Tous les articles par admin1653

Kimuak sortzen

Edozoin aldetan, edozoin gaietan, berri txarrak ari dira zabaltzen. Izan dadila klima, erlisionea, politika, ekonomia, laño beltz batek estaltzen du. Astekari hunen sail batek, Jainkoa, Bizia, Jendea deitua, begirada doi bat ezberdina ematera edo gauzak fede perspektiba batetik begiratzera gomitatzen gaitu. Errealitate latz huntan, kimuak edo muskilak ikustea dagokigu.

Eta botoi eder bat ikusi dut duela guti. Eliza katolikoaren klerikalismoa aita sainduak eta girixtino askok salatzen dute, Elizaren funtzionamenduaren leku osoa hartzen du, eta jendeak menpean ezartzea, gizon batzuen erabakien egile bihurtzeko arriskuarekin.

Klerikalismo ilun hortan, muskil bat agertu da. Mixel Oronos gogoan, Belokeko kaperan elkarretaratze bat egin da. Igande arratsalde bat zen. Jendeak etorri dira lagunekin edo familian edo bakarrik eta Baigorriarak autobusez. Denek kapera bete dute. Harrera egin da euskaraz eta frantsesez, ebanjelioa irakurria izan da eta komentatua, lekukotasunak eman dira, emazte eta gizonen partetik, lagun eta adixkide, katoliko eta protestanta, euskaraz eta frantsesez, otoitz egin da, Baigorriko koralak, xuri urdinez beztitua, kantu eder batzu eskaini dituela.

Liturgia baten osagai guziak baziren, mamitsua izan da, forma ideki batean. Ez da dena esku bakar batean kondentsatua izan, persona bakar batean. Antolatu dutenek, dei egin dute bai musikarieri, bai lekukotasunak emaiteko prest ziren laguneri, bai gogoeta aurkezteko gai zireneri. Hor ziren laiko eta apez, emazte eta gizon, bakotxak bere harria eramanez izpirituzko eta maitasunezko elkartze horren eraikuntzara. Zeremonia xinple eta egiazkoa izan da, kartsua, bihotz altxagarria, nun denak ongi sentitzen ziren.

Nun da kimua? Luzaz uste izan da girixtinoen elkarretaratzea meza edo apez bat buru duen elizkizuna bertzerik ez zela. Uste izan da laikoek ez direla gai girixtino bilkura bat antolatzeko eta oroz gainetik buru izaiteko. Hor da kimua, ongi ikusi da hor, laiko eta apez, eskuz esku lan egiteko prest direla eta gai direla. Apezek badute beren berezitasun beharrezkoa ; laikoek badute beren berezitasun beharrezkoa; bataioak girixtino egoera berean jartzen gaitu, erantzukizun berean, ez bat bertzea baino gorago edo apalago.

Kimu hori ikusten da ere molde berri batean zelebratzen diren mezetan. Deitzen dira “bere denbora hartzen duen meza”. Talde batek antolatzen du, apezak bere toki espezifikoa hartuz, eta gainetakoa banatuz, izan dadila ebanjelioaren irakurtzea, predikuaren egitea, gogoeten partekatzea.

Bertze kimu bat ere ikusten da han edo hemen, bakan oraino. Apezpiku edo apez bat baino gehiago direlarik, bat dago zeremoniaren buru, eta bertzeak jenden artean kokatzen dira, fededunen artean, laikoekin. Klerikalismotik ateratzeko ate ttiki bat.

Botoiak ikustekoak dira ere formakuntzan. Apezek, eta batzuetan serora eta frailek, erlisioneari lotuak diren arloan irakasteko eskumena onartua zuten eta denen buru ezarri ziren. Gaur egun, Biblia Ikasketen Unibertsitateko titulua duten emazte eta gizonak onartuak dira erakasteko. Gure eskualdean badira taldeak bibliako testuak horrela ikasten dituztenak, bai euskaraz, bai frantsesez, emazte edo gizon baten laguntzarekin.

Kimuak osto, adar, fruitu bilakatzen dira beren sasoinean. Fruitu onak eskuragarri ditugu jadanik Lapurdiko irratia entzuten dugunean edo Fedeola.eus kontsultatzen dugunean.

Mixel Oronosen otoitz batek muskilen fruituak aurkezten ditu,:

Goiko Jauna, emaguzu bihotz berri bat. Goiko Jauna emaguzu Izpiritu berri bat. Izpirituaren fruitua : bozkarioa, bakea, pazientzia, maitasuna. Izpirituaren fruitua : ongi nahia, leialtasuna, bihotz ona, eztitasuna, bere buruaren jabe izaitea. Bizi berri bat emaiten badauku Izpirituak joka dezagun Izpirituaten arabera.

Maite Iratzoki

Girixtinoen batasuna

Audioa ezin aurki Lapurdi Irratian

Girixtinoen batasuna

2,2 miliar girixtino dira munduan, mundu zabaleko jendetzearen herena. Eta urtero desafio bat bezala egina zauku : aste batez, urtarrilaren 18tik 25erat girixtinoen batasunaren alde otoitz egitea. Alabaina, nola pentsatu batasuna mundu osoko errealitate batean, mundua konektatua izanik ere!

Girixtinoen munduan, ezberdintasunak ikusten dira bilatu gabe. Sinesdun eta ez pratikatzaile erraiten dutenetik sineskor zorrotz agertzen direneraino, zenbat adierazpen fedearen izenean! Eta hola izan da haste hastetik. Jesusen lehen segitzaile edo jarraikitzen zitzaionek kexatu ziren heien taldean ez ziren gizon batzu, erakasten ari zirela salatuz.

Haste hastetik ere Jesusek berak eraiki Eliza kudeatzeko gizon bat hautatu zuen, Piarres izenekoa, bainan Paulokin eztabadak sortu ziren. Hunek ez zuen Jesus ezagutu zuzenean, harekin bide eginez, eta nahi zuen dizipuluekin mintzatu. Zer ziren eta nola pasatu ziren Jesusen egunak Palestinako bideetan nahi zuen ikasi, baita ere Jesusen pasionea, hiltzea, berpiztea. Nahi zuen ere jakin zer ziren usaiak, nolako liturgia behar zen ibili, nor bataiatu eta nor ez, zer jan eta zer ez jan. Eta huntan izan ziren eztabada haundienak : zer baldintza ezarri girixtino bihurtu nahi zuten paganoeri, bereziki janarian. Hor izan zen lehen kontzilioa, Jerusalemen, gizon horien artean.

Geroztik, girixtinoek zabaldu dira munduan, ebanjelioaren mezua partekatuz eta hedatuz, liturgiaren bidez jendeak elkarretaratuz. Harrigarri eta hunkigarri da meza batean parte hartzea munduko edozoin herrialde edo erresumetan. Japonian, Xinan, Afrikako erresumetan, Indian, Viet-Namen, Ameriketako herrialdetan, ipar eta hego aldetan, Europako erresumetan, Errusian… denetan mezan parte har ditake bertako jendeekin bat eginez. Hizkuntza ezberdina eta jestu berdinak. Kantuen hitzak ez ezagunak, bainan musika ezaguna, beraz pantaila digitalaren laguntzarekin, kanta ditake. Batasuna hunkitzen da kasik konkretuki.

Kulturen, ohiduren eta tradizioen, pentsamoldeen ezberdintasunek oztopo izan daitezke eta aberastasun izan daitezk ere. Oztopoak argitasunaren bila ezartzen du eta aberastasuna sortaraz dezake. Aberastasunak izpiritua airostatzen du oztopoa garaitzeko.

Mendeetan zehar girixtinoek zatitu dira, ortodoxo, katoliko, protestante eta hauetan zernahi aldaxka sortu dira. Denbora luzaz arriskugarri konsideratua izan da bereixte hori, eta katolikoek debekatuta zuten beste erlijioetara joaitea, doi doia ikusteko ere. Alta Kristoren erlijio horiek hurbilketa aberasgarriak badituzte Jainkoarenganako fedea argitzeko.

Biltzen duen liturgiak bereixten du ere. Bizi modu batek erakartzen du baita ihes egiteko gogoa emaiten. Ebanjelioako erakaspenak beharrezkoak dira eta guti edo nekez aplikatuak. Kontrasteak, ezberdintasunak, aurkakotasunak, paradoxak dira batasuna bilatzeko lurtegia. Horiek oro ez ditu ukatzen, urruntzen edo kentzen.

Batasunak errespetatzen ditu, ukatu gabe, ezabatu gabe, bateratu gabe. Jainkoak egiten du batasuna ez eta gure lilurak edo gure ameskeriak. Batasunaren asteak aukera emaiten dauku batasun nahia eta asmoa barnatzeko.

Maite Iratzoki

JAINKOA DUGU Z 45

 

Jainkoa dugu bai ihes leku, bai indarra,

Oren beltzetan esku emaile zoin azkarra.

Guk beldurrik ez mugi baladi, mugi lurra.

Eta mendiak itsasperaino tanpez lerra.

Guk beldurrik ez, jauz baladi jauz itsasoa,

Mendiak urra, bai eta kraska lur osoa.

Gurekin dugu zeruetako Jaun Goikoa:

Menderen mende beti gure zain du besoa.

Ur-handi batek bere ibaiez pizten dio

Jaun Zerukoa den hiriari bozkario.

Hartan da Jauna: deusik ezin du lurrerat jo;

Argi zirrintan Jainkoa lagun dagokio.

Arrotz herriek zer zalaparta, zer orroa

Jainkoak oihu eta mundua urtuz doa.

Gurekin dugu zeruetako Jaun Goikoa:

Menderen mende beti gure zain du besoa.

Zatozte, beha Jaunak zer lana, zer ahala:

Gaitzeko gauzak munduan egin dituela.

Bazterrez bazter mundu guzitik joan du gerla,

Hautsiz ezpata eta kraskatuz arranbela.

Geldi hor, aitor Jainko naizela ni Jainkoa,

Jenderi eta lur guziari goragoa.

Gurekin dugu zeruetako Jaun Goikoa:

Menderen mende beti gure zain du besoa.

 

Hitzak: Iratzeder (1963).
Doinua: Juan Urteaga (1966) Algera meza

https://www.yumpu.com/fr/document/read/17591627/eliz_omenaldi-liburua

Nola demontre?

Ezin ulertua egin zait azken aste hauetako eztabaida, media horietan. Batzuen sarraski itsuen gaitzestearekin ezin kondena bertzeenak! Legezko kondena baten arriskatzeraino!

Ulertu duzu, irakurle, zertaz ari naizen. Palestinaz bai. Eta ere
Israelez. Zer diferentziak euskal media eta frantses media horien
artean. Harrigarria! Batzuen iritziz iduri du batere funtsezko
arrazoirik gabe (salbu beren terrorista funtzioa betetzeko eta
beren juduenganako herra asetzeko) egin zutela beren aberekeria, beren sarraski okaztagarria Hamasekoek. Bertze batzuk diote, arrazoiekin bistan da, aspaldi honetan jasaten dituzten zapalkuntza, desjabetze, erailtze, zauritze, preso hartze eta gaizki tratatzeek dituztela sortzen asaldatzeak eta hazten herra.

Alta, urriaren 7a aitzin zabalduak ziren amerikarren estatistika hauek: 2008a eta 2020aren artean, hil dira 250 israeldar, 5 600 palestinar. Garai berean 115.000 palestinar zaurituak izan dira. 2023ko maiatzean baziren 4.900 preso. Azken 3 urte hauetan 12.000 gazte, adin tikiko, arrastatuak izan ziren.

Israeldarrak ari dira Hamasekoek egin duten itsuskeriaren
bideoa zabaltzen. Hori ikusi eta Aymeric Caron diputatuak erran du beharko litekeela erakutsi ere, Israelek haur emazte eta hobengabeei pairarazten duen sufrikarioa, gaur egun. Gaizo diputatua! Entzun ditu bereak, iduriz eta bonben sarraskiak jasangarriagoak, zibilizatuagoak direla…

Goragoko zenbaki horiek ere erakustera ematen dute badela
aspalditik bideo gogor ezini kusi baten egiteko mamia edo gaia. Bertze alderdikoena haatik.

Nola demontre posible da holako leizea sentimendu eta
ikuspegien artean? Borondate oneko jendeenganik ere?

Duela zonbeit egun ikusidut Arte katean “Les pouvoirs du cerveau – Déchiffrer la conscience.”
Sinesgarriak diren esperientzia batzu erakusten dituzte. Arras interesgarriak. Beharbada goragoko galdeari erantzuteko
hastapen bat badugu hor. Komentarioen parte bat itzuli dut:
…Uste dugu erabakiak hartzen ahal ditugula gure burumuinetatik aparte, baina ezetz diote gaurko ikerketa zientifikoek. Filosofoen “libre arbitre” hura ilusio bat da.

    Libertate sentimendua burumuinen eraikuntza bat da. Honek dauzkan zirkuituetan idatziak bezala dira gure balore sistemak; horiek erabiliz ditugu hartzen erabakiak. Gure balore sistemak fabrikatuak izan
dira, parte geneen eraginez, eta parte, izan dugun hezkuntzari esker. Horietan finkatuz ditugu deliberoak hartzen. Ustez libreki. Hori ulertzeko har dezagun hormamendi baten irudia: gure kontzientzia agerian den zati tikiko bazkan alhatzen da, honek erroak barna dituela ohartu gabe, ageri ez den zati handi horretan, inkontzientean.

Ez dukegu inkontziente bera guk, Israeleko eskuin muturrekoek eta beren sustengatzaileek, azkarrenaren masakrea “gerla legitimoa” deitzen duten horiek.

Horrek erran nahi ote dugeneek eta hezkuntzak moldatutik kanpo ez dela irizpide eta balore berririk sortuko gure baitan? Ez. Uf!

Burumuina tresna biologikoa da ahal berezi bat daukana: hauxe, bere aktibitateak bere burua ber-moldatzen dio. Informazioa gehiago ibili buruan eta barnago grabatzen da nerbio konexioetan. Bide inkontziente horietako lurbeltza ontzen duela eta ondorioz hartan osustraitzen zaizkigun gogoetak.

Ez etsi beraz * erranaren bortxaz berenganatuko dute menturaz enpatia pixka bat batzuk eta bertzeek. Edo bederen aterabide iraunkor eta zuzena ekarriko duen adimena.

Gainera meditazioa ere berbidetik doa; eragin handirekin iduriz. Aspaldiko meditatzaile den Mathieu Ricardek dio “Nere baitan pasatzen denaz gehiago kontzientzia hartu eta handiago nere libertatea.”

 Mandio

* Txomin Heguyk zabaldu du ikuspegi ona, humanitatez betea
eta ongi dokumentatua.
* blast-info.fr emankizunean Charles Enderlin, gai hortaz aditua, ederki eta gizonki mintzo da ahoan bilorik gabe

Santso haundia ta gero Bastiungo Mayi

Antso Handia ta gero Bastiungo Mayi.

Gan den astean lurralde zabal baten Erregeari, Antso Handiari emana izan zaio hitza kronika huntan. Aldi huntan aipatuko dugu errespetu handia merezi duen etxeko andere umil bat. Bastidirigoineko Mayi Valencia, sortzez Alzuaga. Ehun urtetan gan zaigu mundu huntako bere aldia eginik, ehorzketa suhar batzuek laguntzen zutela.

“Maiama” deitzen genuen beti mugimenduan zagon emazte bipil hori, etengabeko irriño batek aurpegia argitzen zion andere hori. Famili guziari harrera ona egiteko beti prest. Haurren haur batzuen hazten ere parte hartu izan zuen gogo onez. Baratzea eta etxea ezin hobeki apaintzen zituen. Elizako besta handi guzietako supazter gaineko kobre guziak dirdiran ezartzen… Langileeri krakada ona eskaintzen, finezi pollit batekin gainera; gogoan dut heia berriak egiten ari ginelarik, ni gazte, indarrean lanean aritzeko bai eta ere etxeko pate eta gasnari ohore egiteko. Ez bainakien gelditzen, pollikixko erraten zidan “Orai dute pixkat?” Ulertzen nuen krakada fini zela eta parpenak gure beha zaudela.

Berdin hitz xuxen eta xinpleak baliatu ditu Maiamaren errainak ehorzketetan gogoz erran hitzño pollitean:

Argiaren lehen zirrinta zureganik heldu baita sinesten dut naizela hiletarik piztuko eta beti zurekin biziko… Igandetan elizan zoin gostuz gabiltzan…

Hitz horiek zonbat aldiz ez dituzu errepikatu eliza huntan. Bai maitatu dituzu igandeak eta errespetatu pausa egunak. Artetik erraiteko eskerrak zueri Maite eta Totte, Nadine eta Jean-Paul “Igandetako xofurrak” deitzen zintuztenak; eskerrak ere karrika huntako komertsanteri orai erretretan zareztenak. Hemen biltzen zituen asteko berriak eta gero familian partekatzen.

Erakutsia zintuzten bide bat, segitu duzu. Guk sahets bide batzu hartu ditugu, bakotxak berea, bainan helburu bera dugu.

Ixtanpat doi doia

Duela mende bat sortzen zen Amotzeko gain horietan, Uhaideko Bordan Mayi ttiki bat, lau haurridetako lehena. Laster ikasiko ditu biziko gauzak, irakurtzen, eskribatzen eta… kontatzen; bai eta ere lan egiten, famili handiak laguntzen.

Ezpeletan zonbeit urtez: Beronik adixkidearekin Arkot patizerian, hango fama handiko ttarttaletak saltzen. Ahal zuen aldi guziez bisita bat elizako argi ttiki horren ganat (tabernakulukoa) denbora ainitz ez, sekulan, beti ixtanpat doi doia.

Han ezagutu zuen Roger Etxegarai, gero Kardinale bilakatuko zena. Han zuen ere harremana abiatu Senpereko Bastidatik ferietara etortzen Jamattitt Valenciarekin. Hau bere senarra bilakatuko zen bai eta ere bere hiru haurren aita. Ulertu dugunaz norbeitek egin ahalak egin zituen okaxioneak sortzeko, alegia suertez, elgar hobeki ezagut zezaten Mayik eta Jamattittek.

Senperera itzultzea: berritz ere patizeri batean, Maji eta Andrerekin. Memento ttiki bat bazuen aldi guziz, bisitaño bat argi horreri, bihotzean zuena kontatzeko edo batzuetan isiltasunean biltzeko, ixtanpat doi doia.

Gaur trankil naiz baitakik argi ttiki hori oroituko dela bisita egiten zion presuna hortaz, sekulan ainitz denbora, ixtanpat doi doia.”

Mandio

Heriotza legeztatu?

Herrialde batean, gizartean bizi ahal izateko egiten da legea. Legeak askatasun kolektiboa erregulatuko du bakotxaren askatasuna errespetatzen entseatuz. Debekatua zer den finkatuko du, eta debekuen haustearen zigorrak, xeheki ezarriko. Halaber, baimendutakoa edo egin daitekeena ezarriko du eta baimendutakoaren baldintzak zehaztuko ditu.

Legeak orientazio bat ematen du baita dagoena edo gauzatzen ari dena forma juridikoan ezartzen. Gizartean sortzen diren galdeek, bizitzako gai guzietako ikerketek, antolamendu juridikoa behar dute memento batean. Boterea beren onerako har dezaketen pertsonen influentzia, moztu behar da, denen onerako bidean ezarriz.

Hau da, legearen eginkizun ezinbestekoa eta hain zaila dena: ororen edo denen ongia eta norberaren ongia elkarrekin lotzea. Lege zibilak ez du manatzen zer egin behar den edo zer ez. Mugak ezartzen ditu debekatua zer den erranez eta aitzinetik zehaztu baldintzekin zer den haizu dena.

Horrela bizitzaren bururatzearen auzia legearen ateraino etorri da. Zer da egungo arazoa? Modu arras sinplifikatu eta labur batez erraiteko, pertsona batzuk beren bizia bukatu nahi dute eta horretarako, laguntza medikoa galdetzen dute. Baina pertsona bati hiltzen laguntzea hilketa gisa tratatzen da, hilketa guziak debekatzen duen legearen arabera. Galdegina da, beraz, legeak ez dezala kriminal gisa pertsona bat akusatu, legezko baldintza arras berezi batzuekin norbait hiltzera laguntzeagatik.

Nola lagun daiteke pertsona bat hiltzera? Galderaren eta beraz, erantzunaren gakoak bi hitzetan aurkitzen dira: lagundu eta heriotza. Lagundu hitzak harreman bat sortzen du. Bi gauza, bi entitate, bi pertsonaren artean dagon erlazioa da harremana. Pertsona batekin harremanean izaiteak, ez garela bakarrik erran nahi du eta kasik gizakiaren definizioan sartzen da. Emazte edo gizon bat ez daiteke bakarrik bizi. Ez da bere baitarik ez eta bakarrik kontzebitua eta ezin du harremanik gabe bizi. Laguna eta laguntza bere izaitearen errealitatea da. Hori da gizatasunaren berezitasuna.

Laguntzako harremanak bi pertsonen arteko zubia sortzen den komunikazio mota bat da, elkartasun afektibo sentimendu bat sortzen duena. Laguntza ekarleak harreman mota bat eskaini behar du, ustekeria eta antsietate guziak kenduta. Horrek pertsona lagundua libre sentitzea ahalbidetuko du. Ez du batak gaina hartuko bertzeari.

Harremanak biziari egiten du bide eta hori heriotzeraino. Kontua da beraz, nola lagundu hiltzera doan pertsona? Nola atxiki elkarren artean eraikia izan den zubia? Sortu duen hurbiltasunak konfiantza sorrarazi du. Bi hitz hauek dira laguntzaren bi buruko gakoa: hurbiltasuna eta konfiantza. Heriotza ez da bizitzatik kanpo den zerbait, bainan biziaren bukaera. Beraz harremanak bururaino irauten du, bizitzaren azken muturreraino irauten du eta ez da lehenago gelditzen. Norbait hiltzen laguntzea, bizitzaren azken punturaino bizitzen laguntzea da, haren hurbilean izaitea, harekin konfiantzazko harremanean izaitea.

Familietan, hainbeste pertsona laguntzea, fideltasunean eta isiltasunean, baita profesionalen zainketa eztigarriak, errealitate estimagarriak dira. Zabaldu, hedatu eta lagundu beharreko errealitateak.

Maite Iratzoki

Aurkibidea

Hezkuntza elkargoaren nigarrak

Gertakari ezin ilunagoa. Gertatu ez beharra gertatu da. Leku gerizatu baten barnean, ikastetxe baten barnean, ikasle batek bere erakaslea hil du, hor bertan, ikasgelan, bertze ikasleen begien aitzinean.

Ikastetxe bat mundu berezi bat da, haurrak eta gazteak altxatzea da haren eginkizuna. Helburu bera duten buraso eta irakasleak eskuz esku lan egitera deituak dira. Horrela, ikastetxea haur bakoitzaren, baita haur guzien hauskortasuna gerizatzeko lekua da. Bainan zer egin holako drama bat gertatzen denean ?

Donibane Lohizuneko San Tomas kolegio eta lizeoan den denak elkarretaratu dira, langile, erakasle ikasle eta laguntzaile. Elkarrekin mintzatu dira, luzaz, ikasle bakotxa bere gelan bi erakaslekin. Mintzatu, hitzak erran emozioak ateratzeko, sentitzen den guzia identifikatzeko eta bertzekin partekatzeko. Bere sufrikarioa eta ulertezintasuna partekatzeak, bere bihotzmin pertsonala bizitzen lagundu ditu. Taldearen indarrak goxatu ditu.

Entzule profesionalak, psikologoak, traumatismoak zaintzen dituztenak hor daude, presente. Heien trebetasuna ezinbertzeko laguntza da, haur eta gazteentzat, langile eta erakasleentzat. Nahi duen mementoan, behar duen mementoan, bakotxa errezebitua da profesional horiekin mintzatzeko, bere baitan zer pasatzen den erraiteko eta ulertzeko. Entzuna izaitea duintasunaren lehen urratsa da, lehen ikustatea.

Elkarrekin bildu dira erakasleak, beren erakasleen gelan. Ezinpentsa den errealitate hori nola hartu ? Ukatzearen ondotik, nola errezebi holako zartagailua? Arrazoi indibidualak hartu ezin duena eta nahi ez duena, taldeak har dezake, bat bertzearen laguntzarekin, bat bertzearen lekukotasunarekin. Bakotxaren indar pixarra denen indar bilakatu dute eta bere artaldea lagundu du zuzendariak, zeinu damutuak emanez, egoera latz huntan hain hunkitua den afektibitatea berreskuratua, errespetatua, ohoratua izan dadin. Pertsona bakotxa eta talde osoa bere izaite berezian onartua izan da. Baitezpadako indarraren iturria hor dago.

Ikasle eta langile, erakasle eta zuzendari, den denak kaperan otoitz egin dute. Zer da otoitza? Zer da otoitz egitea? Jainkoarekin eta bere buruarekin harremana da, Jainkoaren eta gure arteko harremana da, gure eta Jainkoaren arteko harremana. Konfiantxazko lokarria da, Jainkoaren aldetik gure alde eta gure aldetik Haren alde.

Den denak ere bildu dira isiltasunean. 1300 pertsona isiltasunean, kirol tokian, ez minutu batean bainan bat baino gehiagotan. Batasun osoan. Batasuna erredola gisa, segurtasun gisa, lurrera ezin bota den geriza bakar gisa.

Elkarrekin nigar egin dute. Maitasunaren lekuko diren nigarrak. Hil denaren alde diren nigarrak. Errespetuzko nigarrak. Tristuraz, penaz, ulertezinaz, injustiziaz, ezintasunaz mintzo diren nigarrak. Oihu isilen nigarrak. Jainkoaren nigarrak.

Erakasleek eta langileek, zuzendariarekin eta ikasetxeko kontseilariekin, beren lan baliosa segitzen dute. Galde hau denen helburu : Nola eman, hazi eta finka biziaren gustua? Nola erakatsi indarkeriaren menperatzea? Nola egin biziaren hautua? “Hauta zazue bizia, bizi zaitezten, bai zihaurek, bai zuen ondokoak”, dio Deutoronomista liburuak. Gertakariaren errealitatearen eta sare sozialek eta prentsak erraiten dutenaren arteko ezberdintasunaz, ikasleak ohartu dira. Erakasleak hor daude egia dena bilatzen laguntzeko, izpiritu kritikoa ukaiten laguntzeko, bere neurriko distantzia hartzen laguntzeko.

Bakotxak bere bidea eginen du, bakartasunean, bainan jakinez San Tomaseko hezkuntza elkargo osoaren sustengua, bere daukala, gertakari ilun horri elkarrekin bizi izanagatik.

Bizia izan dadila hautatua!

Maite Iratzoki

Aurkibidea

KLERIKALISMOA, KATOLIZISMOAREN EHORZLE OTE?

Klerikalismoa ongi ulertzeko eta huntarik libratzea zoin neke (batzuentzat ezinezkoa) izango den neurtzeko, haren sorburuetara jo behar da, eta ulertu behar da klerikalismoa nolaz den gaur egun « sistema » katolikoaren parte. Parada hau 2023ko urtarrilaren ondarrean Saint-Merry Hors-les-Murs webgunean agertu Michel Bouvard-en artikulu batek emaiten dauku, izenburu honekin: « Le cléricalisme sera-t-il le fossoyeur du catholicisme? », Robert Picard-ek iragan otsailaren 11an gehitu osagarri zonbaitekin. Gogoeta horiek ahal bezain leialki bi artikulutan zuenganatzeko asmoa dut, eta huna hemen lehena.

Klerikalismoa bigarren eta hirugarren mendeetan agertzen da, eta ordezkapenaren teologian oinarritzen da, « Jesus Mesiastzat ez onartzeagatik eta juduek gurutze batean Bera garbitu izanik zuten hobenduntasunagatik, Jainkoak promesaren eta antzinako batasunaren herria arbuiatuko zuela argudiatuz. Azken hauek ezeztatuz, Jainkoak Israel zaharraren (vetus Israel) ordez Israel berri bat jarriko zukeen (verus Israel – Israel egiazkoa), batasun « berri » baten eta promesaren arra-formulazio baten bidez  » (Loïc de Kérimel – « En finir avec le cléricalisme » – Éd. du Seuil).

Bere burua herri hautatu berritzat hartuz, Eliza kristauak herri juduak kudeatzen zuen hierarkia-sistemaren ezaugarri guziak biltzen ditu: hara bere burua sakratutzat (Jainkoarekin lotura zuzena duena) eta herriaren gaineko boterea duen apez kasta goren baten agerpena. Lehenbiziko kontzilioek (Nikea 325ean, Konstantinoplako lehen kontzilioa 381ean), Konstantino eta bere ondokoek Eliza sortuberriak osatzen duen indar moralean bermatzeko duten borondate argiari uztartuz, kleroen eta laikoen arteko hierarkia eta segregazioaren nozio hau finkatuko dute.

Bestalde, juduen errituetan hain presente dagon garbi-lizunaren nozioa, nahiz eta Jesusek Ebanjelioetan etengabe kritikatzen duen, Elizaren baitan aurkitzen da eta, aldi berean, gizon-emazteen segregazioaren abiapuntua da, emaztea, erlisione anitzetan bezala, izaki lizuna delarik (hilabetekoak), eta zelibatoaren justifikazioa: sakratua bihurtzeko, gizonak uko egin behar du emaztearekin niholako harreman sexualik izaiteari; sakratua, nolabait, zelibato horren ordaina bihurtzen da; gisa hortan, zelibato eta sakratu kontzeptuak loturik daude.

X. mende ondarreran, XI. mende hastapenean, mendebaldeko Eliza egoera tristean dago. Apezpikuak eta apezak, printze eta jaunek izendatzen dituzte, eta hautagaiak, gehienetan, Ebanjelioarekin zerikusi handirik ez duten dohainengatik hautatzen dira. Aita Saindua enperadore germaniarraren azpiko dago. 964an, Joanes XXII.a aita saindua, Oton I.a enperadorearen kreatura, hiltzen da, emazte ezkondu bat bahitzen ari zenean. Apez gehienak ezkonduak dira, eta apez-karguak aitatik semera pasatzen dira. Apezpikuek eta apezek karguak erosten dituzte.

Eskua berriz hartu behar da. Arra-eskuhartze hau gogorki eramana izanen da, basaki ez erraiteko. 1057 eta 1080 bitartean, Esteban IX.a, Nikolas II.a, Alexandro II.a eta, bereziki, Gregorio VII.a aita sainduek, printzeen nagusitasunetik libratzea ardietsi zutenak, erreformaren funtsa inposatzen dute. Orduan, indarrean sartzen da « Gregoriar Erreforma » bezala ezagutzen dena.

Kardinalek bakarrik izendatzen dute aita saindua, enperadorearen esku-hartzerik gabe. Apezpikuen eta ere subiranoen gainean duen aginpidea baieztatzen da. Zelibatoa apez guziei inposatua da. Ezkonduak emaztearenganik berexi behar dira (beren ezkontzak baliogabetzat jotzen dira). « Simonia » (eliz-karguen sal-eros ahalmena) zorrozki debekatua da. 1123an, Latran I.aren kontzilioak eraikina berresten, indartzen eta kodifikatzen du.

Gisa hortan, sistema zentralizatu bat ezarri da, autoritarioa, kleroen eta laikoen arteko haustura sakon bat duena. Desbideratze horiek, ebanjelioko mezuari begira, oraino indarturik aterako dira Kontra-Erreformatik (Trentoko kontzilioa 1542an). Hunek, klerikal hierarkia sistema sendotzen du, berdin kleroen eta laikoen arteko banaketa: fededun soilei ezinezkoa zaiote jainkozkoarekin harremanetan sartzea apez-sakrifikatzaileen bitartekaritzatik pasatu gabe. Sistema hunek kasik milurteko bat iraun du eta zorroztasun gorena ezagutu du Pio IX.a eta Pio X.aren pontifikutzekin eta Vatikanoko I. Kontzilioarekin (1869-1870).

Ondoko aldian ikusiko dugu « sistema » hau nola errotua dagon gaur egungo ibil-moldetan, politikaraino.

Peio Ospital – 2023/03/02

Peio Ospitalen kronikak: Aurkibidea

26. salmoa. Urteko 3. Igandea A

Femme, Cascade, Forêt, Lumière Du Soleil

Jauna dut argi, Jauna geriza, ni nork izi?

Jauna dut argi, Jauna geriza, ni nork izi?
Jauna dut lagun: nork behar nau ni dardarazi
Hau da Jaunari bakar bakarra, hau galdea:
Haren etxean bizi naizeno egoitea.

Jauna dut argi, Jauna geriza, ni nork izi?

Badut sineste: ikusiko dut zoin den ona
Bizi direnen lurrean ona Jainko Jauna.
Egon bakean Jaunaren beha, izan gizon:
Altxa bihotza eta Jaunaren beha egon.

Tonu bat ‘t’ erdi beherago