Archives de catégorie : H. otoitzak

Aitari otoitz

Bere dizipuluetarik batek Jesusi erran zion : “Jauna,
erakuts-aguzu otoitz egiten…” Jesusek erran zioten :
“Otoitz egitean errazue : Aita…”
Ebanjelioa San Luken arabera 11, 2

Eskerrak zuri

Aita, maite gaituzula erakutsi daukuzu 1 Jn 4, 9
zure Semea mundurat igorriz,
hartaz bizi gaitezen :
Eskerrak zuri !
Aita, gutarik bakotxa maite duzu, 1 Jn 3, 1
zure seme egiterainokoan :
Eskerrak zuri !
Aita, gure bihotzetara Ga 4, 6
zure Semearen Izpiritua igorri duzu,
oihu egiten dauzuna : “Aita !”
Eskerrak zuri !
Aita, ilunpeen boteretik libratu gaituzu Kol 1, 13
eta zure Seme maitearen erresumarat aldaratu :
Eskerrak zuri !
Aita, sainduen ondoretasunean, Kol 1, 12
argian parte hartzeko gai egin gaituzu :
Eskerrak zuri !

Aita, maite gaituzu ; 2 Ts 2, 16
betiereko kontsolamendu
bai eta esperantza ederra
graziaz eman daukuzu :
Eskerrak zuri !
Aita, hori guzia zuhur Mt 11, 25
eta jakintsuneri gorde duzu
eta ttipieri agertu :
Eskerrak zuri !
Aita, urrikalmenduen Aita, 2 Kor 1, 3
eta kontsolamendu ororen Jainkoa,
nahigabe guzietan kontsolatzen gaituzu :
Eskerrak zuri !
Aita, zure Semea igorri duzu, Jn 6, 40
hura ikusten duenak eta hartan sinesten
betiereko bizia ukan dezan :
Eskerrak zuri !
Aita, egiazko zerutikako ogia Jn 6, 32
emaiten daukuzu :
Eskerrak zuri !
Aita gure behar guzien berri badakizu : Mt 6, 32
Eskerrak zuri !
Aita, zure ganik dauzkagu dohain guziak : Jk 1, 17
Eskerrak zuri !

 

Jaunak egin guziek,
benedika Jauna

“Kreazionea xifriturik igurika dago jainko semeak
noiz agertuko diren.”
  Jondoni Paulok Erromatarreri gutuna 8, 19
Mendian, itsasoan, edo berdin etxean, hego, elurte,
edo gau izarratu batez Jainkoa gorets dezakegu egin
duen eta egiten ari den izadi miragarriaz.
Jaunak egin guziek, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Jaunaren aingeruek, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Zeruek, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Zeru gaineko ur guziek, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Jaunaren indar guziek, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Eguzki eta ilargi, benedika jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Zeruko izarrek, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Euri eta ihintzek, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Haize guziek, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Su eta gar, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Hotz eta bero, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Ihintz eta izotz, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko
Karroin eta lantzurda, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Horma eta elur, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Gau eta egun, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Argi eta ilun, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Ximixta eta hedoi, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Lurrak benedika beza Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Mendi eta mendixka, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Lurreko landare guziek, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Iturriek, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Itsaso eta ibaiek, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Arrain handi eta urean bizi diren guziek,
benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Abere eta basabere guziek, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Gizonen semeek, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Israel (Eliza), benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Jaunaren apezek, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Jaunaren zerbitzariek, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Gizon zuzenen izpiritu eta arimek, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Saindu eta bihotz apalek, benedika Jauna :
Hari aintza eta goresmen betiko !
Daniel 3, 57 – 86

Onartzen dut

Aita, ikusten ez dutalarik ere,
konprenitzen ez dutalarik ere,
senditzen ez dutalarik ere,
sinesten dut gertatzen zaitan guziak
azkar dezakeela zure alderateko ene amodioa.
Emadazu, otoi, zure dohaina
bihotz lañoz onartzea.

Pobreen anaidian har gaitzazu

Aita, bihotz erne, apal eta eztia emadazu,
igortzen dauzkiguzun pobre guzieri
ongi etorri egiteko.
Bihotz urrikalkorra emaguzu
heien maitatzeko eta zerbitzatzeko,
samurgo guzien ezeztatzeko,
gure anaia sofrituen eta kraskatuen baitan
Jesus bera bizitzen ikusteko.
Aita, zure pobreen eskuaz benedika gaitzazu,
zure pobreen soaz irri egiguzu.
Aita, zure pobreen anaidi dohatsuan
egun batez har gaitzazu.

Ez zaitela gure kontra jar

Aita, ez zaitela jar
gure bekatuekin gure kontra,
baizik gurekin gure bekatuen kontra,
zuri pentsatzean
ez gaiten beti gure bekatuez orroit,
baizik zure barkamenduaz,
ez eta bidetik nola baztertu giren,
baizik nola salbatu gaituzun.
Kierkegaard

Idek nezazu

Jauna, egizu neure burua onar dezadan
zuk onartzen nauzun bezala,
neure burua maita dezadan
zuk maite nauzun bezala.
Neure burua ona baino hobea egiteko nahikaritik
libra nezazu,
zuk eman nahi dautazun saindutasunari idek nezazu.
Niganik urrunt zazu Judasen bihotzeko harra,
bere baitan sartu baitzen handik ez ateratzeko,
egin zuen bekatuaz izitua eta esperantzagabetua.
Emadazu Petriren urrikia;
harek, samurtasunez eta urrikalmenduz beteriko
zure so ixila kurutzatu zuen.
Eta nigar egin behar badut, ez dadila izan nihaurtaz,
baizik zure maitasunari egin laidoez.
Jauna, esperantzagabeak jaten dautan bihotza
ezagutzen duzu.
Neure buruaren okazta
beti besteen gainera botatzen dut !
Zure samurtasunak norbait egin nezala neure begietan !
Hain nuke nahi zabaldu ene presondegiaren atea,
gakoa neure eskutan ukanki-ta !
Emadazu neure baitarik ateratzeko kuraia.
Erradazu fedea duenak edozer egin dezakela.
Erradazu senda naitekela
zure soaren eta hitzaren argitan.
San Agustin
(4°-5° m.)

Zuri emaiten nitzaizu

Zuri emaiten nitzaizu,
nahi duzuna egizu nitaz.
Edozer egin dezazun nitaz
eskerrak emaiten dauzkizut;
denetara prest naiz,
dena onartzen dut.
Nitan eta zure kreatura guzietan
zure nahia egiten den ber
ez dut beste gutiziarik, ene Jainkoa.
Ene bizia zure eskuetan ezartzen dut.
Emaiten dauzut, ene Jainkoa,
bihotzeko amodio guziarekin,
maite zaitudalakotz,
ene amodioaren beharra delakotz
neure buruaren emaitea,
neure burua zure eskuetan uztea
neurririk gabe,
fidantzia osoz,
Aita baitzaitut.
                                    Charles de Foucauld
Maitatzea ez da maitatzen dela senditzean,
baizik maitatzeko nahikarian.
Oroz gainetik maitatu nahi delarik
oroz gainetik maitatzen da.
                                 Charles de Foucauld

Goresmen kanta

(Aurreskuaren airean kanta daiteke)
Goresmen kanta
Aita, gure izate osoaren Ama,
garen guziaren eskaintzera gatozkizu.
Zeru eta lur, mendi eta oihan
zure ganik nasaiki ditugu biziaren dohain.
Goizeko iduzkiaren irri alaia miretsirik,
haize, euri eta argi, denak oparo zuk emanik,
zorionaren iturri baitzira zu,
eskerrak,
goresmenak,
benedikatzen zaitugu.
Guzien nigar, lan, oihu, poz, atseginak zure esku.
“Egin bake”, “elgar lagun”, maitasuna da zure manu.
Gutarik bakoitza zinez maite duzu.
Eskerrak,
goresmenak,
benedikatzen zaitugu.
Graxi Solorzano
Jauna, gure sustatzailea,
egizu maita dezagun zuk manatua
eta igurika zuk hitzemana,
mundu aldakor huntan
gure bihotzek sendo iraun dezaten
behartsuen eta zure zerbitzuan.

Enbaldiaren salmoa

Jainkoari galdegin diot indarra, arrakasta ukaiteko;
eta indargabe egin nau, obeditzen ikasteko.
Osagarria galdegin diot, gauza handien egiteko;
eta enbaldi egin nau, gauza bobeak egiteko.
Aberastasuna galdegin diot, zoriontsu izaiteko;
eta pobre egin nau, zuhur izaiteko.
Boterea galdegin diot, jendeen estimua irabazteko;
eta ahul egin nau, Jainkoaren beharra senditzeko.
Lagun bat galdegin diot, bakarrik ez bizitzeko;
eta bihotza eman daut, haurride guziak maitatzeko.
Gauza guziak galdegin diozkat, biziaz gozatzeko;
eta bizia ukan dut, gauza guzietaz gozatzeko.
Galdegin nuenetik deus ez dut ukan;
bainan espero nuen guzia eman zait.
Nihaurek ez nahian bezala,
egin ez ditudan otoitzak entzunak izan dira.
Beste guziak baino gehiago,
ontasunez bete-betea naiz.

Behar-ordu guzientzat

(bakarrik edo taldean)
Jainko urrikalkor eta bihozbera,
zure otoizteko garbi zazu gure bihotza,
libra gaitzazu gure bekatuetarik,
entzun gure otoitza.
Jauna, gizaki guzien Aita,
otoizten zaitugu lurreko gure haurride guzientzat,
eta lehenik otoitz egiten ez dutenentzat.
Erakutsaguzu zure dirdira
denak argi gaitzan barne-barneraino.
Jauna, otoizten zaitugu gure haurride behartsuentzat,
dirurik edo eskolarik ez dutenentzat,
samurtasunik ez dutenentzat.
Idek gure begiak heien beharreri,
heien etsimendu eta hasarreari.
Erakutsaguzu heiekin partekatzen.
Oroit zaite, Jauna, langabeetaz,
lana bilatzen duten gazteetaz,
oroit zaite mehatxatuak direnetaz
edo ihardokitzen ahal ez dutenetaz.
Erakar gaitzazu heien laguntzera,
gure gizartean beren lekua aurki dezaten.

Otoizten zaitugu, Jauna, erientzat,
beti sofritzen ari direnentzat,
sendatzeko esperantza galdua dutenentzat,
heriotzea hurbil dutenentzat.
Susta, bihotz-altxa, kontsolazkitzu,
emozute pazientzia eta bakea.
Oroit zaite, Jauna, gerletako hiletaz,
han eta hemen pizten diren gataska armatuetaz.
Apal zazu nazioneen urgulua,
salba lehertuak, altxa eroriak,
emaguzu bakea.
Oroit zaite, Jauna, beren familiatik urrun direnetaz,
presuner, bahi, iheslari, atzerriratu,
pertsegitu eta torturatuetaz :
denak beren etxean sar ditela.
Jauna, ezinezkoaren nagusia, otoizten zaitugu
beste girixtinoekin batasuna egin dezagun,
eta bakea erlisione guziekin.
Urrikal zaite gure berexkuntzetaz
eta elgarretara gaitzazu zeure amodioan.
Otoizten zaitugu, Jauna, gure Elizarentzat,
militanteentzat eta otoizlarientzat,
fraide, misionest eta serorentzat,
apez eta apezpikuentzat, aita sainduarentzat.
Zeure Elizari emozu bizi eta garbi izaitea,
pobre eta zerbitzari;
begira gaitzazu fideltasunean. Amen.

 

Ixilik zaudenean

Aita, ez gaitzazula sekula utz ahanztera
mintzo zirela, ixilik zaudenean ere.
Emaguzu fidantzia hori,
zure beha gaudenean,
amodioz ixiltzen zirela
eta amodioz mintzatzen.
Ixilik egon edo mintza zaiten,
beti Aita bera zira,
aita bihotz bera duzu,
gida gaitzazun mintzatuz
ala hez gaitzazun ixilduz.
Kierkegaard

Fededunen otoitz…

1. Jaun beha amultsuki … zure zerbitzaria.

Zure ondoan har ezazu bere familiarekin, maitatu dituen guztiekin.

Jauna otoitzen zaitugu.

 

2.  Jauna sobera goiz berexten gare maitatu dugun …..en ganik.

Bagenuen oraino zer egin elgarrekin.

Hala ere eskertzen zaitugu, gu tartean bizi izanik, zabaldu baitu bere goxotasuna eta bihotz handia.

 

3.  “Ni naiz artzain ona!” Ene ardiek ezagutzen naute diozu Jauna.

Negua sartzearekin

Artzainak badu zer egin,

Bai eta ere atsegin.

Ate ondoan, ikustean

Ardi bat bi bildotsekin

Zoin uros zinen …… !

Eta egun? Nork jakin?

 

4. Gure bihotzean ditugu egun etxean gelditu diren

Gure otoitzak heieri juntatuz helaraz ditzagun Jaunari.

 

5. Jauna otoizten zaitugu …..(r)entzat. Badakizu zonbat maite genuen. Hemendik aitzina guretzat begiak etsi ditu .

Eta zure ondoan itxuraldatu da. Orain har ezazu zure ondoan betikoz.

 

6. Jauna otoizten zaitugu …..(r)entzat. Badakizu zonbat maite genuen. Hemendik aitzina guretzat begiak etsi ditu .

Eta zure ondoan itxuraldatu da. Orain har ezazu zure ondoan betikoz.

 

7. Jauna eskertzen zaitugu …… emanik gure artean. Hemen bilduak garen guzientzat elgarrekin lauda dezagun kristo hiletarik piztua.

 

8. Aita amultsua eman argi eta bake gure artetik joan den lagunari. Oroit zaitez ere gure etxeko hilez, mundu honetarik joan diren guziez.

 

9. Zure etxerako bidea hartuko dugularik eman Jauna, bakotxari (bakoitzari), gutizia, kuraia zeren hor atxemanen baitugu amodio edertasun eta bake.

 

10. Jauna nola gida gure barkua itsasoa tzarrean izanen delarik. Behar dugu maiz gudukan aritu.

Eskatua izan zaite bizian aintzinatzeko emaiten diguzun indarrarentzat.

 

11. Jauna zuk bakarrik berri dezakezu gure baitan konfiantza. “Banoa, berriz etorriko naizelarik nirekin hartuko zaituztet” diozu.

Herioak berexi (bereizi) gaitu ……..-ren ganik (gandik) baina ere, egun biltzen gaitu eliza huntan (honetan).

Esperantzaz betea gare sinesten baitugu argi bat bilakatu dela.

 

12. ………., zure ondoan bilduak gare eliza huntan. Zuretzat eta zurekin otoitz egiteko.

Emauseko dizipuluek bezala aurkitu duzu bidean Jesus Jauna, lagundu eta besoetan hartu zaituena. Ezin ikusizko harekin zaude gaur. Goxa zaite.

Zure familiarentzat, zure haur eta haursoentzat irriño bat uzten duzu; ama batek, amatxi batek egiten duen bezala,

besoak luzatzen diozkatzute (dizkiezu). Lagun zazu zure familia!

-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-

Maitasuna.

……………………….., Zure ohea kafi (habia) bat bilakatua zen zuretzat. Zure familiak maina handirekin artatzen zintuen. Eskerrak deneri.

Elkartasuna.

1.  Familiaren ondoan izan diren eri artatzaile guzientzat…

2. Galdetzen zaitugu Jauna, goi argi eta indar, bizian kezkatuak bizi diren guzientzat.

Esperantza.

1. Igurikatzen dugu mundu hobeago bat. Argi bide batzu hartzen ditugu gure eskuak zure eskueri juntatuz.

 

Maddi Valencia Jorajuria

ARRATSEKO OTOITZ

Argiaren egilea

Argiaren egilea,
eguzkia duzu piztu
argi berriz apaintzeko
munduaren hastapena.

Goiz arratsen artekoa
eguna deitu duzuna,
gaua jausten ari baita,
entzun dei eta nigarrak.

Hobenengatik arimak
ez dezala gal bizia,
gain hartakoak ahantziz
eta gaizkirat lerratuz.

Entzun, Aita guziz ona,
eta zuk, Jainko Semea,
Izpirituarekin bat,
Nausi menderen mendetan.

Lucis Creator

Jauna, zu zaitut aterbe

Goi-goikoaren gerizan dagonak,
Guziahaldunaren itzalean bizi denak,
Jaunari dio: «Ene aterbe eta gaztelu;
ene Jainko, zutan ene fidantzia!»

Harek aterako zaitu ihiztariaren saretik
eta izurri galgarritik.
Bere hegalez begiratuko zaitu,
haren hegalperat ihes eginen duzu,
haren leialtasuna geriza ukanen duzu.

Ez zaitu ikaratuko gaueko izialdurak,
ez eta eguneko geziaren ziztuak,
ez ilunpez dabilan izurriak,
ez eta eguerdiko kutsu hilgarriak.

Eror bite mila zure ondorat,
hamar mila zure eskuinerat,
zu deusek ez hunkiko.

Idek doi-doia begia
eta ikusiko duzu gaixtoen saria,
Jauna baita zure aterbea,
Goi-goikoa zure leihorra.

Gaitzik ez zaizu gertatuko,
ez makurrik zure egoitzarat hurbilduko,
zutaz baitiote aingerueri manaturen
zure bide guzietan zaindu zaitzaten.

Eremanen zaituzte beren eskuetan,
zure oinak harri zenbait jo ez dezan.
Lehoin eta sugearen gainean duzu oina finkatuko,
lehoin kumea eta herensugea dituzu zangopilatuko.

«Eni baitago, libratuko dut,
ene izena aitortzen baitu, begiratuko dut;
dei eginen daut, eta nik ihardetsiko,
berekin ukanen nau hersturaldiko.

Libratuko dut eta ohorez jantziko,
bizitza luzez dut aseko
eta neure salbamendua diot gozaraziko».
91. salmoa

Jauna, badakizu ene berri

Jauna, ikertzen nauzu eta ezagutzen:
badakizu noiz naizen jartzen eta noiz jeikitzen,
ene gogoetak urrundik dituzu zilatzen.

Ibil nadin ala etzan, ikusten nauzu,
ene urrats guziak ezagunak dituzu.
Hitza ez dut mihiaren gainean oraino
eta jadanik, Jauna, badakizu oro.

Gibel eta aitzin inguratzen nauzu,
eta eskua gainean ezartzen dautazu.
Jakitate miresgarria, enetzat gehiegia,
ni hartaraino heltzeko goregia.

Norat nindoake urrun zureganik?
Norat ihes egin urrun zure aitzinetik?
Zerurat igan banendi, han zaude, zu,
Hilen Egoitzan etzan banendi, han ere, zu!

Goiz-argiaren hegalak hartu-ta,
joan banendi itsas mugetaraino bizitzera:
han ere zure eskuak nau gidatzen,
zure eskuina zait lotzen.

Erraiten badut: «Ilunpeak estal nezala,
egun-argia, nere inguruan, gau bilaka dadila!»,
ilunpea bera ez da zuretzat ilunpe,
eta gauak argitzen du egunaren pare.

Ene gorputza moldatu duzu,
amaren sabelean eho nauzu.
Gora zu, egin nauzulakotz hain harrigarri,
zuk eginak hain dira miresgarri !
Bai, badakit horren berri.

Nere hezurrak ez ziren gordeak zure aitzinean,
sortzen ari nintzelarik ixilean,
moldatua nintzelarik lur barnean.

Nintzen umegaia, zure begiek ikusten ninduten,
eta zure liburuan ene egun guziak idatzirik zauden,
nahiz heietarik oraino bat ere ez zen.

Oi Jainko, iker nezazu eta ezagut ene bihotza,
froga nezazu eta ezagut ene kezka.
Ikus galbidetik ote nabilan,
gida nezazu betirako bidean.
139. salmotik

Haurtxoa bezala

Jauna, ez dut harro bihotza,
ez eta ozar begia.

Ez nabil xede handien ondotik,
ez eta gauza miragarrien gibeletik.

Laño eta ixil daukat arima,
amaren altzoan haurtxoa bezala,
haurtxoa bezala daukat arima.

Israel, zure esperantza Jauna izan bedi
orai eta beti !
131. salmoa
Naizen guzia
zuri oihuz nago,
oi, Jainko bizia.
84. salmotik

Nor den dohatsu

Jendetze handiak ikustean, Jesus mendirat
igan zen eta heien irakasten hasi, erranez :

Dohatsu bihotzez behartsuak,
heiena baita Zeruetako Erresuma.
Dohatsu eztiak,
lur hitzemana (1) ukanen baitute.
Dohatsu nigarretan direnak,
kontsolamendu izanen baitute.
Dohatsu zuzentasun gose eta egarri direnak,
asea ukanen baitute.
Dohatsu urrikalkorrak,
urrikalmendu ardietsiko baitute.
Dohatsu bihotz garbiak,
Jainkoa ikusiko baitute.
Dohatsu baketiarrak,
Jainko seme deituak izanen baitira.
Dohatsu zuzentasunaren gatik gaizki erabiliak,
heiena baita Zeruetako Erresuma.
Dohatsu zuek, laidostatzen
eta gaizki erabiltzen zaituztetenean,
bai eta gezurka belzten, ene gatik.
Bozkaria eta loria zaitezte,
handia baituzue saria zeruetan.”
Ebanjelioa Jondoni Matiuren arabera 5, 3 -12

(1) Lur hitzemana = Zeruetako Erresuma.

Hemen ixtan bat ixilik nago, gogoan erabiliz
Jainkoari gaur zertan huts egin diotan ; eta barkamendu
eskatzen diot. Bainan ere eman dauzkitan
grazia guziez eskertzen dut Andredena Mariaren
kantu hau erranez :

Mariaren bozkario kantua

Kantuz ari zait nere arima Jainkoari,
haren goresle kantuz ari.

Haren loriaz bozkariotan dut gogoa :
Salbatzaile dut nik Jainkoa.

Naizen neskato apal hau baitu hautatua,
mendeek neri “Dohatsua !”

Zoin handi nitan Jainko Jaun guziz indartsua !
Haren izena zoin saindua !

Urrikalmenduz betea dago mendez-mende,
sinesten duten jenden alde.

Bere besoan duen indarraz Harek ditu
bihotz hantuak barreiatu.

Beren alkitik handi-mandiak kendu ditu,
apalak aldiz goraltxatu.

Gose zaudenak nasaiki ditu gozarazi,
aseak aldiz hutsik utzi.

Behatu dio Israel bere jendeari,
lehen bezala urrikari.

Erran baitzuen gintuela gu lagunduko
Abrahamtarrak sekulako.

Ebanjelioa San Luken arabera 1, 46-55

Gure Aita…

Aita, gau huntan zuri otoitzez gaude :
gure bihotzetarat ixur-azu
itzal ez daitekeen zure maitasunaren garra,
eta sarraraz gaitzazu egun batez
zure betiereko argian ;
galdegiten dautzugu
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
edo
Aita, maite zaituguneri,
gure bekatu guzien gatik,
zure bakea emaguzu :
goxa ditzala gure bihotzak,
deusek, ez biziak ez herioak
ez baigaitu zure ganik berexten ahal ;
galdegiten dautzugu
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

Goizeko otoitz

Izpiritua bihotzen argia
Zato, Izpiritua,
eta guri zerutik
igor zure argia.
Zato, behartsuen aita,
zato, dohain emailea,
zato, bihotzen argia.
Kontsolatzaile hoberena,
arimetan zaudena,
minen eztitzailea.
Lan aldietan pausu,
bero aldietan itzal,
nigar aldietan gozo.
Oi argi dohatsua,
fededun guzieri
bete bihotz barnea.

Zure laguntza gabe
deus ez da jendean,
deus hoben gabe.
Garbi lohi dena,
urezta idor dena,
senda zauri dena.
Hunki gogor dagona,
susta hotzik dagona,
xuxent makur doana.
Zazpi dohain sainduak
eman fededuneri,
dena zuri daudeneri.
Eman merezimendu,
eman salbamendu,
eman betiko zorion.

Mendekosteko kantu

Goizetik zure ondotik nabila

Jainko, ene Jainkoa,
goizetik zure ondotik nabila,
zure egarriz daukat arima,
zure tirriaz gorputza,
lur idor, egarri, urgabe iduria.
Zuri begira egon naiz saindutegian,
zure indarra eta ospea ikusi nahian.

Bizia baino hobea da zure maitasuna !
ene ezpainek eginen dute zure gorespena.
Bai, benedikatuko zaitut bizi naizeno,
eskuak zuri dei eginez ditut altxatuko.
Jakirik gozoenez bezala naiz aseko,
ezpain alaiez ene ahoak zaitu goretsiko.

Zutaz oroitzen naiz ohe gainean,
ene gogoa zuri dago gauean.
Bai, zu ukan zaitut laguntzaile;
pozez oihuka nago zure hegalen itzalean.
Zuri lotua dago nere gogoa osorik,
zure eskuak nauka xutik.

63. salmotik

Bihotz ona da Jauna

Goretsiko zaitut, ene Jainko, ene errege,
benedikatuko dut zure izena betiere.
Benedikatuko zaitut egunoro,
zure izena betiere goraipatuko.

Urrikalkorra eta bihozbera da Jauna,
berant-hasarre eta ongi-nahi handikoa.
Ona da Jauna guzientzat,
samurra berak egin guzientzat.

Fidagarria da Jauna bere hitz guzietan,
leiala bere egintza orotan.
Erortzer direnak, Jaunak xutik atxikitzen ditu,
lur-joak altxatzen.

Egin beza nere ahoak jaunaren gorespena
eta benedika bezate izaki guziek haren izen saindua
beti eta beti !

145. salmotik

Aintza Jaunari

Aintza zeruetan Jaungoikoari,
eta bakea lurrean haren gogoko gizoneri.
Hain handi eta eder zaitugulakotz,
gora zu, benedikatua zu.
Gorespen zuri, ahuspez agur, eskerrak zuri.
Jainko Jauna, zeruko errege.
Jaungoiko Aita guziahalduna.

Jauna, Seme bakar, Jesu Kristo.
Jainko Jauna
Jainkoaren bildots, Aitaren Seme.
Zuk kentzen duzu munduko bekatua,
urrikal, Jauna.
Zuk kentzen duzu munduko bekatua,
entzun gure deia.
Aitaren eskuinaldean jarririk zaude zu,
urrikal, Jauna.
Zu bakarrik saindua.
Zu bakarrik Jauna.
Zu bakarrik Goi-goikoa, Jesu Kristo.

Izpiritu Sainduarekin
Jainko Aitaren argitan.
Amen.

Manamendurik handiena

Lege-gizon batek, hutsean atzeman nahiz,
Jesusi galdegin zion :
“Irakasle Jauna, zoin da
Legeko manamendurik handiena ?”
Jesusek ihardetsi :

“Maitatuko duzu zure Jainko Jauna
zure bihotz guziaz,
zure arima guziaz
eta zure gogo guziaz.

Horra manamendu handiena, lehena.
Eta bigarrena horren betekoa da :
Maitatuko duzu zure aldeko laguna
zeure burua bezala.
Bi manamendu horietan dago lege guzia,
bai eta profetak.”

Ebanjelioa Jondoni Matiuren arabera 22, 37-40

Hemen ixtan bat ixilik nago ikusteko nola bete dezaketan
gaur Jainkoaren manamendurik handiena.

Bake emaile

Egizu, Jauna, nitarik zure bakearen emailea :

Herra den lekuan, ezar dezadan maitasuna ;
laidoa den lekuan, ezar dezadan barkamendua ;
berexgoa den lekuan, ezar dezadan batasuna ;
gezurra den lekuan, ezar dezadan egia ;
duda den lekuan, ezar dezadan fedea ;
etsia den lekuan, ezar dezadan esperantza ;
ilunpea den lekuan, ezar dezadan argia ;
hisdura den lekuan, ezar dezadan bozkarioa.

Jauna, egizu bila dezadan lehenik
ez kontsolatua izaitea, baizik kontsolatzea,
ez konprenditua izaitea, baizik konprenditzea,
ez maitatua izaitea, baizik maitatzea .

Emanez baitugu ukaiten,
guhaur ahantziz baitugu aurkitzen,
barkatuz baitugu barkamendu ardiesten,
hilez baigira betiereko bizirat pizten.

Gure Aita…

Aita, gaur ere zuri buruz goazi :
maitasunez gida gaitzazu bidean,
zure Semea lagun
eta Izpiritu Saindua indar,
galdu gabe zutaraino hel gaitezen.
edo
Aita, zure Hitzari eta Izpirituaren indarrari
zabal zazu gure bihotza.
Emaguzu aski argi
zure nahia nun den ikusteko,
eta aski kar
egun huntan haren betetzeko.
edo
Jainko betierekoa,
zure maitasuna neurrigabea da.
Guk merezitu eta gutiziatu baino gehiago
betetzen dituzu gure galdeak.
Ixur-azu gure gainerat zure urrikalmendua,
gure bihotza kezkatzen duena kendurik,
eman dezaukuzun
eskatzerat ausartatzen ez girena.
Aldareko liburutik

Aingeru batek Mariari

Aingeru batek Mariari
dio : “Graziaz betea,
Jaungoikoaren Semeari
emanen diozu sortzea.”
Agur Maria…
“Jainkoaren nahi saindua
ni baitan dadin egina !
Izan nadien amatua,
bainan geldituz birjina.”
Agur Maria…
Orduan Berbo dibinoa
gorputz batez da beztitzen.
Oi ontasun egiazkoa :
Jauna gurekin egoiten !
Agur Maria…
Otoitz zazu zure Semea,
gure ama amultsua ;
izan dezagun fagorea
ardiesteko zerua.
Agur Maria…

Usaiako otoitzak

 

Kurutzearen seinalea
Aitaren
eta Semearen
eta Izpiritu Sainduaren izenean.
Amen.

Ospe Aitari
Ospe Aitari, Semeari,
bai Izpiritu Sainduari,
lehen bezala orai ere,
hala dadila betiere.

Jaunaren otoitza
Gure Aita zeruetan zarena,
saindu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezala lurrean ere.
Emaguzu gaur
egun huntako ogia.
Barkatu gure zorrak
guk ere gure zordunei
barkatzen diegunaz geroz.
Eta ez gu tentaldirat ereman,
bainan atera gaitzazu gaitzetik.

Agur, Maria
Agur, Maria, graziaz betea,
Jauna da zurekin,
benedikatua zare emazte guzien artean,
eta benedikatua da
zure sabeleko fruitua, Jesus.
Maria Saindua,
Jainkoaren ama,
egizu otoitz gu bekatorosentzat,
orai eta gure heriotzeko orenean.
Amen.

Sinesten dut
Sinesten dut Jainko Aita botere guzia duena baitan,
zeruaren eta lurraren kreatzailean.
Eta Jesu Kristo haren seme bakar,
gure Jauna baitan ;
zoin kontzebitu baitzen
Izpiritu Sainduaren bertutez,
sortu zen Maria Birjina ganik,
pairatu zuen Pontzio Pilatusen manuaren azpian,
kurutzefikatu zuten, hil zen, eta ehortzi zuten ;
jautsi zen ifernuetarat,
hirugarren egunean jeiki zen bizirik hilen artetik,
igan zen zeruetarat,
jarria dago Jainko Aita
botere guzia duenaren eskuinean,
handik etorriko da bizien eta hilen jujatzerat.
Sinesten dut Izpiritu Saindua baitan,
Eliza katoliko, sainduan,
sainduen partaliertasunean,
bekatuen barkamenduan,
haragiaren piztean,
beti iraunen duen bizitzean.
Amen.

Fede aitormena
Zu baitan sinesten dut,
Jauna, Jainko bakarra.
Bataioari esker zure biziaz bizi naiz.
Azkar zazu ene fedea,
eta Izpiritu Saindua igor ezadazu
beti Jesu Kristo zure Semeari jarraik nakion.
edo
Ene Jainkoa, sinesten ditut,
zinez eta bihotz guziaz,
Elizak sinesten eta erakasten dituen egia guziak :
zeren zuk, egia bera zarenak,
erakatsi baitiozkatzu.
Esperantza aitormena
Zu baitan esperantza dut, Jauna.
Maite zaituzteneri
egiazko bizia hitzeman diozute.
Azkar zazu ene fidantzia,
Jesu Kristo zure Semeak herioa garaitu duelakotz,
oraidanik betiko bizia emaiten dautazula.
edo
Ene Jainkoa, esperantza dut,
sineste fermu batekin, emanen dautazula,
Jesu Kristoren merezimenduen gatik,
mundu huntan zure grazia,
eta zure manamenduer jarraikitzen banaiz,
bestean zure loria,
zeren hitzeman baituzu,
eta baitzare zure hitzetan osoki leiala.
Maitasun aitormena
Maite zaitut, Jauna,
zuk lehenik maitatu nauzulakotz.
Zure Izpirituak ene baitan
azkar dezala maitasuna,
jende guziak maita ditzadan
bururaino maitatu zituen
Jesu Kristo zure Semeak bezala.
edo
Ene Jainkoa, maite zaitut,
ene bihotz guziaz eta gauza guzien gainetik,
zeren baitzare guziz ona eta osoki maitagarria ;
maite dut halaber ene laguna ene burua bezala
zure amorea gatik.

Bekatuen urrikia
Aitortzen diot Jainko guziz ahaltsuari,
eta zueri ere bai, ene haurrideri,
bekatu egin dutala
gogoeta, hitz eta egitez,
eta egin beharrak ez eginez :
bai, bekatore naiz.
Horrengatik eskatzen diotet
Andredena Maria beti Birjinari,
aingeru eta saindu guzieri,
eta zueri ere bai, ene haurrideri,
otoitz egin dezozuen ene alde
Jainko gure Jaunari.

Urriki aitormena
Jauna, bekatu egin dut
zure kontra eta ene anaien kontra,
bainan zuk barkatzen duzu.
Onar zazu ene urrikia,
eta emadazu zure maitasunaren arabera
bizitzeko indarra.
edo
Jainko gure Aita,
maite gaituzu, eta beti barkatzen.
Urriki dut gaizkia eginik :
lagunt nezazu ene bihotzaren berritzen,
eta zure haur bezala bizitzen.
edo
Ene Jainkoa,
handizki damu dut zu ofentsaturik,
zeren guziz ona zaren
eta zeren bekatua hastio duzun.
Barka zadazu
Jesu Kristoren merezimenduen gatik.
Hartzen dut xede zin bat,
zure graziarekin batean,
zu gehiago ez ofentsatzeko
eta penitentzia egiteko.