Herrialde batean, gizartean bizi ahal izateko egiten da legea. Legeak askatasun kolektiboa erregulatuko du bakotxaren askatasuna errespetatzen entseatuz. Debekatua zer den finkatuko du, eta debekuen haustearen zigorrak, xeheki ezarriko. Halaber, baimendutakoa edo egin daitekeena ezarriko du eta baimendutakoaren baldintzak zehaztuko ditu.
Legeak orientazio bat ematen du baita dagoena edo gauzatzen ari dena forma juridikoan ezartzen. Gizartean sortzen diren galdeek, bizitzako gai guzietako ikerketek, antolamendu juridikoa behar dute memento batean. Boterea beren onerako har dezaketen pertsonen influentzia, moztu behar da, denen onerako bidean ezarriz.
Hau da, legearen eginkizun ezinbestekoa eta hain zaila dena: ororen edo denen ongia eta norberaren ongia elkarrekin lotzea. Lege zibilak ez du manatzen zer egin behar den edo zer ez. Mugak ezartzen ditu debekatua zer den erranez eta aitzinetik zehaztu baldintzekin zer den haizu dena.
Horrela bizitzaren bururatzearen auzia legearen ateraino etorri da. Zer da egungo arazoa? Modu arras sinplifikatu eta labur batez erraiteko, pertsona batzuk beren bizia bukatu nahi dute eta horretarako, laguntza medikoa galdetzen dute. Baina pertsona bati hiltzen laguntzea hilketa gisa tratatzen da, hilketa guziak debekatzen duen legearen arabera. Galdegina da, beraz, legeak ez dezala kriminal gisa pertsona bat akusatu, legezko baldintza arras berezi batzuekin norbait hiltzera laguntzeagatik.
Nola lagun daiteke pertsona bat hiltzera? Galderaren eta beraz, erantzunaren gakoak bi hitzetan aurkitzen dira: lagundu eta heriotza. Lagundu hitzak harreman bat sortzen du. Bi gauza, bi entitate, bi pertsonaren artean dagon erlazioa da harremana. Pertsona batekin harremanean izaiteak, ez garela bakarrik erran nahi du eta kasik gizakiaren definizioan sartzen da. Emazte edo gizon bat ez daiteke bakarrik bizi. Ez da bere baitarik ez eta bakarrik kontzebitua eta ezin du harremanik gabe bizi. Laguna eta laguntza bere izaitearen errealitatea da. Hori da gizatasunaren berezitasuna.
Laguntzako harremanak bi pertsonen arteko zubia sortzen den komunikazio mota bat da, elkartasun afektibo sentimendu bat sortzen duena. Laguntza ekarleak harreman mota bat eskaini behar du, ustekeria eta antsietate guziak kenduta. Horrek pertsona lagundua libre sentitzea ahalbidetuko du. Ez du batak gaina hartuko bertzeari.
Harremanak biziari egiten du bide eta hori heriotzeraino. Kontua da beraz, nola lagundu hiltzera doan pertsona? Nola atxiki elkarren artean eraikia izan den zubia? Sortu duen hurbiltasunak konfiantza sorrarazi du. Bi hitz hauek dira laguntzaren bi buruko gakoa: hurbiltasuna eta konfiantza. Heriotza ez da bizitzatik kanpo den zerbait, bainan biziaren bukaera. Beraz harremanak bururaino irauten du, bizitzaren azken muturreraino irauten du eta ez da lehenago gelditzen. Norbait hiltzen laguntzea, bizitzaren azken punturaino bizitzen laguntzea da, haren hurbilean izaitea, harekin konfiantzazko harremanean izaitea.
Familietan, hainbeste pertsona laguntzea, fideltasunean eta isiltasunean, baita profesionalen zainketa eztigarriak, errealitate estimagarriak dira. Zabaldu, hedatu eta lagundu beharreko errealitateak.
Maite Iratzoki