Goizeko otoitz

Izpiritua bihotzen argia
Zato, Izpiritua,
eta guri zerutik
igor zure argia.
Zato, behartsuen aita,
zato, dohain emailea,
zato, bihotzen argia.
Kontsolatzaile hoberena,
arimetan zaudena,
minen eztitzailea.
Lan aldietan pausu,
bero aldietan itzal,
nigar aldietan gozo.
Oi argi dohatsua,
fededun guzieri
bete bihotz barnea.

Zure laguntza gabe
deus ez da jendean,
deus hoben gabe.
Garbi lohi dena,
urezta idor dena,
senda zauri dena.
Hunki gogor dagona,
susta hotzik dagona,
xuxent makur doana.
Zazpi dohain sainduak
eman fededuneri,
dena zuri daudeneri.
Eman merezimendu,
eman salbamendu,
eman betiko zorion.

Mendekosteko kantu

Goizetik zure ondotik nabila

Jainko, ene Jainkoa,
goizetik zure ondotik nabila,
zure egarriz daukat arima,
zure tirriaz gorputza,
lur idor, egarri, urgabe iduria.
Zuri begira egon naiz saindutegian,
zure indarra eta ospea ikusi nahian.

Bizia baino hobea da zure maitasuna !
ene ezpainek eginen dute zure gorespena.
Bai, benedikatuko zaitut bizi naizeno,
eskuak zuri dei eginez ditut altxatuko.
Jakirik gozoenez bezala naiz aseko,
ezpain alaiez ene ahoak zaitu goretsiko.

Zutaz oroitzen naiz ohe gainean,
ene gogoa zuri dago gauean.
Bai, zu ukan zaitut laguntzaile;
pozez oihuka nago zure hegalen itzalean.
Zuri lotua dago nere gogoa osorik,
zure eskuak nauka xutik.

63. salmotik

Bihotz ona da Jauna

Goretsiko zaitut, ene Jainko, ene errege,
benedikatuko dut zure izena betiere.
Benedikatuko zaitut egunoro,
zure izena betiere goraipatuko.

Urrikalkorra eta bihozbera da Jauna,
berant-hasarre eta ongi-nahi handikoa.
Ona da Jauna guzientzat,
samurra berak egin guzientzat.

Fidagarria da Jauna bere hitz guzietan,
leiala bere egintza orotan.
Erortzer direnak, Jaunak xutik atxikitzen ditu,
lur-joak altxatzen.

Egin beza nere ahoak jaunaren gorespena
eta benedika bezate izaki guziek haren izen saindua
beti eta beti !

145. salmotik

Aintza Jaunari

Aintza zeruetan Jaungoikoari,
eta bakea lurrean haren gogoko gizoneri.
Hain handi eta eder zaitugulakotz,
gora zu, benedikatua zu.
Gorespen zuri, ahuspez agur, eskerrak zuri.
Jainko Jauna, zeruko errege.
Jaungoiko Aita guziahalduna.

Jauna, Seme bakar, Jesu Kristo.
Jainko Jauna
Jainkoaren bildots, Aitaren Seme.
Zuk kentzen duzu munduko bekatua,
urrikal, Jauna.
Zuk kentzen duzu munduko bekatua,
entzun gure deia.
Aitaren eskuinaldean jarririk zaude zu,
urrikal, Jauna.
Zu bakarrik saindua.
Zu bakarrik Jauna.
Zu bakarrik Goi-goikoa, Jesu Kristo.

Izpiritu Sainduarekin
Jainko Aitaren argitan.
Amen.

Manamendurik handiena

Lege-gizon batek, hutsean atzeman nahiz,
Jesusi galdegin zion :
“Irakasle Jauna, zoin da
Legeko manamendurik handiena ?”
Jesusek ihardetsi :

“Maitatuko duzu zure Jainko Jauna
zure bihotz guziaz,
zure arima guziaz
eta zure gogo guziaz.

Horra manamendu handiena, lehena.
Eta bigarrena horren betekoa da :
Maitatuko duzu zure aldeko laguna
zeure burua bezala.
Bi manamendu horietan dago lege guzia,
bai eta profetak.”

Ebanjelioa Jondoni Matiuren arabera 22, 37-40

Hemen ixtan bat ixilik nago ikusteko nola bete dezaketan
gaur Jainkoaren manamendurik handiena.

Bake emaile

Egizu, Jauna, nitarik zure bakearen emailea :

Herra den lekuan, ezar dezadan maitasuna ;
laidoa den lekuan, ezar dezadan barkamendua ;
berexgoa den lekuan, ezar dezadan batasuna ;
gezurra den lekuan, ezar dezadan egia ;
duda den lekuan, ezar dezadan fedea ;
etsia den lekuan, ezar dezadan esperantza ;
ilunpea den lekuan, ezar dezadan argia ;
hisdura den lekuan, ezar dezadan bozkarioa.

Jauna, egizu bila dezadan lehenik
ez kontsolatua izaitea, baizik kontsolatzea,
ez konprenditua izaitea, baizik konprenditzea,
ez maitatua izaitea, baizik maitatzea .

Emanez baitugu ukaiten,
guhaur ahantziz baitugu aurkitzen,
barkatuz baitugu barkamendu ardiesten,
hilez baigira betiereko bizirat pizten.

Gure Aita…

Aita, gaur ere zuri buruz goazi :
maitasunez gida gaitzazu bidean,
zure Semea lagun
eta Izpiritu Saindua indar,
galdu gabe zutaraino hel gaitezen.
edo
Aita, zure Hitzari eta Izpirituaren indarrari
zabal zazu gure bihotza.
Emaguzu aski argi
zure nahia nun den ikusteko,
eta aski kar
egun huntan haren betetzeko.
edo
Jainko betierekoa,
zure maitasuna neurrigabea da.
Guk merezitu eta gutiziatu baino gehiago
betetzen dituzu gure galdeak.
Ixur-azu gure gainerat zure urrikalmendua,
gure bihotza kezkatzen duena kendurik,
eman dezaukuzun
eskatzerat ausartatzen ez girena.
Aldareko liburutik

Aingeru batek Mariari

Aingeru batek Mariari
dio : “Graziaz betea,
Jaungoikoaren Semeari
emanen diozu sortzea.”
Agur Maria…
“Jainkoaren nahi saindua
ni baitan dadin egina !
Izan nadien amatua,
bainan geldituz birjina.”
Agur Maria…
Orduan Berbo dibinoa
gorputz batez da beztitzen.
Oi ontasun egiazkoa :
Jauna gurekin egoiten !
Agur Maria…
Otoitz zazu zure Semea,
gure ama amultsua ;
izan dezagun fagorea
ardiesteko zerua.
Agur Maria…