H: Roger Idiart. Airea : Xarmegarria zira (Lapurdi Irratiak. Ainhoa 2019)
1 –
O Jesus ogiaren itxuran gordea,
Zure Hitzaren baitan dugu sinestea.
Orori emaguzu elgar maitatzea,
Hemen hartzen duguna bester emaitea.
2 –
Lur huntan maitasuna galtzen da errexki :
Gerla baten pizteko, demendren bat aski …
Ahatik Berri Ona hor baita uruski,
Mezua izan bedi entzunik leialki.
3 –
Bazko aintzin bildurik ortzegunarekin,
Afaltzen ari zinen zure lagunekin.
Heien oinak xukatuz oihal txar batekin,
Zonbat hunki gaitutzun egintza horrekin !
4 –
Nagusia zen mintzo bere mutilari :
« Zu ere ni bezala izan zerbitzari ».
Gauden so gau hartako azken emaitzari,
Indar guziz lotzeko Jaunaren Hitzari.
5 –
Artzain ona, zuri gaur guk egin galdea :
Norat ari ote da zure artaldea ?
Uztaren biltzalerik agertuko dea ?
Otoi susta ezazu fededun gaztea !
6 –
Jesus, gurekin zaude, arkaitza iduri,
Gu denentzat baituzu odola ixuri.
Egizu sor ditezen zonbeit artzain berri,
Ogiaren hausteko zure orroitgarri.