Kimuak sortzen

Edozoin aldetan, edozoin gaietan, berri txarrak ari dira zabaltzen. Izan dadila klima, erlisionea, politika, ekonomia, laño beltz batek estaltzen du. Astekari hunen sail batek, Jainkoa, Bizia, Jendea deitua, begirada doi bat ezberdina ematera edo gauzak fede perspektiba batetik begiratzera gomitatzen gaitu. Errealitate latz huntan, kimuak edo muskilak ikustea dagokigu.

Eta botoi eder bat ikusi dut duela guti. Eliza katolikoaren klerikalismoa aita sainduak eta girixtino askok salatzen dute, Elizaren funtzionamenduaren leku osoa hartzen du, eta jendeak menpean ezartzea, gizon batzuen erabakien egile bihurtzeko arriskuarekin.

Klerikalismo ilun hortan, muskil bat agertu da. Mixel Oronos gogoan, Belokeko kaperan elkarretaratze bat egin da. Igande arratsalde bat zen. Jendeak etorri dira lagunekin edo familian edo bakarrik eta Baigorriarak autobusez. Denek kapera bete dute. Harrera egin da euskaraz eta frantsesez, ebanjelioa irakurria izan da eta komentatua, lekukotasunak eman dira, emazte eta gizonen partetik, lagun eta adixkide, katoliko eta protestanta, euskaraz eta frantsesez, otoitz egin da, Baigorriko koralak, xuri urdinez beztitua, kantu eder batzu eskaini dituela.

Liturgia baten osagai guziak baziren, mamitsua izan da, forma ideki batean. Ez da dena esku bakar batean kondentsatua izan, persona bakar batean. Antolatu dutenek, dei egin dute bai musikarieri, bai lekukotasunak emaiteko prest ziren laguneri, bai gogoeta aurkezteko gai zireneri. Hor ziren laiko eta apez, emazte eta gizon, bakotxak bere harria eramanez izpirituzko eta maitasunezko elkartze horren eraikuntzara. Zeremonia xinple eta egiazkoa izan da, kartsua, bihotz altxagarria, nun denak ongi sentitzen ziren.

Nun da kimua? Luzaz uste izan da girixtinoen elkarretaratzea meza edo apez bat buru duen elizkizuna bertzerik ez zela. Uste izan da laikoek ez direla gai girixtino bilkura bat antolatzeko eta oroz gainetik buru izaiteko. Hor da kimua, ongi ikusi da hor, laiko eta apez, eskuz esku lan egiteko prest direla eta gai direla. Apezek badute beren berezitasun beharrezkoa ; laikoek badute beren berezitasun beharrezkoa; bataioak girixtino egoera berean jartzen gaitu, erantzukizun berean, ez bat bertzea baino gorago edo apalago.

Kimu hori ikusten da ere molde berri batean zelebratzen diren mezetan. Deitzen dira “bere denbora hartzen duen meza”. Talde batek antolatzen du, apezak bere toki espezifikoa hartuz, eta gainetakoa banatuz, izan dadila ebanjelioaren irakurtzea, predikuaren egitea, gogoeten partekatzea.

Bertze kimu bat ere ikusten da han edo hemen, bakan oraino. Apezpiku edo apez bat baino gehiago direlarik, bat dago zeremoniaren buru, eta bertzeak jenden artean kokatzen dira, fededunen artean, laikoekin. Klerikalismotik ateratzeko ate ttiki bat.

Botoiak ikustekoak dira ere formakuntzan. Apezek, eta batzuetan serora eta frailek, erlisioneari lotuak diren arloan irakasteko eskumena onartua zuten eta denen buru ezarri ziren. Gaur egun, Biblia Ikasketen Unibertsitateko titulua duten emazte eta gizonak onartuak dira erakasteko. Gure eskualdean badira taldeak bibliako testuak horrela ikasten dituztenak, bai euskaraz, bai frantsesez, emazte edo gizon baten laguntzarekin.

Kimuak osto, adar, fruitu bilakatzen dira beren sasoinean. Fruitu onak eskuragarri ditugu jadanik Lapurdiko irratia entzuten dugunean edo Fedeola.eus kontsultatzen dugunean.

Mixel Oronosen otoitz batek muskilen fruituak aurkezten ditu,:

Goiko Jauna, emaguzu bihotz berri bat. Goiko Jauna emaguzu Izpiritu berri bat. Izpirituaren fruitua : bozkarioa, bakea, pazientzia, maitasuna. Izpirituaren fruitua : ongi nahia, leialtasuna, bihotz ona, eztitasuna, bere buruaren jabe izaitea. Bizi berri bat emaiten badauku Izpirituak joka dezagun Izpirituaten arabera.

Maite Iratzoki