ARRATSEKO OTOITZ

Argiaren egilea

Argiaren egilea,
eguzkia duzu piztu
argi berriz apaintzeko
munduaren hastapena.

Goiz arratsen artekoa
eguna deitu duzuna,
gaua jausten ari baita,
entzun dei eta nigarrak.

Hobenengatik arimak
ez dezala gal bizia,
gain hartakoak ahantziz
eta gaizkirat lerratuz.

Entzun, Aita guziz ona,
eta zuk, Jainko Semea,
Izpirituarekin bat,
Nausi menderen mendetan.

Lucis Creator

Jauna, zu zaitut aterbe

Goi-goikoaren gerizan dagonak,
Guziahaldunaren itzalean bizi denak,
Jaunari dio: «Ene aterbe eta gaztelu;
ene Jainko, zutan ene fidantzia!»

Harek aterako zaitu ihiztariaren saretik
eta izurri galgarritik.
Bere hegalez begiratuko zaitu,
haren hegalperat ihes eginen duzu,
haren leialtasuna geriza ukanen duzu.

Ez zaitu ikaratuko gaueko izialdurak,
ez eta eguneko geziaren ziztuak,
ez ilunpez dabilan izurriak,
ez eta eguerdiko kutsu hilgarriak.

Eror bite mila zure ondorat,
hamar mila zure eskuinerat,
zu deusek ez hunkiko.

Idek doi-doia begia
eta ikusiko duzu gaixtoen saria,
Jauna baita zure aterbea,
Goi-goikoa zure leihorra.

Gaitzik ez zaizu gertatuko,
ez makurrik zure egoitzarat hurbilduko,
zutaz baitiote aingerueri manaturen
zure bide guzietan zaindu zaitzaten.

Eremanen zaituzte beren eskuetan,
zure oinak harri zenbait jo ez dezan.
Lehoin eta sugearen gainean duzu oina finkatuko,
lehoin kumea eta herensugea dituzu zangopilatuko.

«Eni baitago, libratuko dut,
ene izena aitortzen baitu, begiratuko dut;
dei eginen daut, eta nik ihardetsiko,
berekin ukanen nau hersturaldiko.

Libratuko dut eta ohorez jantziko,
bizitza luzez dut aseko
eta neure salbamendua diot gozaraziko».
91. salmoa

Jauna, badakizu ene berri

Jauna, ikertzen nauzu eta ezagutzen:
badakizu noiz naizen jartzen eta noiz jeikitzen,
ene gogoetak urrundik dituzu zilatzen.

Ibil nadin ala etzan, ikusten nauzu,
ene urrats guziak ezagunak dituzu.
Hitza ez dut mihiaren gainean oraino
eta jadanik, Jauna, badakizu oro.

Gibel eta aitzin inguratzen nauzu,
eta eskua gainean ezartzen dautazu.
Jakitate miresgarria, enetzat gehiegia,
ni hartaraino heltzeko goregia.

Norat nindoake urrun zureganik?
Norat ihes egin urrun zure aitzinetik?
Zerurat igan banendi, han zaude, zu,
Hilen Egoitzan etzan banendi, han ere, zu!

Goiz-argiaren hegalak hartu-ta,
joan banendi itsas mugetaraino bizitzera:
han ere zure eskuak nau gidatzen,
zure eskuina zait lotzen.

Erraiten badut: «Ilunpeak estal nezala,
egun-argia, nere inguruan, gau bilaka dadila!»,
ilunpea bera ez da zuretzat ilunpe,
eta gauak argitzen du egunaren pare.

Ene gorputza moldatu duzu,
amaren sabelean eho nauzu.
Gora zu, egin nauzulakotz hain harrigarri,
zuk eginak hain dira miresgarri !
Bai, badakit horren berri.

Nere hezurrak ez ziren gordeak zure aitzinean,
sortzen ari nintzelarik ixilean,
moldatua nintzelarik lur barnean.

Nintzen umegaia, zure begiek ikusten ninduten,
eta zure liburuan ene egun guziak idatzirik zauden,
nahiz heietarik oraino bat ere ez zen.

Oi Jainko, iker nezazu eta ezagut ene bihotza,
froga nezazu eta ezagut ene kezka.
Ikus galbidetik ote nabilan,
gida nezazu betirako bidean.
139. salmotik

Haurtxoa bezala

Jauna, ez dut harro bihotza,
ez eta ozar begia.

Ez nabil xede handien ondotik,
ez eta gauza miragarrien gibeletik.

Laño eta ixil daukat arima,
amaren altzoan haurtxoa bezala,
haurtxoa bezala daukat arima.

Israel, zure esperantza Jauna izan bedi
orai eta beti !
131. salmoa
Naizen guzia
zuri oihuz nago,
oi, Jainko bizia.
84. salmotik

Nor den dohatsu

Jendetze handiak ikustean, Jesus mendirat
igan zen eta heien irakasten hasi, erranez :

Dohatsu bihotzez behartsuak,
heiena baita Zeruetako Erresuma.
Dohatsu eztiak,
lur hitzemana (1) ukanen baitute.
Dohatsu nigarretan direnak,
kontsolamendu izanen baitute.
Dohatsu zuzentasun gose eta egarri direnak,
asea ukanen baitute.
Dohatsu urrikalkorrak,
urrikalmendu ardietsiko baitute.
Dohatsu bihotz garbiak,
Jainkoa ikusiko baitute.
Dohatsu baketiarrak,
Jainko seme deituak izanen baitira.
Dohatsu zuzentasunaren gatik gaizki erabiliak,
heiena baita Zeruetako Erresuma.
Dohatsu zuek, laidostatzen
eta gaizki erabiltzen zaituztetenean,
bai eta gezurka belzten, ene gatik.
Bozkaria eta loria zaitezte,
handia baituzue saria zeruetan.”
Ebanjelioa Jondoni Matiuren arabera 5, 3 -12

(1) Lur hitzemana = Zeruetako Erresuma.

Hemen ixtan bat ixilik nago, gogoan erabiliz
Jainkoari gaur zertan huts egin diotan ; eta barkamendu
eskatzen diot. Bainan ere eman dauzkitan
grazia guziez eskertzen dut Andredena Mariaren
kantu hau erranez :

Mariaren bozkario kantua

Kantuz ari zait nere arima Jainkoari,
haren goresle kantuz ari.

Haren loriaz bozkariotan dut gogoa :
Salbatzaile dut nik Jainkoa.

Naizen neskato apal hau baitu hautatua,
mendeek neri “Dohatsua !”

Zoin handi nitan Jainko Jaun guziz indartsua !
Haren izena zoin saindua !

Urrikalmenduz betea dago mendez-mende,
sinesten duten jenden alde.

Bere besoan duen indarraz Harek ditu
bihotz hantuak barreiatu.

Beren alkitik handi-mandiak kendu ditu,
apalak aldiz goraltxatu.

Gose zaudenak nasaiki ditu gozarazi,
aseak aldiz hutsik utzi.

Behatu dio Israel bere jendeari,
lehen bezala urrikari.

Erran baitzuen gintuela gu lagunduko
Abrahamtarrak sekulako.

Ebanjelioa San Luken arabera 1, 46-55

Gure Aita…

Aita, gau huntan zuri otoitzez gaude :
gure bihotzetarat ixur-azu
itzal ez daitekeen zure maitasunaren garra,
eta sarraraz gaitzazu egun batez
zure betiereko argian ;
galdegiten dautzugu
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
edo
Aita, maite zaituguneri,
gure bekatu guzien gatik,
zure bakea emaguzu :
goxa ditzala gure bihotzak,
deusek, ez biziak ez herioak
ez baigaitu zure ganik berexten ahal ;
galdegiten dautzugu
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.