarrerak, fededunen artean ere, problemaren ukaziotik hasi eta indiferentziaraino iristen dira, edo, bestela, etsipen erosoan edo konponbide teknikoen konfiantza itsuan murgildu. Solidaritate unibertsal berria behar dugu. Hego Afrikako gotzainek esan zuten eran, “talentudunak eta guztien inplikazioa behar dira, Jainkoaren kreazioari gizakiaren abusuak egindako kalteak konpondu edo gainditzeko” [22]. Denok kolabora dezakegu, Jainkoaren instrumentuak garen aldetik, kreazioaren zainketan, bakoitzak bere kulturatik, bere esperientziatik, bere ekimenen bidez eta bere gaitasunen arabera.

  15 dut Gutun entziklika honek, zein Elizaren Magisterio sozialari atxikirik jartzen dugun, lagun diezagun aurrean dugun desafioaren handia, urgentzia eta edertasuna ikusten. Lehenik eta behin, ibilaldi labur bat egingo dut egungo krisi ekologikoaren aspektu batzuetan barrena, gaur egun eskuartean ditugun ikerketa zientifikoen fruiturik onenak neure egiteko; ikerketa zientifikoari utzi, beldurrik gabe, gugandik zer nahi duen galdetzen eta oinarri konkretua ipini ibilbide etiko eta espiritualari, segidan adierazten den eran. Begirada horretatik ekinik, tradizio judu-kristautik datozen arrazoi batzuk berrartuko ditut, ingurumenarekiko gure konpromisoari koherentzia handiagoa ematearren. Gero saiatuko naiz egungo egoeraren sustraietara iristen, ez sintomak bakarrik behatzeko, baizik eta baita kausa sakonak ere. Horrela proposatu ahal izango dugu ekologia bat, bere hainbat dimentsioren artean, gizakiak mundu honetan daukan toki berezia eta inguratzen duen errealitatearekin dauzkan erlazioak aintzat hartuko dituena. Gogoeta horren argitan egin nahi nuke aurrera, gu geu eta politika internazionala partaide izango diren zenbait elkarrizketa eta ekintza zabalen harian. Azkenik, konbentziturik nagoenez aldaketa orok behar dituela bere motibazioak eta heziketa-bide bat, gizakiaren heldutasun-lerro batzuk, kristau esperientzia espiritualaren altxorrean inspiratuak, proposatuko ditut.

  16 Nahiz eta kapitulu bakoitzak bere gaia eta metodologia espezifikoa izan, aldi berean, beste ikuspegi batetik, berriro jorratzen ditu aurreko kapituluetan trataturiko arazo txit garrantzitsuak. Hori, bereziki, entziklika osoa zeharkatzen duten ardatz batzuekin gertatzen da. Adibidez: pobreen eta planetaren hauskortasunean dagoen erlazio hertsia, munduan dena konektaturik dagoen konbikzioa, paradigma berriari kritika eta teknologiatik datozen botere-forma berriak, ekonomia eta aurrerapena ulertzeko beste modu batzuen bila saiatzea, kreatura bakoitzaren balio propioa, ekologiaren zentzu gizatiarra, debate egiati eta onesten premia, nazioarteko eta tokian tokiko politikaren ardura larria, hondarkinen kultura eta bizi-estilo berriaren proposamena. Gai horiek ez dira ixten eta abandonatzen, baizik eta etengabe birplanteatu eta aberasten.