Audioa ezin aurki Lapurdi Irratian
Girixtinoen batasuna
2,2 miliar girixtino dira munduan, mundu zabaleko jendetzearen herena. Eta urtero desafio bat bezala egina zauku : aste batez, urtarrilaren 18tik 25erat girixtinoen batasunaren alde otoitz egitea. Alabaina, nola pentsatu batasuna mundu osoko errealitate batean, mundua konektatua izanik ere!
Girixtinoen munduan, ezberdintasunak ikusten dira bilatu gabe. Sinesdun eta ez pratikatzaile erraiten dutenetik sineskor zorrotz agertzen direneraino, zenbat adierazpen fedearen izenean! Eta hola izan da haste hastetik. Jesusen lehen segitzaile edo jarraikitzen zitzaionek kexatu ziren heien taldean ez ziren gizon batzu, erakasten ari zirela salatuz.
Haste hastetik ere Jesusek berak eraiki Eliza kudeatzeko gizon bat hautatu zuen, Piarres izenekoa, bainan Paulokin eztabadak sortu ziren. Hunek ez zuen Jesus ezagutu zuzenean, harekin bide eginez, eta nahi zuen dizipuluekin mintzatu. Zer ziren eta nola pasatu ziren Jesusen egunak Palestinako bideetan nahi zuen ikasi, baita ere Jesusen pasionea, hiltzea, berpiztea. Nahi zuen ere jakin zer ziren usaiak, nolako liturgia behar zen ibili, nor bataiatu eta nor ez, zer jan eta zer ez jan. Eta huntan izan ziren eztabada haundienak : zer baldintza ezarri girixtino bihurtu nahi zuten paganoeri, bereziki janarian. Hor izan zen lehen kontzilioa, Jerusalemen, gizon horien artean.
Geroztik, girixtinoek zabaldu dira munduan, ebanjelioaren mezua partekatuz eta hedatuz, liturgiaren bidez jendeak elkarretaratuz. Harrigarri eta hunkigarri da meza batean parte hartzea munduko edozoin herrialde edo erresumetan. Japonian, Xinan, Afrikako erresumetan, Indian, Viet-Namen, Ameriketako herrialdetan, ipar eta hego aldetan, Europako erresumetan, Errusian… denetan mezan parte har ditake bertako jendeekin bat eginez. Hizkuntza ezberdina eta jestu berdinak. Kantuen hitzak ez ezagunak, bainan musika ezaguna, beraz pantaila digitalaren laguntzarekin, kanta ditake. Batasuna hunkitzen da kasik konkretuki.
Kulturen, ohiduren eta tradizioen, pentsamoldeen ezberdintasunek oztopo izan daitezke eta aberastasun izan daitezk ere. Oztopoak argitasunaren bila ezartzen du eta aberastasuna sortaraz dezake. Aberastasunak izpiritua airostatzen du oztopoa garaitzeko.
Mendeetan zehar girixtinoek zatitu dira, ortodoxo, katoliko, protestante eta hauetan zernahi aldaxka sortu dira. Denbora luzaz arriskugarri konsideratua izan da bereixte hori, eta katolikoek debekatuta zuten beste erlijioetara joaitea, doi doia ikusteko ere. Alta Kristoren erlijio horiek hurbilketa aberasgarriak badituzte Jainkoarenganako fedea argitzeko.
Biltzen duen liturgiak bereixten du ere. Bizi modu batek erakartzen du baita ihes egiteko gogoa emaiten. Ebanjelioako erakaspenak beharrezkoak dira eta guti edo nekez aplikatuak. Kontrasteak, ezberdintasunak, aurkakotasunak, paradoxak dira batasuna bilatzeko lurtegia. Horiek oro ez ditu ukatzen, urruntzen edo kentzen.
Batasunak errespetatzen ditu, ukatu gabe, ezabatu gabe, bateratu gabe. Jainkoak egiten du batasuna ez eta gure lilurak edo gure ameskeriak. Batasunaren asteak aukera emaiten dauku batasun nahia eta asmoa barnatzeko.
Maite Iratzoki