Izena bera ez da errexki erraiten. Ainitzek ez dute ezagutzen eta sekulan entzun ; batzuk izan dute horren berri eta arras konbentzituak dira, edo alderantziz osoki kontra agertzen dira. Zer pasatu da herrixka hortan ?
1981urtean, Yugoslavia deitzen zen erresuma hori, Komunistak ziren boterean, Tito diktatorea zendu zen urte bat aitzin, eta sei gaztek, heietarik 12 urteko mutiko bat, eta 15-16 urteko lau neska eta bertze mutil bat, Andere bat haur bat besotan, mendian ikusi dutela, diote. Beldurrakin ihes egiten dute eta beren etxetan gerizatzen dira, batzuek deusik erran gabe. Biharamunean, horietarik lau bezperan anderea ikusi zuten lekura erakarrita sentitzen dira, eta bertze bi heldu dira heiekin. Ivanka, Miryana, Marija, Ivan, Jakov eta Vicka deitzen dira. Anderea berriz ikusten dute, harekin mintzatzen dira, eta Andre dena Maria dela erraiten diote. Ordutik aitzina, egunero agertu zitzaiote, eta heietik hirueri agertzen da oraino. Heien galderi erantzun emaiten du, irakasten ditu eta mezuak emaiten ditu munduan zabaltzeko.
Orduko haur eta gazteak emazte eta gizon dira orain. Ezkonduak dira, haurrak badituzte, eta beren bizia Medjugorjeko auzoan egin dute, edo Italian eta batek, Ivan, Ipar Ameriketan.
Hastapenean, herri hortako jendek ez dituzte sinetsi. Bainan, asteek aitzina egin ahala haurrak gerizatuko dituzte agintari komunisten jazarpenetik. Hauek fedearen adierazpen publiko guzien kontrakoak ziren, eta bereziki Maria Birjinaren agerpenen kontrakoak. Mostar hiriko medikuek haurrak aztertu zituzten agerraldien lehen egunetan, eta osasun betean deklaratu zituzten. Sekulako herrialdetatik etorritako zientzialariak etorri dira haur horiek zergatik bizi zuten topaketa bera memento berean, leku ezberdinetan izanik ere, ulertzera. Gaur egun ez da esplikazione zientifikorik.
Zoin dira ondorioak 42 urteren buruan ? Gaur egun zer ikusten da ? sei egun han pasatzeko aukera ukan dut. Orduko herrixka ttikia, hiri bat bilakatu da, ehunka saltegi, hotel eta ostatu eraikiak izan dira. Gure taldean, bagintuen bi lagun han ibiliak duela 38 eta 35 urte, beraz hastapenean. Bizitzailen etxe batean lo egin zuten, hauek kanpoan, eta jateko zerbait eman zioten. Herrixka ttiki ttikia orduan, bainan gertakari ezin haundiagoa !
Harrigarria hau da : irailaren bururatzean, baziren 6000 jende inguru, elizaren gibelean egin duten zelaigune zabal batean, eliza sobera ttikia izana gatik, ixiltasunean, kartsutasun handienean. Eta hori egunero. Ez da segurtasun zerbitzurik, ez ixiltasun agindurik. Denak goxoan egiten dira, errespetuan. Hor ziren jendeak heldu ziren Kroaziatik, Hungariatik, Bosnia-Herzegovinatik, Frantziatik, Italiatik, Espainiatik, Inglaterratik, Ipar eta Hego Ameriketatik, Belgikatik, Asiako erresuma batzuetatik, eta abar. Ibiltzen da Andre dena Maria agertu zen mendian, Gurutze bidea egiten den mendian, dena harria dena, bide eta bidaxka gabeko mendian, bainan denetan kartsutasuna, otoitza, ixiltasuna, arrosarioa eta elkarren laguntza. Astean behin edo bitan barur egiten da, ur eta ogiakin (ogi ezin hobea!). Beilariek bekatuen barkatzeko sakramendua edo kofesioa errezebi dezakete, eta jendeak hor dira, lerro luzeetan, konfesatzen duten apezen hizkuntzaren taularen aitzinean, beren hizkuntzaren arabera, beren txandaren zain. Hor ere ixilik, trankilki, otoitzean.
Gazteri eta haurreri emaiten zaioten laguntza garrantzitsua da. Gerlak egin dituen umexurtxak etxe batean errezebituak izan dira, eta orain familia xahutuen haurrak dira errezibituak. Drogatzen diren gazteek bertze etxe batzuetan artatuak dira, lanaren eta otoitzaren bidez berreraikiak. Bi lekukotasun entzun ditugu, Jean Marc eta Frederic, bi italiano gazte. Lekukotasun arras hunkigarriak.
Medjugorjeko Ama Birjina, Bakearen Erregina deitzen da. Zinez hala da. Hango bizitzaileak denetan bezalakoak dira, adibidez taxi gidariak edo saltegi batzuetako langileak ez dira beti gisakoak, aldiz bake giroa sentitzen da denetan.
Ez dakit agerraldiak egunerokoak diren ala ez, ea agerraldirik baden ala ez, mezuak zinez zerutiarrak diren ala ez, bainan ohartu naiz galdera horiek bigarren mailakoak direla. Otoitzaren fruituak ikusten dira han, umiltasunaren bidez, espantorik gabe, bakotxaren ixiltasunean.
Ukrainiako gerlako armen furiaren parean, Israel eta Palestinako lurralden ikara eta larritasunaren parean, Iran eta Afganistako gizonen mespretxuaren parean, altxatzen da Bakearen Erregina. Maria du Izena.
Maite Iratzoki