Archives de catégorie : Bertze kantu

Jainkoa eta ni: Xalbador eta Xabier Lete.

Amodioa bakarrik

Ikus : Otoitzak/Semearen bitartez otoitz

Jainkoa eta ni.

Xalbador

Partitura

Xabier Lete

 

Norberak kantatzeko (2 tonu beherago)

 

Fede haundiko burrasotarik sortu bainintzan mundura,
Jainko legean hezi ninduten jitean adimendura ;
hain zen beroa denbor’hartako eliz gizonen kar hura,
ziotelarik gaizki eginak zaramala ifernura,
muinetaraino sartu zitzautan Jaungoikoaren beldurra…

Entzuleeri behar diotet hau erran haste hastetik:
errexenerat nintzan lerrakor gauza guzien gainetik;
ahulezia ene nagusi izan da egundainotik;
ukan aholku guzien eta Jainko beldurraren gatik,
ez nau ez deusek nehoiz beiratu bekatoros izaitetik.

Legeak zuen erakaspena hausten nuen guzietan,
okaztagarri aurkitzen nintzan Jainkoaren begietan,
nitaz betikotz etsi zuela iduritzen baitzitzautan ;
desgustaturik damuz betea egon izan naiz bortzetan,
ez sorturikan Jainkoaz deusik ez dakiten tokietan.

Orduko apez suhar zintzoek halako arak zituzten,
etzen maitasun gozo haundirik heien ahotik ixurtzen ;
heiek Jaunari eman itxurak ari ninduen itsutzen,
zeruko edertasunak berak hotz hotza ninduen uzten,
gaztiguaren labe gorria baizik ez nuen ikusten.

Orai ez dakit, Jauna, Zu edo ni aldatu ote naizen,
etzira egun ene gogoan lengo itxuraz agertzen ;
gertatzen denaz, o Nagusia, kartsuki zaitut eskertzen,
gure arteko hoztasun hartaz hasia nintzan aspertzen,
Jainko maitea, ordu zen noizbait lagunak egin gintezen.

Zure laguna eginez geroz enetzat ez da nekerik,
zure behako samurrak eman nau fidantziaz beterik ;
deusen galderik ez dautzut bada egiten ene baitarik,
ez gaztigua urrun dezazun, ez eta sari eskerik ;
gaurkotz ez dauzut deusik eskatzen, amodioaz besterik.

Nehoiz bakerik goza gabeko ene gogo bihurria,
bihotzak edan duen ur onak hil du zure egarria,
ur on guzien Jabeak berak emanikan negurria ;
horra egi bat amodioak gure bixtan ezarria :
Haren oinetan sortzen zaukula bakearen iturria.

Xalbador (Odolaren mintzoa)

Xalbador: Otoitzez

Ikus: Otoitzak / Behar ordu berezietan.

Partitura

Norberak kantatzeko

 

Jaun Zerukoa, otoitzez gaude konfidentzia betean :
amodioa pitzaraz zazu gure sort-herri maitean,
zure lekuko agertuz beti, bizi gaitezen bakean,
batek bertzea errespetatuz, batasun sendo batean.

Eta ogia sortaraz zazu gosea dagon lekuan,
gure gidari daudenak aldiz lagundu beren karguan,
izan dezaten bihotz bat eta argi bizi bat buruan,
egia eta zuzentasuna heda ditezen munduan.

Egizu, otoi, libertatea nehork ez dezan kondena,
eta ez ahantz hobenik gabe estekan eman dutena,
zuhauren edo herria gatik pairatzen ari duena,
mundu guzian errespetatu dezan gizonak gizona.

Bada hoinbertze sofrikario eta hoinbertze behartsu,
zure eskua izan dadila denen alderat indartsu ;
mundu huntako behar-orduen berri ongi baitakizu,
komeni bada, solegi diten, Jainkoa, zerbait egizu !
(Xalbador: Odolaren mintzoa)

Iñaki saintüaren otoitza

Hona ni Jauna, har ene askatasüna,
ene oritmen, ene adimen osoa.
Har nik düdan güzia
eta enia den dena,
zük eman deiztatzüt,
zuri Jauna düt bihürtzen.
Dena zurea da, egizü denetan
nahi düzüna.

Emazü zure maitasün eta grazia, eta grazia
horiekin badiket
(?) nahikoa, nahikoa (bis)

Amen, Amen

Pier Paul Berzaitz