LEHEN KAPITULUA (telekargatu)
GURE ETXEARI GERTATZEN ARI ZAIONA
I Kutsadura eta klimaren aldaketa
Kutsadura, zaborrak eta ‘deskartearen’ kultura
Klima: guztion on moduan.
II Uraren arazoa
III Biodibertsitatearen galdera
IV Gizakiaren bizi-kalitateren hondamena eta degrazio soziala
V Desberdintasun planetarioa
VI Erreakzioen ahulezia
VII Iritzi ezberdinak
GURE ETXEARI GERTATZEN ARI ZAIONA
17 Gizadiaren eta munduaren egoerari buruzko gogoeta teologikoak edo filosofikoak irudi dakizkiguke mezu errepikatu eta abstraktuak, baldin eta ez badira berriro aurkezten egungo testuinguruaren harira, testuinguru horrek gizadiaren historiarentzat errealitate ezezaguna gordetzen duen neurrian. Horregatik, fedeak, bizi garen munduaren aurrean, motibazio eta exijentzia berriak dituela aitortu aurretik, proposatzen dut geldialdi labur bat egitea, guztion etxeari zer gertatzen ari zaion begiratzeko.
18 Gizadiaren eta planetaren etengabeko aldaketa bizkorrei, gaur, hau erantsi behar zaie: bizi- eta lan-erritmoen intentsifikazioa, gazteleraz batzuek “rapidación” (arrapalada) deitzen diotena. Nahiz eta sistema konplexuen dinamikaren parte den aldaketa, gaur giza ekintzek ezartzen duten abiadurak erruz kontrastatzen du berez hain lasaia den eboluzio biologikoarekin. Horri problema hau erantsi behar zaio: aldaketa bizkor eta konstante horren xedea ez dago orientatua, nahitaez, guztien onerako eta giza garapen jasangarri eta integralari begira. Aldaketa desiragarria da, baina kezkagarri bilakatzen da munduaren eta gizadi-zatirik handienaren bizi-kalitatearen hondamen bihurtzen denean.
19 Aurrerapenean eta gizakiaren gaitasunean, denboraldi batean, aski konfiantza irrazionalean bizi izan ondoren, gizartearen zati bat ari da sartzen kontzientzia handiagoko beste etapa batean. Beste sentikortasun bat nabari da ingurumenari eta naturaren zainketari dagokionez, eta egiazko kezka eta, aldi berean, kezka mingarria gero eta handiagoa da gure planetarekin gertatzen ari denari buruz. Eman diezaiegun begiratu bat (dena begiratzea, noski, zaila izango da) kezkarik larriena sortzen diguten arazoei, jada alfonbraren azpian gordetzerik ez dagoen arazoei. Helburua ez da informazioa jasotzea edo gure jakin-mina asetzea, baizik eta benetako kontzientzia, mingarri bazaigu ere, hartzea; ausart gaitezen munduari gertatzen zaiona sufrimendu pertsonal bihurtzen, eta horrela garbi ikusi zein den bakoitzak egin dezakeen ekarpena.
I Kutsadura eta klimaren aldaketa
Kutsadura, zaborrak eta ‘deskartearen’ kultura
20 Badira kutsadura moduak pertsonei egunero erasaten dienak. Kutsagarri atmosferikoen eraginpean egoteak ondorio asko eta handiak ditu osasunarentzat, bereziki pobreengan: behar baino lehenagoko milioika heriotza probokatzen ditu. Gaixotzen dira, adibidez, ke ikaragarri arnasten dutelako: sukaldaritzan eta berotzeko erabiltzen diren erregaiek sortzen dute. Horri erants diezaiogun denoi erasaten digun kutsadura: garraioak sortzen duena, industriako kea, lur-zorua eta ura garrazten [azidifikatzen] dituzten substantzien deposituak, ferlitilizanteak, intsektizidak, fungizidak, belar txarrak kontrolatzekoak eta, oro har, agrotoxikoak. Teknologia, finantzekin loturik, hartu nahi izaten da problemen soluzio bakartzat; baina, nabarmen ageri denez, ezgai izan ohi da gauzen artean existitzen diren mila erlazioren misterioa ikusteko; horregatik, maiz asko, problema bat konpontzeko, beste batzuk sortzen ditu.
21 Aintzat hartu behar da hondakinek sorturiko kutsadura ere, zaborra arriskutsuak barne, beti presente hainbat ingurutan. Milaka milioi tona hondakin izaten dira urtero, eta horietatik asko ez dira biodegradagarriak: etxeko eta hondakin komertzialak, eraikinak botatzean sortzen direnak, kliniketako hondakinak, hondakin elektronikoak eta industrialak, hondakin zeharo toxikoak eta erradiaktiboak. Lurra, gure etxea, badirudi gero eta zikinkeria-depositu handiago bihurtzen ari dela. Planetako toki askotan, agure eta andre helduak beste garai batzuetako paisaien tirrian bizi dira, orain zaborraz inguraturik bizi baitira. Hondakin industrialek nahiz hirietan eta soro-belardietan erabiltzen diren produktu kimikoek proboka dezakete bio-metaketa efektua, inguruko zonetan bizi diren organismoengan; eta halaxe gertatu ohi da, nahiz eta elementu toxikoen presentzia-maila baxua izan. Askotan, neurriak hartzen dira, tamalez, ondorioek, pertsonen osasunarentzat, itzulbiderik ez dutenean.
22 Problema horiek hertsiki lotuak daude deskartearen kulturarekin; berdin erasaten die gizaki baztertuei eta berehala zaborra bihurtzen diren gauzei. Adibidez, kontaturik gaude produzitzen den paperaren parterik handiena alferrik galtzen dela, ez dela birziklatzen. Kostatu egin zaigu ekosistema naturalen funtzionamendua eredugarria dela aitortzea: belar-jaleak elikatzen dituzten mantenugaiak sintetizatzen dituzte landareek; belar-jaleek, aldi berean, izaki haragi-jaleak elikatzen dituzte; hauek, noski, hondakin organiko asko sortzen dute, eta hortik, berriro, landare-belaunaldi berria jaioko da. Sistema industrialek ez dute garatu, ordea, produkzio- eta kontsumo-zikloaren amaieran hondakinak eta sastarrak xurgatu eta berrerabiltzeko gaitasunik. Oraindik ez da lortu, bistan denez, guztientzat eta ondorengo belaunaldientzat beharrezko baliabideak ziurtatuko dituen produkzio-eredu zirkularra; horrek eskatzen du baliabide ez-berriztagarrien erabilpena ahalik eta gehien murriztea, kontsumoa moteltzea, aprobetxamendua optimizatzea, berrerabiltzea eta birziklatzea. Arazo horri heltzea izango litzateke modu bikaina deskartearen kulturari aurre egiteko; bestela, planeta osoari erasaten baitio. Baina, ikusten ari garenez, horretan egin den aurrerabidea oraindik aski eskasa da.
Klima: guztion on moduan
23 Guztion ona [ongia] da klima; guztiona eta guztiontzat. Globalean harturik, sistema konplexua da, gizakiaren biziarentzat esentzialak diren baldintza askorekin erlazionatua. Oso kontsensu zientifiko sendoa dago, eta, horren arabera, sistema klimatikoaren berotze-prozesu txit kezkagarriaren aurrean gaude. Azken hamarkadetan, berotze horri lotua egon da itsasoaren nibelaren gorakada etengabea. Gainera, zaila da ez erlazionatzea muturreko gertaera meteorologikoen gehitzearekin, nahiz eta ezin zaion egotzi kausa jakin bat, zientifikoki determinagarria, fenomeno partikular bakoitzari. Gizadia behartua dago bere bizi-estiloan, produkzioan eta kontsumoan aldaketak egiteko premiaren kontzientzia hartzera, berotze-prozesuari aurre egiteko, edo, gutxienez, sortu edo areagotzen duten kausak eragozteko. Egia da badirela beste faktore batzuk ere (sumendien erasoak, Lurraren ardatzaren mugimenduak edo eguzki-zikloa), baina, ikerketa zientifiko ugarik erakusten dutenez, azkeneko hamarkadetako berotze globalean gehien eragin duena, ezbairik gabe, negutegi efektudun gasen kontzentrazioa da (anhidrido karbonikoa, metanoa, nitrogeno-oxidoak eta beste batzuk), batez ere gizakiaren jarduna dela bide isuriak. Atmosferan kontzentratzean, Lurrak islatzen dituen eguzki-izpien beroa espazioan hedatzea oztopatzen dute. Hori indartzen duena da, nagusiki, erregai fosilen erabilpen intentsiboan oinarrituriko garaparen patroiari jarraitzea, hori da-eta munduko sistema energetikoaren bihotza. Lur-zorua beste gauza batzuetarako erabiltzeak ere ekarri du okerra, batez ere nekazaritzaren izenean basoak desegiteak.
24 Aldi berean, berotzeak bere ondorioak ditu karbonoaren zikloan. Zirkulu biziosoa [gurpil zoroa] sortzen du, eta egoera gero eta okerragoa bilakatzen da, eta behar-beharreko baliabideen erabilgarritasunari erasaten dio, ura, energia eta nekazaritza-produkzioko zona beroenei, eta planetako biodibertsitatearen zati bat iraungi egingo du. Poloetako eta goi lautadetako izotza urtzea mehatxua da: arrisku handia dago gas metanoa liberatzeko, eta materia organiko izoztuaren deskonposizioak areago lezake anhidrido karbonikoaren isurketa. Aldi berean, oihan tropikalen galderak okertu egiten ditu gauzak, oihan horiek lagundu egiten baitute aldaketa klimatikoa moteltzen. Anhidrido karbonikoak sortzen duen kutsadurak gehitu egiten du ozeanoen azidotasuna eta arriskuan ipintzen du itsasoko elikagai-katea. Gaur egungo joerak jarraitzen badu, mende hau izan liteke sekula ez bezalako aldaketa klimatikoen eta ekosistemetan aurrez inoiz izan gabeko triskantzen testigu, horrek guretzat izan litzakeen ondorioekin! Itsasoko uren nibela igotzeak, adibidez, sor ditzake guztiz egoera larriak, kontuan hartzen badugu munduko populazioaren laurdena itsasoaren ondoan edo handik gertu bizi dela, eta mega–hiririk gehienak kostaldean daudela.
25 Aldaketa klimatikoa problema globala da, dimentsio larriekin: ingurunean, arlo sozialean, ekonomikoan, banaketari dagokionez, eta esparru politikoan, eta gaur egun gizadiak daukan desafio nagusienetakoa planteatzen du. Inpakturik txarrenak, segur aski, hurrengo hamarkadetan, garapenean dauden herrialdeek nozituko dituzte. Pobre asko berotze-prozesuarekin erlazionaturiko fenomenoek bereziki erasotako lekuetan bizi dira, eta horien bizimodua [bizitzeko bermea] erreserba naturalen baitan eta zerbitzu ekosistemikoen esku dago, erabat; dela laborantza, arrantza edo basotik ateratzen duten etekina. Ez daukate beste jarduera finantzariorik [diru-sarrerarik] eta bestelako baliabiderik, inpaktu klimatikora molda daitezen edo hondamen-egoerei aurre egiteko, eta nekez irits daitezke zerbitzu sozialetara edo babes-tokietara. Esate baterako, klimaren aldaketek animalia eta landareen migrazioak eragiten dituzte, beti ez dira moldatzen leku berrira, eta horrek, bistakoa denez, pobreenen baliabide produktiboei erasaten die; jakina, ondorioz, pertsona horiek ere migratu beharrean aurkitzen dira, inolako helduleku eta ziurtasunik gabe beren eta seme-alaben bizimoduaren etorkizunari dagokionez. Tragikoa da ingurunearen degradazioak okerrera eginarazitako miseriatik ihesi dabiltzan migratzaileen gorakada; ez daude aitortuak errefuxiatutzat nazioarteko konbentzioetan, eta hor doaz beren bizi abandonatuaz bizkarra zamaturik, arau aldetik inolako babesik gabe. Tamalez, axolagabekeria orokorra da tragedia horien aurrean dagoena: oraintxe bertan ari dira gertatzen mundu zabaleko hainbat lekutan. Gure anai-arrebek nozitzen diharduten drama latz horien aurrean ez dago erreakziorik, eta hori seinale garbia da galdua dugula erantzukizun-zentzu hura, munduko senideen alde zerbait egiteko; gainera, erantzukizun horretan ez al du oinarritu behar gizarte zibil orok?
26 Baliabiderik gehiena eta aginte ekonomiko eta politikorik handiena daukaten horietako askok eta askok badirudi problemak maskaratzeko eta sintomak estaltzeko batzen dituztela indarrak, aldaketa klimatikoaren inpaktu negatibo batzuk baino murrizten saiatu gabe. Baina sintoma askok adierazten dute efektu horiek izan litezkeela gero eta okerragoak, egungo produkzio- eta kontsumo-ereduarekin jarraitzen badugu. Horregatik, urgente eta behar-beharrezko ikusten da politika egokien garapena, hurrengo urteetan anhidrido karbonikoaren eta guztiz kutsagarriak diren beste gas batzuen isurketa drastikoki murriztua izan dadin; esate baterako, erregai fosilak ordezkatu eta energia berriztagarrien iturriak garatu. Munduan oso eskasa da energia berriztagarri eta garbien eskuragarritasun maila. Oraindik jarraitu beharra dago akumulazio-teknologia egokiak garatzen. Hala eta guztiz, herrialde batzuetan izan dira aurrerakada esanguratsuak, nahiz eta oraindik urrun dauden maila garrantzitsua lortzetik. Era berean, izan dira inbertsio batzuk, energia gutxiago behar duten eta lehen gai gutxiago erabiltzen duten produkzio- eta garraio-formak sustatzeko; baita etxe-eraiketa eta saneamenduan ere efizientzia energetikoa hobetzeko saiakerak. Baina praktika on horiek oraindik urrun daude erabat orokorrak izatetik.
27 Egungo beste adierazle batzuek baliabide naturalen agortzearekin dute zerikusia. Ondo asko dakigu ez dagoela eusterik herrialde garatuenen eta gizarteko sektore aberatsenen gaurko kontsumo-mailari, non gastatu eta botatzeko ohiturak sekula ez bezalako neurriak hartu dituen. Gainditu dira planetaren esplotazio-maila handienaren zenbait muga, eta hori pobreziaren problemari inolako konponbiderik eman gabe!
28 Edateko uraren eta ur garbiaren arazoa lehen-lehen mailakoa da garrantziari dagokionez, ezinbestekoa baita gizakiaren biziarentzat, eta lehor eta uretako ekosistemak sostengatzeko. Osasun-sektorea, abeltzaintzakoa eta industriala hornitzen dituzte ur gezaren iturriek. Uraren horniketak ia-ia bere horretan iraun du denbora luzean, baina orain, toki askotan, eskeak gainditu egiten du eskaintza jasangarria; horrek ondorio larriak ditu epe motzerako zein luzerako. Ur-metatze garrantzitsuen mende bizi diren hiri handiek, askotan, murrizketa-aldiak nozitu ohi dituzte, eta, momentu kritikoetan, ez da beti zabaltzen kanila gobernamendu egokian oinarriturik eta inpartzialtasunez. Uraren pobrezia soziala, nagusiki, Afrikan nabaritzen da; jendetza handia da edateko ur segurua eskuratu ezin duena, edo lehorte handiak pairatzen dituzte, elikagaien produkzioa zailtzen dutelarik. Herrialde batzuetan badira eremuak ur asko dutenak eta, aldi berean, beste eremu batzuetan sekulako eskasia jasaten dute.
29 Pobreentzako uraren kalitatea da, bereziki, problema larria, heriotza asko eragiten baitu egunero. Pobreen artean oso ohikoak dira urarekin [ur osasuntsurik ezarekin] erlazionaturiko gaixotasunak, mikroorganismoek eta substantzia kimikoek kausaturikoak barne. Beherakoa eta kolera, zerbitzu higieniko eta ur horniketa desegokiekin erlazionatuak biak, faktore esanguratsuak dira haurren sufrimendu eta heriotza-tasari dagokienez. Lurpeko urak, leku askotan, erauzketa-jarduerek, nekazaritzakoek eta industrialek sorturiko kutsadurak mehatxatuak daude, batez ere arautegirik eta behar besteko kontrolik ez dagoen herrialdeetan. Ez dezagula pentsatu bakarrik fabriketako isurkinez. Munduko leku askotan jendeak erabiltzen dituen detergenteak eta produktu kimikoak ibai, lakua eta itsasoetan isurtzen dira.
30 Daukagun uraren kalitatea etengabe txartzen ari den bitartean, leku batzuetan, baliabide urri hori pribatizatzeko joerak aurrera egiten dihardu, merkantzia bihurturik eta merkatu-legeek erregulaturik. Garbi esanda, edateko ur segurua izatea oinarrizko giza eskubidea da, funtsezkoa eta unibertsala, pertsonaren biziraupena berak determinatzen baitu, eta, ondorioz, gainerako giza eskubideak praktikan izateko nahitaezko baldintza da. Munduak zor sozial ikaragarria dauka edateko ura eskuratu ezin duten pobreekin, zeren duintasun alienaezinean erroturiko bizi-eskubidea ukatzea da hori. Zor hori kitatzeko modua, neurri batean, laguntza ekonomiko gehiago ematea da, herririk pobreenak ur garbiaz eta saneamenduez horni daitezen. Baina ikusten ari gara ur asko alferrik galtzen dela, eta ez bakarrik herrialde garatuetan, baita garapen txikiagoa baina ur erreserba handiak dituzten haietan ere. Horrek esan nahi du uraren arazoa, neurri batean, kultur eta heziketa-arazoa dela, ez baitako portaera horien larritasunaren kontzientziarik, izugarrizko zuzentasunik ezak [ekitate faltak] markaturiko testuinguru honetan.
31 Ur-eskasia areagoak elikagaien eta uraren baitan dauden beste zenbait produkturen kostua igotzea ekarriko du. Zenbait ikerketaren arabera, hamarkada gutxi batzuk barru, litekeena da ur-eskasia gogorra izatea, azkar eta urgentziaz jokatzen ez bada. Ingurumen-inpaktuek erasan liezaiokete milaka milioi pertsonari, eta ez litzateke harritzekoa izango munduko enpresa handiek uraren inguruan ezarriko duten kontrola bilakatzea mende honetako gatazka iturririk handienetako bat [23].
III Biodibertsitatearen galdera
32 Lurreko baliabideekin ere harrapazka dabiltza, berehalako etekinak lortzea delako ekonomia eta jarduera komertzial eta produktiboa ulertzeko modua. Oihan eta basoen galerak esan nahi, aldi berean, gerorako guztiz baliabide garrantzitsuak izan litezkeen espezieen galera, ez bakarrik elikadurarako, baita gaixotasunak sendatzeko eta hainbat zerbitzutarako ere. Espezie diferente horiek badituzte geneak baliabide klabeak izan litezkeenak, etorkizunean [bihar edo etzi] gizakiaren premiaren bat asetzeko edo ingurumen-problemaren bat erregulatzeko.
33 Baina ez da aski hainbat espezie ezberdinengan balizko “baliabide” esplotagarri balira bezala pentsatzea, beren baitan duten balioa ahazturik. Urterik urte, milaka landare- eta animalia-espezie desagertzen dira; ez dugu horiek ezagutzerik izango, eta gure seme-alabek ez dituzte ikusi ahal izango; betirako galduak! Gehien-gehienak gizakiaren ekintzekin zerikusia duten arrazoiengatik iraungitzen dira. Gu garela bide, milaka espeziek ez diote Jainkoari loria emango beren existentziarekin eta ez digute komunikatu ahal izango beren mezu propioa. Ez daukagu horretarako eskubiderik.
34 Seguruenik, ugaztun edo hegazti bat iraungi dela jakiteak erruz aztoratzen gaitu, errazago ikusten direlako. Baina ekosistemek ondo funtzionatuko badute, beharrezkoak dira onddoak, algak, harrak, intsektuak, narrastiak eta milaka mikroorganismo-mota ere. Espezie batzuk ez dira hain ugariak eta oharkabean igaro ohi zaizkigu, baina rol kritikoa eta funtsezkoa daukate toki bateko oreka egonkortzeko. Egia da gizakiak parte hartu behar duela ekosistema egoera kritikora iristen denean, gaur egun, ordea, gizakiaren interbentzio-maila, natura bezalako errealitate konplexu batean, hainbestekoa da, ezen gizakiak eragiten dituen etengabeko hondamenek bere beste interbentzio bat probokatzen dute, eta horrela gizakiaren jarduera beti hor dago [omnipresente], eta horrek berak du arriskurik aski! Zirkulu biziosoa edo gurpil zoroa sortu ohi da, eta gizakiaren interbentzioak, zailtasun bat gainditzeko, sarri askotan, okertu egiten du egoera. Esate baterako, teknologiak sorturiko agrotoxikoen erruz desagertzen diren txori eta intsektu asko oso baliagarriak dira laborantzarako, eta horiek ordezkatu egin beharko dira beste interbentzio teknologiko baten bidez, eta, segur aski, ondorio kaltegarri berriak ekarriko ditu. Goresgarriak dira eta, batzuetan, miresgarriak ere bai, gizakiak sorturiko problemak konpontzeko, zientifiko eta teknikoek egiten diharduten ahalegina. Baina munduari begiratu eta ikusten ari gara gizakiaren interbentzio-maila horrek, gehienetan finantzen eta kontsumismoaren zerbitzuan, bizi garen mundua, zinez, pobretu eta itsustu egiten duela, gero eta murritz eta grisago; bien bitartean, teknologiaren garapena eta kontsumo-eskaintzak goraka doaz inongo mugarik gabe. Badirudi, horrela, ordezkatu eta errekuperatu ezin den edertasuna geuk sortutakoarengatik trukatu nahi dugula.
35 Ekimenen baten ingurunearekiko inpaktua ikertzen denean, lur-zoruko efektuei, urarenei eta airearenei begiratzen zaie, baina beti ez da sartzen biodibertsitateari buruzko ikerketa zorrotzik, espezie batzuen edo animalia- eta landare-sail baten galera munta gutxiko kontua balitz bezala! Errepideak, kultibo berriak, alanbrezko itxiturak, urtegiak eta beste eraikuntza batzuk ari dira habitat-ez jabetzen; batzuetan, gainera, zatitu egiten dituzte, eta animaliak, orduan, ez daukate migratzerik eta ezin dira ibili libreki batetik bestera; ondorioz, zenbait espezie iraungitze-arriskuan jartzen da. Badira alternatibak obra horien inpaktua arintzeko: korridore biologikoak eta abar. Baina herrialde gutxitan hartzen dira kontuan arreta eta aurreikuspen horiek. Espezie batzuk komertzialki esplotatzen direnean, beti ez da ikertzen beren hazkunde-modua, gehiegizko murriztea saihesteko, horrek desoreka sortzen baitu ekosisteman.
36 Ekosistemekiko arretak, zalantzarik gabe, segitukora baino harago begiratuko duen jarrera eskatzen du, zeren etekin ekonomiko azkar eta erraza baizik kontuan hartzen ez denean, inori ez zaio interesatzen benetan zaindu eta babestea. Baina handia da arreta falta egoista horrengatik eragiten dituzten kalteen kostua, lor daitekeen onura ekonomikoa baino askoz ere handiagoa. Espezie batzuen galera edo egiten zaien kaltearen kasuan, kalkulatu ere ezin diren baloreen gainean ari gara hizketan. Horregatik, izan gaitezke testigu mutuak desberdintasun larriegien aurrean; esate baterako, batzuek etekin handiak atera nahi dituztenean, ingurumenaren degradazioaren ezin esan ahalako kostua ordainarazten zaio gainerako gizadiari, oraingoari eta gerokoari.
37 Herrialde batzuetan asko aurreratu dute leku eta zona batzuen —lehorrean eta ozeanoetan— babes eta zainketan, non debekaturik dagoen gizakiaren edozein interbentzio, baldin eta horrek bere fisonomia eta jatorrizko osaera alda baditzake. Biodibertsitatearen zainketari dagokionez, espezialistek behin eta berriz aipatzen dute zona horietan arreta berezia ipintzeko premia: espezie aldetik ugaritasun aberatsa dagoen tokietan, espezie endemikoen kasuan, gutxi ikusten direnak edo babes urriagoa daukatenak. Badira lekuak arreta berezia eskatzen dutenak, munduko ekosistemarentzat daukaten garrantzi izugarriagatik, edo ur-erreserba inportanteak dauzkatelako eta, horrela, beste bizi-forma batzuk ziurtatzen dituztelako.
38 Aipa ditzagun, adibidez, planetaren birikak, biodibertsitatez josiak: Amazonia, Kongoren ibai-arroa, edo akuifero handiak eta glaziarrak. Ez dago ahanzterik leku horiek planeta osoarentzat eta gizadiaren etorkizunerako duten garrantziaz. Oihan tropikaletako ekosistemek sekulako konplexutasuna duen biodibertsitatea daukate, osorik ezagutzea kasik ezinezkoa, baina oihan horiek erre eta txikitzen direnean kultiboak garatzeko, urte gutxiren buruan izugarriko espezie mordoa galtzen da; gaitz erdi, basamortu idor bihurtzen ez badira. Alabaina, toki horiei buruz mintzatzeko garaian, oreka delikatu batetik egin behar, zeren, era berean, ez dago ahanzterik nazioartetik datozen egunduko interes ekonomikoak ezen, zaintzeko aitzakiarekin, atenta dezaketen subiranotasun nazionalen aurka. Hain zuzen, badira “Amazonia nazioarteko bihurtzeko proposamenak; horiek ez dituzte gogoan nazioen gaindiko korporazioen interes ekonomikoak baizik” [24]. Goresgarria da nazioarteko organismo eta gizarte zibileko erakunde batzuen lana: jendea sentsibilizatzen eta kritikoki kooperatzen dihardute, baita guztiz zilegi diren presio-mekanismoak erabiliz ere, gobernu bakoitzak konpli dezan bere herrialdeko baliabide naturalak eta ingurumena zaindu eta babesteko daukan eta berea duen obligazioa, bertakoen eta nazioartekoen interes lotsagarriei beren burua saldu gabe.
39 Basa-flora kendu eta bestelako arbolak sartzea ere —normalean monokultiboak izan ohi dira— ez da egoki ikertzen. Zeren larriki erasan diezaioke biodibertsitateari, landatzen diren espezie berriek babesten ez dutenez. Bustiguneek ere, kultibo-lur bihurturik, zeukaten biodibertsitate ugaria galdu egiten dute. Kostaldeko zona batzuetan, kezkagarria da mangladiez osaturiko ekosistemen desagerpena.
40 Ozeanoetan ez dago bakarrik planetako uraren parterik handiena, baita izaki bizidunen barietaterik ikusgarriena ere; asko eta asko oraindik ezezagunak guretzat eta, hainbat kausa direla bide, mehatxatuak. Bestalde, ibai, lakua, itsaso eta ozeanoetako bizia —hain zuzen, munduko populazioaren parte handi bat elikatzen duena—, zeharo erasana dago, arrantza-baliabideak lortzeko orduan sekulako kontrol falta dagoelako: espezie batzuen gutxitze drastikoa dator hortik. Oraindik arrantza-forma selektiboarekin jarraitzen dute, eta alferrik galtzen da harrapaturiko parte handi bat. Kontuan hartzen ez ditugun itsas organismo batzuk daude bereziki mehatxatuak: itsas elikaduraren katean osagai inportanteak diren planton-forma batzuk; espezie asko planton horiei esker bizi da, eta, azken finean, geu elikatzeko erabiltzen ditugun espezieak.
41 Itsaso tropikaletan eta subtropikaletan sartzen bagara, koralaren barrera aurkituko dugu; lehorreko oihan handiekin konpara daiteke: gutxi gorabehera, milioi bat espezieren bizitokia da: arrainak, karramarroak, moluskuak, esponjak, algak, eta abar. Munduko koral-barrera asko antzuak dira gaur egun, edo etengabe gainbehera datoz: “Zeinek bihurtu du itsas mundu liluragarri hori urpean hilobi, bizia eta kolore denak erauzirik?” [25]. Honako jokaera hauen bidez itsasora iristen den kutsadurak dauka fenomeno galgarri horren errua: basoak botatzea, nekazaritzako monokultiboa, isurkin industrialak eta arrantzako metodo kaltegileak, bereziki zianuroa eta dinamita erabiltzen dituztenak. Eta hori guztia areagotu egiten da ozeanoen tenperatura igotzean. Horrek guztiak honetan laguntzen digu: ohartarazten gaitu naturan buruturiko edozein ekintzak izan ditzakeela begiratu hutsez konturatzen ez garen ondorioak, eta baliabideen esplotazio-forma batzuk degradazio izugarria dutela ordain, azkenik ozeanoen hondoraino iristen dena.
42 Behar-beharrekoa da ikerketan askoz gehiago inbertitzea, ekosistemen portaera hobetzeko eta ingurumenean izandako aldaketa garrantzitsuaren hainbat inpaktu-aldaki ezberdin egoki aztertzeko. Zeren kreatura guztiak konektaturik daude; afektuz eta miresmenez baloratu behar da bakoitza, eta izaki guztiok elkarren premia dugu. Lurralde bakoitzak bere erantzukizuna du familia horren zainketan; beraz, toki bakoitzean bizi diren espezieen inbentario zehatza beharko genuke, horien babeserako programa eta estrategiak garatzeko, galtzeko zorian dauden espezieen zainketan arreta berezia ipinirik.
IV Gizakiaren bizi-kalitateren hondamena eta degrazio soziala
43 Kontuan hartzen badugu gizakia ere mundu honetako kreatura dela, bizitzeko eta zoriontsu izateko eskubidea duela, eta, gainera, duintasun txit berezia duela, ezin ditzakegu aintzat hartu gabe utzi: ingurumenaren degradazioaren ondorioak, egungo garapen-eredua eta deskarte-kultura pertsonen bizian.
44 Gaur egun, oharturik gaude, esaterako, hiri askoren hazkunde neurrigabe eta desordenatuaz; osasungaitz bihurtu dira, guztia beharrekoak bizitzeko, ez bakarrik isurkin toxikoen eragindako kutsaduragatik, baita kaos urbanoa, garraio-problemak eta kutsadura bisuala eta akustikoa direla medio ere. Hiri asko efikaziarik gabeko estruktura handiak dira: ur eta energia gehiegi xahutzen dute. Badira auzoak, nahiz eta berriki eraikiak izan, pilaturik eta desordenatuta daudenak, espazio berde nahikorik gabe. Ez da normala eta ohikoa planeta honetako biztanleak porlanez, asfaltoz, beiraz eta metalez gero eta josiago bizitzea, naturarekiko kontaktu fisikorik gabe.
45 Leku batzuetan, landa-eremuan zein zona urbanoan, espazioen pribatizazioak zaildu egin du [erabat oztopatu ez badu ere] hiritarrak zinez eta bereziki eder eta dotoreak diren zonetara iristea. Beste batzuetan, urbanizazio “ekologikoak” egin ohi dira, jende gutxi baten zerbitzuan, non saiatzen diren beste batzuk sar ez daitezen, lasaitasun artifizial hori oztopatzera. Hiri ederra, espazio berdez betea, aurkituko dugu, eremu “seguru” batzuetan oso ondo zainduriko espazio berdez betea, baina ez hain zainduak ezkutagoan dauden beste toki batuzk, non bizi den gizarteko jende “baztergarria”.
46 Hauek sartzen dira aldaketa globalaren osagai sozialen artean: berrikuntza teknologiko batzuen ondorio laboralak, esklusio soziala, berdintasunik eza energiaren kontsumoan eta beste zerbitzu batzuetan, haustura soziala, biolentziaren gorakada, agresibitate sozialean forma berriak, narkotrafikoa eta drogen kontsumoaren gorakada gazteenen artean, identitatea galtzea… Seinale horiek, besteak beste, erakusten digute azkeneko bi mendeetako hazkundea ez dela izan, aspektu guztietan, benetako aurrerabide integrala eta bizi-kalitatearen egiazko hobekuntza. Aitzitik, seinale horietako batzuk, dudarik gabe, dira benetako degradazio sozialaren sintoma, eta integrazio-loturen eta batasun sozialaren haustura isila.
47 Horri gehi diezazkiogun mundu digitaleko medioen dinamikak, zeinek, alde guztietan presentzia demasa dutenean, ez duten laguntzen burutsu bizitzeko, sakon pentsatzeko eta eskuzabaltasunez maitatzeko gaitasuna garatzen. Antzinako jakintsu handiak, testuinguru honetan, arrisku bizian egongo lirateke beren jakinduria, informazioaren zarata dispertsiboaren erdian, itzaltzeko. Horrek esfortzua eskatzen du, medio horiek gizadiaren kultur garapen berri bilaka daitezen, eta ez bere aberastasun sakonenaren hondamendi. Pertsonen arteko egiazko elkarrizketaren eta hartu-eman eskuzabalaren benetako jakinduria, gogoetaren ondorio, ez da lortzen datu metaketa soilarekin, zeinek okitu eta itsutu gaitzakeen, kutsadura mentalaren antzeko zerbaiten erdian. Aldi berean, besteekiko erlazio errealek aldaketa handiak nozituko dituzte, internet bidezko komunikazioa dela medio, horrek dituen arriskuekin! Erlazioak selekzionatzea eta eliminatzea permititzen du horrek, gure gogoaren eta animoaren arabera, eta hortik emozio artifizial sail bat sortzen da, pertsonekin eta naturarekin baino zerikusi handiagoa dutenak dispositibo eta pantailekin. Gaur egungo medioek hau ere permititzen dute: gure ezaupideak eta afektuak komunikatu eta konpartitzea. Alabaina, batzuetan oztopo dira bestearen angustiarekin, hotzikararekin, alaitasunarekin eta bere esperientzia pertsonalaren esperientziarekin kontaktu zuzenean jartzeko. Horregatik, atentzioa eman behar liguke, produktu horien eskaintza itsugarriarekin batera, pertsona arteko erlazioetan hau ikusteak: inolako satisfaziorik eza, hau da, satisfazio falta malenkoniatsu sakona, edo isolamendu galgarria.
48 Giza ingurunea eta ingurune naturala batera degradatzen dira, eta inoiz ere ez diogu behar bezala aurre egingo ingurunearen degradazioari, ez badugu arretarik ipintzen giza degradazio eta degradazio sozialarekin zerikusia duten kausetan. Hain zuzen, ingurunearen hondamenak eta gizartearenak guztiz modu krudelean erasaten diete planetako txiroenei: “Nola bizitzako ohiko esperientziak hala ikerketa zientifikoak demostratzen dute ingurunearekiko eraso guztien ondoriorik larrienak jende pobreak pairatzen dituela” [26]. Konparaziorako, erreserba iktikolen (arrainen) agortzeak, bereziki, artisau-arrantzatik bizi direnei eta nola ordezkaturik ez daukatenei egiten die kalte; uraren kutsadurak, nagusiki, pobreenei erasaten die, hau da, botilako ura erosterik ez daukatenei; eta itsasoren nibela igotzeak, batik bat, kostaldeko populazio pobretuari erasaten dio, zeinek ez daukan nora joanik. Gaurko desajusteen inpaktua honetan ere nabarmentzen da: pobre asko gazterik hiltzen da, baliabiderik eza dela medio sorturiko gatazken ondorioz eta munduaren agendan nahiko espaziorik ez duten beste hainbat problemaren erruz.
49 Ohartarazi nahi nuke ez dagoela kontzientzia garbirik baztertuei gogorren erasaten dien problemei buruz. Eta eurak dira planetako gehiengoa: milaka milioi pertsona! Gaur, eguneroko ogia dira nazioarteko debate politiko eta ekonomikoak, baina badirudi, behin baino gehiagotan, pobreen problemak eranskin moduan planteatzen direla; obligazioz gehitzen den arazo moduan edo ingurumarian dabilen erabat baztertu ezineko arazo soil bezala, eta gaitz erdi albo-kalte hustzat jotzen ez bada. Hain zuzen, ekintza konkretuen garaia iristen denean, sarri askotan, azken putz izaten dira. Zergatik hori? Hein batean profesional asko, iritzi sortzaileak, komunikabideak eta aginte-zentroak urrun daudelako pobreengandik, eremu urbano isolatuetan, haien problemekin kontaktu zuzenik gabe. Bizi eta gogoeta egiten dute garapen handiaren erosotasunetik eta munduko populazioaren gehiengoaren esku ez dagoen bizi-kalitatetik. Kontaktu fisikorik ezak eta elkarrrekin topatu ezinak, batzuetan gure hirien desintegrazioak lagunduta, kontzientzia kauterizatzera bultzatzen du, eta errealitatearen parte bat ahanztera ere bai, aldarodun [alde batera kargadun] analisiak eginik. Hori eta diskurtso “berdea”, batzuetan, elkarrekin bizi dira. Baina gaur derrigorrez aitortu beharra daukagu benetako planteamendu ekologikoa, beti ere, planteamendu sozial bihurtzen dela, eta justizia sartu behar du inguruneari buruzko eztabaidetan, nola lurraren burrunba entzuteko hala pobreen garrasia aditzeko.
50
Pobreen problemak konpondu eta mundu diferente batean pentsatu ordez, batzuek ez dute proposatzen jaiotza-tasak jaistea besterik. Presio handiak egiten zaizkie, horretan, garapen-prozesuan dauden herrialdeei, laguntza ekonomikoak “ugalketa-osasunaren” politikarekin uztarturik. Baina, “nahiz eta egia den populazioaren eta dauzkagun baliabideen banaketa ez-igualak oztopo direla garapenarentzat eta ingurumenaren erabilpen jasangarriarentzat, onartu beharra dago hazkunde demografikoa guztiz bateragarria [konpatiblea] dela garapen integral eta solidarioarekin” [28]. Populazioaren gehitzeari errua botatzea, eta batzuen gehiegizko kontsumismo selektiboarengatik deus ez esatea, problemei behar bezala aurre ez egitea da. Egungo banaketa-eredua legitimatu nahi da horrela, non gutxiengo batek uste duen eskubide osoz kontsumitzen duela kontsumitzen duena, baina argi eta garbi dago denek ez dezaketela hori egin, zeren planetan ez lirateke kabituko ezta neurri horretako kontsumoak sorturiko hondakinak berak ere. Gainera, badakigu produzitzen diren janarien herena galtzen dela alferrik, gutxi gorabehera, eta “pobrearen mahaitik lapurtzea bezala da janaria alferrik galtzea” [29]. Dena dela, egia da atentzioa ipini beharra dagoela populazioaren banaketan, lurraldeka, dagoen desorekari, nola maila nazionalean hala globalean, zeren kontsumoaren gehitzeak egoera erregional konplexuetara eramango gintuzke: ingurumenaren kutsadurari, garraioari, hondakinen trataerari, baliabideak galdetzeari eta bizi-kalitateari loturiko problemen konbinazioa dela bide.
51 Berdintasunik ezak ez die erasaten norbanakoei bakarrik, herrialde osoei baizik, eta nazioarteko erlazioen etikan pentsaraztera behartzen gaitu. Zeren izugarrizko “zor ekologikoa” dago, bereziki Iparra eta Hegoaren artean, eremu ekologikoan ondorioak dituen desoreka komertzialekin erlazionatua; baita herrialde batzuek historikoki baliabide naturalak, inolako neurri eta proportzio egokirik gabe, beren alde erabili dituztelako. Lehen gai batzuen esportazioek, Iparralde industrializatuan merkatuak asetzeko, han bertan kalte handiak eragin dituzte; adibidez, urre-meategietan merkurioarekin, edo kobrearenean sufrearen dioxidoarekin. Bereziki konputatu beharrekoa da planeta osoko ingurumen-espazioaren erabilera, bi menderen buruan metatu diren hondakin gaseosoak jaurtikitzeko, eta orain gertatzen dena da munduko herrialde guztiei eragiten diela. Herrialde aberats batzuetako neurriz kanpoko kontsumoak eragin duen berotzeak lurreko tokirik pobreenetan ondorio latzak ditu, nagusiki Afrikan, non tenperatura igotzeak, lehortearekin elkarturik, berealdiko hondamenak eragiten dituen, kultiboen etekinari dagokionez. Horri erantsi behar zaio hondakin solido eta likido toxikoen esportazioa garapen-prozesuan dauden herrialdeetara; baita enpresa batzuek, gutxi garaturiko herrialdeetan, daukaten aktibitate kutsagarria ere; hain zuzen, kapitala jartzen duten herrialdeetan egin ezin dutena: “Ikusten dugu horrela jokatzen duten enpresak, askotan, multinazionalak direla, eta herrialde garatuetan edo lehen mundua deiturikoan onartzen ez zaiena egiten dutela hemen. Normalean, aktibitatea bertan behera laga eta erretiratzen direnean, ingurumen- eta giza pasibo handiak uzten dituzte: lanik eza, herriak bizirik gabe, zerbait erreserba natural agortuta, basoak botata, bertako abeltzaintza eta laborantza pobreturik, kraterrak, mendi-gain apurtuak, ibai kutsatuak, eta obra sozial txiki batzuk, baina inolaz ere sostengatzerik ez dagoenak” [30].
52 Herri pobreen kanpo-zorra kontrol-tresna bilakatu da, baina ez da gauza bera gertatzen zor ekologikoarekin. Modu askotara, garapen-bidean dauden herriek, non aurkitzen diren biosferako erreserbarik garrantzitsuenak, herri aberatsen garapena elikatzen jarraitzen dute, beraien oraina eta geroa hipotekaturik. Hegoaldeko pobreen lurraldea aberatsa da, eta gutxi kutsatua dago, baina ezin dituzte jabetzan eskuratu beren premiak asetzeko ondasun eta baliabideak; ukatua daukate, erlazio komertzial- eta jabetza-sistema estrukturalki perbertso baten erruz. Ezinbestekoa da herrialde garatuek zor hori kitatu eta egoera konpontzen lagun dezaten, energia ez-berriztagarriaren kontsumoa neurri garrantzitsuan mugaturik eta herrialde behartsuenentzat baliabideak eskainirik, garapen jasangarrirako politika eta programak bultzatzeko. Lurralde eta herrialde pobreenek ahalmen gutxiago daukate ingurumen-inpaktua murrizteko eredu berriak bultzatzeko, ez baitaude trebatuak beharrezko prozesuak garatzeko eta ez ditzakete, bestetik, gastuak ordain. Horregatik, garbi eutsi kontzientzia honi: aldaketa klimatikoan erantzukizun dibertsifikatuak daude, eta, Estatu Batuetako gotzainek esan zuten moduan, “bereziki pobre, ahul eta kalteberanen premien alde egin behar da, maizenik boteretsuenen interesek gidatzen duten debate horretan” [31]. Behar-beharrezkoa da familia bakarra garela sinestea eta kontzientzia hori indartzea. Ez dago muga eta frontera politiko eta sozialik isolatzea onartzen duenik, eta era berean, horrexegatik, ez dago axolagabekeriaren globalizaziorako espaziorik.
53 Egoera horiek zizpuru eginarazten diote arreba lurrari, eta munduko abandonatuen zizpuruarekin bat egiten du, beste norabide bat eskatzen ari zaigun deiadarra da. Inoiz ez dugu azkeneko bi mendeotan bezain gaizki tratatu eta hainbeste zauritu denon etxea. Aita Jainkoaren tresna izatera deituak gaude, gure planeta, kreatu zuenean, amestu zuena izan dadin, eta pentsatu zuen bake- eta edertasun-proiektuari erantzun diezaion. Problema da oraindik ez dugula kultura nahikorik krisi honi aurre egiteko, eta bideak markatuko duten lidergoak sortu behar dira, egungo belaunaldien beharrei erantzuteko, denak barruan direla, bihar edo etziko belaunaldiak kaltetu gabe. Ezinbestekoa da muga gaindiezinak izango dituen eta ekosistemen babesa ziurtatuko duen arau-sistema bat sortzea, paradigma tekno-ekonomikotik datozen botere-forma berriek dena, ez bakarrik politika baita askatasuna eta justizia ere, suntsitu aurretik.
54 Atentzioa ematen du nazioarteko erreakzio politikoaren ahultasunak. Ingurumenaren gainean egindako Gailur Mundialen porrotak ederki erakusten du teknologiaren eta finantzen mende dagoela politika. Interes partikular gehiegi dago, eta oso erraza da interes ekonomikoa guztion onaren gainetik jartzea eta informazioa manipulatzea, beren proiektuak kaltetuak suerta ez daitezen. Alde horretatik, Aparezidako Dokumentuak zera erreklamatzen du: “baliabide naturalei buruzko interbentzioetan ez daitezela besteen aurretik jar talde ekonomikoen interesak, zeinek suntsitzen dituzten irrazionalki bizi-iturriak” [32]. Ekonomia eta teknologiaren arteko aliantzak kanpoan lagatzen ditu euren segituko interesekin ongi uztartzen ez dena. Horrela, ez dago espero izaterik gauza handirik, agian: gainazaleko erreklamazio arin, ekintza filantropiko isolatu eta ingurumenarekiko sentiberatasuna badutela erakutsi nahian egindako esfortzu txikiren bat. Baina, gauzak benetan aldatzeko, erakunde sozialen ahalegina, noski, erromantiko ameslari batzuek probokaturiko molestiatzat joko dute edo saihestu beharreko oztopotzat.
55 Apurka-apurka, inoiz, herrialde batzuek egiten dituzte aurrerabide garrantzitsuak: kontrolen garapen efizienteagoa eta ustelkeriaren aurkako borroka sinesgarriagoa. Sentikortasun ekologiko handiagoa dago herrietan, nahiz eta ez den aski, oraindik, kontsumo-ohitura kaltegarriak aldatzeko; ohitura horiek, gainera, ez dute behera egiten, alderantziz baizik: hedatzen eta zabaltzen dihardute. Horixe da, adibide txiki bat ipintzearren, aire-egokigailuen etengabeko gorakada eta intentsitatearekin gertatzen dena. Merkatuek, segituko etekina nahi eta, are gehiago bultzatzen dute eskea. Norbaitek behatuko balu kanpotik gizarte planetarioa, zeharo txundituko litzateke gisa horretako portaeraren aurrean, batzuetan portaera suizida ematen du.
56 Bien bitartean, botere ekonomikoek egungo sistema mundiala justifikatzen jarraitzen dute, non espekulazioa eta etekin finantzarioa diren aurrena, giza duintasunak eta ingurumenak nozitzen dituzten ondorioak ahazturik. Garbi ikusten da, horrela, ingurumenaren degradazioa eta giza degradazioa eta etika hertsiki lotuak daudela. Askok esango dute ez daukatela ekintza ez-moralak egiten diharduten kontzientziarik, zeren etengabeko distrakzioak kendu egiten ditu mundu mugatu eta duen neurria duenaren errealitateaz ohartzeko adorea. Horregatik, “edozein gauza hauskor, ingurumena horietako bat da, defentsarik gabe geratzen da merkatu jainkotuaren interesen aurrean, arau absolutu bihurturik” [33].
57 Nahiko argi dago, baliabide batzuk agorturik, gerra berrientzat eszenatoki egokiak sor litezkeela; hori bai, errebindikazio zilegi eta noble moduan mozorroturik. Gerrak beti kalte larriak eragiten dizkie ingurumenari eta herrien kultur aberastasunari; eta arriskuak biderkatu egiten dira, arma nuklearretan eta arma biologikoetan pentsatzen denean. Zeren, “nahiz eta nazioarteko zenbait hitzarmenek debekatu egiten dituen gerra kimikoa, bakteriologikoa eta biologikoa, praktikan, laborategietan ikertzen jarraitzen da, erasorako arma berriak garatzeko; esan gabe dona, arma horiek kapazak direla oreka naturala erabat aldatzeko” [34]. Politikak arreta handiagoa ipini beharko luke, gatazka berriek sor litzaketen kausak prebenitu eta konpontzeko. Baina finantzekin uztarturiko boterea da esfortzu horren aurka erresistentziarik gehien ipintzen duena, eta diseinu politikoek, bestalde, ez dute izaten ikuspegi-zabaltasunik. Zertarako eduki nahi da, gaur, botere bat, beharrezkoa eta urgentea zenean zuzen jokatzeko izan ez zuen gaitasunagatik oroituko dena?
58 Herrialde batzuetan badira adibide positiboak, ingurumenaren hobekuntzari dagokionez: hamarkada askotan kutsaturik egon diren ibai batzuen garbiketa, baso autoktonoen errekuperazioa, paisaiak apaintzea ingurumen-saneamendurako obrak eginda, edo balio estetiko handiko udal proiektuak, aurrerapen handiak energiaren ez-kutsagarriaren produkzioan, garraio publikoaren hobekuntzan. Ekintza horiek ez dituzte konpontzen problema globalak, baina baieztatzen dute gizakia oraindik kapaza dela positiboki interbenitzeko. Maitatzeko sortua izan denez, bere muga guztien erdian, baditu eskuzabaltasun-, solidaritate- eta zaintza-joerak.
59 Aldi berean, gainazaleko ekologia arin eta itxurakeriazko bat ari da hazten; jendea lokartu eta arduragabetasun alaian murgilarazten duena. Krisi sakonen garaian gertatu ohi den eran, zeinek erabaki adoretsuak eskatzen dituzten, badugu halako tentazio bat gertatzen ari dena ez dela egia pentsatzeko. Gainazalera begiratzen badugu, kutsadura- eta degradazio-zantzu batzuk ikusi bai, baina hortik aurrera ez du ematen gauzak hain larriak direnik eta pentsatzen dugu planetak luzaro iraun lezakeela egungo baldintzetan. Portaera iheskor hori baliatzen dugu geure bizi-estiloarekin, eta produkzio- eta kontsumo-ereduarekin jarraitzeko. Honela moldatzen da gizakia bere joera auto-desegile guztiak elikatzeko: ez ikusten saiatuz, ez onartzeko borrokatuz, erabaki garrantzitsuak atzeratuz, ezer gertatuko ez balitz bezala jokatuz.
60 Azkenik, onar dezagun ikuspegi eta pentsamendu-ildo diferenteak daudela egoeraren eta izan litezkeen irtenbideen gainean. Mutur batekoek, arren eta arren, aurrerabidearen mitoari eusten diote, eta esaten ari dira problema ekologikoak, besterik gabe, aplikazio teknikoei esker konponduko direla, kontsiderazio etiko eta aldaketa sakonik gabe. Beste muturrekoek pentsatzen dute, berriz, gizakia, bere edozein interbentzioren bidez, ez daitekeela izan mehatxua baizik, munduko ekosistema kaltetzen duela; ondorioz, komenigarria da planetan daukan presentzia murriztu eta interbentzio oro eragoztea. Bi muturretako jarrera horien artean, geroko eszenatoki posibleak identifikatu beharko lituzke gogoetak, ez baitago bide bat bakarrik konponketarako. Horrek hainbat ekarpeni egin beharko lieke tokia, eta bata bestearen arteko elkarrizketa bultzatu, erantzun integralaren bila.
61 Arazo konkretu askori buruz, Elizak ez dauka zertan proposaturik azken hitza; uste du entzun eta debate onestu bat bultzatu behar duela zientifikoen artean, iritzi ezberdinak errespetaturik. Baina aski da errealitatea egiazaletasunetik begiratzea, gztion etxearen hondamen latza ikusteko. Irtenbidea beti dagoela onartzera bultzatzen gaitu esperantzak, inoiz ez dagoela garai galdurik norabide berria hartzeko, beti egin ahal dugula zerbait problemak konpontzeko. Alabaina, ematen du garbi nabari direla haustura-sintomak, aldaketen eta degradazioaren abiadura handia dela medio, hainbeste katastrofe naturaletan azaltzen den eran eta krisi sozial finantzarioak ikusten den bezala, munduko problemak ez baitago aztertu eta esplikatzerik modu isolatuan. Badira munduan lurraldeak jada egundoko arriskuan daudenak eta, edozein aurreikuspen katastrofiko aparte utzirik, begi-bistakoa da egungo munduko sistema, ezbairik gabe, jasangaitza dela ikuspuntu askotatik begiratuta, zeren giza ekintzaren helburuetan pentsatzeari utzi diogu: “Planetako lurraldeei ondo begiratzen badiegu, berehala ohartuko gara gizadiak defraudatu egin dituela Jainkoren espektatibak” [35].