Archives de catégorie : Helduak

Heriotza legeztatu?

Herrialde batean, gizartean bizi ahal izateko egiten da legea. Legeak askatasun kolektiboa erregulatuko du bakotxaren askatasuna errespetatzen entseatuz. Debekatua zer den finkatuko du, eta debekuen haustearen zigorrak, xeheki ezarriko. Halaber, baimendutakoa edo egin daitekeena ezarriko du eta baimendutakoaren baldintzak zehaztuko ditu.

Legeak orientazio bat ematen du baita dagoena edo gauzatzen ari dena forma juridikoan ezartzen. Gizartean sortzen diren galdeek, bizitzako gai guzietako ikerketek, antolamendu juridikoa behar dute memento batean. Boterea beren onerako har dezaketen pertsonen influentzia, moztu behar da, denen onerako bidean ezarriz.

Hau da, legearen eginkizun ezinbestekoa eta hain zaila dena: ororen edo denen ongia eta norberaren ongia elkarrekin lotzea. Lege zibilak ez du manatzen zer egin behar den edo zer ez. Mugak ezartzen ditu debekatua zer den erranez eta aitzinetik zehaztu baldintzekin zer den haizu dena.

Horrela bizitzaren bururatzearen auzia legearen ateraino etorri da. Zer da egungo arazoa? Modu arras sinplifikatu eta labur batez erraiteko, pertsona batzuk beren bizia bukatu nahi dute eta horretarako, laguntza medikoa galdetzen dute. Baina pertsona bati hiltzen laguntzea hilketa gisa tratatzen da, hilketa guziak debekatzen duen legearen arabera. Galdegina da, beraz, legeak ez dezala kriminal gisa pertsona bat akusatu, legezko baldintza arras berezi batzuekin norbait hiltzera laguntzeagatik.

Nola lagun daiteke pertsona bat hiltzera? Galderaren eta beraz, erantzunaren gakoak bi hitzetan aurkitzen dira: lagundu eta heriotza. Lagundu hitzak harreman bat sortzen du. Bi gauza, bi entitate, bi pertsonaren artean dagon erlazioa da harremana. Pertsona batekin harremanean izaiteak, ez garela bakarrik erran nahi du eta kasik gizakiaren definizioan sartzen da. Emazte edo gizon bat ez daiteke bakarrik bizi. Ez da bere baitarik ez eta bakarrik kontzebitua eta ezin du harremanik gabe bizi. Laguna eta laguntza bere izaitearen errealitatea da. Hori da gizatasunaren berezitasuna.

Laguntzako harremanak bi pertsonen arteko zubia sortzen den komunikazio mota bat da, elkartasun afektibo sentimendu bat sortzen duena. Laguntza ekarleak harreman mota bat eskaini behar du, ustekeria eta antsietate guziak kenduta. Horrek pertsona lagundua libre sentitzea ahalbidetuko du. Ez du batak gaina hartuko bertzeari.

Harremanak biziari egiten du bide eta hori heriotzeraino. Kontua da beraz, nola lagundu hiltzera doan pertsona? Nola atxiki elkarren artean eraikia izan den zubia? Sortu duen hurbiltasunak konfiantza sorrarazi du. Bi hitz hauek dira laguntzaren bi buruko gakoa: hurbiltasuna eta konfiantza. Heriotza ez da bizitzatik kanpo den zerbait, bainan biziaren bukaera. Beraz harremanak bururaino irauten du, bizitzaren azken muturreraino irauten du eta ez da lehenago gelditzen. Norbait hiltzen laguntzea, bizitzaren azken punturaino bizitzen laguntzea da, haren hurbilean izaitea, harekin konfiantzazko harremanean izaitea.

Familietan, hainbeste pertsona laguntzea, fideltasunean eta isiltasunean, baita profesionalen zainketa eztigarriak, errealitate estimagarriak dira. Zabaldu, hedatu eta lagundu beharreko errealitateak.

Maite Iratzoki

Aurkibidea

Hezkuntza elkargoaren nigarrak

Gertakari ezin ilunagoa. Gertatu ez beharra gertatu da. Leku gerizatu baten barnean, ikastetxe baten barnean, ikasle batek bere erakaslea hil du, hor bertan, ikasgelan, bertze ikasleen begien aitzinean.

Ikastetxe bat mundu berezi bat da, haurrak eta gazteak altxatzea da haren eginkizuna. Helburu bera duten buraso eta irakasleak eskuz esku lan egitera deituak dira. Horrela, ikastetxea haur bakoitzaren, baita haur guzien hauskortasuna gerizatzeko lekua da. Bainan zer egin holako drama bat gertatzen denean ?

Donibane Lohizuneko San Tomas kolegio eta lizeoan den denak elkarretaratu dira, langile, erakasle ikasle eta laguntzaile. Elkarrekin mintzatu dira, luzaz, ikasle bakotxa bere gelan bi erakaslekin. Mintzatu, hitzak erran emozioak ateratzeko, sentitzen den guzia identifikatzeko eta bertzekin partekatzeko. Bere sufrikarioa eta ulertezintasuna partekatzeak, bere bihotzmin pertsonala bizitzen lagundu ditu. Taldearen indarrak goxatu ditu.

Entzule profesionalak, psikologoak, traumatismoak zaintzen dituztenak hor daude, presente. Heien trebetasuna ezinbertzeko laguntza da, haur eta gazteentzat, langile eta erakasleentzat. Nahi duen mementoan, behar duen mementoan, bakotxa errezebitua da profesional horiekin mintzatzeko, bere baitan zer pasatzen den erraiteko eta ulertzeko. Entzuna izaitea duintasunaren lehen urratsa da, lehen ikustatea.

Elkarrekin bildu dira erakasleak, beren erakasleen gelan. Ezinpentsa den errealitate hori nola hartu ? Ukatzearen ondotik, nola errezebi holako zartagailua? Arrazoi indibidualak hartu ezin duena eta nahi ez duena, taldeak har dezake, bat bertzearen laguntzarekin, bat bertzearen lekukotasunarekin. Bakotxaren indar pixarra denen indar bilakatu dute eta bere artaldea lagundu du zuzendariak, zeinu damutuak emanez, egoera latz huntan hain hunkitua den afektibitatea berreskuratua, errespetatua, ohoratua izan dadin. Pertsona bakotxa eta talde osoa bere izaite berezian onartua izan da. Baitezpadako indarraren iturria hor dago.

Ikasle eta langile, erakasle eta zuzendari, den denak kaperan otoitz egin dute. Zer da otoitza? Zer da otoitz egitea? Jainkoarekin eta bere buruarekin harremana da, Jainkoaren eta gure arteko harremana da, gure eta Jainkoaren arteko harremana. Konfiantxazko lokarria da, Jainkoaren aldetik gure alde eta gure aldetik Haren alde.

Den denak ere bildu dira isiltasunean. 1300 pertsona isiltasunean, kirol tokian, ez minutu batean bainan bat baino gehiagotan. Batasun osoan. Batasuna erredola gisa, segurtasun gisa, lurrera ezin bota den geriza bakar gisa.

Elkarrekin nigar egin dute. Maitasunaren lekuko diren nigarrak. Hil denaren alde diren nigarrak. Errespetuzko nigarrak. Tristuraz, penaz, ulertezinaz, injustiziaz, ezintasunaz mintzo diren nigarrak. Oihu isilen nigarrak. Jainkoaren nigarrak.

Erakasleek eta langileek, zuzendariarekin eta ikasetxeko kontseilariekin, beren lan baliosa segitzen dute. Galde hau denen helburu : Nola eman, hazi eta finka biziaren gustua? Nola erakatsi indarkeriaren menperatzea? Nola egin biziaren hautua? “Hauta zazue bizia, bizi zaitezten, bai zihaurek, bai zuen ondokoak”, dio Deutoronomista liburuak. Gertakariaren errealitatearen eta sare sozialek eta prentsak erraiten dutenaren arteko ezberdintasunaz, ikasleak ohartu dira. Erakasleak hor daude egia dena bilatzen laguntzeko, izpiritu kritikoa ukaiten laguntzeko, bere neurriko distantzia hartzen laguntzeko.

Bakotxak bere bidea eginen du, bakartasunean, bainan jakinez San Tomaseko hezkuntza elkargo osoaren sustengua, bere daukala, gertakari ilun horri elkarrekin bizi izanagatik.

Bizia izan dadila hautatua!

Maite Iratzoki

Aurkibidea

KLERIKALISMOA, KATOLIZISMOAREN EHORZLE OTE?

Klerikalismoa ongi ulertzeko eta huntarik libratzea zoin neke (batzuentzat ezinezkoa) izango den neurtzeko, haren sorburuetara jo behar da, eta ulertu behar da klerikalismoa nolaz den gaur egun « sistema » katolikoaren parte. Parada hau 2023ko urtarrilaren ondarrean Saint-Merry Hors-les-Murs webgunean agertu Michel Bouvard-en artikulu batek emaiten dauku, izenburu honekin: « Le cléricalisme sera-t-il le fossoyeur du catholicisme? », Robert Picard-ek iragan otsailaren 11an gehitu osagarri zonbaitekin. Gogoeta horiek ahal bezain leialki bi artikulutan zuenganatzeko asmoa dut, eta huna hemen lehena.

Klerikalismoa bigarren eta hirugarren mendeetan agertzen da, eta ordezkapenaren teologian oinarritzen da, « Jesus Mesiastzat ez onartzeagatik eta juduek gurutze batean Bera garbitu izanik zuten hobenduntasunagatik, Jainkoak promesaren eta antzinako batasunaren herria arbuiatuko zuela argudiatuz. Azken hauek ezeztatuz, Jainkoak Israel zaharraren (vetus Israel) ordez Israel berri bat jarriko zukeen (verus Israel – Israel egiazkoa), batasun « berri » baten eta promesaren arra-formulazio baten bidez  » (Loïc de Kérimel – « En finir avec le cléricalisme » – Éd. du Seuil).

Bere burua herri hautatu berritzat hartuz, Eliza kristauak herri juduak kudeatzen zuen hierarkia-sistemaren ezaugarri guziak biltzen ditu: hara bere burua sakratutzat (Jainkoarekin lotura zuzena duena) eta herriaren gaineko boterea duen apez kasta goren baten agerpena. Lehenbiziko kontzilioek (Nikea 325ean, Konstantinoplako lehen kontzilioa 381ean), Konstantino eta bere ondokoek Eliza sortuberriak osatzen duen indar moralean bermatzeko duten borondate argiari uztartuz, kleroen eta laikoen arteko hierarkia eta segregazioaren nozio hau finkatuko dute.

Bestalde, juduen errituetan hain presente dagon garbi-lizunaren nozioa, nahiz eta Jesusek Ebanjelioetan etengabe kritikatzen duen, Elizaren baitan aurkitzen da eta, aldi berean, gizon-emazteen segregazioaren abiapuntua da, emaztea, erlisione anitzetan bezala, izaki lizuna delarik (hilabetekoak), eta zelibatoaren justifikazioa: sakratua bihurtzeko, gizonak uko egin behar du emaztearekin niholako harreman sexualik izaiteari; sakratua, nolabait, zelibato horren ordaina bihurtzen da; gisa hortan, zelibato eta sakratu kontzeptuak loturik daude.

X. mende ondarreran, XI. mende hastapenean, mendebaldeko Eliza egoera tristean dago. Apezpikuak eta apezak, printze eta jaunek izendatzen dituzte, eta hautagaiak, gehienetan, Ebanjelioarekin zerikusi handirik ez duten dohainengatik hautatzen dira. Aita Saindua enperadore germaniarraren azpiko dago. 964an, Joanes XXII.a aita saindua, Oton I.a enperadorearen kreatura, hiltzen da, emazte ezkondu bat bahitzen ari zenean. Apez gehienak ezkonduak dira, eta apez-karguak aitatik semera pasatzen dira. Apezpikuek eta apezek karguak erosten dituzte.

Eskua berriz hartu behar da. Arra-eskuhartze hau gogorki eramana izanen da, basaki ez erraiteko. 1057 eta 1080 bitartean, Esteban IX.a, Nikolas II.a, Alexandro II.a eta, bereziki, Gregorio VII.a aita sainduek, printzeen nagusitasunetik libratzea ardietsi zutenak, erreformaren funtsa inposatzen dute. Orduan, indarrean sartzen da « Gregoriar Erreforma » bezala ezagutzen dena.

Kardinalek bakarrik izendatzen dute aita saindua, enperadorearen esku-hartzerik gabe. Apezpikuen eta ere subiranoen gainean duen aginpidea baieztatzen da. Zelibatoa apez guziei inposatua da. Ezkonduak emaztearenganik berexi behar dira (beren ezkontzak baliogabetzat jotzen dira). « Simonia » (eliz-karguen sal-eros ahalmena) zorrozki debekatua da. 1123an, Latran I.aren kontzilioak eraikina berresten, indartzen eta kodifikatzen du.

Gisa hortan, sistema zentralizatu bat ezarri da, autoritarioa, kleroen eta laikoen arteko haustura sakon bat duena. Desbideratze horiek, ebanjelioko mezuari begira, oraino indarturik aterako dira Kontra-Erreformatik (Trentoko kontzilioa 1542an). Hunek, klerikal hierarkia sistema sendotzen du, berdin kleroen eta laikoen arteko banaketa: fededun soilei ezinezkoa zaiote jainkozkoarekin harremanetan sartzea apez-sakrifikatzaileen bitartekaritzatik pasatu gabe. Sistema hunek kasik milurteko bat iraun du eta zorroztasun gorena ezagutu du Pio IX.a eta Pio X.aren pontifikutzekin eta Vatikanoko I. Kontzilioarekin (1869-1870).

Ondoko aldian ikusiko dugu « sistema » hau nola errotua dagon gaur egungo ibil-moldetan, politikaraino.

Peio Ospital – 2023/03/02

Peio Ospitalen kronikak: Aurkibidea

Gerla zertako eta zertarako ?

Duela laster urtea hasi zen Ukrainako gerla : 2022ko otsailaren 24an, Errusiako armada indarka sartu zen auzoko erresuma horretan. Ukrainarren adiskideak harritu ginen, eta beldurtu berehala zeporatuko zutela errusiarrek. Putinek ere hori bera uste zuen : Kiev hiriburua hiru egunez hartuko zuela, anartean Zelenski lehendakaria garbituko, gobernua deseginen, bere gizonak karguan jarriko, erresuma osoa jarraian meneratuko, hango jendea bere alde zuelakoan.

Ez zen ordea holakorik gertatu : ukrainarrek ezin hobeki buru eman zioten, eta udaren erditik hein batean gaina hartu ere mendebaldetiko armei esker. Orain neguak bi armadak izoztu bezala ditu, beren arroila eta lubakietan erdi ehortzirik daude, haatik ez geldirik. Hementxe batak, hantxe besteak atakatzen du, gizon anitz galduz metro zenbaiten irabazteko. Eraso handiak aitzinikusten dira udaberri/primaderako, alde batetik eta/edo bestetik. Tunelaren puntarik ez da oraino agertzen.

Adituen arabera Ukrainak ehun bat mila soldadu galduak ditu hilak eta zauritu larriak metatuz, Errusiak ehuneta laurogei bat mila. Gainera honek Ukrainan bazter guziak xehatzen ditu, zibilak zinez kaltetzen, milioika ihes igortzen atzerrira edo erresuman barreiatzen, ekonomia izorratzen, berea barne, mundu osoko bakea kinka larrian jartzen…

Zer nahi du Putinek ? Ez dezake onar Ukrainak Errusiari bizkarra eman diezon Europako Batasunean sartzeko. Gehiago ere, berak erranik : ez du nazionetzat ezagutzen, Errusiako zati bat zaio. Bere azpira bildu nahi luke, zuzenka ez bada zeiharka, gainera Errusia handia berriz josi, Europa zatitu, OTAN erakundea urrundu…Eta zer erdietsi du ? Lerro guzian bere burua izorratu du : OTAN iratzarri du eta hedatzera bulkatu. Europaren batasuna ere azkartu du, armatzera lehiarazi, Ukrainaren naziotasuna barnatu Errusiaren etsai eginez, bere armada eta ekonomia zinez ahuldu…

Gerla horren kariara orokoki zer pentsa, zer ondorio atera iraunkorki ? Estatuen arteko mugak usuenik artifizialak dira, eztabaidagarriak ; erresuma gehixenek beren baitan hizkuntzazko gutiengo nazionalak badituzte, Frantzian berean ikus dezakegunez, gure kasutik hasiz. Beren artean beste gisako ezadostasunik ere badute, adibez ibai edo uhaitz bateko ura biren edo gehiagoren artean banatu behar denean, eta kasu hori gero eta gehiago gertatuko zaigu klima berotzen eta idortzen ari den arau. Gerla ote da desadostasun horien eta beste guzien konpontzeko bidea, gainera oraiko arma lazgarriekin ? Estatu bateko armada auzoko erresuman sar ote daiteke tiroka ? « Gerlak ez du makurrik zuzentzen, errausten du deus eman gabe / Galtzaileak ez duke bakerik, arrabantxa bat hartu arte » kantatu zen Abdelkader pastoralean.

Ikusten dugu nolako arriskua dakarren estatuburu batek botere sobera ukaiteak. Urgulutan sartzen da, itsutzen da, eta hor dago gakoa edo giltza, desertuko hiru tentamenduei atea irekitzen diena : ezin asea ondasunetan, boterean eta ospean edo aintzan. Diktadore guziak bezala, Putin itsudura horretan bizi da, baita gezurrean, ingurukoek beldurrez egia karatsik ez baitiote salatzen. Ongi argitu balute, gerla hori piztuko zuena ? Eta orain badakia galtzeko zorian dagoela ?

Frantzian ez da holako tiranorik, bai ordea botere gehiegi duen lehendakari bat, gerlaz eta bakeaz berak bakarka deliberatzen duena. Sarkozyk parlamentuari baimenik eskatu barik, eskua Libian sartu zuen, Afrikan bazterrak nahasiz. Gero Hollandek halaber Maliko gudukan parte hartu zuen. Orain Macron bere baitarik han gaindi gibelka hasia zaigu, sobera luzatu ondoan. Herritar eta ziutadanoek ez ote dugu holako aferetan sudurra sartu behar, gutienez gure diputatu eta senatarien arartez ? Gerla eta bakea ez ote ditugu denen kezkak ? Zorigaiztokoa bakarka dabilan gizona, dio nonbait Bibliak.

J-L.Davant

26. salmoa. Urteko 3. Igandea A

Femme, Cascade, Forêt, Lumière Du Soleil

Jauna dut argi, Jauna geriza, ni nork izi?

Jauna dut argi, Jauna geriza, ni nork izi?
Jauna dut lagun: nork behar nau ni dardarazi
Hau da Jaunari bakar bakarra, hau galdea:
Haren etxean bizi naizeno egoitea.

Jauna dut argi, Jauna geriza, ni nork izi?

Badut sineste: ikusiko dut zoin den ona
Bizi direnen lurrean ona Jainko Jauna.
Egon bakean Jaunaren beha, izan gizon:
Altxa bihotza eta Jaunaren beha egon.

Tonu bat ‘t’ erdi beherago

Abenduko 4. Ig A 23. salmoa

Hurbil da Jauna, hari otoizka daudeneri.
Jainkoarenak mundua eta mundukoak,
Bai lurra eta lurrekoak.
Harek du lurra itsas gainean ezarria,
Ibai artean hor jarria;

Hurbil da Jauna, hari otoizka daudeneri.
Nor iganen da Jainko Jaunaren mendiraino?
Dagon tokian nor sartuko?
Eskuak eta bihotza garbi dabilana,
Gezurretarat ez doana.

Hurbil da Jauna, hari otoizka daudeneri.
Eginen dio Jaun zerukoak ongi hari,
Emanen dio Jaunak sari.
Jainko Jaunaren begitartea noiz non goza,
Holakoak bai badabiltza.

145. salmoa. Abenduko 3. ig. A urtea.

G. Lertxundi: Editions Ezkila . Tous droits réservés.

Tonu bat beherago Boz sintetikoan:

Salba gaitzazu, zato, Jauna!

Jaunak betiko baitu zaintzen,
Bertzek joentzat hura zuzen.
Gosetueri harek ogi,
Gakotueri harek argi.

Salba gaitzazu, zato, Jauna!

Itsutueri Jaunak begi,
Lehertueri dio: jeiki!
Jaunak laguntzen urrun joanak,
Hazten umezurtz, alargunak.

Salba gaitzazu, zato, Jauna!

Jaunak zuzenak ditu maite.
Gizon makurrek traban dute.
Jainkoa Jainko betiere,
Gure Jauna Jaun mendez mende

Salba gaitzazu, zato, Jauna!

 

 

Zato Izpiritua K3-2

Lehen bertsu boz sintetikoan:

5 bertsuren musika:

Zato Izpiritua, kreatzailee Saindua,

Bero zatzu bihotzak, zu gabe diree hotzak.

1 –

Bete zatzuu graziez, Zerutik egoorriez,

Guure adiimenduak Zeronek moldaatuak.

Zato Izpiritua, kreatzailee Saindua,

Bero zatzu bihotzak, zu gabe diree hotzak.

2 –

Kontsolatzaaile ona izendatzen zaarena,

Doohain baliiosena Jaun zerukoaarena.

Zato Izpiritua, kreatzailee Saindua,

Bero zatzu bihotzak, zu gabe diree hotzak.

3 –

Iturburuu bizia, amodio gaarbia,

Kaaritatee kartsua, artatzaile saaindua.

Zato Izpiritua, kreatzailee Saindua,

Bero zatzu bihotzak, zu gabe diree hotzak.

4 –

Fededuneen bihotzak berotu tutzuu hotzak

eeta betee dohainez Izpirituaarenez.

Zato Izpiritua, kreatzailee Saindua,

Bero zatzu bihotzak, zu gabe diree hotzak.

5 –

Zato Izpiiritua, Izpiritu Saaindua,

Hoola lasteer mundua dadien berriitua.

Zato Izpiritua, kreatzailee Saindua,

Bero zatzu bihotzak, zu gabe diree hotzak.

Bihotz Jesus maitearena

Lehen bertsua boz sintetikoan:

Lau bertsuren musika:

1 –
Bihotz Jesus maitearena
Graziaren iturria :
Hemen naiz bihotz samurrena
Zure ganat etorria.

Oi ezin aski laudatuzko
bihotz garbi sakratua,
Noiz zaitut bada maitatuko ?
Zerk nauka sorraiotua ?
Noiz zaitut bada maitatuko ?
Zerk nauka sorraiotua ?
2 –
Alferretan nauzu bilatu,
Bihotz beti zabaldua ;
Zure ganik naiz aldaratu :
Oi hau da zoramendua !

Oi ezin aski laudatuzko
bihotz garbi sakratua,
Noiz zaitut bada maitatuko ?
Zerk nauka sorraiotua ?
Noiz zaitut bada maitatuko ?
Zerk nauka sorraiotua ?

3 –
Bihotz ihes-leku segura
Kreatura guzientzat :
Amodiozko gaindidura,
Zer egiten dut zuretzat ?

Oi ezin aski laudatuzko
bihotz garbi sakratua,
Noiz zaitut bada maitatuko ?
Zerk nauka sorraiotua ?
Noiz zaitut bada maitatuko ?
Zerk nauka sorraiotua ?
4 –
Bihotz guziz ona zarena,
Hasten naiz zure maitatzen ;
Zu gabe bizi daitekena
Osoki zait urrikaltzen.

Oi ezin aski laudatuzko
bihotz garbi sakratua,
Noiz zaitut bada maitatuko ?
Zerk nauka sorraiotua ?
Noiz zaitut bada maitatuko ?
Zerk nauka sorraiotua ?