Gertakari ezin ilunagoa. Gertatu ez beharra gertatu da. Leku gerizatu baten barnean, ikastetxe baten barnean, ikasle batek bere erakaslea hil du, hor bertan, ikasgelan, bertze ikasleen begien aitzinean.
Ikastetxe bat mundu berezi bat da, haurrak eta gazteak altxatzea da haren eginkizuna. Helburu bera duten buraso eta irakasleak eskuz esku lan egitera deituak dira. Horrela, ikastetxea haur bakoitzaren, baita haur guzien hauskortasuna gerizatzeko lekua da. Bainan zer egin holako drama bat gertatzen denean ?
Donibane Lohizuneko San Tomas kolegio eta lizeoan den denak elkarretaratu dira, langile, erakasle ikasle eta laguntzaile. Elkarrekin mintzatu dira, luzaz, ikasle bakotxa bere gelan bi erakaslekin. Mintzatu, hitzak erran emozioak ateratzeko, sentitzen den guzia identifikatzeko eta bertzekin partekatzeko. Bere sufrikarioa eta ulertezintasuna partekatzeak, bere bihotzmin pertsonala bizitzen lagundu ditu. Taldearen indarrak goxatu ditu.
Entzule profesionalak, psikologoak, traumatismoak zaintzen dituztenak hor daude, presente. Heien trebetasuna ezinbertzeko laguntza da, haur eta gazteentzat, langile eta erakasleentzat. Nahi duen mementoan, behar duen mementoan, bakotxa errezebitua da profesional horiekin mintzatzeko, bere baitan zer pasatzen den erraiteko eta ulertzeko. Entzuna izaitea duintasunaren lehen urratsa da, lehen ikustatea.
Elkarrekin bildu dira erakasleak, beren erakasleen gelan. Ezinpentsa den errealitate hori nola hartu ? Ukatzearen ondotik, nola errezebi holako zartagailua? Arrazoi indibidualak hartu ezin duena eta nahi ez duena, taldeak har dezake, bat bertzearen laguntzarekin, bat bertzearen lekukotasunarekin. Bakotxaren indar pixarra denen indar bilakatu dute eta bere artaldea lagundu du zuzendariak, zeinu damutuak emanez, egoera latz huntan hain hunkitua den afektibitatea berreskuratua, errespetatua, ohoratua izan dadin. Pertsona bakotxa eta talde osoa bere izaite berezian onartua izan da. Baitezpadako indarraren iturria hor dago.
Ikasle eta langile, erakasle eta zuzendari, den denak kaperan otoitz egin dute. Zer da otoitza? Zer da otoitz egitea? Jainkoarekin eta bere buruarekin harremana da, Jainkoaren eta gure arteko harremana da, gure eta Jainkoaren arteko harremana. Konfiantxazko lokarria da, Jainkoaren aldetik gure alde eta gure aldetik Haren alde.
Den denak ere bildu dira isiltasunean. 1300 pertsona isiltasunean, kirol tokian, ez minutu batean bainan bat baino gehiagotan. Batasun osoan. Batasuna erredola gisa, segurtasun gisa, lurrera ezin bota den geriza bakar gisa.
Elkarrekin nigar egin dute. Maitasunaren lekuko diren nigarrak. Hil denaren alde diren nigarrak. Errespetuzko nigarrak. Tristuraz, penaz, ulertezinaz, injustiziaz, ezintasunaz mintzo diren nigarrak. Oihu isilen nigarrak. Jainkoaren nigarrak.
Erakasleek eta langileek, zuzendariarekin eta ikasetxeko kontseilariekin, beren lan baliosa segitzen dute. Galde hau denen helburu : Nola eman, hazi eta finka biziaren gustua? Nola erakatsi indarkeriaren menperatzea? Nola egin biziaren hautua? “Hauta zazue bizia, bizi zaitezten, bai zihaurek, bai zuen ondokoak”, dio Deutoronomista liburuak. Gertakariaren errealitatearen eta sare sozialek eta prentsak erraiten dutenaren arteko ezberdintasunaz, ikasleak ohartu dira. Erakasleak hor daude egia dena bilatzen laguntzeko, izpiritu kritikoa ukaiten laguntzeko, bere neurriko distantzia hartzen laguntzeko.
Bakotxak bere bidea eginen du, bakartasunean, bainan jakinez San Tomaseko hezkuntza elkargo osoaren sustengua, bere daukala, gertakari ilun horri elkarrekin bizi izanagatik.
Bizia izan dadila hautatua!
Maite Iratzoki