Jaunaren hitza

Goizeko eta arratseko otoitzean sar daitezkeen irakurgai
zenbait :

Jesus nor den

Ni naiz munduaren argia ;
jarraikitzen zaitana ez dabil ilunpetan,
bainan ukanen du biziaren argia.

Ebanjelioa Jondoni Joaniren arabera 8, 12

Ni naiz Bidea, Egia eta Bizia ;
nehor ez doa Aitaren ganat ene bidez baizik. 14, 6

Betiko bizia fedean

Semea baitan sinesten duenak, badu betiko bizia.
Semea baitan sinetsi nahi ez duenak,
ez du ikusiko bizia,
bainan Jainkoaren haserrea gainean dauka. 3, 36

Ikusi nauzulakotz duzu sinesten, Tomas ;
dohatsu ikusi gabe sinesten dutenak ! 20, 29

Ez ontasun biltzen ar

Ez zazula aberastasunik metaka bil lurrean, hemen bipiek eta harrek jaten baitituzte, eta ohoinek, etxeak zilatu-eta, ebasten. Aberastasunak bil zeruan, han ez baitituzte ez bipiek ez harrek jaten, ez eta ere ohoinek ebasten. Zeren nun baita zure ontasuna, han ere zure bihotza.

Ebanjelioa Jondoni Matiuren arabera 6, 19-21

Jesusi nola jarraik

Jesusek bere dizipulueri erran zioten : “Norbaitek ene ondotik etorri nahi badu, uko egin bezo bere buruari, har beza bere kurutzea eta jarraik bekit .Alabainan bere burua salbatu nahi duenak galduko du ; eta ni gatik bere burua galtzen duenak aurkituko du. Zer balia dakioke gizonari, mundu guzia irabazirik ere, bere burua hondatzen badu ?” 16, 24 – 26

Aldeko lagunaren maitatzea

Legearen betea

Besteek zueri egitea nahi zinuketen guzia, egizue zihaurek besteeri : hortan da Liburu Sainduekirakatsi guzia. 7, 12

Ez nehori zordun izan, elgar maitatzeaz baizik, laguna maite duenak Legea betea baitu. Zeren manamendu hauk : ezkontza ez kolpa, ez hil, ez
ebats, ez gutizia, eta beste edozoin manamendu, hitz huntan biltzen dira : Zure laguna zeure burua bezala maitatuko duzu. Maitasunak ez dio lagunari gaizkirik egiten ; beraz Legearen betea maitasuna da.

Jondoni Paulok Erromatarreri 13, 8-10

Gizonen eta aingeruen hizkuntzetan mintzaturik
ere maitasunik ez badut,
brontze dulundaria edo zinbal burrunbaria naiz.
Profeta dohaina,
mixterio guzien ezagutza, jakitate guzia
bai eta mendiak aldaratzerainoko
fede guzia ukanik ere
maitasunik ez badut,
deusik ez naiz.
Ene ontasun guziak jatera partekaturik ere,
neure gorputza surat emanik ere
maitasunik ez badut,
hori deusetako ez dut.

Maitasuna jasankorra da, bihozbera da maitasuna,
ez da bekaizti, ez ahobero, ez urguluntzi ;
onesta ez denik ez du egiten, ez berea bilatzen ;
ez da sumintzen, ez du gaizki hartzen ;
zuzengabekeriak ez du bozkariatzen,
baizik egian dauka bere bozkarioa ;
oro estaltzen ditu, oro sinesten,
oro igurikatzen, oro irauten.

Maitasuna ez da sekulan itzaltzen.
Profeziak ? Ezeztatuko dira.
Hizkuntzak ? ixilduko.
Jakitatea ? ezeztatuko.
Hein batekoa baita gure jakitatea,
hein batekoa gure profezia.
Osoa etorriko denean
hein batekoa ezeztatuko da.
Haurra nintzenean,
haur eleak nituen, haur asmoak, haur arrazoinak.
Gizondu naizenean, haurkeriak ezeztatu ditut.
Orai mirail batean ikusten dugu,
ilun nabar batean ;
orduan aldiz, ezagutua naizen bezala
ezagutuko dut.
Orai fedea, esperantza eta maitasuna,
hiru horiek diraute ;
bainan handiena maitasuna.

Jondoni Paulok I Korintoarreri 13

Zertarik jujatuak izanen giren

Etorriko denean gizonaren Semea bere ospean, eta
aingeru guziak harekin, orduan jarriko da bere
ospezko alkian. Gizalde guziak bilduko dira haren
aitzinerat ; eta batzu bertzetarik berexiko ditu, artzainak
ardiak ahuntzetarik berexten dituen bezala :
ardiak emanen ditu bere eskuinean, ahuntzak aldiz,
ezkerrean. Orduan erregeak erranen diote bere
eskuinekoeri : “Zatozte nere Aitaren benedikatuak,
eta har zazue munduaren sortzetik zuentzat apailatua
dagon erreinua. Ezen, gose izan naiz, eta eman
dautazue jatera ; egarri eta edatera eman ; arrotz eta
etxerat hartu nauzue ; biluzia eta beztitu ; eri, eta
ikusten izan zaizkitet ; preso, eta jin zirezte nigana.”
Orduan ihardetsiko diote justuek, erranez : “Jauna,
noiz ote ikusi zaitugu gose eta jatera eman ? Egarri,
eta edatera eman ? Noiz ikusi arrotz, eta etxerat
hartu ? Biluzia eta beztitu ? Noiz ikusi zaitugu eri
edo preso, eta jin ikustera ?” Eta erregeak ihardetsiko
diote : “Egiaz derautzuet : ene haurrideak diren
xumeen horietarik bati egin duzuen aldi guziz, eni
dautazue egin.”
(Ebanjelioa Jondoni Matiuren arabera 25, 31-46)

Etsaiak maita

Jesusek erran zuen : “Maita zuen etsaiak, egin
otoitz zuen gaizki-egile eta gaizki-erraileentzat,
zeruetan dagon zuen Aitaren seme izaiteko. Harek
bere eguzkia jeiki arazten du on ala gaixtoen gainerat,
eta bere euria jauts arazten zuzenen ala
makurren gainerat. Maite zaituztetenak maite
balinbadituzue, zer sari zor zaizue… Paganoek
ere ez ote dute bertze honbertze egiten ?”
(Ebanjelioa Jondoni Matiuren arabera 5, 43-47)

Jainkoa ttipieri agertzen

Izpiritu Saindua baitan pozez bete zen Jesus, eta
hunela mintzatu : “Gora zu, Aita, zeru-lurren
Jauna,gauza hauk jakintsuneri eta zentzuduneri
gorderik, haur ttipieri agertu diozkatzutelakotz.
Bai, Aita, hola nahi izan duzu. Nere eskuetan ezarri
ditu Aitak gauza guziak ; eta nehork ez daki nor den
Semea, Aitak baizik ; nehork ez daki nor den Aita,
Semeak baizik, eta Semeak agertu nahi dionak.”
(Ebanjelioa San Luken arabera 10, 21-22)

Jainkoa aita urrikalkorra da

Jesusek erran zuen : “Gizon batek bazituen bi
seme. Gazteenak erran zion aitari : “Aita, emadazu
ene etxe-partea.” Eta aitak partimenak egin ziozkaten
bere ontasunetik. Handik egun laburrik barne,
oro bildurik, seme gazteenak jo zuen urrungo herri
batetarat, eta han bere ontasun guzia xahutu, galdukerian
biziz. Oro jan zitueneko, gosete handi bat
sortu zen eskualde hartan, eta bera beharra senditzen
hasi. Joan zen eta jarri hango gizon baten
mutil : eta harek igorri zuen bere lurretarat, urdezain.
Nahiko zukeen barnea bete urdeek jaten zituzten
leketarik ; bainan nehork ez zion emaiten.
Orduan bere baitan sarturik, erran zuen : “Zonbat
sehi aitaren etxean, ogia nasai dutenak, eta ni
hemen goseak hil hurrana. Xutituko naiz, aitaren
ganat joanen, eta erranen diot : Aita, bekatu egin
dut zeruaren eta zure kontra. Ez dut gehiago zure
seme izenik merezi : har nezazu sehi kondu.”
Xutiturik, beraz, joan zen aitaren ganat. Urrun
zelarik oraino aitak ikusi zuen, eta bihotza erdiratua,
lasterka joan zitzaion bidera ; jauzi egin zion
leporat eta musuka hasi. Semeak erran zion : “Aita,
bekatu egin dut zeruaren eta zure kontra. Ez dut
gehiago zure seme izenik merezi…” Aitak, orduan,
erran zioten bere sehieri : “Laster ekar-azue soinekorik
ederrena eta jauntz-ozue. Emozue eraztun
bat erian, eta oinetakoak zangoetan. Ekar-azue
aratxe gizena eta hil, dezagun jan eta besta egin.
Ene seme hau hila baitzen eta huna nun berriz bizi
den ; galdua zen eta huna aurkitua.”
Eta hasi zuten besta. Seme zaharrena, aldiz, landan
zen. Gibeleratekoan, etxerat hurbildu zelarik, aditu
zituen soinu eta dantzak. Sehietarik bat deitu zuen,
eta galdatu zer ziren horiek. Harek erran zion :
“Zure anaia da gibelerat etorria. Eta zuen aitak hil
du aratxe gizena, osagarritan itzuli zaiolakotz.”
Hura berriz hasarreak hartu zuen, eta ez zuen sartu
nahi. Aita atera zitzaion eta otoizka hasi. Bainan
semeak ihardetsi zion aitari : “Huna hoinbertze
urte zure zerbitzuko naizela, egundaino zuk manatuetarik
bat huts egin gabe, eta behin ere ez dautazu
pittika bat eman nere adixkideekin besta baten
egiteko ! Bainan zure seme hori, bere ontasun
guziak neska tzarrekin jan ondoan, etorri delarik,
aratxe gizena hil diozu !” Aitak ihardetsi zion :
“Seme, zu beti enekin zira, eta nereak oro zureak
dira. Bainan behar zen besta egin eta bozkariatu,
zure anaia hila baitzen, eta berriz bizi baita ; galdua,
eta huna nun den aurkitua.”
(Ebanjelioa San Luken arabera 15, 11-32)

Kristok urririk salbatu

Urrikalmenduz aberatsa da Jainkoa : maitatu gaituen
amodio handiaren gatik, gure hobenez hilak
ginaudelarik, berriz biziarazi gaitu Kristorekin :
bai graziaz zirezte salbatuak. Harekin piztu gaitu,
harekin zeruan jarrarazi, Jesu Kristoren baitan.
Jesu kristoren baitan guretzat on izanez, nahi zuen
geroko mendeari agertu bere graziaren aberastasun
nasaia. Bai, graziaz zirezte salbatuak, fedearen
bidez. Eta hori ez da zuen ganik heldu, Jainkoaren
dohaina da. Ez da zuen obretarik heldu ; ez da
zeren espanturik egin.
(Jondoni Paulok Efesoarreri 2, 4 – 9)

Bozkaria zaitezte

Bozkaria zaitezte beti, Jaunarenak izaiteaz !
Berriz diozuet, bozkaria zaitezte ! Ikus dezala
jende guziak neurria atxikitzen duzuela. Hurbil
da Jauna ! Ez griña deusetaz, baizik gorabehera
guzietan, ager Jainkoari zuen eskariak, otoitzez
eta galdez eta eskerrak emanez. Eta guk asma
dezakeguna baino gehiago den Jainkoaren
bakeak zainduko ditu zuen gogo-bihotzak Jesu
Kristoren bidez.
(Jondoni Paulok Filipoarreri 4, 4 – 7)