NAHASMENDUAK

Nola liteke 15 urte peko haurrak karrikan izaitea, gauaz, saltegien erakusleihoak hausten, barneko gauz guziak ebasten, autoak erretzen ? Nola liteke, adin hortan, liburutegieri su ematera, eskola suntsitzera, haurzaindegia xehatzera joaitea ? Nola liteke, hoin gazterik, auto bat jaurtiki auzapezaren eta bere familiaren etxearen kontra, su emateko intentzioarekin, ikusiz gainerat ama familiakoa hor daudela bere bi haurrekin ?

Gertakari horien irudiak, behin eta berriz erakutsiak izan direnak, beldurra sortarazi dute. Bai eta erantzun erradikalak, akusasio ezberdinak, erreakzio bortitzak.

Nork manipulatzen ditu haur horiek ? Nork du interesa jenden beldurra sortaraztea? Haur horiek ez dira preso sartuak izanen, ez dira atxilotuak izanen, eta nahasmenduak heien bizkar ezarriz, hariak tiratzen dituztenak ez dira agertzen. Hauek ongi dakite noren eta zeren gainean bermatu, manipulatzeko eta poderea hartzeko.

« Kultur segurgabetasun aldi bakoitxean erlijio edo politika forma erradikalen gorakada ikusten da”, dio Boris Cyrulnik idazleak.1 Huna haren ikusmoldea. Ingurumena kanore gabekoa bihurtzen denean, baloreak zentzu guzietan irakiten dutenean, jendea nahasia daude. Orduan ez dago argi bere mundua, denak nahas mahas dira : lanean ari edo denak utzi, sexu bat hautatu edo bertzea, famili bat eraiki edo lagun batetik bertzera pasatu, ongia eta gaizkia… Baloreen hierarkiaren lainoak, lambroak, ohidura txarrak sortzen ditu.

Holako testuinguru kulturalean, argia ekarri eta bidea erakusten duen pentsalariak, segurtasun emaile agertzen da. Nola sortarazi segurtasun beharra? Beldurraren hazia ereinez eta hedatuz. Asurantza beharrak eta ikusmen argi baten eskeak, integrismoaren gaurko indarra esplikatzen dute, izan dadin politikan edo erlijionean. Buraso demokratikoek, beren haurren askatasuna errespetatuz, hauek hautoak libre egitea erabakitzen dute, eta horrek duda-mudak sortzen ditu. Alta, lainoan dago argiaren egarria eta gosea. Lainoan den gazteak segur eta argi den pertsona bilatuko du. Ahaideen harridurarako, erregimen autoritario batera edo erlijio fundamentalista batera hurbilduko da. Hersturaren garapenak eta hedatu den zalantzak, jarrera zorrotzak eta gogorrak bultzatzen dituzte.

Gaizkile gazteek armadan sartu nahi dute, batailoi autoritarioetan ahalaz. Heien delinkuentzia gelditzen da obeditzen dutenean, (edo hedatzen gaizkilen eskuetan). Aukeratzeko, hautoak egiteko arazorik ez dutenean, larritasunik gabe gelditzen dira. Legion Etrangère delakoan, manu gogorrenak, koherentziagabenak, ergelenak ere, onartzen dituzte, kritika bat gabe. Manipulazioa bidean da.

Nun da leihoa? Nun da aterabide bat ? Ana Frank, nazienganik ihes egiteko bere bizitza laburra (15 urte) gorderik pasatu duen neska gazte gazteak, egunkari bat idatzi du. Huna lerro batzu : « Xoragarria da nere ideiak, nere ideala ez baztertzea, nahiz eta segur nintzan ezin izango ditudala bururaino ereman. Hala ere atxikitzen ditut, jendeak bihotz ona duela uste baitut. Ezin dut ene esperantza oinarritu herran, gorrotoan, miserian, heriotzean. Ikusten dut mundua aitzina doala, mailaz maila, basamortu baterat; gero eta hurbilago dago, denek suntsituko gaituen trumoia. Milioika pertsonen sufrimenduak sentitzen ditut eta, hala ere, zeruari begiratzen badiot, uste dut dena konponduko dela, krudelkeria hau bukatuko dela eta bakea itzuliko dela. Anartean ene ideiak eta ene ideala atxikiko ditut zeren, nork daki, izan liteke horiek gauzatzeko gai izango naizen ordua etorriko dela ».

Maite Iratzoki

1 Psychothérapie de Dieu. Odile Jacob