Gerla zertako eta zertarako ?

Duela laster urtea hasi zen Ukrainako gerla : 2022ko otsailaren 24an, Errusiako armada indarka sartu zen auzoko erresuma horretan. Ukrainarren adiskideak harritu ginen, eta beldurtu berehala zeporatuko zutela errusiarrek. Putinek ere hori bera uste zuen : Kiev hiriburua hiru egunez hartuko zuela, anartean Zelenski lehendakaria garbituko, gobernua deseginen, bere gizonak karguan jarriko, erresuma osoa jarraian meneratuko, hango jendea bere alde zuelakoan.

Ez zen ordea holakorik gertatu : ukrainarrek ezin hobeki buru eman zioten, eta udaren erditik hein batean gaina hartu ere mendebaldetiko armei esker. Orain neguak bi armadak izoztu bezala ditu, beren arroila eta lubakietan erdi ehortzirik daude, haatik ez geldirik. Hementxe batak, hantxe besteak atakatzen du, gizon anitz galduz metro zenbaiten irabazteko. Eraso handiak aitzinikusten dira udaberri/primaderako, alde batetik eta/edo bestetik. Tunelaren puntarik ez da oraino agertzen.

Adituen arabera Ukrainak ehun bat mila soldadu galduak ditu hilak eta zauritu larriak metatuz, Errusiak ehuneta laurogei bat mila. Gainera honek Ukrainan bazter guziak xehatzen ditu, zibilak zinez kaltetzen, milioika ihes igortzen atzerrira edo erresuman barreiatzen, ekonomia izorratzen, berea barne, mundu osoko bakea kinka larrian jartzen…

Zer nahi du Putinek ? Ez dezake onar Ukrainak Errusiari bizkarra eman diezon Europako Batasunean sartzeko. Gehiago ere, berak erranik : ez du nazionetzat ezagutzen, Errusiako zati bat zaio. Bere azpira bildu nahi luke, zuzenka ez bada zeiharka, gainera Errusia handia berriz josi, Europa zatitu, OTAN erakundea urrundu…Eta zer erdietsi du ? Lerro guzian bere burua izorratu du : OTAN iratzarri du eta hedatzera bulkatu. Europaren batasuna ere azkartu du, armatzera lehiarazi, Ukrainaren naziotasuna barnatu Errusiaren etsai eginez, bere armada eta ekonomia zinez ahuldu…

Gerla horren kariara orokoki zer pentsa, zer ondorio atera iraunkorki ? Estatuen arteko mugak usuenik artifizialak dira, eztabaidagarriak ; erresuma gehixenek beren baitan hizkuntzazko gutiengo nazionalak badituzte, Frantzian berean ikus dezakegunez, gure kasutik hasiz. Beren artean beste gisako ezadostasunik ere badute, adibez ibai edo uhaitz bateko ura biren edo gehiagoren artean banatu behar denean, eta kasu hori gero eta gehiago gertatuko zaigu klima berotzen eta idortzen ari den arau. Gerla ote da desadostasun horien eta beste guzien konpontzeko bidea, gainera oraiko arma lazgarriekin ? Estatu bateko armada auzoko erresuman sar ote daiteke tiroka ? « Gerlak ez du makurrik zuzentzen, errausten du deus eman gabe / Galtzaileak ez duke bakerik, arrabantxa bat hartu arte » kantatu zen Abdelkader pastoralean.

Ikusten dugu nolako arriskua dakarren estatuburu batek botere sobera ukaiteak. Urgulutan sartzen da, itsutzen da, eta hor dago gakoa edo giltza, desertuko hiru tentamenduei atea irekitzen diena : ezin asea ondasunetan, boterean eta ospean edo aintzan. Diktadore guziak bezala, Putin itsudura horretan bizi da, baita gezurrean, ingurukoek beldurrez egia karatsik ez baitiote salatzen. Ongi argitu balute, gerla hori piztuko zuena ? Eta orain badakia galtzeko zorian dagoela ?

Frantzian ez da holako tiranorik, bai ordea botere gehiegi duen lehendakari bat, gerlaz eta bakeaz berak bakarka deliberatzen duena. Sarkozyk parlamentuari baimenik eskatu barik, eskua Libian sartu zuen, Afrikan bazterrak nahasiz. Gero Hollandek halaber Maliko gudukan parte hartu zuen. Orain Macron bere baitarik han gaindi gibelka hasia zaigu, sobera luzatu ondoan. Herritar eta ziutadanoek ez ote dugu holako aferetan sudurra sartu behar, gutienez gure diputatu eta senatarien arartez ? Gerla eta bakea ez ote ditugu denen kezkak ? Zorigaiztokoa bakarka dabilan gizona, dio nonbait Bibliak.

J-L.Davant