Tous les articles par admin1653

Goizeko otoitz

Izpiritua bihotzen argia
Zato, Izpiritua,
eta guri zerutik
igor zure argia.
Zato, behartsuen aita,
zato, dohain emailea,
zato, bihotzen argia.
Kontsolatzaile hoberena,
arimetan zaudena,
minen eztitzailea.
Lan aldietan pausu,
bero aldietan itzal,
nigar aldietan gozo.
Oi argi dohatsua,
fededun guzieri
bete bihotz barnea.

Zure laguntza gabe
deus ez da jendean,
deus hoben gabe.
Garbi lohi dena,
urezta idor dena,
senda zauri dena.
Hunki gogor dagona,
susta hotzik dagona,
xuxent makur doana.
Zazpi dohain sainduak
eman fededuneri,
dena zuri daudeneri.
Eman merezimendu,
eman salbamendu,
eman betiko zorion.

Mendekosteko kantu

Goizetik zure ondotik nabila

Jainko, ene Jainkoa,
goizetik zure ondotik nabila,
zure egarriz daukat arima,
zure tirriaz gorputza,
lur idor, egarri, urgabe iduria.
Zuri begira egon naiz saindutegian,
zure indarra eta ospea ikusi nahian.

Bizia baino hobea da zure maitasuna !
ene ezpainek eginen dute zure gorespena.
Bai, benedikatuko zaitut bizi naizeno,
eskuak zuri dei eginez ditut altxatuko.
Jakirik gozoenez bezala naiz aseko,
ezpain alaiez ene ahoak zaitu goretsiko.

Zutaz oroitzen naiz ohe gainean,
ene gogoa zuri dago gauean.
Bai, zu ukan zaitut laguntzaile;
pozez oihuka nago zure hegalen itzalean.
Zuri lotua dago nere gogoa osorik,
zure eskuak nauka xutik.

63. salmotik

Bihotz ona da Jauna

Goretsiko zaitut, ene Jainko, ene errege,
benedikatuko dut zure izena betiere.
Benedikatuko zaitut egunoro,
zure izena betiere goraipatuko.

Urrikalkorra eta bihozbera da Jauna,
berant-hasarre eta ongi-nahi handikoa.
Ona da Jauna guzientzat,
samurra berak egin guzientzat.

Fidagarria da Jauna bere hitz guzietan,
leiala bere egintza orotan.
Erortzer direnak, Jaunak xutik atxikitzen ditu,
lur-joak altxatzen.

Egin beza nere ahoak jaunaren gorespena
eta benedika bezate izaki guziek haren izen saindua
beti eta beti !

145. salmotik

Aintza Jaunari

Aintza zeruetan Jaungoikoari,
eta bakea lurrean haren gogoko gizoneri.
Hain handi eta eder zaitugulakotz,
gora zu, benedikatua zu.
Gorespen zuri, ahuspez agur, eskerrak zuri.
Jainko Jauna, zeruko errege.
Jaungoiko Aita guziahalduna.

Jauna, Seme bakar, Jesu Kristo.
Jainko Jauna
Jainkoaren bildots, Aitaren Seme.
Zuk kentzen duzu munduko bekatua,
urrikal, Jauna.
Zuk kentzen duzu munduko bekatua,
entzun gure deia.
Aitaren eskuinaldean jarririk zaude zu,
urrikal, Jauna.
Zu bakarrik saindua.
Zu bakarrik Jauna.
Zu bakarrik Goi-goikoa, Jesu Kristo.

Izpiritu Sainduarekin
Jainko Aitaren argitan.
Amen.

Manamendurik handiena

Lege-gizon batek, hutsean atzeman nahiz,
Jesusi galdegin zion :
“Irakasle Jauna, zoin da
Legeko manamendurik handiena ?”
Jesusek ihardetsi :

“Maitatuko duzu zure Jainko Jauna
zure bihotz guziaz,
zure arima guziaz
eta zure gogo guziaz.

Horra manamendu handiena, lehena.
Eta bigarrena horren betekoa da :
Maitatuko duzu zure aldeko laguna
zeure burua bezala.
Bi manamendu horietan dago lege guzia,
bai eta profetak.”

Ebanjelioa Jondoni Matiuren arabera 22, 37-40

Hemen ixtan bat ixilik nago ikusteko nola bete dezaketan
gaur Jainkoaren manamendurik handiena.

Bake emaile

Egizu, Jauna, nitarik zure bakearen emailea :

Herra den lekuan, ezar dezadan maitasuna ;
laidoa den lekuan, ezar dezadan barkamendua ;
berexgoa den lekuan, ezar dezadan batasuna ;
gezurra den lekuan, ezar dezadan egia ;
duda den lekuan, ezar dezadan fedea ;
etsia den lekuan, ezar dezadan esperantza ;
ilunpea den lekuan, ezar dezadan argia ;
hisdura den lekuan, ezar dezadan bozkarioa.

Jauna, egizu bila dezadan lehenik
ez kontsolatua izaitea, baizik kontsolatzea,
ez konprenditua izaitea, baizik konprenditzea,
ez maitatua izaitea, baizik maitatzea .

Emanez baitugu ukaiten,
guhaur ahantziz baitugu aurkitzen,
barkatuz baitugu barkamendu ardiesten,
hilez baigira betiereko bizirat pizten.

Gure Aita…

Aita, gaur ere zuri buruz goazi :
maitasunez gida gaitzazu bidean,
zure Semea lagun
eta Izpiritu Saindua indar,
galdu gabe zutaraino hel gaitezen.
edo
Aita, zure Hitzari eta Izpirituaren indarrari
zabal zazu gure bihotza.
Emaguzu aski argi
zure nahia nun den ikusteko,
eta aski kar
egun huntan haren betetzeko.
edo
Jainko betierekoa,
zure maitasuna neurrigabea da.
Guk merezitu eta gutiziatu baino gehiago
betetzen dituzu gure galdeak.
Ixur-azu gure gainerat zure urrikalmendua,
gure bihotza kezkatzen duena kendurik,
eman dezaukuzun
eskatzerat ausartatzen ez girena.
Aldareko liburutik

Aingeru batek Mariari

Aingeru batek Mariari
dio : “Graziaz betea,
Jaungoikoaren Semeari
emanen diozu sortzea.”
Agur Maria…
“Jainkoaren nahi saindua
ni baitan dadin egina !
Izan nadien amatua,
bainan geldituz birjina.”
Agur Maria…
Orduan Berbo dibinoa
gorputz batez da beztitzen.
Oi ontasun egiazkoa :
Jauna gurekin egoiten !
Agur Maria…
Otoitz zazu zure Semea,
gure ama amultsua ;
izan dezagun fagorea
ardiesteko zerua.
Agur Maria…

Usaiako otoitzak

 

Kurutzearen seinalea
Aitaren
eta Semearen
eta Izpiritu Sainduaren izenean.
Amen.

Ospe Aitari
Ospe Aitari, Semeari,
bai Izpiritu Sainduari,
lehen bezala orai ere,
hala dadila betiere.

Jaunaren otoitza
Gure Aita zeruetan zarena,
saindu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezala lurrean ere.
Emaguzu gaur
egun huntako ogia.
Barkatu gure zorrak
guk ere gure zordunei
barkatzen diegunaz geroz.
Eta ez gu tentaldirat ereman,
bainan atera gaitzazu gaitzetik.

Agur, Maria
Agur, Maria, graziaz betea,
Jauna da zurekin,
benedikatua zare emazte guzien artean,
eta benedikatua da
zure sabeleko fruitua, Jesus.
Maria Saindua,
Jainkoaren ama,
egizu otoitz gu bekatorosentzat,
orai eta gure heriotzeko orenean.
Amen.

Sinesten dut
Sinesten dut Jainko Aita botere guzia duena baitan,
zeruaren eta lurraren kreatzailean.
Eta Jesu Kristo haren seme bakar,
gure Jauna baitan ;
zoin kontzebitu baitzen
Izpiritu Sainduaren bertutez,
sortu zen Maria Birjina ganik,
pairatu zuen Pontzio Pilatusen manuaren azpian,
kurutzefikatu zuten, hil zen, eta ehortzi zuten ;
jautsi zen ifernuetarat,
hirugarren egunean jeiki zen bizirik hilen artetik,
igan zen zeruetarat,
jarria dago Jainko Aita
botere guzia duenaren eskuinean,
handik etorriko da bizien eta hilen jujatzerat.
Sinesten dut Izpiritu Saindua baitan,
Eliza katoliko, sainduan,
sainduen partaliertasunean,
bekatuen barkamenduan,
haragiaren piztean,
beti iraunen duen bizitzean.
Amen.

Fede aitormena
Zu baitan sinesten dut,
Jauna, Jainko bakarra.
Bataioari esker zure biziaz bizi naiz.
Azkar zazu ene fedea,
eta Izpiritu Saindua igor ezadazu
beti Jesu Kristo zure Semeari jarraik nakion.
edo
Ene Jainkoa, sinesten ditut,
zinez eta bihotz guziaz,
Elizak sinesten eta erakasten dituen egia guziak :
zeren zuk, egia bera zarenak,
erakatsi baitiozkatzu.
Esperantza aitormena
Zu baitan esperantza dut, Jauna.
Maite zaituzteneri
egiazko bizia hitzeman diozute.
Azkar zazu ene fidantzia,
Jesu Kristo zure Semeak herioa garaitu duelakotz,
oraidanik betiko bizia emaiten dautazula.
edo
Ene Jainkoa, esperantza dut,
sineste fermu batekin, emanen dautazula,
Jesu Kristoren merezimenduen gatik,
mundu huntan zure grazia,
eta zure manamenduer jarraikitzen banaiz,
bestean zure loria,
zeren hitzeman baituzu,
eta baitzare zure hitzetan osoki leiala.
Maitasun aitormena
Maite zaitut, Jauna,
zuk lehenik maitatu nauzulakotz.
Zure Izpirituak ene baitan
azkar dezala maitasuna,
jende guziak maita ditzadan
bururaino maitatu zituen
Jesu Kristo zure Semeak bezala.
edo
Ene Jainkoa, maite zaitut,
ene bihotz guziaz eta gauza guzien gainetik,
zeren baitzare guziz ona eta osoki maitagarria ;
maite dut halaber ene laguna ene burua bezala
zure amorea gatik.

Bekatuen urrikia
Aitortzen diot Jainko guziz ahaltsuari,
eta zueri ere bai, ene haurrideri,
bekatu egin dutala
gogoeta, hitz eta egitez,
eta egin beharrak ez eginez :
bai, bekatore naiz.
Horrengatik eskatzen diotet
Andredena Maria beti Birjinari,
aingeru eta saindu guzieri,
eta zueri ere bai, ene haurrideri,
otoitz egin dezozuen ene alde
Jainko gure Jaunari.

Urriki aitormena
Jauna, bekatu egin dut
zure kontra eta ene anaien kontra,
bainan zuk barkatzen duzu.
Onar zazu ene urrikia,
eta emadazu zure maitasunaren arabera
bizitzeko indarra.
edo
Jainko gure Aita,
maite gaituzu, eta beti barkatzen.
Urriki dut gaizkia eginik :
lagunt nezazu ene bihotzaren berritzen,
eta zure haur bezala bizitzen.
edo
Ene Jainkoa,
handizki damu dut zu ofentsaturik,
zeren guziz ona zaren
eta zeren bekatua hastio duzun.
Barka zadazu
Jesu Kristoren merezimenduen gatik.
Hartzen dut xede zin bat,
zure graziarekin batean,
zu gehiago ez ofentsatzeko
eta penitentzia egiteko.

Argiaren lehen zirrinta

 

Argiaren lehen zirrinta

Zure ganik sortu baita

denak Jauna gaiten bil eta

Zure aintza dugun kanta (bis)

1 –

Zuk emanik dugu bizia,

Zuk emanik iguzkia.

Kantuz jeiki mundu guzia,

Jauna baitan bozkaria.

2 –

Lurpetik da Kristo jalia,

Altxaturik hil-harria.

Hura lagun gaiten abia

Moldatzean lur berria.

3 –

Gure beha dagon Aitari

Denak etor gaur kantari;

Goazen gero Kristo iduri

Emanez gar munduari.

118. salmoa L.a. 18 / S.a. 17 (bukatzekoa)

Urteko 6. Igandea A

Partitura

Dohatsu Jaunak eman legean dabiltzanak.

Dohatsu bide garbi garbian ari dena,

Jainko legean dabilana.

Dohatsu Jaunak manatueri jartzen dena,

Bihotzez bila doakona.

Dohatsu Jaunak eman legean dabiltzanak.

Zuk dauzkigutzu manamenduak guri eman,

Osoki gaiten ibil hoitan.

Nere bideak agian zuzen doatzila,

Legeari jar nondik nola.

Dohatsu Jaunak eman legean dabiltzanak.

On izan zaite zure hunentzat, bizi nadin,

Zuk manatua dudan egin.

Zabal-zkidatzu neri begiak, dudan goza

Zure legeen argi gaitza.

Dohatsu Jaunak eman legean dabiltzanak.

Zure nahien bidea erran nondik non den,

Hartan artoski bainaiz joanen

Argi nezazu zure legean sartu arte,

Bihotz guziaz dudan bete.